Euskal kritikariaren hamar mandamenduak

[Atzo, 2015eko otsailaren 4ean, Ibon Egañaren Izan gabe denaz. Hogeita hamar urte euskal hedabideetako literatur kritikan (Utriusque Vasconiae, 2015) liburua aurkezten egon nintzen Leire Lopez Ziluaga, Iratxe Retolaza eta Ibon Egaña berarekin, Donostiako Kaxilda liburu dendan laurok egin genuen mahainguruan. Beti bezala, esateko prestatuta neukanaren erdia ez nuen bota, eta beste erdia (aurkezpenaren formatuaren arauek eskatzen duten bezala) inprobisatu nuen besteek esaten zutenari jarraituz. Gauza asko utzi nituen tintontzian, beraz, eta, tartean, behean txertatzen dudan testua, Leire Lopezen jatorrizko galdetegiko “Zein da euskal kritikagintzaren bide markatua?” itemari nolabaiteko erantzuna eman nahi ziona. Bertako gauza bat edo beste erreskatatu nuen nire norabiderik gabeko diskurtsoan, eta besteren bat Ibon Egañak berak atera zuen (guk aldez aurretik adostu gabe, osmosis volgatikoak funtzionatzen jarraitzen duen seinale), baina tira, hementxe dituzue “Euskal (prentsako) kritikariaren hamar mandamenduak”].

1.- Euskalgintza eta euskalkulturgintza maitatuko dituzu gainerako guztiaren gainetik. Are literaturaren gainetik ere.

2.- Ez duzu Harold Bloomen izena sekula erabiliko, gaitzesteko ez bada. Gogoan izan dena dela erlatiboa, eta kalitatearen irizpidea erabiltzea beti dela iruzurtia bezain hegemonikoa.

3.- Iruzkinaren entrega-eguna santuetsiko duzu: ez zara sekula atzeratuko. Iruzkina ahul edo oso ahul geratu bazaizu ere.

4.- Atxaga eta Sarrionandia ohoratuko dituzu, eta, haiekin batera, gutxieneko estatusa eskuratu duen edozein idazle, gazte zein ez horren gazte: kontuz gero esan ditzakezunekin.

5.- Ez duzu kritika txarrik egingo, eta erdipurdikoak edo zalantzazkoak ere saihestuko dituzu, ahal dela. Beste erremediorik ez bada geratzen, iruzkin informatibo soil-grisa hobetsiko duzu. Gogoratu liburu guztiek, txarrak izanik ere, badutela beti zerbait on beren baitan: horixe azpimarratu, besterik ez bada ere. Eta tentazioa handiegia bada, ez hurbildu testu prozesatzailera: gogoratu isiltasuna dela kritika negatiboaren metadona.

6.- Idolatria bakarra edukiko duzu baimendua: modernolatria, berritasunaren gurtze konpultsibo eta jarraikia alegia.

7.- Ahal dela, iruzkinduaren estiloa mimetizatuko duzu, egileari diozun miresmenaren erakusgarri: idazleek eskertu ohi duten keinua da, kritika irakurtzera iristen badira (lasai: beti irakurtzen dute). Alternatiba bat liburuaren jatorrizko aipu piloa txertatzea da: hartara, ez duzu zertan zure (benetako) iritzian luzatu beharko, ezta argia izan ere.

8.- Ez duzu testigantza arriskugarririk emango, ez eta bihotz bihotzez pentsatzen duzuna idatziz adieraziko ere: halakoak gorde konfiantzako zure tertuliakideentzat, edo zure fake-txiolariarentzat.

9.- Ez duzu pentsamendu edo ekintza lizunik onartuko: pasiorik ez, ahal dela. Salbuespen bakarra, alor honetan, zeure burua izango da, noski: kritikak, gainontzeko genero orok bezala, autobonborako, autobiografiarako eta are autofikziorako zabalik egon behar du.

10.- Ez dituzu besteren ondasunak desiratuko, ezta euskal literaturaren ekoizpenaren konparaketarik egingo, inguruko edo nazioarteko beste literaturarenekin alegia. Gogoratu lehenengo mandamendua zein den, eta babestu maitte duzun hori.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s