Hiru bilduma (fonografiko)

Bildumek fama txarra dute bildumatzaileen artean, paradoxikoa badirudi ere: disko-metatzaile on batek jatorrizko lanak ditu maite, hots, artista edo talde baten disko orijinal eta osoak, eta erdeinuz begiratu ohi die “best of” edo “greatest hits” bezalako pieza ahistoriko eta antinaturalei; are handiagoaz, haatik, musikari ezberdinen kantak biltzen dituzten diskoei. Orokorrean, haiei arrazoia emateko joera daukat –tira, solista edo talde batzuen kasuan hobe da bilduma bat edukitzea eta kito, haien diskografiaren segida jasangaitza baino–. Hala ere badaude bilduma batzuk obra oso eta biribilen estatusa lortzen dutenak, legez eta izatez; gutxitan gertatzen da kasualitate hori, baina gertatzen denean, nahitaezko lanak bihur daitezke…

Nuggets, Elektra, 1972.

Disko honen azpitituluak dena esaten du: “Lehenengo Aro Psikodelikoko Jatorrizko Tramankuluak, 1965-1968”. Hurrengo hamarkadaren hasieran osatu zuen Lenny Kayek, geroago Patti Smith Group-eko gitarrista izango zena, eta maitasun adierazpen gisa jaio zen, arkeologia lan goiztiar bat izateaz gain. Maitasun adierazpena, bertan biltzen ziren singleak bildumatzailearen gaztaroko soinu-banda alternatiboa osatzen zutelako, nolabait; eta arkeologia, mundu hura joana zelako jada editatu zen datarako. Hor bildutako taldeez eta abestiez 60ko hamarkadako punka zela esaten zuen  Kayek, baina egun bi kontzeptu erabiliko genituzke bertan dagoen musika definitzeko: “garage” eta “psikodelia pop”. Talde guztiak estatubatuarrak dira, guztiek egiten zuten British Invasion delakoaren eraginpeko musika zikin samarra, eta haietako batek ere ez zuen arrakasta iraunkorrik izan (one hit wonderak dira, kasurik onenean), ezta, batzuetan, LP oso bat grabatu ere: hau singleen bilduma da, batik bat, eta bertan daude The 13th Floor Elevators (guztien artean ezagunenak, ziurrenik), The Seeds, The Electric Prunes, Count Five, The Chocolate Watchband eta 23 talde gehiago. Bi-hiru minutuko kantak, gitarra urragarriak, Farfisa organoak, oinarri-oinarrizko baxuak, ulu nerabeak, “Hey Joe”-ren bertsio faltaezina… zer gehiago eskatu? Jatorrizko edizioa LP bikoitza zen, eta 1990eko hamarraldian, CDaren aroan, lau disko eta hamarnaka kanta gehiago biltzen zituen kaxa bat argitaratu zen izenburu berdinarekin, talde ezaguntxoago batzuekin (Love, Turtles, Paul Revere and The Raiders…), zeinaren lehenengo diskoa Lenny Kayeren hura baitzen: kaxako onena jarraitzen zuen izaten, dena den. 60etako bilduma oro txiki uzten du jatorrizko Nuggets horrek: Snoopyrengatik zin dagizuet.

your secret is safe with us statik bilaketarekin bat datozen irudiak

Your Secret Is Safe With Us, Statik, 1982.

Statik Ingalaterra iparraldeko diskoetxe txiki bat zen. Gutxi iraun zuen: ez zuen Rough Trade edo Factory independenteen zori ona izan, ziurrenik ez zuelako lortu hit gogoangarri bat ere. Baina talde interesgarri mordotxo batek argitaratu zuen bertan: The Chameleons, The Sound, Flesh For Lulu-k… 1977ko “iraultzak” britainiar musikan eragindako ondorio onuragarrien azkeneko adibideak eskaintzen dizkigu Statik-en bilduma honek, hots, hain justu 80ko hamarkadako musika lirdingatsuenak  (Duran Duran eta enparauek) guztia irentsi aurretikoak. Hemen denetik aurki dezakegu, kasu askotan oso modu maketero-sinplean (eta hunkigarrian) grabatutako piezak: after-punk zaurgarria, rock siniestroa, new wave saltokari berantiarra,  techno-pop primitiboa (Dylanen “Subterranean Homesick Blues”en bertsio synth bat eta guzti, Sun Yama ebidenteki ezezagunen eskutik)… Egungo zaleak ezagutuko dituen talde bakarrak aipatu The Chameleons dira (“Here Today”-ren bertsio goiztiar batekin) eta, harrigarriro, Jarvis Cooker hiper-gazte baten Pulp, hamar bat urte geroago lortu zutenak arrakasta, brit-poparen aro betean alegia. Beste guztiak, tamalez, ahanzturaren linboan galdu ziren (bildumaren izenburua profetikoegia izan zen, alafede), haietako batzuek izen benetan orijinalak zituzten arren: The Unamerican, Indians In Moscow… Edonola ere, nire kutunena, zalantzarik gabe, Sepp Maier’s Gloves da (orduko Mendebaldeko Alemaniako selekzioko atezaina zen Maier, dioss, ze zaharrunoa naizen…).

talkin' jazz 2 bilaketarekin bat datozen irudiak

Talkin’ Jazz 2, Talkin’ Loud, 1994.

Acid jazz delakoaren sukarra abiatu zenean, 90eko hamarkadaren hasieran, funk, soul eta jazzaren nolabaiteko nahasketa inoiz oportunista samar horren “sustraien” bila abiatu ziren estiloaren pioneroak, 60ko eta 70etako diskoen kaxoi zaharretara alegia. Gilles Peterson entziklopedikoa izan zen rare groove horien xerkan ibili zenetako bat, Acid Jazz Records eta Talkin’ Loud diskoetxe ezinbestekoen sortzailea izateaz gain (fundatu duen azkenekoa Brownswood Recordings da). Disko hau, Petersonek muntatua jazza, psikodelia eta popa nahasten zuten 60ko hamarkada amaierako eta 70aren hasierako talde (gehienontzat) ignotoen kantekin, ahalegin horietako onena da nire uste apalean. Bertan dago Dave Pike Set-en “Mathar” zoragarria, historia osoan sitarra eta jazz-a hobekien nahastu dituen kanta, edo Herbie Hancock-en “Cantaloupe Island”-en bertsio bat, Third Wave talde bokalak egina, mila buelta ematen dizkiona US3ren moldaketa hiper-ezagunari. Taldeak eta solistak, bitxiki, ez dira estatubatuarrak, nagusiki europarrak baizik, MPS zigilu alemaniarraren funtsetatik ateratakoak (“More Themes From The Black Forest” azpi-izenburu argia bezain engainagarria du bildumak), eta doinuek, garaiko rock hippyarekin zer ikusirik izan ez arren, ondo islatzen dute orduko optimismoa eta bizi poza, estiloak nahastuz baina jazza ardatz izanik beti (oso publiko guztientzako jazza, edonola ere: entzun Wolfgang Dauner-en hau, sitarrarekin berriro ere, edo George Dukeren gauza setenteroago hau). Nuggets anfetamiñen ogitarteko bat irentsiz entzuteko aproposa den bezala, Talkin’ Jazz 2 hau plus doucement dantzatzeko modukoa da, martini zuri batzuk edan bitartean, haxixaren urrinak hartutako egongela batean…

[Testu honen lehen bertsioa Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2009ko azaroan]

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s