[Artikulu honen bertsio laburrago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2015eko urriaren 24an].
ETAren armak isildu arren, euskal gatazkaren (“Gauzaren”) inguruko literaturak zer esana ematen jarraituko du luzaroan: gaia gurekin geratzeko iritsi zen Ramon Saizarbitoriak 100 metro idatzi zuenetik gutxienez. Isildu arren, esan dut? Agian alderantziz da: giroa baketsuago delako gaiari buruz zuzenean edo zeharka arituko diren literatur lanen kopurua esponentzialki hazteko aukerak handiagoak direla pentsatzen dut maiz. Bide batez esanda, bitxia egiten zait, batzuetan, nola ekiten dioten kontuari orain arte hari buruz txintik ere fikzionatzen ez zuten egile zenbaitek…
Euskarazko literaturari behin baino gehiagotan egozten zaion ezaugarri bat da (ETAren) biktima ez dela, preseski, bere arreta gune nagusia izan, gehiago fokatu duela etakidearen figura, edo haren ingurumaria. Moralistegi jokatu ohi duten batzuen iritziaren kontra, ez dut uste kezkatzeko zerbait denik, eta “euskal idazlearen” jatorri sozial eta historikoarekin lotutako arrazoiak daudela horren oinarrian. Eta gaiari buruzko aipatu lanen hazkundeak berak ekarriko duela, akaso, aniztasun zabalago bat.
(Dena dela, gaia beste era paradoxikoago batean planteatu daiteke: euskaraz egindako “Gauzaren” literatura gehiena edo ia gehiena dela, baita etakideak erdigunea direnean ere, biktimen inguruko literatura bat, etakidea bera gutxitan azaltzen baitzaigu, gordinean, biktimario gisa; horren inguruko azken adibideetako bat, literarioki oso ahula, Mikel Antzaren Ametsak ere zain poesien bilduma da. Baina jarrai dezadan artikuluari eman nahi nion ildoarekin).
Bien bitartean, “biktimen literaturaz” jabetzeko gaztelaniazko produkziora jotzen jarraitu beharko dugu, nagusiki, eta hor, euskarazkoan bezala, lan onekin eta ez horren onekin aurkituko gara. Lehenengoen artean dago, nire ustez, Gabriela Ybarraren (Bilbo, 1983) El comensal nobela autobiografiko eta “sendizkoa” (Caballo de Troya, 2015), zeinaren zati nabarmen batek egilearen beraren aitonaren, Javier Ybarra Bergéren bahiketa eta hilketaz baitihardu: irakurle askok gogoratuko duten bezala, Ybarra, Neguriko oligarkiaren figura gailenetako bat, ETA politiko-militarreko berezien komando batek bahitu zuen 1977an, lehenengo hauteskunde demokratikoen bezperatan; erreskatea ez zen ordaindu (garai haietako mila milioi pezeta eskatzen zituzten), eta haren gorpua urte horretako ekainaren 22an aurkitu zuten Barazar inguruan. Bahiketan, besteak beste, Apala eta Pakito etakide ezagunek parte hartu zuten, eta agian baita Yoyesek ere; hurbileko familiak dirua biltzeko izan zituen zailtasunek (eta klaneko partaide batzuen aldetiko ekintzarik ezak edo are “traizioak”, tenore hartan) beren oihartzuna dute nobela honetan bertan. Javier Ybarraren inguruneaz jabetzeko (garai hartan El Correo taldeko burua, Babcock & Wilcox-eko presidentea eta Bizkaiko Bankuaren kontseilaria, besteak beste) oso lagungarriak izan daitezke bere seme Javier Ybarra Ybarrak idatzitako Nosotros, los Ybarra biografia historikoa (Tusquets, 2002) eta, batez ere, Pablo Díaz Morlán historialari ekonomikoaren Los Ybarra. Una dinastía de empresarios (1801-2001) (Marcial Pons, 2002).
El comensal ez da lan historiografiko bat, historia hurbilean eta pertsonalean sendo sustraitutako nobela baizik; izan ere, lanaren bigarren partearen ildo nagusia egilearen amaren minbizi eta heriotzarekin lotuta dago (Ernestina Pasch, Bilboko kapital ondasunen eta ekipoaren inportazio-enpresa baten jabe zen jatorri alemaneko familiarekin harremanatuta), eta, alde horretatik, injustua litzateke nobela hau soilik “Gauzaren” literaturan sartzea, komunikabide batzuk egiten saiatu diren bezala. Galeraren, hutsunearen eta dueluaren inguruko nobela bat da, beraz, pultsu bereziki sendoaz idatzia, sikua baina aldi berean iradokitzailea, ez gutxitan mingarria, eta lan autobiografiko edo autofikzionaletan (tamalez) horren ohikoak diren lirikokeria eta autokonplazentzia abzesuetatik urrun mantentzen dena (zorionez). Egileak, bestalde, ez du bere jatorri sozialaren arrandia egiten, baina ez da hartaz lotsatzen ere: argi dago goi burgesiaren partaide baten nobelaren aurrean gaudela, niri behintzat interesgarri suertatu zaidana (izendapen hori, “nobela burgesarena”, euskal literaturaren alorrean horren erraz erabiltzeko joera dutenentzat hausnarketa gai izan beharko lukeen zerbait, bide batez esanda).
Egia da, nire ustez, lanaren bi atalen arteko ainguraketa ez dela oso irmoa, nobela izateko alegia, baina arazoa ez da agian horren larria, batez ere kontutan hartuta idazlearen aurrenekoa dela, eta nik, ipuinlari gisa, nobela generoa zerbait zurrunegia bezala ikusteko joera izan dezakedala. Nobela, azken finean, liburu-hegalean “nobela” hitza erakusten duen oro da. Ez nau sobera konbentzitu, bestalde, liburuaren amaiera aldera egiten den torturaren inguruko aipuak, behartuegiagatik eta bere baitan nolabaiteko “baina” eramateagatik (ikus 160. orrialdea). Nahiz eta, agian, “autokritikaren” hedakuntzaren ikuspegitik (barkatu horren boladan dagoen kontzeptua hona ekartzeagatik) detaile pozgarritzat hartu beharko litzatekeen.
Edonola ere, “Gauzarekin” edo “Gauzarik” gabe, denboraldi honetan kontuan hartzeko lanetako bat, ziurrenik. Eta, agian, jarraitzeko moduko egile berri bat.