Itzulpenak (eta amaierak)

Maiz ez gara ohartzen zein garai pozgarriak diren euskaldun izateko. Ados, ezagutzan aurrera egin arren hizkuntzaren erabileraren joerak penagarriak dira, gaztelaniak eta frantsesak antzinako arnasguneak itotzen dituzte, euskara salbatuko duen estaturik ez daukagu –Odriozola/Aristi apocalyptic mode on-en jartzeagatik–, eta euskalkien aldeko partikularismokeriak zalantzan jartzen ditu batuaren –hizkuntza ustez artifizioso eta zurrun horren– lorpenak. Baina euskarara egindako itzulpen literario bat esku artean hartzen dudan ia bakoitzean ahaztu egiten naiz, pixka bat sikiera, berezkoa bide dugun agonismo linguistikoaz.

Batzuetan kontrastez gertatzen zait. Aurreko batean, adibidez, bigarren eskuko liburu denda batean –Re-Read horietako batean: Gasteizkoak behintzat euskarazko liburuen atal aski txukuna dauka–, beste zerbaiten bila nenbilela, Leonardo Sciasciaren Itsaso ardo kolorea ipuin liburuaren euskararako itzulpenarekin topo egin (Erein, 1991), eta berehala poltsikoratu nuen, egilearen ezer aspaldi irakurri ez nuela gogoan hartuta. Oso zalea izan bainintzen gaztetan, nire liburutegiko apalategiak salatzen duen bezala: El archivo de Egipto, El contexo, Todo modo, Las parroquias de Regalpetra… Bruguerako Libro Amigo sail merkean erositako ale mordoxka bat alegia –garai batean bateragarriak baitziren, o tempora o mores, asmo komertzialarekin argitaratutako edizio merkeak eta goi mailako literatura… Bestalde, antzinako ni hartaz  gogoratu naiz, egile batekin hiper-zaletu eta merkatuan zeuden haren liburu guztiak erosi eta irakurri arte atsedenik hartzen ez zuenaz–.

Liburua atseginez irakurri dut, eta bi gogoeta eragin dizkit. Alde batetik, eta artikulu honen gai nagusiarekin lotuta, akordura ekarri dit zenbat egin duen aurrera, 1991 hartatik, euskal itzulpengintzak. Ez Josu Zabaletaren itzulpena gaizki dagoelako, urrun baitago jasan behar izan ditugun itzulpen ortopediko haietatik: kontua da oraindik nabaritzen zaiola ez doala gaur egungo gehienak bezain koipeztatua, une batzuetan jatorrizkoa ez –italierarik ez dakidalako, noski–, baina gaztelaniazko itzulpenari begiratu bat emateko tentalditxoa sortzen zaizulako, traba egiten dizun –eta berrirakurriz berehala ebazten duzun– esaldi edo paragrafo hori argitzeko. Halako bulkadarik batere ez, ordea eta esaterako, Zabaletak berak errusieratik itzulitako Lev Tolstoiren Hadji-Murat irakurtzean (Meettok, 2017), nobela ezin gozagarriago bat, bide batez esanda, gure artean merezi zuena baino oihartzun gutxiago izan duena, literaturaren historiako lan handi horietako bat izan arren –Harold Bloomen faboritoa zen, harrapa ezazu–.

Eta bigarren kontsiderazioa, hau askoz ere albokoagoa, Sciasciaren literaturarekin atzera topo egin izanak eragin dit, hainbeste urteren ostean. Liburu haiek guztiak bata bestearen ondoan irakurtzean izandako inpresio bera berretsi baitit Itsaso ardo koloreak: badaude idazleak, handiak izan arren, ez dakitenak beren lanak ondo errematatzen, hots, amaiera ahulak ematen dizkietenak beren obrei. Sciascia zorrotza delako, darabilen gaia izugarri ondo planteatzen eta garatzen duelako, Siziliaren eta, azken finean, gizakiaren/gizartearen alderdi ilunenak disekzionatzeko trebezia berezia duelako… baina ez daki amaiera biribilak sortzen, edo hori iruditzen zait niri behintzat: nobelekin gertatu zitzaidan, eta are gehiago orain ipuinekin –Julian Barnesi buruz antzeko pentsatzen dut, salbuespen batekin: ingelesak hobeto azkentzen ditu ipuinak; nire hipotesia da Barnesen berezko sena ipuingilearena zela, eta profesionalizazioak bultzatu zuela, halabeharrez, eleberrigintzara. Baina ez egin kasu askorik, nire obsesioak izango dira–. Edonola ere, Sciasciaren liburuan pieza benetan ederrak daude: bildumari izenburua ematen dion ipuina, “Itsaso ardo kolorea”, bere elkarrizketa txinpartatsu eta ironiaz betekoekin, edo “Azterketa”, edo –aurreikusgarriegia suerta daitekeen arren– baita “Bidaia luzea” ere.

Amaierarena arte bat baita, zailenetako bat akaso. Artikulu honenak erakusten duen bezala, ez dudalako asmatzen nola burutu –adibidez, zirkulua ixteko, hasierarekin bat egingo lukeen bukaera batekin, edo itzulpenen gai nagusiarekin lotutako batekin, eta ez, bistan denez, Sciasciaren edo Barnesen amaierena bezalako off topic batekin–. Tamala benetan.

Sciascia

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko urtarrilaren 12an].

 

Advertisements

1 thought on “Itzulpenak (eta amaierak)

  1. Nere postekin loturak: Itzulpenak (eta itzulpenak) | Oharrak & Hondarrak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s