Dikotomia

[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2015eko abenduaren 28an].

Ikusi nuen, azkenik, Amama (Asier Altuna, 2015). Oso ondo filmatuta dago, eszena ederrak dauzka, eta soinu banda iradokitzailea, nahiz eta une batzuetan estetizismoak partida irabazten dion pelikulari –metafora gehiegi, aukeran– eta, agian, kontatu nahi duenerako, metraje pixka bat soberan izan.

Gero dago gaiaren kontua. Nire inguruko lagun batzuei Amama obra euskaldunagoa iruditu zitzaien –esaterako– Loreak baino (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2014); izan ere, eztabaida horretan –je m’accuse– Loreaken alde agertu nintzen. Amamaren bandora ni erakartzeko erabili zuten beste argudio bat baserriaren munduarekin filma zein kritikoa den azpimarratzea izan zen, baina ez ninduten guztiz konbentzitu: egia da Tomas –Kandido Urangak ederki gorpuzten duen aita, buruan lana eta sustraiak baino ez dituena– ikuspuntu nahiko zorrotz batetik aurkezten zaigula, baina susmoa dut hor ere badagoela tradizio horren nolabaiteko gorazarre bat. Nostalgikoa, nahi bada, mundu hori joan badoalako, baina beti idealizazio puntu batekin.

Eta, horretaz guztiaz gain, dago Neolitikotik omen datozen laurogei amama horien segidarekiko loturarena –ai, zenbat kalte egin duen Oteitzak…–, niri, tira, irensgaitz samarra begitantzen zaidana, kontuan hartuta baserriak, Euskal Herri hezeko nekazaritza ekoizpen-unitate gisa, apenas dauzkala bostehun edo seiehun urte, askoz jota. Izan ere, historikoki, hiriak, kaleak –villak– tradizio luzeagoa leukake gure geografian baserriak baino. Alde horretatik –argudiatzen nuen eztabaidan, erronkari– esentzialki euskaldunagoa litzatekeena Loreak litzateke, askoz ere film urbanoagoa den heinean. Bale, euskaldunagoa baino euskotarragoa erabili beharko nukeen, tranpa gehiegi ez egitearren, ondo baitakigu baserria izan zela hizkuntzaren gordeleku nagusienetako bat, aro berrian eta batez ere garaikidean. Pruden Gartziaren Lazarraga. Ernazimentua euskaraz (Pamiela, 2005) bezalako liburuek edo euskal merkataritza portuen giroari buruz gero eta gehiago dakigunak –Xabier Lamikizen ikerketei esker, besteak beste– bestelako panorama bat marrazten badigute ere, euskaraz aritzen zen Aro Berriko hiri tradizio –posible– bati buruz alegia. Baina hau beste gai bat litzateke…

Loreak/Amama balizko dikotomia hori, edonola ere, Euskal Herriko zinemaren historiaren hastapenetatik datorrela aldarrika daiteke. Fikziozko aurrenekoetariko “gure” luzemetrai bi Edurne, modista bilbaina (1924) eta El mayorazgo de Basterreche (1928) izan ziren: lehenengoa, izenburuak iradokitzen duen bezala, giro hiritarreko melodrama zen, tamalez galduta dagoena –ez da kopiarik geratu–; El mayorazgo de Basterreche, ordea, eta esanguratsuki, kostunbrismo landatarraren ildokoa zen –izan ere, Pierre Lhanderen Mirentchu nobelaren egokitzapena zen–, eta, bide batez, Ocho apellidos vascoseraino luzatzen den tradizio bati hasiera ematen diona, eraikitzen zuen fikziozko herrixka bukolikoan kostaldeko eta baserri munduko elementuak konbinatzen baitzituen –hori bai kontserbatzen dela, Euskadiko Filmategiaren lanari esker–. Ba, hain filma ezberdinak izanik ere, bietan izan zuen parte hartze erabakigarria Mauro Azconak: lehenengoan Telesforo Gil zuzendariaren laguntzaile bezala, eta bigarrenean zuzendari eta gidoilari gisa, bere anaia Victorrekin batera. Azconatarrak, gutxi balitz bezala, fiteroar bizkaitartuak ziren: euskal kostaldearen eta barnealdearen, hiri industrializatuaren eta landaren –hots, euskal herrien– nolabaiteko sintesi bat.

Ez dakit zehazki zerena, baina oso profetikoa eta –barkatu– metaforikoa iruditzen zait hori guztia.

Advertisements

4 thoughts on “Dikotomia

  1. Erabat ados nago, Iban, zuk aipaturiko bi kontutan. Sinbolismo larregizkoa, zenbaitetan begibistakoegia gainera, eta errematea. Oteizaren 80 amamen kontuarena. Ez nago hain ados, ordea, landa edo baserri munduaren gorazarrea egiten duela edo idealizazio zantzuak daudela esatearekin, nahiz eta akaso berriro ikusi beharko nukeen. Uste dut, nahi gabe ere, mundu hori gertuago izan dugunok identifikazio handiagoa sentitzen dugula, eta bizi ez dutenek, bada ez. Baina, ohiko hiri mundua √s landa mundua dikotomiatik harago joateko garaiak bizi ditugula uste dut prexixamente. Ez Landako bizimoduak ez hirigunekoak ez dute gizarte-eredu idealik bistaratu orain artean, nere irudiko. Eta nik neuk behinkpin, landarekiko harremana, jakituria… eta hark lekarkeen bizi ikuspegia (soilagoa, auzotarragoa, pausatuagoa…) berreskuratu nahi nuke nolabait, akaso hezkuntza hiritarrago eta ‘ilustratuagoak’ eman dizkidan (espero) tresnak baliatuz. Konbentzituta nago, ezinbestekoa dela harreman hori gutxi-asko berreskuratzea, adibide sinple bat jarriz, modako herri edo hiri baratzetatik hasita, adibidez.
    Bestetik, bi filmetarik zein den euskaldunago edo euskotarrago eztabaida interesbakoa zait guztiz. Eta zentzubakoa esatera ausartuko nintzateke.

  2. Ni “euskaldunago zein den” eztabaidak ia-ia nire onetik ateratzen nau. Eraikitzen den fikzio bat sinesgarriagoa edo ez, eta kitto. Hor “euskal” hori batzuetan tartekatzen dela? (askotan txarrerako egia da, alegia, irudikatzen zaigun eta euskaraz ematen zaigun mundu hori noraino den eraikuntza ona). Zentzu horretan loreak eta amama biak berdin “euskaldun” dira, hiriko zein baserriko. Oteizaren 80 amamekin egiten den lotura (iradokitzen diguna 80 amamen katea dela baserria). Bueno ba bai, arrazoi duzu, seguruena hori da Euskadi Irratia, info7 eta abarreko eguraldi emanaldi laburretan bezala, zatia osotasunarekin identifikatzekodagoen joera horregatik (horregatik ez da komeni Gasteizen eguraldi emanaldi horiek soilik entzunda kalera joaterik). Berdin identifikatu izan dira baserria eta etxea, alegia, Euskal Herrian baserria etxe-modu bakarra izan bailitzan. Baina bueno akats atlatizista hori alde batera utzita, ez nago ados baserria hain gaizki uzten ez den ideiarekin. Areago, filmean baserriak ez du etorkizunik ez soilik mundu modernoak jan duelako, baserri barruko harreman-moduagatik ere, alegia askatasun pertsonalen zapaltzailea delako, etab. Eta filmeko baserrian bukaeran gurasoak soilik geratzen dira, beraz, bukaeran ere ez da salbatzen baserria. Horregatik iruditu zait film ausarta eta zorrotza. Eta hori ez da gutxi. Eskerrik asko, beti bezala, kritika zorrotz ematen ausartzeagatik, euskaraz sortutakoari kritika zorrotzik ez egitea ere oso euskalduna den heinean 

    😉

  3. Eskerrik asko zuen ekarpenengatik, Gorka eta Ruben. Bai, agian talaia-arazoa da, eta nirea baserri mundutik oso urrun dago (baina gutxienez hiruzpalau belaunaldiz, ez bada gehiagotik, hiritarra izandako nire familian bezalako baserriaren idealizaziorik ez dut ikusi inon: kostunbrismo baserritarra, azken batean, hirietako kultur kontsumitzaileentzako produktu bat izan da historikoki, eta, bestalde, ez naiz gehiegi fidatzen kultura hiritarraren ondadeez: Alemania naziarena kultura hiritarra zen eta begira…). Baina inpresioa daukat 80ko hamarraldian egin zen baserri literatura “beltzak” edo “gotikoak” (Kcappo, Azukrea belazeetan…, bi adibide oso ezberdin jartzearren) kritika zorrotzagoa egiten ziotela mundu horri, honekin konparatuta. Baina agian nire inpresio okerra da. Edonola ere, artikuluxkaren funtsetako bat dikotomia horren zentzugabetasuna azaleratzea eta gainditzea litzateke (horretara bideratuta zegoen amaiera), nahiz eta agian ez dudan ondo komunikatzen jakin.

    Eta niri ere zer den “euskaldunagoa” eztabaidatzea tontakeria galanta iruditzen zait, zuei bezala. Baina gertatu gertatzen da. Ez horren aspaldi, literaturaren alorrean -adibideak eman izan ditut horrenak- gaztelaniaz idatzitako liburu batzuk “euskaldunagotzat” jo izan dira euskaraz idatzitako beste batzuk baino, egile bakoitzaren (balizko) ildo politikoaren arabera. Eta, bestalde, ikustekoa da atzo bertan zein estu hartzen zuen elkarrizketatzaileak (Berrian ineditoa den modu batean) Itxaro Borda bere azkeneko nobela edizio elebidunean ematera ausartzeagatik, lanaren eduki literarioaz guztiz ahaztutzeraino… (eta gero esango du bat edo batek ez dagoela arazorik batere euskal idazleok hizkuntzarekin egiten ditugun hautuetan… baina, tira, hau ere beste gai bat litzateke… beste artikulu edo harrikada baterako utziko dut…).

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s