Hiru disko hirukoitz (eta azken orduko bat gehiago!)

Ba al dago disko bikoitz bat baino gauza astunagorik? Zalantzarik gabe: disko hirukoitz bat. Bakarlari batek edo talde batek disko hirukoitz bat grabatzen duenean, bietarik bat: edo bere buruarengan konfiantza amaigabea dauka, edo bere karreraren gainbeheraren hasierara iritsi da; askotan, batera gertatzen dira gauza biak. Rock musikaren arloan 70eko hamarkadako gehiegikeriekin bat hasi ziren halakoak produzitzen –entziklopedien arabera, aurrenekoa Woodstockeko festibala jasotzen zuena izan zen, 1970an argitaratua–, eta orain ikusgarritasuna galdu duten arren –garai bateko disko hirukoitz gehienak CD bikoitz batean sartzen dira egun, eta, edonola ere, CDen araberako neurketak egiteak ez dauka, agian, zentzurik jada, Spotifyren aroan–, omenalditxo bat egin nahi nieke hemendik mastodonte haiei.

George Harrison, All Things Must Pass, Apple, 1970.

Disko honek zaplastako bat izan nahi zuen gainontzeko ex-beatleen masailetan –agian horregatik da hain zuzen hirukoitza? –, eta baita lortu ere. Krishna goratzen eta buenrrollismoa zabaltzen ahalegintzen den lan posthippy hau, paradoxikoki, frustraziotik eta erresuminetik abiatu zen –aipatu dugu duela gutxi: erresumina da artisten aberri komun bakarra–, eta Liverpooleko taldean zegoen garaian Lennonek eta McCartneyk –kabroi horiek!– onartu ez zizkioten zenbait kanta sartu zituen bertan Harrisonek: horra hor luzeraren beste arrazoi bat. Kontua biribiltzeko, Phil Spectorren produkzio gehiegizkoarekin burutu zen, eta, ezinbestean, are abestirik sinpleena haren “soinu-horma” famatuaz dator hornituta. Disko hirukoitz gehien-gehienek bezala, urrezko arau bat betetzen du honek ere: hirugarren diskoa, osoki ez bada nagusiki, betelanezkoa izatea; kasu honetan, Harrisonek bere amigoteekin (Eric Clapton, Ginger Baker…) egindako “jam-session” amaigabe bat, lau “abesti” luzek eta txantxa batek osatua. Errematatzeko: “My Sweet Lord” single arrakastatsua  plagio “inkontziente” bat zela ebatzi zuen epaile batek. Edonola ere, ziurrenik beatle ohi batek inoiz grabatutako albumik onena da hau, “Wah-Wah” eroak, “Let It Down”-ek, edo lanari izena ematen dion kantak berak argi uzten duten bezala. Must bat, zalantzarik gabe.

The Clash, Sandinista!, CBS, 1980.

Egongo da eskandalizatuko denik, baina ozen esango dut: maiteago dut disko hau London Calling baino. Agian gehiegitan entzun dugulako London Calling: disko hirukoitzek alde on hori dute, haien handikeria bera maizegi jartzearen kontrako antidoto ezin hobea dela –are gehiago biniloa baldin baduzu–. Gainera –akaso CBS bezalako multinazional nazkagarri batentzat lan egiteak sortzen zion kontraesana arintzeko–, taldeak bikoitz baten prezioan sal zedila lortu zuen, diru gutxi genuenon betiereko esker ona eskuratuz, musika oraindik erosten zen garai urrun haietan. Diskoa “pout-pourri” bat da, The Clashek inoiz grabatu zuen eklektikoena, denetik baitu: rocka, reggaea eta punk zantzuak, noski, baina baita popa ere, eta disco music-aren, jazzaren  eta are rap goiztiarraren oihartzunak; Mano Negra, Fermin Muguruza eta haien epigono “mestizo” eta “enroilatu” guztiak disko honetatik datoz, zuzenean edo zeharka: hori eskertu beharko diogu betirako, eta hori aurpegiratu beharko diogu betirako, orobat. Hemen ere hirugarren diskoa betelanezkoa dela esango dute batzuek –bertan kontzentratzen dira lehenengo bietako kanta batzuen dub mutazioak–, baina kostatzen zait betelanezkotzat jotzea “Lose This Skin”, “Charlie Don’t Surf” edo “Career Opportunities”-en bertsio aingerutar horren gisako kantak dituen binilo bat. Eta bi lehenengoek, esan gabe doa, ez dute desperdiziorik. Batere.

The Magnetic Fields, 69 Love Songs, Merge, 1999.

Hau da, “sarda” honetan, benetako “disko hirukoitzat” har daitekeen bakarra, gaurko parametroen arabera: hiru CD hiru, eta –bai– 69 kanta, love hori oso terrenala dela aditzera ematen digun zerbait, akaso. Stephin Merritt (New York, 1966) kantariaren talde nagusia da The Magnetic Fields  –nagusia diot, “bakarkako” diskoez gain, beste hiru talde paralelo dituelako gutxienez!–; 69 Love Songs izango litzateke, aditu gehienen ustez, bere orain arteko gailur kreatiboa. Genero askotatik edaten duen arren, hau pop album bat da guztiz, Fermin Etxegoienen poparen definizioaren arabera behintzat. Kanta gehienak laburrak dira –2-3 minutukoak–, eta motiboak sinpleak eta zuzenak, abesti askoren asmoa ironikoa bada ere; Merritt, bestalde, gay da, eta ederki azpimarratzen du hori, umorez  askotan. Kanta batzuetako konponketak konplikatuak dira, eta beste batzuk Merrittek hain maite duen techno-popera hurbiltzen dira, baina lanaren izpiritua lo-fi da oro har, eta onartzen dut agian kostatuko zaiola bertan sartzea ildo hori –eta kantariaren ahots grabea– gustuko ez duenari. Baina, betekadarik hartu gabe, merezi duelakoan nago: entzun, adibidez, “I Think I Need A New Heart”,  “When My Boy Walks Down the Street”,  edo “The Death of Ferdinand de Saussure”, eta esango didazue.

[Testu honen lehen bertsioa Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2009ko irailean]

Eranskin gisa:

Berri Txarrak, Denbora da poligrafo bakarra, Only In Dreams 2014.

Aukera on bat galdu dut nire garai hartako “hiru disko” saileko artikulua biribiltzeko azken orduko ekarpen batekin, aurtengo Berri Txarrak taldearen hirukoitzarekin hain zuzen ere, Iñigo Zendegik gogorarazi didan bezala. Eskerrak blog hau, edonola ere, work in progress bat den eta hutsak zuzendu daitezkeen. Denbora da poligrafo bakarrak ondo merezi duelako, disko hirukoitzak garai batean baino are bitxikeria handiagoa bihurtu diren honetan. Nik, aitor dut, ez dut oso hurbiletik jarraitu Berri Txarrak-en karrera: kañeroegiak nire pop bihozñoarentzako. Baina taldearen garapenerako eta hazkunderako ahalegina –eta independentzia– errespetuz ikusi izan dut beti, eta oraingoan, gainera, “Helduleku guztiak” azpi-diskoan eman duten jira poperoarekin, konbentzitu egin naute: “Lemak, aingurak” bezalako single biribila ez dago edonoren eskura, baina bigarren disko osoa iruditzen zait, oro har, belarrientzat opari. “Sutxakurrak” azpi-disko metaleroagoa ondo entzuten da, baina it’s not my cup of tea. Eta “Xake-make kultural bat” atalak, bere hurbiltasun punkzalearekin, urrezko amaiera ematen dio lanari: bertan dago, niretzat, hirukoitzaren harribitxietako bat, “Orain norbait zara“, kontzientziaren ahotsaren ordezko gisa behin eta berriro erabili daitekeen kanta horietako bat. Artworka, bestalde, erakargarria da oso, azal Hipgnosis-zale eta guzti –nik bezalako zaharrunoek apreziatzen dakigun zerbait–. Artikuluaren sarrera burlati samarrean esaten nuena gogora ekarriz, ezin jakin, beste kasu batzuetan gertatu bezala, hirukoitz hau bere buruarengan konfiantza amaigabea daukan talde baten emaitza den, edo Berri Txarrak-en karreraren gainbeheraren hasiera. Ziurrenik ez bata ez bestea, zorionez: azken finean, hau ez da benetako hirukoitz bat, ez baita hiru LPren batuketa, hiru EPrena baizik. Edozein modutan ere, 2014ko euskal musikako lanik inportanteenetako bat.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s