Traditore

Behin batean bere ikasleen aurrean nire autoitzulpen esperientziaz hitz egitera gonbidatu ninduen, adeitsu, Itzulpengintza eta Interpretazioa karrerako irakasle batek. Pozik eta konfiantzaz beterik joan nintzen mintegira, duintasunarekin arazo handiegirik ez dugun idazleok –hots, gehienok– gure egoa laztandua gerta daitekeen edozein egoera probesteko pultsioari jarraiki. Ez nengoen prestatuta han topatu nuen kontrako jarrera oro har mesfidatirako. Saioa, dialektikaren ikuspegitik, bizia izan zen: Itzulpengintzako ikasleek ondo merezita daukate Letren Fakultateko elite intelektualaren fama. Hots, metaforikoki lubakibandesko jarrita, KOz ez dakit, baina –izan nadin optimista– gutxienez puntutara galtzaile atera nintzela esan daiteke.

Berehala ulertu nuen arinkiegi onartu nuela gonbidapena: azken finean ni, besteak beste, konpetentzia desleiala egin ziezaiekeen agente bat besterik ez nintzen itzultzailegai haientzat, enkarguen merkatu-kuota murriztu ahal zien sarkin bat, berez nahiko prekarizatuta dagoen alor profesional batean. Idazle autoitzultzailearen trajea beharrean hobe nukeen egun batez armairuan utzitako historia ekonomikoko irakaslearena jantzi izan banu, hara abiatu aitzin…

Orain Garazi Arrularen Autoitzulpenaren teoria eta praktika Euskal Herrian doktorego tesiak maila akademikoan berretsi du autoitzultzaileon hobena: bide horretan tematzean, erdi-gezurretan ari omen gara aldarrikatzean egiten ditugunak bertsioak direla, eta ez itzulpenak, eta, okerrago dena, euskal literaturaren subalternotasuna areagotzen dugu espainiar eta frantziar sistemekiko, edo horretan erortzeko arrisku handian gaude, diskurtso mailan edo testuan bertan irmo posizionatzen ez bagara behintzat. Arrulak berak, idazlea ere badenak, ez luke sekula bere lanik autoitzuliko: “ez dut parte hartu nahi joko horretan”, dio Argia aldizkarian egin dioten elkarrizketa interesgarrian (2601. zenbakia, 2018-VI-3).

Laburbilduz, eta gauzak pixka bat muturrera eramanez: Autotraduttore, (due volte) traditore. Potenzialmente, bederen.

Ez dut autoitzulpena praktika orokorgarri eta ezinbesteko gisa defendatuko, hautu oso pertsonal bat den neurrian. Baina ezta haren kontra egingo ere: Arrularen diskurtsoak ez nau puntu horretaraino konbentzitu. Niretzat tresna bat gehiago da, aukerazkoa, egoera diglosikoan dagoen hizkuntza –hiztun kopuruan– txiki bateko idazleok Munduko Letren Errepublikaren konkistara abiatzeko orduan. Idazle gehienok, duintasunarekin arazo handiegirik ez dugunok behintzat, hori dugulako –ezinezko– helburu: menderakuntza literario global eta totala. Ez zait iruditzen, alde horretatik, hizkuntza “handirako” itzultzailearekin estuki kolaboratzen duen idazlearen aukeratik horrenbeste urruntzen denik: denok garenez elebidun, idazle “hutsak” “zinezko” itzultzailearen lanaren gainean daukan interbentzionismoa nahiko handia izan ohi da –inpresio hori daukat nik, behintzat: agian beste doktorego tesi bat atera daiteke hipotesi honetatik–. Eta, autoitzulpena legez, gaztelaniara egindako itzulpen “kontrolatu” hori izaten da, ia beti, gainontzeko hizkuntzetara eramana izateko zubi-lanak egiten dituen testua edo, suertea badago eta itzulpena euskaratik zuzenean egin badaiteke, aurkezpen-karta gutxienez.

Ni, gainera, gaztelaniaz hasi nintzen idazten, eta, bizitzaren gorabeherek euskarara eraman ninduten arren, euskal idazletzat gain, hispanikotzat dut neure burua –ez espainoltzat, baina, lasai, ez dut hori esaten espainol hitzari alergiarik diodalako, baizik eta egun, eta Boom latinoamerikarraren ostean batez ere, absurdoa iruditzen zaidalako “literatura espainolari” buruz hitz egitea–. Autoitzulpena, alde horretatik, nire lehenengo urratsei fidel izaten jarraitzeko modu bat da. Besteak beste.

Traditorea beti traditore –saldua beti saldu–, pentsatuko du, agian, bat edo batek. Ez nau bereziki mintzen, azal gogorrekoa naiz. Laurogeiko hamarraldian Euskadiko Ezkerran militatu nuen, beraz, atera kontuak…

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko ekainaren 23an].

traditorerentzat

10 thoughts on “Traditore

  1. Aupale Iban!
    Zuk botatzen duzun bezala “Ni, gainera, gaztelaniaz hasi nintzen idazten”, Garazik ere botatzen du “ez daukat hain landua hizkera literarioa gaztelaniaz”.
    Oro har defenditzen duen tesia kopartitzen dut. Asimilizazioaz ari garela, inoiz edo behin komentatu dugu liburu bat edo beste euskaraz eta erdarazko itzulpena bateratsu atera izana. Hain zuzen ere “itzulpen” hitza mozorrotuago geratu dadin.
    Zure kasuan eta gaztelaniaz idazten hasteko azal gogorra ere izan zenuenez 😉 guztiz normala, eta kitto.

    Zorigaitzez iruzkin hau aurretik idatzi eta bidali ez nuen edo galdu zen iruzkin baten bigarren bertsioa da. Zorigaitzez diot, izan ere zure biluzte politikoak kitzikaturik nik antzeko bat egiten nuen, gaur lotsa gehiagoz jaiki naiz. Argi dago denok garela jatorrizkoaren traditore, maiz gure buruaren.

  2. Kaixo, Ruben.

    Eskerrik asko zure ekarpenagatik. Ni ere ados nago euskarazko eta erdarazko bertsioen aldi bereko (edo ia bereko) arriskuen kontuari dagokionean, nahiz eta ez dakidan zein puntutaraino egiten dion kalte euskarazko liburuen irakurketari (eta salmentari) aldi bereko argitarapenak: ikerketa zehatzen faltan, egun batzuetan pentsatzen dut kaltegarria izan daitekeela, eta, beste batzuetan, gailentzen zaidanean euskarazko eta gaztelaniazko irakurketa nahiko konpartimentu estankoetan aritzen diren inpresioa, ez hainbeste. Baina hizkuntzen ekologiaren ikuspuntutik, euskarari (hizkuntza ahulenari) lehentasuna ematearen alde nago. Ez horretan bakarrik. Esan dut behin baino gehiagotan: EITB bezalako medio elebidunek, sare sozialetan, minutu gutxi batzuen antelazioarekin eman beharko lituzkete albisteak (batez ere primiziak direnean) euskaraz. Justu aldrebes egiten dute, baina (edonola ere, ez zait iruditzen esajeratzea komenigarria denik, Borda-Arbelbide elkarrizketaren auzitxoari buruzko artikulu honetan argudiatzen saiatu nintzen bezala).

    Ez dut uste, ordea, autoitzulpengintzarena kasu bera denik (liburua aldi berean argitaratzen ez bada, behintzat, eta gehienetan hala da: lehenengo euskarazkoa plazaratzen da, eta handik hilabeteetara edo, ohikoago, urteetara, erdarazkoa). Ulertzen ditut, jakina, kontra daudenen argudioak, dela ikuspegi abertzale-esentzialista batetik, dela “itzulpengintzaren/itzultzaileen ekonomiarenetik”. Kontua da ez zaizkidala horren boteretsuak iruditzen egungo literatura global(izatu)ak idazle elebidunei txertatzeko eskaintzen dizkien aukeren markoarekin konparatuta, ezta norberaren biografiaren pisuarekin konparatuta ere.

    Lagun batek komentatzen zidan aurrekoan autoitzulpengintzaren auzi honetan gaizki irudituko litzaiokeena dela bere burua autoitzultzera behartuta ikusten duen idazlearen kasua. Niri ere gaizki irudituko litzaidake. “Aberriaren deiari” men egitearren autoitzulpena baztertzera behartuta ikusiko litzatekeenarena bezainbeste. Baina, tira, agian arazoa da nik gero eta gutxiago sinesten dudala literatura “nazionalen” kontuan…

    Biluzte politikoari dagokionez, bestalde, ez dut uste hainbesterako denik: ez dut sekula ezkutatu. Izan ere, Gezurrak, gezurrak, gezurraken argitaratu nuen, aspaldi, “Ni Euskadiko Ezkerrrako militantea izan nintzen” izeneko ipuin aski gardena. Besteak beste.

    Ondo ibili!

  3. “…ikuspegi abertzale-esentzialista batetik…”

    Tira, atera da mamua armairutik.

    Hots, inork ez dezala pentsa ni abertzale, edo esentzialista, edo abertzale-esentzialista naizenik, horra gure barruan daramagun aingeru guardakoaren mezu errepikakorrenetako bat.

    Nik ere badaramat, jakina.

    Eta, berez, ez dut erantzunik zaindari jator horren errekerimenduentzat. Nik behintzat ez.

    Dirudienez, gay jendeak “armairutik atera” deitzen dio aingeru guardakoaren mezu horiekin argi eta garbi apurtzeari.

    Nik, ordea, armairuan segitzen dut, edo armairuan dagoenak segitzen dit, berdin dio, eta etengabe behartuta sentitzen naiz konpontxo egitera. Epiko jarrita, abertzale bati dagokion bezala, nahi eta ezinaren borrokaleku ekaitzez betean jardutera.

    Ez gara heroiak, Iban, ezta traidoreak ere, ahal duguna egiten dugu, ahal dugun neurrian, eta kitto.

    Traidoreak ez, izatekotan kristau bekatariak gara, egunero zazpi bekatu kometitzen ditugunak.

    Baina bai, agian konfortagarriagoa da traidoretasuna haizatzea…

    Besarkada bat.

    Pruden

    OHARRA: egunotan berriz ere ekin diot irakurtzeari Axularren Gero, oraingoan euskara xumean. Ezer egokiagorik ez aipatzen dituzun arazoez hausnartzeko.

  4. Bai, argi dago, Pruden, ez dugula hobera egiten adinarekin: traidoretasunerako nire atsegintasuna aspaldikoa da (Traizioak izeneko ipuin liburua argitaratu nuen duela hamazazpi urte…), eta hortxe jarraitzen dut, antza.

    Ondo ibili.

  5. [Oharra: Deian argitaratzen saiatu naiz, telefonoz eta emailez, eta ez dut erantzun argirik jaso. Horregatik argitaratu dut hemen, Deiara bidalitako modu berean.]

    ‘Traditore’-ri erantzunez
    Garazi Arrula Ruiz
    Autoitzulpenari buruzko elkarrizketa egin zidan Danele Sarriugarte Mochalesek Argian (2018-VI-3), eta horren harira Iban Zalduak ‘Traditore’ iritzi-artikulua argitaratu zuen Ortzadarren (2018-VI-23). Idatzi labur honek Zalduak esaten zituenetako batzuei erantzuten die, gaizki-ulertuak eta ez ulertuak argitu nahian. Oharrak & Hondarrak blogean bertsio luzeagoa eta pare bat erantzun badituen arren, argitalpen berean erantzuten ari naizenez, Ortzadarrekoari baizik ez diot erreparatuko.
    Hasi aurretik, esan behar dut Argiako elkarrizketak tesiaren atal bati jartzen diola arreta, eta publiko ez espezializatuari zuzentzen zaiola. Labur azalduko ditut kezkagarrienak iruditu zaizkidan horiek:
    1. Autoitzultzaileak ez dira itzultzaileontzako konpetentzia, ez eta “merkatu-kuota murriztu” dezaketen sarkinak ere; ez merkaturik ez dagoelako, baizik eta merkatu-logikan pentsatzea bera irrigarria delako literatura itzulpenean, kopuruari dagokionez eta frantses/gaztelaniarako itzulpenean, behintzat.
    2. Autoitzultzea hautu pertsonala da, baina ez hutsean; pertsonala da, egoera berean dauden bi idazlek bitara erabaki dezaketelako, hots, nork bere lanaren itzulpena egitea eta ez egitea. Horraino da pertsonala; tesian azaldu bezala, ordea, badira kanpo motibaziotzat har daitezkeen beste hamaika eragile, dela hizkuntzen egoera asimetrikoa, dela euskarazko lanak itzultzeko eta argitaratzeko beharrezko dirua, dela konbinazio horretan ari diren profesionalen kopuru txikia (alderantzizko noranzkoarekin alderatuta), dela erakunde publikoek horretarako berariaz ematen duten zenbait diru-laguntza, dela itzulpenaren estatusa ‘bigarren original’ izendaturikoaren aldean. Horiek ere autoitzulpena bultzatzen dute, lekukotza batek baino gehiagok adierazten dutenez.
    3. Argiako elkarrizketan galdetzen zidaten nik idatzitako ipuin-liburua itzuliko ote nuen, eta nik ezetz erantzun. Ezin da hortik ondorioztatu ez dudala sekula autoitzuliko; tesia bera, euskaraz idatzi eta ingelesera itzuli nuen; beraz, autoitzulpen akademikoa egin dut honezkero –itzulpen gardena da, eta oin-ohar batean jaso dut prozesua–.
    4. Zalduak hipotesi hau agerrarazten zuen: «ez zait iruditzen (…) hizkuntza “handirako” itzultzailearekin estuki kolaboratzen duen idazlearen aukeratik horrenbeste urruntzen denik». Bat nator hipotesi horrekin; beste testuinguru elebidun asimetrikoetan gertatu bezala, gurean kolaborazioaren eta autoitzulpenaren mugak maiz ez daude argi, ez makro mailan (kredituetan agertzen den informazioa, esaterako), ez testu mailan (ezin jakin zer-nolakoa izan den interbentzioa). Orobat jaso dut tesian hirugarren batek egindako itzulpenak eta kolaborazioan egindakoak “bertsiotzat” saltzen dituztela batzuetan prentsak eta argitaletxeek; halakoetan, jatorrizkotasuna ezkutuan geratzeko arriskua bera da. Autoitzulpenen kasuan, agerikoagoa eta ugariagoa da arrisku hori. Manterola irakasleak jorratu du kolaborazioaren gaia.
    5. Oso kezkagarria (eta adierazgarria) egiten zait terminologia moral-kristaua zenbateraino sartua dugun hiztegian, gaur egun ere, baita gai honekin ere. “Erdi-gezurretan ibiltzea”, “hobena” eta “traizio egitea”, ez nuke nik halakorik erabiliko. Hain zuzen, identitateaz mintzo naizelarik, tesian salatzen dut autoitzulpena “izatearen” galeratzat hartzen dela gehienetan, lehen hizkuntzari egindako traiziotzat, eta beste ikertzaile batzuen hautua hobesten dut, praktika bera irabazitzat hartzen baitute. Horrek lotura handia du autoitzulpena aurkezteko moduak ezkutatzen duen mailaketarekin.
    6. Elkarrizketan ez genituen aipatu aztergai izandako testuen alderaketatik ondorioztatutakoa. Tesia bi esalditan laburbiltzeko eskatu zidan Apalategi irakasleak defentsa egunean. Hala erantzun nuen: batetik, kultura eleaniztun periferiko eta mugakide baten konplexutasunak aintzat hartu behar dira (auto)itzulpenak aztertzerakoan; eta, bestetik, autoitzulpenaren jarduna ez da itzulpen jardunetik ulermen orokorrak uste duen bezainbeste urruntzen. Testu mailako alderaketa xehearen bidez, autoitzultzaileen joera orokorrak deskribatu ditut, usteetatik eta gogoetatik harago egiteko. Azterketa horretan, ez dut aurkitu itzulpen jardunean egin ez den hauturik; horrela, idazleen itzulpen-hautu guztiak azal litezke itzulpen ikasketen tresna eta hiztegiaren arabera. Ez legoke, bada, praktikari eta emaitzari beste izen bat jartzeko beharrik, ezpada bestelako arrazoi bat dagoela tartean, hala nola, arrazoi komertzialak, idazletzaren nagusitasuna edo itzulpen praktikaren pertzepzio hertsi bat.
    Subordinazioa ukaezina da, maiz euskaraz idazten dugunean, aditu eta arituek erakutsi izan dutenez (azkenik, Irene Arraratsek). Subordinazioek zer aurpegi duten eta zer modutan azaleratzen diren identifikatu eta eztabaidatzea beti izanen da espazio erresistenteak sortzeko bide, noizbait subordinazioaz hitz egin behar ez izateko.

    [Aukera aprobetxatu nahi dut zerbait gehitzeko: iruditzen zait, Iban, ondorio okerretara iritsi zarela, premisek ez dutelako bat egiten nire hitzekin. Eta, premisak eraikitzeko, badirudi gaiarekin zerikusirik ez duten mamu batzuk sartu dituzula. Laburbilduz, ni ez nago autoitzulpenaren kontra, eta hau ez da egia-gezurra (“erdi-gezurra”) auzi bat. Testu azterketak erakutsi duenaz soilik ari naiz: autoitzulpen jarduna itzulpenaren adar bat da.]

  6. Egun on, Garazi,

    Ez da nire asmoa zurekin eta Ibanekin kontu honetaz debate batean sartzea, ez dakit ia ezer gai horretaz eta teknikoegia iruditzen zait, oro har, ematen diozuen jitea.

    Baina haizu izango ahal zait ohar labur bat egitea; honela diozu 5. puntuan:

    “Oso kezkagarria (eta adierazgarria) egiten zait terminologia moral-kristaua zenbateraino sartua dugun hiztegian, gaur egun ere, baita gai honekin ere. “Erdi-gezurretan ibiltzea”, “hobena” eta “traizio egitea”, ez nuke nik halakorik erabiliko.”

    Tira, terminologia moral-kristauarena ni izan naiz, ez Iban. Harena, gehienez ere, terminologia psikoanalitikoa da, hots, freudianoa, denok dakigunez zerikusirik ez duena kristautasunarekin (izatekotan, moral-judua litzateke, etab.).

    Enfin, ni gusturago sentitzen naiz terminologia kristauarekin psikoanalitikoarekin baino, baina apeta pertsonal hutsa da, Axularri diodan atxikimenduagatik sortzen da, apika. Ez dut uste inor kezkatzeko modukoa izan daitekeenik.

    Mila esker arretagatik, eta ondo izan.

    Pruden

  7. Eskertzen dizut, Garazi, zure erantzun jori eta konplexua, eta zure tesiaren bihurguneak laburbiltzeko hartu dituzun lanak. Luxu bat da honelako maila akademikoko testu interesgarri bat nirea bezalako blog batean jasotzea.

    Nire erantzun honetan, Ortzadarreko zutabean eta blogeko sarreran ez bezala, ironia alde batera uzten saiatuko naiz. Eta, bide batez, Pruden, eskerrik asko zure azalpenagatik; kristautasunaren kontu horrekin nahiko erratuta ibili zarela esango nuke, Garazi.

    Nik ere uste dut autoitzulpengintza itzulpena dela, funtsean eta oinarrian. Baina, sentitzen dut (praktikak adierazten dit), bada beste zerbait ere. Eta hori ez dut esaten ezerren edo inoren gainetik ipintzeko, sortzailearen autonomia alor horretan itzultzaile “soilarena” baino handiagoa delako baizik, potentzian, behintzat: niri nahikoa ebidentea iruditzen zait. Eta, kontuz, nire artikuluan eta erantzunetan aipatu bezala, ez dut uste gure praktika hainbeste urruntzen denik helmuga hizkuntza ezagutzen duen idazleak kanpotik “kontrolatzen” duen itzultzailearen lanetik. Itzulpen “puru” bakarra, alde horretatik (hildako idazleen obrena kenduta, noski) helmuga hizkuntza ezagutzen ez duen idazlearen obrarena litzateke, esku hartzeko inolako modurik ez duen neurrian. Milan Kunderaren eta itzulpenaren beste idazle obseso batzuen adibideak aipa nitzakeen hemen, nahikoa ezagunak ez balira.

    Eta, hala ere, itzulpen zuzendu horrek (itzulitako autorearen parte hartze handiagoarekin edo txikiagoarekin) eta autoitzulpenak badute ezberdintasunik, nire ustez. Eta iruditzen zait harira datozela Koldo Izagirrek idatzitakoak, Elurra ikusi dut Xabier Leteren poesia antologiaren epilogoan, itzultzaileen eta idazleen desberdintasunei buruz: “Itzultzaileak iruntzira aritzen dira, urtu egiten dute beren nortasuna egilearenean, jatorrizkoaren arnasa ematen saiatzen dira, haren berezitasunak ahalik eta zehatzen eskaniz. Bestela, autorearen ezaugarririk gabe, itzulpen mekanikoa eginen lukete. Horregatik esan ohi da, arin samar nire ustez, itzultzea, poesia itzultzea batez re, sortzea dela. (…) Baina itzultzailearen eraikuntzari poesiaren kalitatea damaiona ez da guk ekarria, beste hizkuntza hartako poetak eman dizkigu planoak. Testuaren sua, izotza, ikara, plazera ez dira itzultzailearen barnetik sortuak.Itzulitakoa bigarren errealitatea da, edo hainbatgarrena. Autoreak ematen dio zentzua poemari itzulitako hizkuntza guztietan, ez hizkuntza guztietako itzultzaileek. / Itzulpena, egokitzapena, traizioa, bertsioa, omena… mugak ez dira hain zehatzak. Erantsi diezaiogun plagioa, inorena norberak sorrtua bezala aurkezteari atxikitzen zaion leloa. Non hasten da? Egon litezke inoren plagioa egitera jarritakoen plagioak eta egon litezke inorenetik abiatuta plagioan geratu diren sortasmoak. Egon litezke autorearen zantzu nabarmenak erakutsiagatik testu propio bat sortzeraino urruntzen zaizkion lanak, eta egon litezke iturburuaren zantzuak ezabatzen ahaleginduagatik jatorrizko testuari itsatsiak geratzen direnak”.

    Alde horretatik, beraz, autoitzultzailea, itzultzaile soila ez bezala, autoplagiatzailetzat ere har genezake. Eta, hala ere, edo horregatik hain zuzen, beti izango du sortzaile plus bat,jatorrizkotik aldentzeko ahalmena, aipatu autplagioan koxka bat (edo tarte zabalago bat) urruntzeko (ber-sortzeko) aukera, itzultzaileak sekula izango ez duena. Alde horretatik, ondo iruditzen zait, nola ez, autoitzulpenaren inguruko ikerketak Itzulpengintza eremuko irakasle eta ikerlariek burutzea. Baina berdin-berdin iruditzen zait onargarri praktika horren analisia Literaturaren alorreko akademikoek egitea, zer esanik ez.

    Uste dut zilegi dela, subordinazioaren kontua aipatzen duzunean, gure literaturaren ikuspegi sozial, kolektibo hori azpimarratzea; jende bati, zalantzarik gabe, asko axola zaio. Eta koordenada horietan, agian oker nago, baina esango nuke praktika batzuk begi onberagoekin ikusten dituzula (espainolerako autoitzulpengintza egiten ez dutenenak), egiten dugunonak baino. Beinke. Nik gehitu nahi izan dudana beste ikuspegi bat da: diglosian edo elebitasun inperfektuan hazitako sortzaile indibidualarena, literaturaren globalizazio garai batean, eta Espainiako eta Euskal Herriko historiaren (historien) une jakin honetan. Eta hortik, eta are gehiago laurogeiko hamarralditik, hots, euskal literaturak “autonomia” delakoa irabazi zuenetik, gauzak oso ezberdin ikusten direla begitantzen zaidala. Hori esanda, eta gorago Pruden Gartziari erantzun bezala, nire mamuak eta motxilak hor dauzkadala onartzen dut. Denok bezala, imajinatzen dut. Baina uste dut hasieratik utzi ditudala agerian. Tira, egia da nirea iritzi artikulu bat besterik ez zela, ez lan zientifiko, akademiko eta objektibo bat.

    Nik jarraitzen dut pentsatzen, ez dakit tesian, baina behintzat bai irakurri ahal izan dudan Argiako elkarrizketa horretan islatzen den autoitzulpengintza praktikaren inguruko zure iritzia negatiboa dela, edo mesfidatia, gutxienez. Eta, une horretan bakarrik islatzen ez bada ere, nik esango nuke hori modurik gardenenean adierazten duzula, zuzenean galdetzen dizutenean, “joko” horretan sartuko ez zinatekeela botatzen duzunean. “Joko”: hitz horrek euskal tradizioan dituen konnotazio guztiekin. “Joko”.

    Ez, niretzat autoitzulpengintza, edo nire lan propioen itzulpena, nahiago baduzu, ez da joko bat: inondik ere ez. Nire ibilbide literarioaren elementu esanguratsu bat da (nire “jolas serioaren” osagai bat, Julio Cortázarrek esango lukeen bezala: jolas, ez joko), eta, nire bizitzaren une honetan, ezinbestekoa. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

  8. (Bide batez esanda, eta off topic: egun hauetan, eta oporrak probestuz, 2017-18 ikasturteko euskarazko literaturako nobedadeen inguruan egunera jartzen ari naiz, eta hori dela eta iritsi naiz Izagirreren epilogora. Egia da Elurra ikusi dut ez nuela itxaropen handiegirekin hartu, ez naizelako sekula oso Letezalea izan (ez izpiritualki, ez musikalki, ezta literarioki ere). Baina esan behar dut epilogoak animatu egin nauela Leteren poemak irakurtzera, eta, alde horretatik, ez natorrela bat Aritz Gorrotxategik esandakoekin: berak uste baino aberatsagoa da epilogoa, eta ez nuke inolaz ere esango Leteren plagioak dituenik ardatz nagusi. Baina beharrezkoa zen norbaitek gaia serioski planteatzea. Alde horretatik euskal literaturzale guztiok Izagirrerekin eskertuta egon behar dugula uste dut).

  9. Iruditzen zait teorian eta ahalmen mailan mintzo zarela (nahiz eta praktikatik abiatu) halakoak esatean: “beti izango du sortzaile plus bat,jatorrizkotik aldentzeko ahalmena, aipatu autplagioan koxka bat (edo tarte zabalago bat) urruntzeko (ber-sortzeko) aukera, itzultzaileak sekula izango ez duena”. Teorian, baluke, eta hori izan ohi da argudio nagusia autoitzulpena beste nolabait izendatzeko. Kontua da egiten ahalko litzatekeen hori ez dela egiten. Eta hain zuzen, nik aztertutako corpus horretan, behintzat, horixe da atera dudan ondorio nagusia: praktikan, autoitzultzaileak hartzen dituen itzulpen hautuak itzultzaileak hartzen dituen horiek dira. Sekulako zerbait egiten duela uste arren, hala egiteko zilegitasun eta ahalmen guztia duela pentsatu arren, itzultzea beste zerbait dela sinetsi arren, testuek ez dute halakorik erakusten. Zeren, ahalmen horri tiraka, autoreak itzultzean hartutako joera nagusia sormen literarioa litzatekeela pentsa zitekeen; testuak aztertuta, ordea, ez da halakorik, ez da “jatorrizkotik aldentzeko ahalmena” aplikatzen. Ez, behintzat, itzultzaile alografoak (zuk “soil” deitu duzun hori) inoiz egin ez duen moduren batean. Joera nagusia baliokidetza da, besteren itzulpenetan bezalaxe.

    Egia esan, ez dakizkit “joko” hitzaren konnotazio guziak; nolanahi den, ni sistemen arteko jokoaz ari nintzen (eta gehienbat hortik dator mesfidantza), ez praktika indibidualaz.

    Ongi izan, eta abuztu on!

  10. Azterketa sakonik gabe eta tripetatik hitz eginda (euskaltzale baten tripak dira nireak, eta abertzale batenak ere bai akaso, baina, tira, kontsultatu beharko nuke aingeru guardakoarekin ziurtasunez baieztatu aurretik…), ni sumintzen nauena da argitaletxe ez gutxik eta, haiei jarraituz, hedabide askok, euskarazko liburuen itzulpenak (gaztelaniazkoak behintzat, ez seguru asko beste hizkuntzetakoak, eta hala bada ez dut fenomeno hori ezagutzen) naturaltasun osoz jatorrizkoak balira bezala aurkezteko duten joera. Horretarako aukera hobea ematen du autoitzulpenak, itzultzailearen izena aipatzea disimulu handiagoz saihesteko aukera ematen duelako, baina bestelakoetan ere oso zabalduta dago joko nire ustez (tripetatik mintzo naiz) zikin hori.

Leave a reply to ibanzaldua Utzi erantzuna