‘Pakean utzi arte’-tik ‘ETA, deja alguna discoteca’-ra: euskal gatazkaren mikrohistoria musikalerako ahalegin raté-a (Euskadi Irratirako nire tartearen transkripzioa)

Gaur Euskadi Irratiko Faktoria saioan eskatu didate, aurretik joan den Jesus Egiguren eta Arnaldo Otegiren Txillarreko elkarrizketen inguruko elkarrizketarekin lotutako bi kantu aukeratzea eta komentatzea, asteko albisteetan oinarritutako ohikoen ordez. Euskal gatazkaren mikrohistoria musikal bat zirriborratzea izan da eduki dudan ideia ziurrenik ergela. Programan oso ondo atera ez zaidanez (denbora gaizki kalkulatu dut), hona hemen esan nahi nuenaren transkripzioa.

Hertzainak, “Bakean utzi arte” (Hertzainak albuma, 1984).

Hasteko klasikoetatik tiratzea bururatu zait, ezinbestean. Hertzainak-en lehenengo diskotik, zer gutxiago. Disko hori fundazionala delako euskal musikaren historian, Zaramarenaren eta beste gutxiago batzuekin batera, euskal rock musikaren eguneratzearen ikurra, eta musikalki oso maila onekoa gainera: punk-rock-ska testuinguruan argitaratu zen lehenengo diskorik onena niretzat; euskaraz zegoen osorik gainera. Eta gainearen gainera, euskal periferiatik zetorren, ni bezalako giputxizentristentzat  lezioa izan zena: laster ohartu ahal izan nintzen bezala, Gasteiz, garai horretan, ikuspuntu kulturaletik, Donostia baino dezente interesgarriagoa, biziagoa zen (urte horren udazkenean joan nintzen bertara ikasketa unibertsitarioak hastera).

Diskoko kanta bat baino gehiago aukera nezakeen gaia ilustratzeko, eta badakit honen abiapuntua edo leit motiva Komando Autonomo Antikapitalisten bi kideen heriotza izan zena, bonba bat manipulatzen ari zirenean. Baina, kanta on guztiek bezala, abiapuntua traszenditzeko asmoa zuen, hortik haratago zihoana. Izan ere,  iruditzen zait garaiko giroa ondo islatzen duela: euskal gizartearen sektore batzuen, batez ere gazte askoren ezinegona, askatasun grina, gauzak alda zitekeen ez soilik itxaropena, bazik eta ziurtasuna, eta sakrifizioaren balio gorena, gupidagabe agertzen zen estatuaren aurrean. Estatua, frankismotik heredatutako makina hura zeinetan aldaketak gertatzen ari baitziren, bai (PSOEk hauteskundeak irabazi berri zituen), baina ikusten zen kosmetikoak, azalekoak zirela. Nonbaiten argi ikusten bazen Trantsizioa erdibidean geratu zela, ez zela erabateko Hausturarik egon aurreko erregimenarekin, Euskal Herrian zen:  GALaren afera pil-pilean zegoen une horietan (Lasa eta Zabalaren desagerpena hurbil zegoen denboran), eta urte hura, 1984, ere izan zen industria-birmoldaketaren abioarena, eta, laster, NATOren inguruko jarrera-aldaketa berehala etorriko zen… PSOEk ekar zezakeen aldaketan sinesten uzteko arrazoi dezente, alegia.

Dena dela, niretzat 1984 ere urte esanguratsua da, orobat, Enrique Casas senataria urte horretan hil zutelako, Komando Autonomoek hain zuzen ere. Eta horrek nahiko gertutik jo gintuen, Casasen semea gure kurtsoan zegoelako, institutuan, eta, oso hurbilekoak ez ginen arren, asko inpresionatu ninduelako. Estudianteen artean ohikoak ziren orduan Estatuaren kontrako, errepresioaren kontrako manifestazioak eta ekintzak, horixe baitzen giroa, esan bezala. Baina atentatu hark gauzak aldatu zituen, eta “beste aldetik” zetorren biolentziaren kontra gogoan dudan ikasleen lehenengo manifestazioa antolatu genuen institutuan. Egia da garai horretan Jarraik ere parte hartu zuela mobilizazio horretan, orduan ezker abertzale “ofizialari” gaizki iruditzen zitzaizkiolako, itxuraz behintzat, politikarien kontrako atentatuak, are PSOEkoen aurkakoak ere, nahiz eta gero, 90eko hamarkadan, “minaren sozializazioa” delakoa heldu zenean, halakoen justifikazioa ohikoa bihurtu inguru horretatik ere. Baina, hala eta guztiz ere, gertakari hura mugarri izan zen niretzat, urte batzuk geroago Yoyesen hilketa izan zen bezala.

Uste dut kantak gako batzuk ematen dituela ulertzeko zergatik ez zuen ETA militarrak utzi une hartan borroka armatua: frankismoostearen eta ez atzera ez aurrera geratutako Trantsizioaren esperantza faltsuen kontra gizartean nahiko zabalduta zegoen jarrera hori zuen oinarri, neurri batean eta besteak  beste. Batzuek, jadanik, eta geroz eta argiago, borroka armatu hori terrorismo bezala ikusten ari ginen arren.

Lendakaris Muertos, “ETA, deja alguna discoteca” (Se habla español albuma, 2006).

Eta, kutsu tragikoa duen kanta baten ostean, justu espektroaren kontrako aldera lerratzen den ganberrada bat, Lendakaris Muertos iruindarren punkaren revival eternoa. Eternoa diot, ze batzuetan ematen du, musikalki, 80ko hamarraldian bizitzen jarraitzen dugula, garaiko Rock Radikaletik ez garela mugitu (ez behintzat festetan, txoznetan eta zenbait tabernatan ibiltzen garenean…). Eta musika “berri” askok “urrezko” garai hartakoaren kutsua dutela, bestela: Lendakaris Muertosen punk-rock nahikoa ortodoxoak bezala alegia. Hori bai, gaztelaniaz, ildo horretako hemengo banda askok egiten duten bezala, ze gaur egun, D ereduaren zabalkuntzari esker, akaso, euskara, guk ikasten genuenean ez bezala, latin berria bihurtu da, hots, autoritatearen hizkuntza. Euskal Herrian punka gaztelaniaz egitea subertsiboa bihurtu duen zerbait, neurri batean behintzat.

Kantak baditu niretzat detaile oso interesgarriak, hasieran Chimo Bayoren “Así me gusta a mí (Esta si, esta no)” ereserki “bakaladero” nobenteroari egiten zaion erreferentzia bezalakoa. Eta beste bat edo bat zalantzagarriagoa iruditzen zaidana, “follar sin pagar” horrek islatzen duen matxirulismo kutsua bezalakoa (gizonek dirudite kantaren subjektu eta hartzaile, nagusiki behintzat…).

Kantaren testuingurua argia da: 2000ko hamarkadaren hasieran ETAk Euskal Herriko diskoteka batzuen kontra egin zituen bonba-atentatuak, hala nola Debako Txitxarro, Lakuntzako Universal edo Doneztebeko Bordatxoren kontra.

Baina, edonola ere, kanta hau aukeratu badut da iruditzen zaidalako, neurri batean (eta ahaztu gabe Lendakaris Muertosen kritika umoretsuen espektroa askoz ere zabalagoa dela, gure gizarteko alderdi asko jipoitzen saiatzen direlako beren kantekin), 2000ko hamarkadarako jadanik gure gizartean oso hedatuta zegoen ETArekiko nekearen adibide on bat dela. Ildo horretan bereziki aritu ez zen musika estilo batetik egindakoa, gainera, kontuaren karga ironikoa handitzen duen zerbait. Ze gauza bat da ETA kritikatzea, nik zer dakit, pop konbentzionalenetik, Mecanok “Otro muerto” kantan (neurri batean, eta pixka bat eliptikoki) egin zuen bezala (kanta oso txarra iruditzen zait, edozein modutan ere), eta beste bat, Lendakaris Muertosek bezala, eskuliburuzko punk doinu bat erabiliz.

Abestiak ere gizartearen (eta gaztediaren) eboluzioaz hitz egiten digu: Hertzainak-en kantan goraipatzen den militantismotik, hedonismora eta gozamenaren nagusigora (hori ere bazegoen 80ko hamarkadan, gaur egungoan militantismoa ere badagoen bezala; baina orduan ez zen “lehenengo lerroan” agertzen zen ezaugarri bat, ezta gutxiago ere). Alde horretatik oso bitxia da nola ildo musikal bertsuan kokatutako bi kantek horren “garaien izpiritu” ezberdinak isla ditzaketen.

Eta, azkenik, aukeratu dut, aipatu bezala, bere umorearen erabileragatik, garai horretan beste arlo batzuetan (literaturarenean, komikiarenean, telebistarenean…) zabaltzen ari zen trama bat, Gauza, Euskal Gatazka tratatzeko modu bat (ordura arte ez horren ohikoa) ekartzen didalako gogora. Eta halakoetan iruditzen zaidalako umorea, ironia erabiltzen hastea seinale delako (nolabait esateko) kontua gainbeheran dagoela. Umorearen agerpenak, halako kontu funtsean tragiko bati buruz ari garenean, adierazi dezakeelako beste trama guztiak (epikoa, dramatikoa, patetikoa, sentimentala…) agortuta daudela jada, edo agortze bidean. Eta, ziurrenik, amaierara zuzentzen ari zela, gatazkaren fase bortitzena eta krudelena bederen. Nik, behintzat, hala ikusten dut, atzera begira…

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s