Fedea

[Artikulu honen bertsio laburxeago bat Ortzadar gehigarrian argitaratu zen 2015eko irailaren 26an].

Aitor dut: musika festibalak gustuko ditut. Primavera Sound-aren lehenengo urteak gogora ekartzen ditut, Bartzelonako Poble Español delakoan egiten zenean, eta nostalgia olatu batek inbaditzen nau, metafora hau erabili izanaren lotsaren tamainakoa ia. Fede katolikoa galdu genuen askorentzat –esango nuke– rock kontzertua mezaren ordezko bilakatu zen, garai batean: erritual bat zeinetan, azkenean, benetako debozioz parte hartzen baikenuen, eta zeinetan benetako mezetan baino gehiago kantatzen –koreatzen– baikenuen, ez beti abestiaren mesedetan ordea. Eta kontzertua meza bazen, musika festibala erromesaldi gisa irudika dezakegu, edo aste santu edo bederatziurren gisa, nahi izanez gero, bere meza nagusi eta meza txikien kontzentrazioarekin, eta espazio batetik bestera mugitzeko betebeharrarekin.

Festibalek gauza deitoragarri asko daukate, noski, sarreraren preziotik hasita, eta hornigaiak –likidoak zein solidoak– abusuzko prezioetan bertan erosteko nahitaezkotasunarekin jarraituta, denborarekin erraldoikerirako garatzen duten joera ia naturalaz ez mintzatzearren: antolakuntza kapitalistaren ohiko ajeak, alegia. Baina, hala ere, atsegin dut bertan zabaltzen den jendearen arteko giro orokorrean adeitsua, normalean inguruan ikusteko zailak diren talde eta kantariak entzulearengana hurbiltzeko duten ahalmena, eta gauza berriak deskubritzeko eskaintzen duten aukera.

Eta festibal horien artean bereziki kutuna bihurtu zait, azken urteotan, Donostiako Kutxa Kultur Festibala, Igeldoko parkean egiten dena irailaren lehenengo asteburuan: ez da sobera handia, eta marko konparaezinaren anomalia nagusienetako batean kokatzen da –munduko jolas-parke dekadenteenetako batean: nik uste dut Tabakalerak, edo Donostia 2016k, edo Euzkadi Buru Batzarrak Banksy gonbidatu beharko lukeela bertara bere Dismaland-aren euskal bertsioa muntatzeko–. Gainera, hasieran behintzat, antolakuntza erdi-publikoa zenean, ez zen bereziki garestia, hots, ez zuen klase-hesi garaiegirik altxatzen, pop ebento bat izateko –KutxaBank pribatizatu eta Last Tour International “sustatzailea” sartu denetik, en fin…–.

Kutxa Kultur Festibalak beti konbinatu izan du nazioarteko kartel-buru potenteren bat (Primal Scream, Dinosaur Jr., The Horrors…), indie “nazionaleko” goi-argiren bat (Love of Lesbian, Los Planetas, Vetusta Morla…), bigarren eta hirugarren mailako talde ugari gehi tokiko musikari gazteak eta ez horren gazteak –askotan interesgarrienak…–, oreka ez beti perfektuan. Aurtengo edizioan inoiz baino argiago ikusi dut hori: anomalia bat da Yo La Tengo bezalako talde bat, ibilbide oso sendokoa –14 estudioko disko, geroz eta hobeak– baina nahikoa minoritarioa, buru izatea, aire libreko eszenatoki handi bateko deserosotasun guztiekin –kasu honetan soinu-ezarpen benetan kaskarrekin– eta publikoaren zati nabarmen baten axolagabekeriarekin.

Zeren eta gero eta ohikoagoa suertatzen ari da, hala kontzertuetan nola festibaletan, jendea hizketan aritzea, eta ez bereziki apalik, taldea jotzen ari den bitartean –Ira Kaplanek, Yo La Tengoren kantariak, horixe itsustu zion, ironiaz, lehen lerroan zegoen morroi bati: bost axola izan zitzaion, noski–. Musika emanaldiak tabernetako eta kaleko festa-giro pintxopotesko iraunkorraren luzapen soila bihurtu izan balira bezala.

Akaso “musikaren” nonahikotasunaren albo-kalteak besterik ez dira. Edo agian da fedea galdu dugula erlijioaren ordezko erlijio horretan ere. Nire kasuan, behintzat, zorigaiztokoa litzatekeena, ez baitakit beste ordezkorik topatzeko gai izango naizen…

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s