Literatura autosendatzaileaz

Alarmak pizten zaizkit egileak idazketaren ahalmen sendagarriez hitz egiten hasten direnean, esperientziak irakatsi didalako, halakoak aipatzen dituztenean, ez direla ari hurkoa –balizko irakurlea– osatzeaz, beren buruak sendatzeaz baizik; haien liburuek, Frantziako Kapeto etxearen ondorengoen eskuen antzera, ahalmen benetan taumaturgikoak balituzte sikiera, eta errege haiek eskuak soilik ezartzearekin bezala irakurlearen eskrofula gaitza desagerrarazteko boterea balute –tira, gripe soil bat sendatzearekin konformatuko nintzateke–, ez nuke purrustaka egingo. Baina, tamalez, ez dira horretaz ari, beraien buruaz baizik.

Ez dakit Niaren Literaturaren gorakadarekin zer ikusia daukan, baina irudipena daukat azken aldi honetan mota horretako adierazpenak biderkatu direla, baita euskal letretan ere. Alaine Agirrek behin baino gehiagotan egin ditu zentzu horretan: “Niretzat liburu hau idaztea desinfektatze prozesu bat izan da: batetik, barrura begiratzea izan da; bestetik, zauriak ditudala ohartzea, eta, azkenik, horrek sendatzen laguntzea”. Hona, bestalde, Martin Bidaurrek bere estreinako poemen bildumaz esan zuena: “Prozesu terapeutiko baten bitartean sortutako liburua da, eta zentzu horretan niretzako balio terapeutikoa izan du liburuaren idazketak. Bertan ageri diren gauza asko kanporatu behar nituela uste dut, nolabait onartu eta gainditu ahal izateko”. Joera hau, esan gabe doa, ez da gure mundura mugatzen, sorkuntzarekin lotutako alor guztietan aurki baitaitezke halakoak; hauxe, adibidez, Eraul taldeko Asier Beramendiren bat: “Nire helburua ez da abesti onak egitea, baizik eta sentimenduak kudeatzea, terapia moduan”. Alajaina.

(Are Jorge Luis Borges erori zen, elkarrizketa batean, tentaldian, erantzun zuelarik: “Nik barrena arintzeko idazten dut. Pasa den gauean aukera izan nuen esateko ni Robinson Crusoe banintz nire uharte jendegabean idatzi egingo nukeela, irakurria izateko inolako itxaropenik gabe”. Zorionez, koda hau gehitzen zuen, bere ohiko umorearekin: “Eta Alfonso Reyesi galdetu nion: zergatik argitaratzen dugu? Eta berak esan zidan: ‘Nik ere horixe galdetu diot neure buruari askotan. Argitaratzen dugu bizitza ez pasatzeko zirriborroak zuzentzen’”. Elkarrizketak deabruak kargatzen ditu, edonola ere, hori ere gogoan eduki beharra dago. Borgesen kasuan, eta edonorenean).

Bestalde, egia al da idazteak sendatzen duela? Kontuari buruz hausnartu duten guztiak ez datoz horretan bat. Elvira Navarrok, adibidez, hauxe esaten zuen gai horrekin lotuta:

Zertarako arduratzen da literatura gure gaixotasunaz: gu sendatzeko ala gure gaitza kronifikatzeko? Agian bi gauza horietako baterako ere ez, baina demagun alternatiba hori planteatzeak zentzua duela. Topiko bat da esatea fikzioak idazten dituztenen egokitu ezinetik sortzen direla. Gutxiago entzun dudana zera da, aparteko mundu bat sortzera eramaten duen bulkada horrek are inadaptazio handiago batera eramaten duela, hau da, sorkariek, edo behintzat haien arteko batzuek, ez dutela sendatzen, zauria sakontzen baizik.

Ez zait iruditzen iritzi hau gehienena denik, baina gutxienez kontuan hartzeko modukoa iruditzen zait.

Edonola  ere, demagun baietz, idaztea osasungarri suerta daitekeela, maiz: psikiatria eta psikologia eskola askok idazketa erabiltzen dute beren terapien osagai esanguratsu bezala, ez alferrik. Baina ez dudana horren garbi ikusten da idazleen bulkada autosendatzaile horren eta obratutakoa argitara ematearen arteko lotura, zeren eta izkiriatzeko edo sortzeko zio nagusia norberaren osasuna balitz, emaitza tiraderan gordetzearekin nahikoa izango litzateke, imajinatzen dut. Ni, horretan, bat nator Félix Ovejero pentsalariak bere El compromiso del creador. Ética de la estética liburu bestela eztabaidagarrian kontu horretaz esaten duenarekin (Galaxia Gutenberg 2014):

[Arteetan] norberaren burua gauzatzea ez da helburua, baizik eta helburu baten atzetik joatearen –eta lortzearen– ondorio bat. Zoriontasuna bezala. Autoerrealizazioa eta zoriontasuna saiheska konkistatzen dira, konkistatzen direnean, beste gauza batzuen atzetik gabiltzanean, zoriontasunaz edo autoerrealizazioaz beste. Ahalegin bat errematatzen tematzen naiz eta, azpiproduktu gisa, lortzen dudanean, autoerrealizatzen naiz. Nik bilatzen dudana, bilatu dezakedan bakarra, eta beharrik lortu nuena, obra on bat zen (…), ez autoerrealizazioa edo zoriontasuna. Nire helburua (…) ez da zoriontasunerako tresna, iristen dena, iristen bada, loa egunaren amaieran iristen den bezala.

Konpara dezagun “Nik bilatzen dudana, bilatu dezakedan bakarra, eta beharrik lortu nuena, obra on bat zen” hori, goragoko beste “nire helburua ez da abesti onak egitea, baizik eta sentimenduak kudeatzea” harekin. Hortxe dago, nire ustez, koxka, eta literatura mota horren arriskurik handiena. Nik nahiago dut pentsatzea, Ovejerorekin batera, zoriontasuna prozesuaren albo-ondorioa litzatekeela (barka errepikapena), “loa egunaren amaieran iristen den bezala”.

Literatura autosendatzailea, alde horretatik, Orfidala bezalakoa litzateke: aitzakia bat, lo hori lortzeko bidezidor bat, idazketaren benetako helburuarekin zer ikusi oso zeharkakoa izango lukeena.

Beno, agian konparazio farmazeutikoa behartuegia atera zait, baina, aizue, ze gustura geratu naizen artikulua idatzita: osasuntsuago sentitzen naiz orain…

autosendatzailea

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko apirilaren 6an].

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s