Gertakari historikoa euskal literaturan

Gabonetako opor hauetan euskal literaturarentzat historikoa den zerbait gertatu da, jende gutxi ohartu arren.

Halako batean, WhatsApp bitartez eta –imajinatu nahi dut– niri egun erraitsu hauek borondate onez zoriontzeko asmoz, lagun batek poema hau bidali zidan –eta, niri bezala, sartuta nagoen taldeko beste kide batzuei–:

Oharkabean badatoz
Abenduko azken egunak,
Eta gogoan ditugu
Urteak eman dituenak.
Asko ta asko izan dira
Aurtengo gertakizunak,
Batzuetan gauza alaiak
Eta besteetan ilunak.
Baina albora ditzagun
Betiko karga astunak,
Ta etxekoekin batera
Gozatu ospakizunak
Lekua har dezatela
Bake eta maitasunak
Besarkada bat bihotzez
Urte berri on lagunak.

Kirmen Uribe

Poema diot, zeren eta, nahiz eta bigarren irakurraldian argi geratzen den bertso bat dela, zehazkiago, paratestuak –kasu honetan “Kirmen Uribe” sinadurak– poema gisa irakurtzera eramaten du hartzailea, hasiera batean bederen.

Egiletzan konfiantza izatera eramaten duen bezala. Baina berehala hasten dira susmoak. Bigarren irakurraldi ez horren sinesberan errimaz ohartzen da irakurlea, eta nola horrek ez duen bat egiten Uriberen orain arteko estilo poetikoarekin. Testuaren kalitate eskasak gainontzekoa egiten du. Sarean begiraldi bizkor bat eman eta, bai, hantxe dago, ez oso sarrera ugariekin –Googleren arabera, behintzat–, baina anonimo –saiatu naiz interneten eskura dauden bertso-gordailuetan ere bilatzen, baina aitor dut tresnak ez ditudala nahikoa ezagutzen eta agian ez dudala zuzen egin–. Inguruko euskaldun batzuei galdetu eta, bai, haiek ere jaso dute mezu elektroniko, Instagram edo Facebook bitartez orobat, sinadurarik gabe baina. Ez dakit PowerPoint aurkezpenik egin den jada bertso-lerro horien inguruan, dagozkien paisaia elurtsuen argazki goxoez edo agian katutxoez hornituta, baina ez litzateke arraroa izango. Argi dagoena zera da: testuaren oihartzungileetako batek, gutxienez, apokrifo bihurtu duela, euskal egile ezagun bati egotziz. Eta, nik errebotatu ez dudan arren, litekeena dela testua hortik ibiltzea, sinadura horrekin, bere faketasunean bon-bon.

Operazioa bistakoa da, eta behin baino gehiagotan praktikatu izan da, gaztelaniazko alorrean behintzat. Oso ezagunak dira Jorge Luis Borgesi egozten zaizkionak, azken hamarraldi hauetan behin eta berriro azaleratu direnak, Internet zabaldu zenetik batez ere. Horixe da, dirudienez, “Instantes” poemaren kasua, blog honen irakurle batek baino gehiagok ezagutuko duena, apika:

Si pudiera vivir nuevamente mi vida.
En la próxima trataría de cometer más errores.
No intentaría ser tan perfecto, me relajaría más.
Sería más tonto de lo que he sido, de hecho
tomaría muy pocas cosas con seriedad.
Sería menos higiénico.
Correría más riesgos, haría más viajes, contemplaría más atardeceres,
subiría más montañas, nadaría más ríos.
Iría a más lugares adonde nunca he ido, comería
más helados y menos habas, tendría más problemas
reales y menos imaginarios.
Yo fui una de esas personas que vivió sensata y prolíficamente
cada minuto de su vida; claro que tuve momentos de alegría.
Pero si pudiera volver atrás trataría de tener
solamente buenos momentos.
Por si no lo saben, de eso está hecha la vida, sólo de momentos;
no te pierdas el ahora.
Yo era uno de esos que nunca iban a ninguna parte sin termómetro,
una bolsa de agua caliente, un paraguas y un paracaídas;
Si pudiera volver a vivir, viajaría más liviano.
Si pudiera volver a vivir comenzaría a andar descalzo a principios
de la primavera y seguiría así hasta concluir el otoño.
Daría más vueltas en calesita, contemplaría más amaneceres
y jugaría con más niños, si tuviera otra vez la vida por delante.
Pero ya tengo 85 años y sé que me estoy muriendo.

Uf eta uf. Hartu unetxo bat arnasari buelta emateko, bai. Berehala jarraituko dut.

Maria Kodama bere alargunak, une eta leku ezberdinetan, ezeztatu izan zuen idazle argentinarraren egiletza, eta are adierazi Borgesek poema hori idatzi izan balu, istant horretan bertan utziko ziokeela hartaz maiteminduta egoteari. Nahiz eta baieztapen irmo hura –“Si Borges hubiera escrito eso yo habría dejado de estar enamorada de él en ese momento”– agian apokrifoa den, orobat, egoera horrekin lotutako gertaeren ugaritasunak  iradoki lezakeen bezala –Borgesen inguruko liburu baten edizio mexikar erretiratuarenak, Argentinako Córdobako probintziako Villa de María udalerrian gertatutako zorigaiztoko pasarteak, U2ko Bonok Mexikoko telebista batean errezitatu izanarenak…–. Izan ere, gauzak ez daude guztiz argi: Kodamak esan arren testua 1978koa eta Nadine Stair delako batena zela –eta ingelesetik itzuli zela gaztelaniara–, ematen du, Ivan Almeida ikerlariaren arabera, testua 1953ko Reader’s Digest aldizkariaren zenbaki batean argitaratu zela eta Don Herold delako bati egotzi dakiokeela, oraindik lehenagokoa eta beste norbaitena izan daitekeela baztertzen ez badu ere; Sareak eskaintzen dituen “bertsioneatzeko” erraztasunekin, itzulpen formalagoak edo informalagoak egiteko aukerarekin etab., gainera, aldaeren efektua infinituraino biderkatu daiteke –etorkizuneko filologoei eremua dezente zabalduz, edizio kritikoetarako eta kritika genetikoaren ikerketa-aukeren ikuspegitik–. Izan ere, are ilunagoa litzateke “El remordimiento” poemaren kasua, Elena Poniatowskak Borgesi egotzi ziona behin, bere aurrean zegoela, eta Borgesek ukatu ez zuena, nahiz eta susmoak berdintsu dauden banatuta alde batera zein bestera. Borges, bere buruaren apokrifolari? Ez litzateke horren bitxia izango, bere ibilbidea ezagututa.

Borges, jakina, ez da izan halako operazioen biktima bakarra: Gabriel García Márquez –“Trece líneas para vivir”, eta bere testamentu gisa aurkeztu zen “La marioneta”… – edo Pablo Neruda –“Muere lentamente”– izan dira beste batzuk; pentsatzen dut gehiago egongo direla. Auskalo zenbat irentsi ditugun benetakoak balira legez.

Ez dakit ze puntutaraino den mundu hispanikoaren ezaugarri bat, edo halakoak beste hizkuntzetan gertatzen diren orobat. Baina gu –sentitzen dut– mundu hispanikoaren zirkuluaren barruan gaude, Hego Euskal Herrian behintzat, eta, alde horretatik, halako kasu baten lehenengo agerpena izango litzateke Uriberen fake poem honena: nik dakidala halakorik ez zaio egotzi, aurretik, ez Bernardo Atxagari ezta Joseba Sarrionandiari ere –halakoetarako izen ebidenteenak irudituko litzaizkidakeenak, printzipioz–, ezta euskal letren unibertsoko beste inori ere –berriro diot, nik dakidala, ez bainuke, badaezpada, lepoa egingo: ohiko euskal adanismoaren arriskuez aspaldi ohartu nintzen, beraz, norbaitek aurrekariren baten berri balu, blog honen leihoak irekita izango lituzke, zer esanik ez…–. Eta historikoa dela deritzot, ze horrek esan nahiko luke Uribek nahikoa estatus garaia lortu duela egozte-operazio biral horietako baten subjektu pasibo izateko, hots, sinadura prestigiotsu baten atzean babestuz mezu jakin bat –kasu honetan urte berrirako desio onak– “literarioki” zabaldu nahi duen norbaiten –edo norbaitzuen– tresna izateko. Eta euskal gizartea –euskarazko gizartea– prest dagoela mota horretako mezu-kateen kontsumitzaile izateko, baita gure Uholde aurreko hizkuntza beneragarrian ere –hots, agian une historikoa da ez soilik euskal literaturarentzat, baizik eta baita euskararentzat ere: Poziktibity!!!–.

Beste kontu bat litzateke aukeratutako formaren gaineko hausnarketa, euskal kasu –agian– bakan honetan ez dena poema “konbentzional” bat edo “prosa poetiko” bat izan, aipatu Borges eta enparauenean bezala, baizik eta –zer eta– bertso bat. Irudipena daukat horrek ere dezente esaten duela gure kulturaren egoeraz, eta gure balizko kultur kontsumoaren pautez eta patuez. Baina utz ditzadan horren ingurukoak beste une baterako, edo, hobeto, betirako isil nadin –performatiboki isildu ere: idatziz, ahotsaz eta gorputzaz–.

Bitartean, eta Uriberi egotzitako “Oharkabean badatoz…” horrena aurreneko kasua dela konfirmatuko balitz, soilik berrestea une historiko baten aurrean geundekeela, 2014ko efemeride literarioetan beste berri askok baino leku zabalagoa mereziko lukeena alajaina.

[Addendum: sare sozialen elkarlanerako gaitasunari esker, gaiarekin harremanatuta egon daitezkeen aztarna gehiago iritsi zaizkit, adanismoarekin izan behar den zuhurtziarena berretsiz. Alde batetik, Xabier Mendigurenek aipatu du Luis Berrizbeitiaren kasua, zeinaren poema batzuk, Fermin Eguren ezizenaz sinatuak, Joseba Sarrionandiari egotzi baitzitzaizkion duela hiru bat hamarraldi; Berrizbeitiaren apokrifotasunerako eta pastixerako joera ezagututa, ez da harritzekoa, baina kasu hau –sare sozialen erabileraren garrantzia alde batera utzita– pixka bat ezberdina iruditzen zait, ze atribuzioa ezizen bat “desmaskaratzeko” xedearekin egingo zen –hanka sartu bazen ere–, ez huts egitez edo jakinaren gainean, Borgesen eta enparauenean bezala. Jorge Etxaguek, bestalde, Lauaxetari egotzitako gaztelaniazko “azken poemaren” auzia ekarri du gogora –Bernardo Atxagak Anaitasuna aldizkarian 1977an argitaratu zuen legez–, baina berez Ismael Cerna poeta guatemalarrarena litzatekeena. Hori, edonola ere, internet aro aurreko adibidea da, orobat. Bide bat zeinetatik gehiago zabaldu baita, bestalde, Ana Isabel Morales itzultzaileak gogorarazten didan bezala, eta gaztelaniaz kanpoko adibide bat gehitzearren, Bertolt Brechtenena balitz bezala berez Martin Niemöller artzain protestantearen “Naziak komunisten bila etorri zirenean…” olerki famatua, eta zeinaren zabalkuntzaren eta atribuzio ezberdinen historia benetan baita bihurria. Josu Goikok José Saramagori faltsuki –eta, gehitzen dut nik, dorpeki– egotzitako beste honen berri eman dit: “Definición de hijo“. Eta hari horietatik tiraka Facebookeko orrialde honetara iritsi naiz, benetako meatzea dena: Textos Apócrifos,Tomas Eloy Martínezen aipu esanguratsu –eta, espero dezagun, benetako– hau duena buru: “Tamala da margoen horren faltsifikatzaile onak egotea, eta literaturakoak ezin txarragoak izatea”.

Bide batez, Moralesek berak anekdota bat kontatzen du, oso argigarria dena, eta hemen planteatutako kasuaren historikotasuna finkatzeko primeran datorkidana, joera bat dagoela iradokiko bailuke: Christina Rossettiren poema bat euskaratu, eta lagun baten amaren hiletan irakurri zuen; gero, pertsona batek hala esan zion Moralesi poemari buruz: “Oso ederra; Kirmen Uriberena, esan didatenez…”. Edozein modutan ere, eskerrik asko lauroi, Xabier, Jorge, Ana Isabel eta Josu, testutxo hau aberasteagatik].

Advertisements

6 thoughts on “Gertakari historikoa euskal literaturan

  1. Eskerrik asko, Alberto, zure ekarpenagatik.
    Gogoan nuen zure artikulua, eta istorioa, ze ona. Baina hori gehiago dago, esango nuke, Garai de Monglave eta “Altabizkarko kantuaren” tradizio ossiandarrean, ezta? Hau pixka bat ezberdina dela esango nuke, beste azpimultzo batekoa: testu bat, amultsu bezain dotore-ustea edo autolaguntza kutsukoa, zeinari egiletza “garai” bat esleitzen baitzaio.
    Hala ere, apokrifoen familia handiaren baitakoak guztiak. Ondo izan!

  2. Polita, Iban.

    Dena den, ez zait garbi geratu zein den zure hausnarketaren xedea, testu-faltsafikazioak edo egile-mistifikazioak. Niri, egia esan, lehenak ez didate emozio handirik sortzen, baina bigarrenak bai, askoz ere alaiagoak begitantzen zaizkit.

    Adibidez, hona aurreko astean kasualitatez irakurri nuen mistifikazio-zerrenda (mistifikatu/mitifikatuen literatur-printzea du gaitzat, Oscar Wilde):

    http://www.theguardian.com/books/2007/aug/29/oscarwilde.bestbooks?CMP=share_btn_tw

    Mitoa gauza ederra da gehienetan. Edo, gutxienez, badira mito atsegin eta pozgarriak, adibidez Olentzero.

    Mito atseginak sortzearen alde.

  3. Eskerrik asko, Pruden. Bueno, blog honetako “Gauzatxoak” ataleko sarrerek ez dute izaten helburu argi eta zehatz bat. Gertakari literarioen edo paraliterarioen inguruko burutazioak dira, gehienetan.
    Ni ere mito atseginen alde, bestalde. Eta eskerrik asko The Guardian-eko estekagatik!

  4. Zalantza ergel bat: galdetu al diozu ustezko egileari? (Maltzur izan nahi gabe, “Jainko txiki..”-ren testu batean edo bestean erabiltzen du molde hori.)

    • Ba, egia esan, ez zait bururatu ;-). Eta bai, arrazoi duzu. Are esango nuke “Jainko txiki eta jostari hura” baino lehenago ere molde hori erabili izan duela, “Zaharregia, txikiegia agian”-en, gutxienez (“Bar Puerto”-n ez dut uste, ez bere uztakoak behintzat, baina bai, memoriak huts egiten ez badit, jatorri herrikoikoak), kantagintza alorrean egin duen lana ahaztu gabe. Baina bere ildo nagusia ez dela esan nahi nuen, edonola ere.

      [Erantzunen bat gehiago egon da, eta argitaratuko nuke, baina, tamalez, ez ditu betetzen blog honen baldintzak, eta blog honetatik bidali zaion mezua ezin izan du jaso egileak, ipintzen zuen helbide elektronikoa faltsua zelako].

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s