Zaborra desagerrarazteko makina

[Joan den igandean, irailak 4an, GuraSOSek antolatutako Abuztock jaialdian parte hartu nuen , Gipuzkoako errauskailuarren inguruko eztabaida eta erabakia gizarte osora zabal dadin. Horretarako ipuin bat idatzi nuen, gaur hemen argitaratzen dudan hau, nahiz eta jaialdian irakurri nuena bertsio pixka bat laburragoa izan zen. Ipuinak, bururatzen zait, “Oparia” izenburua ere izan zezakeen].

Eztabaida askoren ostean, eta proposatuko bide guztiak aztertu eta, hurrenez hurren, baztertu eta gero, konponbidea gutxien espero zen lekutik iritsi zen, Euskal Herriko Unibertsitatetik, hain zuzen ere: zehazki, bere Fisika Aplikatua III sailetik. Han, aspalditik, eta fisiko teoriko gehienek horrezkero abandonatutako korden teoriari jarraiki, denboraren makina baten miniaturazko eredu bat garatzen ari ziren, ekitaldi bakoitzean hainbeste energia kontsumitzen zuena ezen ikerketa bide hori birtualki itxitzat jotzen baitzen –soilik egoera zonbi batean eusteko gutxieneko diru-laguntzak jasoz, alegia–. Gainera, makina, gehienez, solido bizigabeak garraiatzeko gai izango zenez –lanpernekin, saguekin eta artzain-zakurrekin egindako saiakera guztiak porrot odoltsu bilakatu ziren–, komunitate zientifikoaren proiektuarekiko interesa nahiko ahula zen. Baina gure zaborren pilaketa demasekoaren arazoari soluziobide bat eman ziezaiokeela zabaldu zenean, proiektura barra-barra hasi zen bideratzen dirua, hala publikoa nola pribatua, eta, ordura arteko ikerketa-erritmoarekin konparatuta, bizkor eman ziren aurrerapausoak.

      Ideia sinplea zen, printzipioz: zaborra berrehun urte aurrera igortzea, etorkizunera. Hasieran eztabaidak egon ziren ea iraganera edo etorkizunera bidali behar zen, baina azkenean bigarren aukera hobetsi zen, logikoena adituen ustez, etorkizuneko gure erkideek, guk baino garapen maila handiagoa izango zutenez, arazoari behin betiko konponbidea emanda izango ziotelakoan. Idealena, zer esanik ez, zaborra sortu ahala etorkizunera igortzea zatekeen, baina aipatu oztopo energetikoa arazo zen: denboraren makinak, edozein eskalatan eraikita ere, energia kontsumo itzela egin behar  zuen. Beraz, hobe zen –saileko ingeniariek ondo azaldu zuten bezala– denboraren makina ahalik eta zabalena eraikitzea, eta zabor kopuru handiak bidaltzea aldi berean, urtebetean zehar pilatutakoa  adibidez.

       Proiektua bizkor jarri zen martxan. Lehenik eta behin, denboraren makina erraldoiak behar zuen energia ekoizteko, eta erreferendum bat egin ostean, Lemoizko zentrala amaitu zen, eta Deban beste erreaktore nuklear bat eraiki zen, Lemoizko txikiegiaren osagarri.

      Lan guztiak bukatutzat jo zirenean iritsi zen urtebetean pilatutako hondakin guztiak etorkizunera bidaltzeko unea. Agintariak eta herritarrak hotsandiko ospakizunen artean bildu ziren bailara txiki oso bat okupatzen zuen makinaren aurrean, eta, ordua iritsi zenean, Lehendakariak zabor hura guztia desagerraraziko zuen botoia sakatu zuen. Makinak milioika terawatt xurgatu zituen istant batean, eta metatutako material guztiak ñirñir txiki bat egin zuen, neurgailuek erregistratuta utzi zuten dar-dar kuantiko bat. Baina ez zen ezer gehiago gertatu. Hasieran behintzat. Zabor guztiak han jarraitzen zuen. Guztiak? Ez, gehiago zegoela ematen zuen. Halako batean, makinaren edukiontzi garaia gainezka egiten hasi zen, zabor meta gero eta handiagoen agerpenaren ondorioz. Jaurlaritzak antolatutako jaialdira hurbildutako jendeak, izututa, ihesari eman zion; hildakoen eta zaurituen kopuru zehatza ez zen sekula jakin. Zaborrak inguruko lurrak inbaditu zituen, laba jarioa izango balitz legez: probintziaren laurdena hondamen eremu izendatu behar izan zuen Herrizaingo Sailak.

      Hondakin berri horien guztien analisiak garaikidetzat nekez jo zitekeen material ezezagun asko azaleratu zuen. Adituen ondorioa argia izan zen: gure lehengusu urrun horiek, etorkizuneko gure erkideek, denboraren makina ziurrenik aurreratuago baten jabe, zaborra bidali ziguten bueltan jaso zuten bezain laster, eta, harekin batera, baita auskalo zenbat hamarraldietan zehar metatutakoa ere.

     Datorren urratsa zein izango den eztabaidatzen ari dira gure agintariak, zenbait batzorde tekniko bildu eta lanean jarrita. Bitartean, badaezpada, denboraren makina handiago bat muntatzen hasi dira, eta gure bi zentral nuklearrek indar betean jarraitzen dute argindarra ekoizten eta pilatzen, beharrezkoa izan daitekeen momenturako; are hirugarren bat eraikitzen hasi dira Donibane Lohitzune ondoan. Hura ere badaezpada.

Index

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s