Soufflé de fromage à la Durangaise

[Artikulu honen jatorrizko bertsioa Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2018ko urtarrilaren 6an].

OSAGAIAK: 20 Kg abertzaletasun-gurin; 200 Kg bete berritasun irin; 3500 kana mendiko arropa; 2000 Hl alkohol; 40 Kg euskal gazta, birrindua; 300 arrautza ziklotimiko + 100 gorringo; Bertsolari gatza; El Correo Taldeko piperbeltz zuri eho berria; Toti muskat intxaur ehoa.

Sufle guztietan da gomendiozkoa edukia baino itxura gehiago erabiltzea. Idiazabalekoa da errezeta honetan bideratuko dugun gazta, baina berdin balio izango du beste antzeko batek, bertakoa eta koipearen eta handikeriaren aldetik maila bertsukoa bada. Ossau-Irati aukera ere izan daiteke, edo Erronkarikoa, nahiz eta azken hauek sobera periferiko gerta daitezkeen gure helburu hegemonikoetarako.

Abertzaletasun-gurina urtuko dugu eltze giderdun batean; gurin horrek ahalik eta homologagarriena izan beharko luke, hala EAJren nola ezker abertzalearen dastarekin bat etor dadin, eta are soilik euskaltzale sentitzen den norbait ere zailtasun berezirik gabe irensteko moduan egon dadin. Bortizki erantsiko dugu ondoren liburu eta disko berritasunen irina –gainontzeko urtaroetarako ahalik eta gutxiena gordeta–, eta bizkor nahasiko ditugu bi gaiak koilara profesional batez –militantziazkoa ere erabil daiteke, baina ez da garai batean bezain usatua–. Nahastura apartzen hasi orduko –ez diogu aniztasun itxura gehiegi hartzen utzi behar–, pixkana-pixkana erantsiko ditugu mendiko arroparen azken denboraldietako moda-joerak –North Faceren eta Ternuaren nagusigoari eutsiz betiere– eta euskal erromeria alkoholdunaren osagaia –Kilometroak eta Korrika asmatu zirenetik ezinbestekoa–. Su gorrian edukiko dugu egosten. Sutatik atera eta bertsolari gatz pixka bat emango dugu, saltsa guztiekin ondo ezkontzen da eta.

Bereizi egingo ditugu SuperPotentzia Emozional Bat Gara gorringoak eta Gure Kultura Arrisku Larrian Dago zuringoak –400 gorringo eta 300 zuringo: kasu honetan mezu positiboa gailendu behar da–. Elur-puntua uzteraino joko ditugu, gupidarik gabe, zuringoak, “I Want To Believe” xuxurlatu bitartean, eta inguruan barra-barra eta natural-natural entzungo dugun gaztelania guztiari muzin eginez. Gorringoak erantsiko dizkiogu aurrez maneatu dugun bexamelari, eta arretaz nahasiko dugu, euskal gazta hegemonikoarekin batera; El Correo taldearen La Azoka markako piperbeltz zuri ehoa gehituko diogu –euskarazko kulturari gaztelaniazko komunikabideek urtean zehar eskaintzen dioten goren une ia bakarra–, eta baita Totiren Sinadura-Errenkada Amaiezinak motako muskat intxaur pittin bat ere. Kontu handiz, Transmisio espatula batez baliatuz, nahasiko ditugu zuringo harrotuak gazta-nahasturarekin, mugimendu erakargarri leunak eginez –erakargarriak, “euskal” osagarria daukan orori dagokion bezala–.

Ehun mila eta koska lagunentzako sufle-molde baten barruan isuriko dugu nahastura. Erresonantzia-labean sartuko dugu ondoren, 451ºF-ko tenperaturan.

Lauzpabost egunetan edukiko dugu suflea labean, tartean Konstituzioaren Eguna –gehienontzat ez dena festa izango, baizik eta lan- edo militantzia-eguna– eta Sortzez Garbiaren Eguna –sekula ez duguna zalantzan jarriko–. Haien ostean, berehala zerbitzatuko dugu, –ohi bezala– arrakastatsua izan dela aldarrikatuz, eta salmenta-datu konkretuei inolako aipurik egin gabe, eztarrirako trabagarririk ager ez dadin.

le souffle2

[Tradizioa ez den guztia plagioa denez, aitor dezadan sarrera honen inspirazio iturrietako bat, Durangoko Azoka denboran zuhurki  urrunaz gain, Sukaldean blogeko errezeta hau izan dela].

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s