[Iritzi-testu honen ahozko bertsioa Hala Bedi irratiko Araba Hizpide saioan irakurri nuen 2017ko urtarrilaren 10ean].
Joan den igandean Berria egunkariak Bernardo Atxaga idazleari egindako elkarrizketa luze eta mamitsu bat eskaintzen zigun, Gorka Erostarbe kazetariaren eskutik. Euskal kulturaren egungo bidegurutzeari buruzko ideia zorrotzak botatzen ditu (adibidez, itzulpengintzaren zentraltasunari dagokionean), eta eztabaidarako perla ederrak hezkuntzaren paperaren inguruan (subjektu politikoa sortzeko eduki beharko lukeen gaitasunaz, esate baterako); argi dago gogo pizgarria suertatu dela, eragin dituen tuit-kopurua kontuan hartzen badugu, edota Lander Garroren iritzi-artikulu orobat interesgarria, Erlea auziari buruzkoa. Baina badago puntu bat zeinetan Atxagak esandakoek bereziki egiten didate kirrinka, kritikaren inguruan ari denean. Gurean behin baino gehiagotan errepikatu den ideiaz mintzatzen da, kritikaren ezintasunarenaz: “halako tamaina txikiarekin, halako perimetro urriarekin, ezinezkoa da kritika. Ezinezkoa da ideien kontrastea, ezinezkoa da egiaren esatea ere. Hori da gure arazo nagusia”. Eta zehazten du ez dela ari bereziki literatur kritikaz (“ez naiz batere ari literaturari buruzko bigarren mailako diskurtsoez. Batere ez zait inporta hori. Hori gure gizartean oso fenomeno marjinala da”), baizik eta hizkuntza eta kultur politika mailakoaz, zeinari buruz adibide lauso batzuk ematen baititu.
Kontua da, elkarrizketak aurrera egin ahala, haren ibilbide literarioak jasotako kritiken inguruan galdetzen diola Berriako kazetariak: nola, alor akademikoaren eremu batzuetatik, kanpora begira aritu izana leporatu zaion. Eta hor Atxagak, agian nahi gabe, baieztatzen du aurretik esandakoa, gure txikitasunak ezinezkoa egiten duela kritika. Eta, aldi berean, ukatzen du ez zaionik batere axola, gorago aipatu bezala, zeren eta egiten duen operazioa da kritika horiei balio guztia kentzea: “Egin dizkidaten kritika horiek kalumniaren kategorian kokatzen ditut”. Kalumniarenean, alajaina. Ba niri hitz hori, zer nahi duzue esatea, potoloegia iruditzen zait. Euskal munduan ohikoa den bezala, izen-abizenak ez dira esplizitatzen, baina ez da zaila ondorioztatzea Ur Apalategi edo Joseba Gabilondoren ikerketez ari zirela, edo hori uste dut nik behintzat; oinarri bibliografiko eta teoriko ugari izan ohi duten lanak, bide batez esanda. Kritika batzuk zeinekin ados egon zaitezkeen ala ez (ni, adibidez, Gabilondorenek ez naute sobera konbentzitzen), baina “kalumniatzat” jotzea gogorregi iruditzen baitzaizkit, oro har…
Hots, euskal idazlerik ezagunenak, saltzaileenak eta nazioartekoenak berak, literatur hierarkian goi-goian dagoenak eta, beraz, ikuspuntu guztietatik egoera sendoena duenak ez badu kritikarik onartzen batere, eztabaidarako edozein bide mozten badu horren gogor, zer itxaropen egon daiteke, gurea bezalako mundu estuan, benetako kritika izan dezagun?
Ba ez asko, ziurrenik. Ez literaturaren alor marjinalean (horretan, izaera marjinalaren kontuan, bat nator Atxagarekin), ezta, imajinatzen dut, bestelakoetan ere.
Bazdaezpada ere, ados.
Arazoa ez da txikitasunaren menpeko ezintazun donge hori, txikitasuneko aktore urri eta multifuntzionalen anabasa pozoindua baino. Idazlea editore da, editorea kritiko, kritikoa kazetari, kazetaria filosofo, filosofoa bertsolari, bertsolaria katedratiko, katedratikoa gobernuko aholkulari, aholkularia epaimahaikide… eta aldi berean filologo, poeta, ijinadore, nitasunaren feminista, euskaltzale, blogari, grafomano, akademiako… eta gehienok – orotara lau – zerga urriagoen emarien zain dagoen eskale posmoderno, inplosioz ezereztu den ezinezko euskal lebensraum bateko depresio endogamiko mehar batek jotako aitoren seme. Hala bedi !