Itzulpenak (eta itzulpenak)

Aurrekoan itzulpenez aritu nintzen hemen, Sciasciaren euskararako zahar samar bat aitzaki. Eta duela ez hainbeste –nahiz eta ez dudan uste zutabe harekin lotura izan zuenik– eztabaidatxo bat izan nuen lagun batzuekin euskal itzulpengintza literarioaren inguruan: haietako batek zioen mendekotasun gutxiago aurkeztu beharko lukeela espainiar merkatuan egiten diren gaztelaniazko itzulpenekiko; plus bat litzatekeela irakurle euskaldunak –elebiduna ere badenak– elebakarrak eskuratu ezin dituen lanak irakurtzeko aukera izango balu.

Zuzen zegoela esan nion, noski, baina, edonola ere, zaila dela mendekotasun hori haustea, kontuan hartuta Munduko Letren Errepublikako berritasunak ezagutzeko erabiltzen jarraitzen dugun bide nagusia espainiar merkatuan argitaratzen dena dela –edo frantsesean, Ipar Euskal Herriari buruz ari bagara–. Egia da ingelesez –eta bestelako hizkuntzetan– literatura irakurtzeko gaitasuna duen euskaldun jendea ugaritu dela azkenaldion, gazteen artean batik bat, eta hortik etor daitekeela aldaketa, zentzu horretan –edo mendekotasun berriak ere, merkatu anglosaxoniarrarekiko adibidez–. Baina susmoa daukat gure inguruko bi sistema literario handiek jarraitzen dutela izaten, erosotasunagatik besteak beste, gure informazio-iturri nagusiak, gai horri dagokionean.

Edonola ere, gehitu nuen, uste dut badaudela elementu batzuk kontrapisua egiten diotenak joera orokor horri. Alde batetik, literatura “klasikoaren” ondarearen itzulpenean dauden hutsune handiak: asko dago itzultzeko oraindik, eta, ikuspuntu horretatik, oso eskertzekoa da EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzak egiten duten lana, Literatura Unibertsala sailarekin. Eskertzekoa, eta zabaldu beharrekoa, gehituko nuke. Argi dago hor aterako diren liburuak ez direla nobedadeak, preseski, baina liburu horiek euskarara ekartzeak pizten du, euskal irakurle batzuongan behintzat, erdaraz bestela irakurtzeko premia berezirik ez dauzkagun lan batzuei heltzeko interesa –“emantzat” jotzen ditugulako, maiz–, eta sorpresa ederrak ematen dizkigute; aurreko artikuluan komentatzen nuen Tolstoiren Hadji-Muratekin gertatu zitzaidana (Meettok 2018), eta gauza bera esan nezakeen Emily Brönteren Gailur ekaiztsuaki buruz (Erein-Igela 2017), itzulpengintzako azken Euskadi Saria eskurarazi ziona, justizia osoz, Irene Aldasorori.

Hor inguruan kokatu daiteke, solaskideei gogorarazi nien bezala, duela urte batzuk Agota Kristofen Koaderno handiarekin gertatu zena (Alberdania 1997): espainiar merkatuan batere nabarmendu gabe ibilbidea egin ondoren –izan ere, esanguratsuki, trilogiaren hurrengo bi liburuak, gaztelaniaz, bi argitaletxe ezberdinetan eman ziren argitara, liburuaren arrakasta eskasaren seinale–, euskarara itzuli eta irakurle andana topatu zuen; Espainian, bigarren txiribuelta batean, arrakasta izan zuenerako –azkenean, 2006an, trilogia batera argitaratu zuen El Alephek, eta ondoren Libros del Asteroidek–, euskaldunok aski ondo ezagutzen genuen liburua, eta pena bakarra geratu zitzaidan, Alberdaniak jarraitu ez izanarena, momentu hartan, trilogiako beste bi aleen argitarapenarekin.

Alde horretatik, komentatu genuen, oso eskertzekoa da, orobat, literatur Nobel-aren lan bat itzultzeko ematen den Jokin Zaitegi beka –Elkar etxeak argitaratzen ohi duena–, batez ere saritutako idazlea oso ezaguna edo argitaratua ez denean, horrek nahiko itzulpen aldiberekoa posible egiten duen neurrian –Svetlana Aleiksevitxen kasuan gertatu zen bezala, hein batean behintzat–. Eta nabarmen sumatu genuen beka horren falta, krisiaren aitzakian, suspenditu zen zorigaiztoko urte haietan.

Eta asko goraipatu genuen azken urteotako argitaletxe txikien inurri lana, hala genero literatura nola boladan dauden egileak –bitxi ezkutuagoekin batera– euskaraz emateko aurkezten duten grinan: Igela, Edo! zena, Meettok, Pasazaite, Denonartean edo Katakrakez ari naiz, zer esanik ez –Susak poesiaren alorrean egiten duena ahaztu gabe, eta Txalapartak tarteka eta modu etenagoan egiten duena ere, adibidez literatura distopikoaren klasikoen alorrean, edo Alberdania berpiztuarena nazioarteko “nobela literarioarenean”–.

Horrekin lotuta norbaitek atera zuen hizpidera zein oharkabe pasa den Julian Barnesen azken nobela, Istorio bakarra (Meettok 2018), euskarara gaztelaniara baino hilabete dezente lehenago itzuli izana, urte hartako udan liburu dendetan baitzegoen jadanik, eta espainolez 2019ko otsailera arte ez zelako argitaratu –frantsesez 2018ko irailean kaleratu zen–. Halako zirkunstantziak gutxitan gertatzen direla erantzun nuen nik: izan ere, Anagrama argitaletxeak berariaz atzeratu zuen “bere” egile kutunetakoa den Barnesen La única historiaren kaleratzea, berriki ateratako ingelesaren beste liburu bat ez “zapaltzeko”, eta, susmoa dut, argitaletxearen bilduma horixka famatuaren 1000. zenbakiarekin kointzidiarazteko. Eta, bestalde, euskarazko liburuak izan duen oihartzun eskasak zer ikusia izan dezakeela, orobat, itzulpenak nabarmen falta duen azken orrazketa lanarekin –Meettok argitaletxearen izenburu batzuen patu tamalgarria…–.

Eta, ildo horretan, agian albiste hobea dela, adibidez, Pasaizaitek Hassan Blasimen Kristo irakiarra kaleratu izana (2017, Ana Isabel Moralesen itzulpenarekin), edo Katakrakek Leslie Feinbergen Mari-mutil handi baten bluesa (2018, Fermin Zabaltzarenarekin), gaztelaniaz argitaragabe jarraitzen dutelako eta, ondorioz, irakurle elebidunak baino ez baitu, gurean, horiekin gozatzeko aukera.

Baina beti ere gogoan hartuz halakoak, oraingoz, salbuespen direla gurean. Pozgarriak, baina salbuespen. Gureak, batzuetan normaltasunaren zulo beltzaren inguruan orbitan dabilen literatura bat izan daitekeen arren, salbuespenezko literatura bat izaten jarraitzen duelako. Zoritxarrez, eta baita zorionez ere, batzuetan.

Eta, ondoren, topa egin genuen salbuespenengatik, eta salbuespenen murrizketagatik.

zubiya

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko otsailaren 9an].

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s