Ez da arazo. Ez zera.

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2016ko urtarrilaren 23an].

Inoiz esan dut euskal idazleak hartu behar duen lehenengo erabakia, bere literatur ibilbideari ekitean, hizkuntzarena dela –idazle hori elebiduna bada, bistan da–. Eta  horrek arazo eta dilema batzuk dakarzkiola, handiagoak edo txikiagoak, baina ez inola ere gutxiesteko modukoak. Eta inoiz erantzun didate, horren harira, pesimistegia naizela, hori ez dela jadanik kontu larria, askatasunez joka dezakeela gaur egun euskal idazleak. Eta ia ni konbentzitzea lortzen duten bakoitzean zer edo zer gertatzen da, eta hasierako ideiara itzuli beharrean aurkitzen naiz.

Azkenekoa Nora Arbelbide kazetariak Itxaro Bordari egindako elkarrizketa izan da (“Euskal munduak euskaraz guti irakurtzen du”, Berria 2015-XII-30). Bordak Amaia Ezpeldoi detektibe lesbianaren saileko nobela berria kaleratu du, Ultimes déchets izenburupean (Maiatz, 2015), oraingoan zabortegien eta hondakinen inguruko problematika ardatz hartuta, gai bat, euskal gizartean ez ezik, euskal literaturan ere presentzia handiagoa izatera deitua –gogoan har ditzagun, besterik ez bada, Uxue Apaolazak eta Gorka Bereziartuak lau eskutara sinatu zuten ipuin jostari hura, “Zaborra” (2010), edo Fermin Etxegoienen Zinegotzia nobelan (2013) atez atekoari egiten zitzaizkion erreferentziak…–.

Bada, Arbelbideren artikuluak horretaz eta ezer gutxi gehiagoz egiten du jakitun Berriaren irakurlea, edukiaz informazio poxi hori emanda gainontzeko galdera guztiak –orrialde osokoa da elkarrizketa– Bordaren hizkuntz hautuaren ingurukoak baitira: egileak edizio elebiduna kaleratzeko atrebentzia izan du (euskara-frantsesa), eta, are sakrilegio handiagoa, izenburua frantsesez ipintzeko, “Azken hondarrak” edo “Hondarren hondarrak” jatorragoak erabili ordez. Hogeita bost galdera hizkuntzaren auziaren inguruan, eta bakarra nobelaren edukiarekin –hots, alde zehazki literarioarekin– lotuta. Zenbakitan ipiniko dut, hobeto ikusten baita: 25-1. Ezta Espainiako selekzioak ere Maltakoari.

Eta gero galdeketaren tonuarena dago, gutxienez zorroztzat hartu beharko litzatekeena, eta une batzuetan ia inkisitoriala bihurtzen dena: alde horretatik mirestekoa iruditzen zait idazleak, ia bukaera arte, erakusten duen egonarria. Zorroztasuna ez zait, berez, gaizki iruditzen kazetariengan, baina onartu behar da ez gaudela ohituta, kulturgileak eztitan hartzeko joera nagusia baita gurean –ez dakit zergatik, baina irudipena daukat kostatuko zaigula irakurtzea, nik zer dakit, Harkaitz Canori edo Andres Urrutiari egindako molde horretako elkarrizketarik…–. Edonola ere, amaierarako Borda bere burua ia justifikatzera behartzen du, euskaraz idazten jarraituko duela agintzera… orain arte burutu duenarekin euskal letrengatik aski egin izan ez balu bezala… Ba, zer nahi duzue esatea, hemendik aurrerako bere lan guztiak frantsesez idatziko balitu ere, edo errumanieraz, edo klingoneraz, bere ekarpenak ezinbestekoa izaten jarraituko luke gure literaturarentzako.

Ez naiz defendatzen ari hizkuntzari buruz hitz egin behar ez denik, liburuen inguruko elkarrizketetan, ezta gutxiago ere: hizkuntza literaturaren osagarri funtsezkoa da. Eta gai interesgarria da euskaraz idatzitako liburu bat edizio elebidunean, aldi bereko bi liburutan, ala lehenengo euskaraz eta gero erdarazko bertsioa argitaratu behar den –eta, kasu horretan, bien arteko zenbateko tartearekin (duela gutxi suertatu nintzen  Jordi Nopca ipuingile katalanarekin horretaz hitz egiten hain zuzen ere: berak, esaterako, ez zion batere arazorik ikusten bere liburua katalanez eta espainolez aldi berean kaleratzeari…)–. Eta autoitzulpenaren auzia, zer esanik ez: gure sistema literario(ar)en egoera diglosikoaren parte ezinbesterenduzko dira, eta, beraz, interesatzen zaizkigu.

Baina gaiok elkarrizketa osoa hartzea, nobelaren inguruko gainontzeko alderdiak ahaztuta, ez dakit gure gaixotasunaren sintoma den, ala eragile. Sintoma, euskaldun bakoitzaren barruan filologo txiki tirano bat daukagula frogatuko lukeelako azkenik, hizkuntza kontuetan interesa baino ez duena –sare sozialetan eta interneten arrakasta handiena gai filologikoek eta soziolinguistikoek izan ohi dute, euskaradunon web-erkidego txikiaren baitan–. Ala eragile, tema hori izan daitekeelako hain zuzen euskaldun batzuk –hots, elebidun batzuk– euskal kultur produktuetatik urruntzen duen arazoetako bat –Itxaro Bordak berak aipatzen du elkarrizketan zein nekeza den euskarazko “obra bat bere 50 erosleetarik harago” zabaltzea…–. Ez bakarra, zalantzarik gabe, eta ez potoloena, ziurrenik. Baina arazo.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s