(Euskal) Liburuen aurkezpenerako hamalau aholku

[Paskin honen bertsioak (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) nire liburuaren aurkezpen batzuetan erabili izan ditut azken aldi honetan, bonus track gisa-edo. Paper oso bereziko kaieretan inprimatzen nituen, ekitaldien amaieran banatzeko].

Liburuen aurkezpena ekintza publiko erlatiboki modernoa da: garai batean (euskal munduan 1990eko hamarraldira arte, oro har) liburuak salmentan jartzen ziren, besterik gabe, eta ez zegoen prentsa edo jende aurreko aurkezpen ofizialik; (gaur egungoa baino gogorragoa izan ohi zen) kritikaren edota ahoz ahokoaren bitartez lortzen zuten oihartzuna, eta ia ez zegoen liburuaren inguruko bestelako publizitate-jarduerarik. Aurkezpenen (edota aurkezpenezko prentsaurrekoen) generoaren gaztetasun horrek, dena dela, ez gaitu gutxiestera eraman behar: liburuen aurkezpenak egitea Arte bat da, orobat (gastronomia arte bihurtu badute, edozer izan daiteke, azken batean). Hona hemen zenbait aholku zure liburua modu eraginkorrean eta (literarioki zein komertzialki) arrakastaz aurkez dezazun.

1.- Aukeratu ondo eguna, batez ere liburua udazkenean argitaratzeko ideia malapartatua bururatzen bazaizu (edo beste erremediorik ez baduzu, noski): Durangaurrea mortala izan ohi da (euskal literatur urtea bitan banatzen da, ondo jakina den bezala: Durangaurrea, eta Durangostea). Izan ere, zenbat eta gehiago hurbildu abendura, orduan eta aukera gehiago zure aurkezpenak Kirmen Uriberen edo Toti Martinez de Lezearen azken lanarenarekin bat egiteko, espazioan eta denboran, eta, okerragoa dena, komunikabideetan… zeinetan ondo baino hobeto baitakizu zeini emango zaion lehentasuna…

2.- Ez egin prentsaurrekorik Donostiatik kanpo. Gogora ezazu euskal kulturaren erdigunea Donostia, Zarautz eta Andoain artean kokatuko litzatekeen Bermudetako Hirukian dagoela, eta hortik at zure liburuak apenas lortuko lukeela oihartzunik: Euskal Herrian, Atlantiko Ozeanoan ez bezala, Hirukitik kanpo geratzen dena da desagertu ohi dena…

3.- Ez izan beldurrik astuna gertatzeko. Lagunak abisatu eskura dauzkazun modu guztietan (zuzenean, telefonoz, e-mailez, waxapaz, tam-tamez, txalapartaz). Eman matraka sare sozialetan (horretarako daude). Urdaiazpikoak bidali kazetariei (Gijuelokoak, ahal dela). Zabal daitezkeen irudietan ekitaldian jendetza egon den inpresioa eman behar du, edonola ere (Photoshopa, edota angeluak ondo kudeatzen dakien adiskide argazkilari hori, alternatiba egokiak izan daitezke).

4.- Ez larritu zure editoreak mahaian agertuko duen entusiasmo falta orokorragatik: sakon sakonean, eta islatzen saiatuko ez den arren, pozez zoratzen dago zure maisulanarekin. Euskal editoreak horrelakoak dira, oso euskaldunak; ez dago bueltarik, baldintza hori jartzen omen diete editore bihurtzeko. Kontsola zaitez  pentsatuz bere aurkezpena oso laburra izan ohi dela. Eta gogoratu editoreak baduela paper are inportanteago bat aurkezpen ekitaldietan, zeinaz geroxeago arituko baikara.

5.- Aukeratu ondo zure aurkezlea. Idazlea, kritikaria, kazetaria, aktorea, bertsolaria edo futbolaria dela, ez dadila editorea bezain euskalduna izan, eta, batez ere, zu baino garrantzi handiagoko pertsonaia publikoa izan dadila (tira, badakigu: ez dago zu baino garrantzi handiagoko inor, berez; esan nahi dena zera da, boladan zu baino sartuago dagoen norbaitengana jotzeko…). Ziurtatu, hori bai, ez dizula aurkezpena boikoteatuko: utzi egiozu argi aurkezpena egiteak zure lana defendatzea, laudatzea, goratzea inplikatzen duela. Badaezpada.

6.- Berdin dio aurkezlea zein luze arituko den: berak baino gehiago hitz egin behar duzu zuk. Ez egin kasu aurkezleen lana egilearen soberako interbentzioak arindu eta autolaudorioak mugatzean datzala dioten zurrumurruei: tontakeriak. Ez izan beldurrik errepikapenei: pedagogo modernoek aldarrikatzen dutena aldarrikatzen dutela, ideia bat behin eta berriro matxakatzea da hura burmuinetan ereiteko biderik eraginkorrena.

7.- Inportanteena zure mezua argi geratzea baita, are spoilerrak egin behar badituzu ere: kontuan hartu liburuaren aurkezpen bat ez dela soilik edo nagusiki “hemen dago liburua” esateko modua, baizik eta liburuaren irakurketaren lehenengo urratsa. Idazle (pos)modernoak, idatzi ez ezik, liburua nola irakurri behar den inposatu behar du, hasieratik bertatik, kaleratzen den unetik. Kontuan hartu jende gehienak ez duela irakurtzen, eta aurkezpenean esango dituzunak (eta ondoren emango dituzun elkarrizketak etab.) izango direla zure lanari buruz publikoak jakingo duena, eta, ondorioz, haien eta (liburua agian irakurriko duten) kritikarien iritzia gidatzera behartuta zaudela.

8.- Ez ahaztu “Liburu hau idaztean asko ikasi dut”, “Nire obrarik osoena da”, “Lan izugarria eman dit erredakzio / dokumentazio / inspirazio prozesuak”, “Idazketa prozesuan zehar irakurlea lagun izan dut hasieratik” edo gisako esaldi asertiboak erabiltzeaz: zure buruarengan duzun konfiantza mugagabea irakurleengana iristeko aukerak biderkatzen dira modu horretan. Azken batean, Benito Taibo poetak dioen bezala, liburu guztiak dira autolaguntzazkoak (salbu eta izenburuan “autolaguntza” hitza daramatenak, noski), eta, zentzu horretan, aurkezpenak autolaguntzen autolaguntza besterik ez lirateke….

9.- Ekitaldia hasi aurretik, ezkutuan, kartulinazko txarteletan eta maiuskulaz argi idatzita, banatu galdera batzuk publikoaren artean (errazagoa suertatuko zaizun zerbait, baldin eta 3. puntuan aholkatutakoari jarraituz arrakasta izan duzun adiskideak erakartzen edo/eta urdaiazpikoak banatzen). Zer esanik ez, galderen txanda iristean egin beharko dituzte, ahalik eta naturaltasun handiarekin. Hasteko, erantzun egiezu “Pozten nau galdera hori egin izanak” edo antzeko espresio bat erabiliz.

10.- Ez larritu aurkezpenean zehar zure bizitza pertsonalaren inguruko xehetasunen batek ihes egiten badizu (zure katutxoaren ajeez, idazle profesional izatearen atsekabe kontaezinez, presondegian pasatutako denboraz, zure psikologo lacandarraren etzalekuaren erosotasunaz, Isabel Preyslerrekiko zure harremanaz, euskal publikoak zure liburuak ez erosteko temarekin jarraitzen badu betirako erretiratzeko mehatxuaz…). Are gehiago, presta ezazu aldez aurretik, eta bota ezazu eskapatu izango balitzaizu bezala. Bakarrarekin nahikoa izaten da: bonbatxo informatiboak ondo dosifikatu behar dira.

11.- Ekitaldia amaitzean, kazetariei pasatu zure interbentzioaren testua, egoki fotokopiatuta: ez da ezer utzi behar zoriaren esku. Bizkor ibili, kazetariak herioak hartuta atera ohi dira eta hurrengo aurkezpenera edo kultur ekitaldira edo inauguraziora garaiz iristeko asmoz.

12.- Gonbidatu itzazu gelditzen direnak aurkezpen ondoko lehen potera (nahiz eta edariak eta pintxoak ordaindu, benetan, editoreak egingo duen: horixe izango litzateke bere aurkezpenerako rol nagusia, 4. puntuan aurreratzen genuen bezala) (izan ere, garai batean, zin degizuet, bazkaltzera eta guzti gonbidatu ohi zuten editoreek: o tempora, o mores).

13.- Haserretu zaitez, eta are publikoki protestatu, zure liburuaren aurkezpenaren berria egunkarien azalean argitaratzen ez bada, edo, gutxienez, kultur orrialdeetako baten eskuineko aldean. Salbu eta zure aurkezpena Kirmen Uriberen edo Toti Martinez de Lezearen baten egun berean egiteko zoritxarra izan baduzu, noski.

14.- Inoiz galdetzen badizute, ukatu komunikabideetan zure aurkezpenekoak izango balira bezala agertzen diren adierazpenak zuk egin dituzunik: egotzi egizkiozu aurkezleari (ikus  5. aholkua), edo kazetari kaxkarren lan eskasari, are, 11. itemean gomendatu bezala, zure hitzak fotokopiatuta eman badizkiozu, edo horrexegatik hain zuzen ere.

Izan ere, testu hau, badaezpada, hamar segundo barru autosuntsituko da. Hamar, bederatzi, zortzi, zazpi…

shakespeare microphones bilaketarekin bat datozen irudiak

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s