Omenaldia

[Duela gutxi ekitaldi batera gonbidatu ninduten, eta, zalantza eta lotsa askorekin, bizpahiru testu prestatu nituen han irakurtzeko, tartean orain hemen aurkezten dudan mikroipuin hau. Azkenean ez nuen “Omenaldia” irakurri, gehiegi ez luzatzeko eta jendeari alamena (alamen gehiago) ez emateko. Baina testu hura erreskatatzea aitzakia ona iruditzen zait blog hau martxan berripintzen hasteko, pixkanaka sikiera…]

Omenaldia

Behin batean Angel Errok esan zidan “Euskal Herrian omenaldi bat egiten badizute, hilda edo, gehienez, hil-hurren zauden seinale”. Ni, txikitatik daukadan gorreria hondar bat kenduta, indar betean sentitzen naiz, beraz, hilda baino ezin naizela egon ondorioztatu dut. Alabaina, irratiko esatariak argi esan du: gaur egingo didate omenaldia, plazan, 12:30etan.

Goiz da oraindik, baina ez nuke huts egin nahi: beraz, kontu handiz agondu, estalkia zulatu –zorionez, egurra usteldu samar zegoen: sendiak ez zuen, antza denez, kalitate handieneko zerraldoa aukeratu–, eta bi metro gora egin dut lur hezean zehar, buztin-mokorren artean kanposantuan azaleratu arte; nire hilobiaren ondoan loreak atontzen zebilen emakume zaharrak oihuka egin du alde, izututa, berarekin zeukan transistorea lorontzien ondoan abandonatuz, piztuta oraindik –hortik iritsiko zitzaidan, ziurrenik, altxarazi nauen albistea–.

Mantso noa, oso mantso eta kontu handiz, bidean zehar soin adarrik ez galtzeko: plazarainokoak, hogei minutu eskasetan egingo nukeena bizirik banengo, bi ordu hartu dizkit. Kanposantuko atsoak bezala, oinezko bat baino gehiago ihesi joan da nirekin gurutzatzean, baina ez dakit nire itxurak, ala daridan ustel usain arinak eraginda izan den.

Azkenean iritsi naiz plazan muntatu duten karpara, baina omenaldia hasita zegoen jada. Eta hantxe ikusi dut, lehenengo diskurtsoa irakurtzen ari den antolatzailearen ondoan, Angel Erro, ondo merezitako omenaldia jasotzen. Nire belarri madarikatuek atzera egin didate jokaldi makurra, eta gaizki ulertu bide dut irratiko esatariak esan duen izena.

Une batez zalantza egin dut karpara sartu ala ez, baina azkenean erabaki dut ezetz, ez diodala loria-unea zapuztu nahi Angeli, omenaldian daudenak ihesean ipiniz harrapaka. Ondorioz, buelta eman dut hilerrira itzultzeko, baina mugimendu bat-batekoegia egin dut antza, eskuineko hanka belaunaren aldetik  kraskatu eta hantxe utzi dudalako, plazako harrien gainean, txingoka urrundu bitartean.

Advertisements

One thought on “Omenaldia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s