Idazleen hilberriak prestatzeko gida laburra

[Artikulu honen bertsio bat Galde aldizkariaren 11. alean argitaratu zen].

Mundu zabalean aho batez onartutako egia da idazleen nekrologikak beste idazle batzuek erredaktatu ohi dituztela, nahiz eta niri ez zaidan, berez, guztiz ebidentea iruditzen –zergatik ez irakurleei enkargatu? Norbaitek sinesten jarraitzen al du edozein idazle denik, idazle izateagatik soilik, irakurle trebe eta aritua?–. Baina, tira, idazle laguna, halakoak aldatzea oso zaila denez, argi dago egunen batean edo bestean hildako idazle baten hilberria egitea egokituko zaizula, edo agian bat baino gehiago. Izan ere, gaur eguneko literatur genero gorenetako bat da hilberriena –ez alferrik gero eta idazle gehiago daude munduan eta, ondorioz, maizago hiltzen dira–, eta tentu handiz egin behar zaio aurre, zoriari edo inprobisazioari lekurik utzi gabe. Hona hemen, beraz, gida labur bat, ataka horretatik ateratzen lagunduko dizuna.

Lehenik eta behin, ahalik eta idazle gehien ezagutzen ahalegindu behar duzu, oraindik bizirik daudela noski. Ez soilik euskaldunak –hori, oso erraza ez ezik, ezin saihestuzkoa da, azken finean–, baizik eta, batez ere, atzerritarrak: Hegoaldekooi, zalantzarik gabe, samurragoa izango zaigu, gure kokapen geografiko eta kulturalagatik, espainiarrak eta hispanoamerikarrak ezagutzea, baina saiatu, ahal dela, hortik kanpokoekin topo egiten orobat; azken liburua promozionatzeko egiten dituzten nazioarteko birak, kongresu akademikoak eta festibal literarioak abagune egokiak izan daitezke horretarako. Ezagutza horrek, azken batean, ez du zertan oso sakona edo barnekoa izan, beherago azalduko ditugun arrazoiengatik. Idazlea zenbat eta entzutetsuagoa izan, esan gabe doa, hobeto. Edonola ere, horretarako denborarik edota bitartekorik ez bazenu, lasai egon, komenigarria delako baina ez guztiz ezinbestekoa.

Ondoren –eta bitartean–, prestatu fitxa laburrak idazleen inguruan, datu biografikoak eta obra nagusien bibliografia jasoz bertan: horretarako Wikipediara jo dezakezu beldur askorik gabe –ororen buruan, idazleak eurak dira, edo beren agenteak, edo beren agenteen morroiak, sarrerak erredaktatzen eta osatzen dituztenak–; ez ahaztu, bestalde, idazlearekin izandako zure esperientzia pertsonal horren xehetasunak gehitzeaz. Hasi, dudarik gabe, adin zaharreneko idazleen fitxak eratzen, baina gogoratu ordena kronologikoa ez dela beti fidagarriena, eta, badaezpada, tartekatu idazle gazteago batzuen txostentxoak ere: erreparatu egiezu horien gaixotasunen, alkoholismoaren edo drogazaletasunaren inguruko zurrumurruei, eta baita erakusten duten itxura fisikoari ere. Egin kasu zure intuizioari. Ahalik eta fitxategi zabalena eta anitzena bildu.

Fitxa horietatik abiatuta, idatzi itzazu hilberri-artikuluetarako zirriborroak, unea hel dadinerako prest egongo direnak; hobe da guztiz amaitu gabe uztea, prestatzen dituzunetik gertari tristegarria gauzatu arte, eta litekeena ez den arren –aukeratu baduzu, idazle horrek bere obraren atal nagusia burututa izango duen seinale…–, liburu funtsezkoren bat gehiago argitaratu ahal izango duelako, edo –honetarako aukera gehiago daude– haren inguruko anekdotarioa zabal daitekeelako. Derrigorrezko sarreraren ostean, bere obraren eta bizitzaren zertzelada arin batzuk eskaintzeko probestuko duzuna, ez deitu sekula idazlea bere izen-abizen osoez, soilik izenaz baizik, eta, ahal dela, izen horren txikigarri batez, aldaera samurgarri batez edo intimitatean erabiltzen zuen ezizenaren bitartez –“Txema”, ez José María; “Mariette”, ez Marie; “Gabo”, ez Gabriel; “Michou”, ez Michel…–. Zurekiko zuen hurbiltasuna azpimarratzeko ezinbestekoa da hori, eta zu eta idazle hila elkartuta agertzen zareten pasadizoa –edo pasadizoak– kontatzeko atari aproposa.

Gogoan hartu behar baituzu egingo duzun potretaren helburu nagusia, azken batean, ez dela zendutakoa, zu zeu baizik: hildako idazlea aitzakia hutsa baita zure izena eta izana azpimarratzeko eta, batik bat, zu zenbat miresten zintuen iradokitzeko –zuk, apal, horretarako batere merezimendurik ez zenuela gehituko duzun arren, zer esanik ez–. Horregatik da komenigarria hautatutako idazleak ahalik eta gorago egotea auzo, hiri, probintzia, erkidego, nazio, estatu edota nazioarteko kanonean. Eta horregatik, orobat, berarekin nola edo hala enkontru bat izateko gomendioa, arestian aipatu duguna baina, hitz erdika azaldu dugun bezala, ez dena guztiz ezinbesteko, horretarako biderik ez bazenu zure imajinaziotik irten daitekeelako arazorik gabe –ez dezagun ahaztu zu ere bazarela, ez alferrik, idazlea–: hildakoak ezingo du sekula hala gertatu zenik ukatu.

Edonola ere, eta hauxe da gida labur honetako azken aholkua, lehenik eta behin idatzi behar duzun hilberria zeurea da. Hau ezingo duzu, besteak bezala, guztiz amaitu gabe utzi –suerte pixka batekin noizean behin orraztu bat emango diozun arren–,  eta, gainera, modua aurkitu beharko duzu testu hori, arnas egiteari uzten diozun bezain laster –inoiz ez da jakiten noiz…– inguruko egunkari eta komunikabideetara iris dadin. Azken buruan, nahiz eta beste idazle batzuek, adiskideak izan ala ez, zure heriotzaren probetxu atera –zu bezala, gida honetako aholkuen jakitun izango baitira–, haien garaipena osoa izan ez dadin zuk zeuk idatzitako hilberria izan beharko litzateke lehena eta printzipala. Horretan, eta soilik horretan, izan ahalko zarelako zu protagonista nagusi eta, batez ere, bakar

Advertisements

4 thoughts on “Idazleen hilberriak prestatzeko gida laburra

  1. Gustatu zait B plan hori, Luistxo, eta zure erantzun honen bitartez nire gida laburrera eransten dut gustura.

    Bestalde, gaur goizean Txani Rodriguez idazle eta kazetariak gogorarazi didanez, eta eguerdian Ana Isabel Morales itzultzaile, idazle eta ipuinzaleak (@ihitzek-ekin batera) horixe zen, idazleen hilberriak edo obituarioak aldez aurretik prestatzea, Antonio Tabucchiren Pereirak Monteiro Rossiri ematen dion lana Lisboa egunkarian, pasarte honetan ikusten den bezala:

    “Pereirak limoi-ur pixka bat edan zuen, hurrupa bat, esku-gainaren ezpainak idortu eta esan zuen [Monteiro Rossiri heriotza interesatzen ote zaion galdetu eta mutilak zergatia galdetu ondoren]: besterik gabe egunkari batean idazleen hileta-laudorioak edo hil-berriak eman behar direlako idazle inportante bat hiltzen den bakoitzean, eta hil-berririk ezin da eman ti-ta batean, aurretik prestatua izan beharra dago eta nik pertsona bat bilatzen dut gure garaiko idazle handien hil-berriak idazteko, aldez aurretik, egin kontu, bihar Mauriac hilko balitz, nola moldatuko nintzateke?” (Pereirak dioenez, Igela 2006, Fernando Reyren itzulpena, 23. orr.).

    Egia esan, ez neukan nobela nire gogo kontzientzean, baina lagunen ekarpena hona ekartzea ideia ona iruditu zait (nire defentsan adieraziko dut Tabucchiren Pereira arteko lanaren zaleago naizela, Pereira ostekoaz baino…).

    • Nik zuk baino errazago neukan: Tabucchiren liburu bakarra irakurri dut. Bost liburu irakurri badituzu, askoz errazagoa da gauzez akordatzea 500 milioi irakurri badituzu baino 🙂

      • Jo, ba irakurri Oker ttiki garrantzigabeak (Alberdania-Elkar 2007, Fernando Reyrena ere itzulpena), ez zara damutuko. Harrituko ninduke horko ipuinen bat hautatuko ez bazenu Sherezaderako.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s