Gvernica

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2017ko urriaren 7an].

Ia egunero pasatzen naiz aurretik, gure etxeko kalean bertan baitago. Garagardotegia luzea eta estua da, Gasteizko alde zaharreko taberna gehienak bezala. Baina bere bereizgarri nagusia izena, dekorazioa eta dekorazioaren gaia da: Gernikako bonbardaketa hain zuzen. Izan ere, euskal grafia tradizionalean –baina erdaraz– idatzitako izenaren azpian helizezko hegazkin trimotor baten silueta ageri da, Junkers Ju 52 batena izan daitekeena, edo, agian ziurrago –konkortxoagatik, eta lurreratze-trenaren faltagatik– Savoia-Marchetti SM.79 batena, Condor Legioaren erasoaldietan erabilitako gerra-abioiak biak ala biak. Itxita dagoenean, metalezko ateek, tabernarenak eta ondoan daukan biltegiarenak, Pablo Picassoren Guernica koadroaren irudietako batzuk aurkezten dituzte, edo, hobeto esanda, horien gaineko pastixeak, zuri-beltzeko –eta gorriko– Picassoren pseudopertsonaiek, eskuan argiontziari edo ezpata apurtuari beharrean, garagardo pitxer apartsu bati eusten diotelako, kolore hori biziz pintatuta dagoena, noski.

Ez naiz ausartu bertara sartzen duela gutxira arte. Aitor dut norbaiten iruzkinaren zain egon naizela denbora honetan guztian zehar; prentsa-zutabe edo artikulu eskandalizatuaren bat irakurtzeko itxaropena neukala taberna ireki zutenetik. Baina ez da hala gertatu, edo, behintzat, ez da nigana heldu halakorik, esanguratsua iruditzen zaidana.

Azkenean, adiskide batek adoretuta –eta berak lagunduta–, sartu egin naiz. Barruko dekorazioak nire uste ustelenak gainditu ditu: bonbardaketaren ondorio suntsitzaileen argazki handiak, hormetako bat osoki hartzen dutenak, zorutik sabairaino; parean, nazioarteko eta bertako garagardoez ondo hornitutako barra bat, zeinetan, zer esanik ez, alemaniar jatorrikoak ez baitira eskas. Komunetan, gizonezkoen atea –suposatzen dut– Picassoren margoko zezenak seinalatzen du; emakumezkoena, hildako umea besoetan daraman amaren buruaren irudiak.

Memoriaren banalizatzea hain iruditzen zait nabarmena ezen ez baitakit zer egin, zer esan. Taberna batean gaudenez, eta komuna erabili dugunez, garagardo bi eskatzen ditugu: ergelak gara, kontsumitzaile/bezero sena larruan daramagu itsatsita. Ni prest nago nire eragozpen guztien zerrenda ateratzeko, baina tabernari gazteak euskaraz zerbitzatu gaitu, eta horrek guztiz desarmatu nau: aurreiritziak zer diren, gaztelaniadun bat espero nuen.

(Andolin Eguzkitza zenaz gogoratu naiz une batez: nola defendatzen zuen, serio defendatu ere, euskaldun guztiak, euskaldun izate hutsagatik, hots, euskaradun, jatorrak zirela, ginela; ezin zirela, ginela, benetan eta funtsean, gaiztoak izan. Nik aurre egiten nion, sekula konbentzitzera iritsi ez nintzen arren. Eta arrazoi nuela pentsatzen jarraitzen dut, euskalduntasunak ez duela zer ikusirik norberaren jite moralarekin. Baina, hala ere, ez diot ezer esan tabernariari, azkenean).

Zertarako hasi azaltzen, Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak liburuko “Ikatza bezain beltz” ipuina gogoan, bonbaketariei lagundu zieten ehiza-hegazkinek hemendik atera zirela, Salburuako airedromotik, gauden lekutik horren hurbil? Ziur nago tabernan eratutako eszenatoki hau omenaldi bat dela barmanarentzat, negozio bat bezainbeste.

Eta pentsatu dut zer izango litzatekeen, nik zer dakit, Leipzigen Dresden izeneko garagardotegi bat egongo balitz, hango bonbardaketa terrorista izango lukeena gai gisa, edo Osakan Hiroshima deituriko bat. Ez zait sinesgarria iruditzen, baina ezin da guztiz baztertu: turbokapitalismoan edozer bilaka daiteke mozkin-iturburu.

Denbora kontua besterik ote? Gure hirian bertan badago Trafalgar izeneko taberna ere. Ez dakit itsas bataila odoltsu hartako hildakoek edo elbarrituek zer pentsatuko zuketen horko egungo verdejo kopen eta urdaiazpikozko kroketen atzera-aurrera alaiaren berri izango balute. Ziurrenik ez du jada axola handirik, garai hartako fantasmak aspaldi daudelako iraungita, gure baitan behintzat.

Agian, David Rieffek Ahanzturaren gorazarrea bezalako lanetan defendatzen duen bezala, ez genuke oroimena hainbeste sagaratu behar. Baina Gernikako bonbardaketa biergartenaren eta parke tematikoaren arteko nahasketatxo bihurtzea ere, ez dakit. Niretzat, behintzat, goizegi da.

Garagardoa, onartu beharra dago, gozoa dagoen arren. Baita garestia ere, kontua ekartzen digutenean konturatu garen bezala. Artesanala omen, bertokoa…

gvernica1

gvernica 2

Advertisements

One thought on “Gvernica

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s