Entzun ezazu ‘Heroes’

Ustekabe handiegia izan da: diskoa atera berria zuen, Blackstar, 2013ko The Next Day nabarmen haren osteko segida –ia hamarraldi oso bateko huts diskografikoa apurtzen zuena–, eta indar betean zetorren gainera, azkeneko edo are azkenaurreko azalberritzea antzezteko gogoz balego bezala. Lemmyren heriotzaren antzera, David Bowierena gure hilkortasuna berrestera dator, baina kontrako arrazoiengatik: Motörheadeko buruaren ustezko hilezkortasuna ideia bakar batekiko fideltasunaren bermean oinarritzen bazen, Bowierenak aldaketa etengabean baitzuen oinarri.

Swinging Londoneko mod eta psikodelia doinuetatik, Space Oddityko aire folkie eta progresiboetara; Ziggy Stardusten glam eta zientzia-fikzio gailurretik, 1970. hamarraldi erdialdeko soul eta funk estilo ariketa mamitsuetara; afterpunkaren ateak irekiko zituen Berlingo etapatik –Low, Heroes eta Lodger trilogiarekin–, new wavearen erresakan ere nor zela frogatzeko bere ahaleginera –orduan sinatu zituen, akaso, bere lanik pattalenak–; Tin Machine taldearen garaiko soinu gogorretatik –oro har gutxietsiak, baina niri dezente gustatu zitzaizkidanak–, 90etako berreskurapen ahalegin duinetara; aipatu isiltasun erlatibotik, azkeneko bi diskoen berpizkunde harrigarrira. Eta, tartean, presentzia eszeniko indartsua, autopublizitaterako sen warholdarra, aldaketa estetikoak gauzatzeko –eta inposatzeko– abilezia eztabaidaezina: Xabier Montoiak ituan jo zuen bete-betean historia, berarentzat, “David Bowiek ilea moztu zuen / egunean” hasi zela aldarrikatu zuenean.

Eta horrekin guztiarekin batera –bere ahots aberats bezain ezagungarria eta bere edertasun fisikoa ahaztu gabe, noski–, gizon izateko beste modu bat egon zitekeela erakusteko gaitasuna, maskulinitate eredu alternatibo baten gorpuztea, homosexualitatearen eta bisexualitatearen azaleratzea –egon bazegoena, baina (pop) artistek ezkutatu egin ohi zutena ordura arte–. Eta, ados, ez zen Bowie bakarrik izan, hor egon ziren Stonewall, queer iraultza, glam eta disco musika guztia, eta abar. Baina Bowie ikur bat bilakatu zen, inspirazio iturri bat, eta ez bakarrik gizonontzat: Caitlin Moran idazleak, emakumeak feminismotik adoretzeko, Bowieren ausardia hura goraipatzearekin batera, zera aholkatzen zuen, besteak beste: “Zalantza eginez gero, entzun ezazu David Bowieren ‘Heroes’. Beti jakingo duzu ondoren zer egin”.

Horixe egitera noa ni orain.

bowie lps

[Artikulu labur hau Berria egunkariko Kultura sailaren eskaerari erantunez idatzi nuen, eta joan den asteko asteartean argitaratu zen, David Bowie musikari britainiarraren heriotzaren inguruko beste batzuekin batera. Bertsio honetako desberdintasun bakarra estekak dira].

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s