Bai, mesedez, agindu nazaten

Duela ez hainbeste gazteentzako literatur sari banaketa batean suertatu nintzen, eta idazle (kontsakratu) batek irabazleei zuzendutako adore-hitzak entzutea egokitu zitzaidan. Baina egon zen diskurtso oro har korrektoan kirrinka egin zidan zerbait, eta izan zen “aukera askatasun osoaz” idazleak egiten zuen nolabaiteko gorazarrea: “Maite dena ezin da alde batera utzi. Ezin da baztertu. Ezin da norberaren baitatik erauzi. Horregatik, ez utzi inori agintzen zer irakurri behar duzuen. Noiz irakurri behar duzuen. Zer den irakurtzeko egokia eta zer ez” (letra etzanak nireak dira). Ulertzen dut mota honetako aholku-mintzaldiak oso balakariak izan daitezkeela gazteen izpiritu oro har aurrerakoi eta are iraultzailearentzat. Baina gaia serioegia da, nire ustez, bide horretatik bestela bezala jotzeko.

Alde batetik, kritikaren ukazioaren usain handiegia hartzen diedalako ildo horretako argudioei. Bai, badakit ohituegi gaudela, gurean, iruzkin-deskriptibo-eta-kontuz-gero-ahalik-eta-balioespen-gutxienekora, baina horrek ez du kentzen benetako kritikaren funtzioak baloratiboa izan beharko lukeela, “zer den irakurtzeko egokia –ona– eta zer ez –txarra–” adierazi beharko lukeela, argi eta garbi. Eta zergatik, noski.

Bestetik, eskolaren paperaren gutxiespenaren aire liberalegia dutelako hitzok. Eta eskola da, batzuetan, gazte batzuek irakurketaren mundura hurbiltzeko izango duten talaia bakarra. Argi baitago ez dauzkala aukera berberak “noiz” eta “zer” irakurtzen duen hautatzeko gurasoen biblioteka ondo hornituta eskura daukan klase altu/ertaineko gazte batek, edo errenta apaleko familia bateko batek. Literaturaren munduarekin kontaktua izateko aukera bakarra, gazte askorentzat, hezkuntza-sistema eta bere irakurketa –horreur– inposatuak dira.

Eta, bestetik, eta aurrekoarekin lotuta, gidaritza giza ikasketa-prozesu guztien oinarrian dagoelako, edo egon delako orain arte behintzat. Eta gidaritzak derrigortze maila bat dakar berarekin batera. Derrigortze hori, gainera, gozagarria eta guzti bihur daiteke, ondo aplikatuz gero: plazera, benetakoa, ahaleginaren eta batzuetan are minaren –fisikoaren, espiritualaren– ondoren datorrela gauza jakina da. Kirola da horren adierazle argia.

Nik ez dakit, adibidez, zer nolako irakurlea, eta, ondorioz, idazlea izango nintzakeen nire institutu publikoko literatura irakasle apartek, modu ezberdinetan –derrigorrezko irakurketen bitartez, aholkuen bidez, liburuak maileguan utziz…– adierazi izan ez balidate “zer zen irakurtzeko egokia eta zer ez”. Susmatzen dut zein izan zitekeen emaitza, eta mikroukronia pertsonal hori ez dut oso gogoko.

Ezinbestean, gogora etorri zitzaidan Javier Mestre idazle eta institutuko irakasleak eldiario.es egunkarian argitaratutako “¿Por qué los obligamos a leer?” artikulu etsi bezain argigarria (2019-IX-3), non, azken urteotan ikasleek liburuak irakurtzeko dauzkaten gero eta zailtasun handiagoek islatzen duten aldaketa kulturalaren analisi zorrotz baten ostean, hauxe baitzioen: “aldi berean errazak eta intentsuak diren berehalako gozamenek osatutako aisialdi batek, irakurketaren hastapenetarako ezinbesteko baldintzak baliogabetzen ditu azkenean (…). Irakurtzeak entrenamendua eskatzen du, eta jarduera argiki akumulatiboa da: irakurketa bakoitza aurrekoetan oinarritzen da, eta plazera ateratzea ezinezkoa da aldez aurretiko konpromiso nabarmen bat gabe (…). Irakasleok ez badugu irizpide bat inposatzen, literaturaren heriotza dekretatzen ari gara epe ertainera, eta produktu industrialekiko ordezkapen progresiboa, zeinen eredu tristeena Geronimo Stilton baita”. Irakurtzea eta edozer irakurtzea ez dira, tamalez, kontu bera.

Nik agindu nazaten eskatuko nuke, ez kontrakoa. Gero, norberak ikusiko du ea aginduari men egin ala ez. Baina ez nioke, inola ere ez, eta abiapuntu gisa, aginduari uko egin nahi. Badaezpada ere.

children reading

[Artikulu honen bertsio pixka bat laburragoa Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko irailaren 21ean].

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s