Euskal jarduera kulturalen antolatzaile jatorra izateko dekalogoa

Jardunaldi bat edo hitzaldi-sorta bat antolatzen ari zara, edo argitarapen kolektibo bat abian jartzen. Euskal idazle bat behar duzu, edo euskal intelektual bat, edo irakasle bat, edo aditu bat –hemendik aurrera, laburbiltzearren, EI bat–. Euskalgintzaren, herrigintzaren, administrazioaren edo agian pixka bat guztiaren parte zara. Hona zenbait aholku praktiko –berez, sei, baina azkenik, xirmi-xarmaz, hamar bihurtzen direnak, izenburuko asmoari izena ez ezik izana ere emanez–:

1.- Garaiz luzatu proposamena, nahikoa denborarekin: 32.000 karaktereko testu bat –tarteak kenduta– edo hitzaldi guztiz berri bat bi aste barrurako/etzirako/atzorako enkargatzea ez da ideia onena izaten, eta epea zehazten duen zure deia/mezu elektronikoa/whatsappa jasotzeak aztoramenduren bat eragin diezaioke EIari.

2.- Saiatu eskaera EIaren profilera egokitzen, ahal den neurrian behintzat: EIak, uste zabalduenaren eta irratiko edo telebistako tertuliek erakusten dutenaren kontra, ez dira beti gai edozein gauzari buruz aritzeko –are gutxiago etzirako bada–. Eta, ez ahaztu: gezurra iruditzen bazaizu ere, hitzaldi bat, artikulu edo ipuin bat idazteak lanak ematen ditu, batez ere ondo burutu nahi badira.

2.1.- Eskaria egiteko e-maila erabili behar baduzu, saihestu itzazu, ahal dela, spam motako mezuak. Aipatu ezazu gutxienez EIaren izena idazpuruan; galdetu egiozu –labur bada ere– zer moduz dagoen; aldez aurretik ezagutzeko aukera izan baduzu –azaletik bada ere–, atera hizpidera zerbait minimoki pertsonala. Hots, pertsonalizatu eskaera. Ez eman aukera EIak pentsa dezan Euskal Idazleen Elkarteko direktorioko helbide guztietara bidalitako eskutitz bera jaso duela: erantzuteko inolako beharrik sentituko ez duen horietako bat, alegia.

3.- Ez haserretu EIak, dena delakoagatik –agian 1. edo 2. puntuan zehaztutako arrazoietako batengatik, edo biengatik– ezezkoa ematen badizu. Edo, ados, sumindu, baina ez erakutsi: beste noizbait haren zerbitzuen beharrean egon zaitezke –eta hala ez balitz ere, ezetza EIaren eskubidea da, ezta?–. Eta, ondoren, erantzun iezaiozu sentitzen duzula, eskerrik asko eta hurrengora arte, hots, adeitasun apur batekin, eta ez ohiko euskal lehortasunarekin. Hitz gakoa hemen –apuntatu– jendetasuna da.

3.1.- Badago antolatzailerik, ezezko horren posibilitatearen beldur akaso, dena delako programan edo ekimenean EIaren izena sartzen duena are EIa bera kontsultatu aurretik, bururatutako ekintzen politika eraginkorra izan daitekeelakoan: EIak bere deiturak moldiztegiko letretan finkatuta ikusteak atzeraezinezko efektuak izango balitu bezala. Ez ezazu bide hori urratu: itsusi samarra da, eta ustekabeko ondorioak izan ditzake; EIak, azken batean, izaki autonomoa eta burujabea izaten jarraitzen duela sinestea atsegin du.

Oso ohikoa da, halaber, EIari bueltan ez idaztea, hark esan ondoren programatutako egunean ezinezkoa duela parte hartu. Kasu honetan ere “eskerrik asko eta hurrengora arte” bat bidaltzea asko eskertzen du EIak.

4.- Ez izan –horren– egiatia: ez duzu zertan EIa informatu aldez aurretik ezezkoa eman duen beste EI baten eskutik iritsi dela zure proposamena, eta are gutxiago beste baten ordezkoaren ordezko izateko jo duzula, azken buruan, harengana –salbu eta, agian, 1. puntuari huts egin eta, halabeharrez, oooso berandu bazabiltza eta SOS oihukatzen ari bazara–. Modu horretan, ziurrenik, pozikago emango dizu baietza: EIek, askotan, fikzioekin lan egiten dute, eta fikziozko mundu batean bizi nahi dute, eta beren merituengatik deituak izan direla sinetsi.

4.1.- Bide batez: EIa emakumezkoa bada, ez aipatu inondik ere horixe dela –”neska izatea”, hain zuzen– eskaera berari helarazteko arrazoia, hots, kuota kontua –besterik ez– dela [Katixa Agirreren addenduma].

4.2- Hari horretatik tiraka, ez esan EIari, ezta ere, deitua izan dela “EI periferikoa” izateagatik (hots, arabarra, lapurtarra, iparraldeko zein hegoaldeko nafarra edo zuberotarra izateagatik, bizkaitarrez eta batez ere gipuzkoarrez gainezka dagoen programa/aurkibide batean). Kuotak daude, eta egon, egon behar dute, baina EIari sinestarazi behar zaio partehartzea bere merezimenduekin dagoela lotuta, eta ez bestelako arrazoiekin.

5.- Aurreko aholkuari jarraiki, emaiozu EIari kariño apur bat, edo are koipe pixka bat, Richard Gerek Pretty Womaneko arropa-dendaren eszenan eskatzen zuen bezala; utzi berriz ere albo batera euskal estilo siku hori. EIa senti dadila, une batez sikiera, estimatua, are ezinbestekoa; horrek ere lagunduko dizu haren baietza eskuratzen. Hitzaldi aretora edo dena delako lekura heldu eta lau katu ikustean –edo eskatu diozun testuaren zabalkuntza benetakoaz jabetzean–, itzuliko da errealitatera, lasai egon.

5.1.- Bide batez, eta horrekin lotuta: estimatzeko moduko detailea da, hitzaldi edo irakurraldi batez ari bagara, zu, antolatzailea, ekitaldian bertan presente egoten saiatzea; oso eskertzekoa da, batez ere, auditorioa bost lagunetakoa izatera heltzen ez bada, adibidez. Horrek, ilusioa ez bada, segurtasun pixka bat ematen dio EIari, aurrera eramango duen jarduera burutzeko orduan. Eta, kasualitate gaizto baten ondorioz, zeregin ezin saihestuzkoek ekitaldia egingo den koordenada geografikoetatik urrun egotera behartzen bazaituzte, saia zaitez aretoko atea irekitzeko ardura duen laguna konbentzitzen berak, behintzat, publikoarekin bat egin dezan, eta are amaierako txaloan parte har dezan –baldin eta EIaren hitzaldia edo dena delakoa gustatu bazaio, noski–. Izan ere, zein EIri ez zaio noizbait gertatu hiru lagunentzat saio bat eman behar izatea eta bertan ez egotea ez antolatzailea ezta atea zabaldu duena ere?

6.- Ez izan beldurrik diruari buruz hitz egiteari, edo diru ezari buruz hitz egiteari; lana eskatzeko deitu badiozu, esaiozu zerbait ordainketari buruz, arren. EIa, oro har, ohituta dago euskalgintzaren/herrigintzaren estutasunetara, eta, gauzak ondo azalduz gero, agian prest egongo da lana diru gutxiren truk edo are debalde egiteko –batez ere 5. puntuan iradokitakori eutsi badiozu–. Baina gutxienez saiatu bidaia ordaintzen: ez egin diruak garrantzirik izango ez balu legez, edo horretaz hitz egitea dotorea izango ez balitz bezala. Badakigu EI gehienek beste nonbaitetik ateratzen dutela irabazpidea, ze erremedio, baina bada horretaz bizitzen saiatzen den jendea, eta haiekiko begirunez, sikiera, diruaz argi eta garbi aritu beharko zenuke.

6.1.- Gomendio bat: ahal dela, ez jo, enkargua ordaintzeko diru gutxi badaukazu, “tokiko produktu tipikoen saskiaren” baliabidea erabiltzera –gero eta gehiago zabaltzen ari dena, bide batez esanda–. Pentsa ezazu gibel-ore latez, hutsean estalitako pernil azpilez, sasoiko fruituen erreximenta-potez edo sormarka susmagarriko txakolin botilez beteriko kaxa eraman dezakeen EIa begetarianoa eta are beganoa izan daitekeela. Edo diabetikoa. Edo zeliakoa. Edo, agian, “oparia” sukaldeko mahaian utzi ondoren, berehala atera behar izango duela etxetik Alkoholzale Anonimoen asteroko bilerara. Emaiozu saskiaren balioaren ordaina, txikia bada ere, eskura, eta eros dezala nahi duena EIak…

Hots, bosgarren eta seigarren puntuak laburbilduz –eta, batez ere, hitzaldiez ari bagara, jomuga lekutan baldin badago–: eskaini egiozu EIari maitasuna –maitasunaren simulakroa, behintzat– edota dirua ­­­–zerbait sinbolikoa bada ere: desplazamendua ordaintzeko dieta txiki bat–. Tuteratik Lekeitiora edo Gasteiztik Santa Grazira –edo alderantziz– bidaiatu ostean –ze Euskal Hiriaz asko hitz egingo da, baina ibilbide batzuk, eneee…–, ez dezazula EIa behartu “Bidaia behintzat ordainduko didazue, ezta…?” dohakabeko galdera formulatzera.

[Oharra: askotan EIok gara antolaketa-lan horietaz arduratzen garenok, eta, ondorioz, aholku hauek, ezer baino lehenago, autoaholkuak dira, egindako hanka-sartzeen eta itsuskerien zeharkako aitortza eta, aurrerantzean, ontzeko asmoaren erakusketa].

antolatzaile2

[Artikulu honen bertsio laburrago bat, “Aholkuak antolatzaileentzat” izenburuarekin –ez dizkidate izenburu luzeak onartzen, paperezko argitarapenetan normala den legez–, Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2019ko martxoaren 9an].
Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s