Onena iristeke? “Gauzaren” literaturaren norabide berriak

[Artikulu honen lehen bertsioa Galde aldizkariaren 8. alean argitaratu zen].

Euskal gatazkaren –hemendik aurrera Gauzaren– literaturari dagokionean… iristeke al dago oraindik onena? Euskal sorkuntza literarioaren azpigenero honetan sumatzen diren ugaltze zantzuek gaiaren inguruko urrezko aro baten atarian jartzen al gaituzte?

Gustatuko litzaidake hala izatea, eta ziurrenik badaude motiboak apalki optimistak izateko. ETAk bide militarra utzi izanak –gerra bukatu izanak alegia–, dudarik gabe, eragina izango du. Stuart Neville idazle ipar irlandarrak defendatzen zuenez, “gu guztiok, berdin dio lubakiaren zein aldetan geunden, egia deseroso batzuei aurre egin beharko diegu, zeinen aurrean agian itsututa egon baikinen iraganean. Uste dut fikzioak protagonismo handia izango duela prozesu horretan. Edozein gatazkako fikziorik interesgarriena ez da heltzen hura amaitzen den arte” (letra etzanak nireak dira). Antzeko zerbait aldarrikatzen zuen Ricardo Menéndez Salmón idazleak: “Literatura ona ekaitzaren ostean idazten da beti” –Madrileko 2004ko atentatuen inguruko El corrector bere nobelan, hain zuzen ere–. Alde horretatik onartzen dut ez dudala bereziki konpartitzen Beñat Sarasolaren kezka une historikoaren eta horren gauzatze literarioaren arteko gapari dagokionean (ikus bere “Denbora emanaz” artikulua, Berria 2014-IX-18): bat-batekotasun literarioa ez da, berez, ezeren berme –Errusiako inbasio napoleonikoari buruzko nobela (ziurrenik) onena, Gerra eta bakea, gertakariak amaitu eta mende erdi geroago eman zuen argitara Tolstoik; edonola ere, Sarasolak erabiltzen dituen kontra-adibideak, Jonathan Franzenen Askatasuna eta bestelako idazle estatubatuar garaikideenak, ez zaizkit bereziki esanguratsuak iruditzen…–. Gauzak geroratzea ere ezerren berme ez den bezala, bestalde. Kontu bati buruzko maisulanak –edo maistralanak– edozein unetan ager daitezkeela uste duen horietakoa naiz, gertakariekin batera edo handik dezentera. Are gehiago, posible dela sekula maisulanik ez sortzea ere. Baina  ematen du uste nahikoa hedatua dela gatazkaren unerik gogorrenak igarota aukera handiagoak daudela horrela gertatzeko.

Gure artean Ramon Saizarbitoria izan zen, bere azken nobelari emandako Euskadi Saria aipagai, baikorren agertu denetako bat, alde horretatik: “[Martutenek] esperantza piztu dit gure historia gertukoaren kontakizuna adostuko dugun eguna ez dagoela urrun. Esan dezadan bide batez, sinistuta nagoela euskal narratibak paper garrantzitsua jokatu behar duela eginkizun horretan”. Jose Luis Otamendi, duela ez horrenbeste, ildo optimista horretan kokatzen zen orobat, bere azkeneko liburua hizpide zuela, eta gai horrekin lotuta: “Pentsatzen dut literatura berez ekintza positibo bat dela, dudarik gabe. Doluarentzako, etsiarentzako tartea egon litekeen arren, beti saiatu izan naiz giltza izatea aurrera egiteko, eta generoak [kasu honetan poesiak] ematen du horretarako aukera”. Eta baita Katixa Dolhare-Zaldunbide ere: “Ondoko urte eta hamarkadetako euskal literaturari begira igurikapen handiak ditut: segur da eleberrietako pertsonaiak gero eta sailkagaitzagoak izanen direla –ez heroiak, ez eta arras anti-heroiak ere–, gero eta dudakorragoak eta bihurriagoak izanen direla, hots, gero eta humano eta errealistagoak”.

Nik uste dut neurrian izan behar dugula optimistak, izatekotan. Alde batetik, argi dago ugaritasunak kalitatezko lanen agerpena gauzatzeko aukera gehiago eskaintzen dituela. Printzipioz. Eta ematen du, uholde forma hartuko ez badu ere –ezerk ez du uholde forma hartzen gurea bezalako literatura txiki batean–, badagoela gaiaren inguruko interes berritu bat: are orain arte albo batera uzten edo oso zeharka tratatzen zuten gure literaturako izen handiak, Unai Elorriaga –bere azken nobelan– edo Kirmen Uribe bezala –bere hurrengo lanaren inguruan eskaini dituen lehenengo zantzuen arabera–, ematen du orain Gauzaren literaturari ekarpenak egiteko prest daudela. Bestalde, argi dago literatura testimonialak, lehendik existitzen zen arren –gogoan har ditzagun, besterik ez bada, Bikilaren edo Agurtzane Juanenaren lanak–, gora egingo duela testuinguru berri eta lasaiago honetan –hortxe, froga gisa, Julen Madariagaren Egiari zor, adibidez, edo, aurretixeago garaiez ari bada ere, Arantxa Urretabizkaiaren Zuri-beltzeko argazkiak–, eta hori, zalantzarik gabe, aberasgarria izango dela ikuspuntu askotatik. Nahiz eta alde horretatik agian gehien ugaltzen ari direnak ez diren, akaso, euskarazko lanak, gaztelaniaz idatzitakoak baizik, Mariasun Landaren Fiesta en la habitación de al lado, Idoia Estornesen Cómo pudo pasarnos esto edo Joseba Zulaikaren Vieja luna de Bilbao. Crónicas de mi generación bezalakoak –besteak beste–. Edo, osagarri ustez autobiografiko dezente izan arren, nahiz eta emaitza literarioaren aldetik lan nahikoa ahulak ere argitaratu diren, Mikel Antzaren Atzerri edo Carmen Gisasolaren Gaur zortzi bezala (blog honetan bertan iruzkindu direnak).

Bestalde, Gauzaren literaturaren inguruko urrezko balizko aro berriaren inguruko baikortasuna apaltze aldera, ezin dugu alde batera utzi egon badagoela gaiaren banalizatzearen edo bestsellerizazioaren ageriko arriskua, armak isildu diren zirkunstantzia berriotan; Stuart Neville bera, lehen hizpide izan dugun idazle irlandarra, thrillerren egile izateagatik da batik bat ezaguna. Euskal nobela beltza, esate baterako, gaiari lehentxeago baino gogo handiagoz heltzeko prest dagoela ematen du, zuzenean edo zeharka, Iñaki Irasizabal edo Alberto Ladron Arana bezalakoen azken lanek islatzen duten bezala –vid. Bizkartzainaren lehentasunak, Piztiaren begiak, Harrian mezua…–. Orain arte, ordea, eta salbuespenak salbuespen, generoak saihestu ditu mota honetako crossoverrak, batez ere bere erregistro arrunt edo kontsumokoenean, nahiz eta Gauzaren eta polararen arteko gurutze-bidea tentagarria bezain agerikoa izan, teorian behintzat; adibide adierazgarria, alde horretatik, Aingeru Epaltzaren Rock’n’roll bikaina litzateke, nobela bat zeinetan, egileak berak adierazi bezala, gatazkarekiko erreferentzia oro arbuiatzen baitzen, nolabaiteko interferentziak saiheste aldera. Gauza bera esan liteke komediaren erregistroaren inguruan, zeina, ziurrenik, erabiliagoa izango baita hemendik aurrera –gogoratu Woody Allenen ustezko ekuazioa: tragedia + denbora = komedia–, Ernesto Prat Urzainkiren Orpoz orpo erotiko-festiboa bezalako produktuen irteerak iradokiko lukeen bezala –kasu honetan, Xabier Silveiraren A las ocho en el Buleren kutsu argiarekin, lesakarrarena baino are grazia gutxiagokoa baina, eta euskal landismo baten mugetan kasik–.

Kantitateak –eta hori badatorrela dirudi– ziurrenik kalitatezko lanen hazkunde bat ekarriko du. Baina baita lan ez horren onen edo ez horren esanguratsuena ere. Ezin jakin zer gailenduko den, ezta produktu berriek ere orain arteko Gauzaren inguruko literatura gaindituko duten. Norbaitek argudiatu dezake Twist edo Martutene bezalako nobelen edizioak iragarpen onak direla… Baina –galdera– bi liburu horiek ETAosteko literaturaren lehenengo ordezkariak dira, ala –niri litekeena iruditzen zaidan bezala, kontzepzio eta idazketa garaia kontuan hartuta, ez argitaratzearena– ETAren garaiko literaturaren beltxargaren kanta?

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s