Aritz Gorrotxategiren artikuluaren harira

Oso interesgarria iruditu zait Aritz Gorrotxategik Grand Place Mario Onaindia Fundazioaren aldizkariaren lehenengo zenbakian argitaratu duen artikulua “Boterearen itzala euskal literaturan” izenburarekin, Hitzen Uberan atariak zabaltzen lagundu duena, eztabaidatxo batekin batera gainera. Gauza batzuk gehiago gustatu zaizkit beste batzuk baino, zer esanik ez, baina nik uste dut Gorrotxategiri eskertu behar zaiola egindako ahalegina. Gure literaturaren urmael geldietara komeni da noizean behin harri bat jaurtitzea.

Gustatu zaizkidan gauzen artean:

-Euskal literaturaren historiaren ikuspegi alternatiboa, erreakzioaren historia bat bezala alegia. Egia da ñabardura batzuk egin dakizkiokela, “teologia liberalaren” zama agian handiegia dela bertan (Azkoitiko zalduntxoen goraipamen klasikoa eta guzti, kontuak izan zituen alde ilunak albo batera utzita), eta Lizardiren eta Lauaxetaren zantzu abangoardisten azpimarra gehiegizkoa iruditzen zaidala (beti susmatu dut egungo kritika unibertsitarioaren gaininterpretaziorako joeraren ondorio direla, neurri handi batean), baina, oro har, oso talaia erakargarria iruditu zait.

-Ezker abertzale literarioak Gabriel Arestirekin egindako patrimonializazioaren salaketa (bahiketa bat beste alde batzuetatik ere egin nahi izan dena, Vidal de Nicolásen edo Agustin Ibarrolaren ahaleginek frogatzen duten bezala, baina askoz ere arrakasta gutxiago izan dutenak, edozein modutan ere). Nik uste dut gutxi hitz egiten dela honi buruz, eta niri ere gure letren fenomeno paranormalenetako bat iruditzen zaidanez (Iker Jimenezek programa bat zor digu honi buruz), Gorrotxategiri gaia atera izana eskertu behar diogula iruditzen zait.

-Artikuluaren tonu neurritsua eta eruditua. Ez gaude hain ondo ohituta, ingurumariotan. [Egia da, lagun batek testu hau argitaratuta zegoela ohartarazi didan bezala, ez dela zuzena kokatzea Joana Albretekoa eta Leizarraga Oihenarten aurretik, kronologikoki –”Oihenartek tradizio horri jarraitu nahi izan zion, gerora Nafarroan Albreteko Joana eta Leizarraga egiten saiatu ziren bezala”–, baina ziur nago akats ergel bat dela, denok egiten ditugun horietakoa, eta, nik irakurri nahi izan dudan bezala, “lehenago” ipini nahi zuela Gorrotxategik].

Horrenbeste gustatu ez zaizkidan gauzen artean:

-Esparru historikoa abandonatu bezain laster salaketak eta susmoak generikoak bihurtzen dira: izen-abizenak eta izenburuak desagertzen dira; gogoratzen dut irakurri nuen lehenengo aldian horixe pentsatu nuela: “yastamos”. Eskerrak Gorrotxategik, Hitzen Uberanekoaren erantzunetan, zehaztasun gehiago ematen dituen (Hedoi Etxarte eta Lander Garro, hartzekoen zutabean; Luis Garde, Izaskun Gracia, Hasier Larretxea edo Ixiar Rozas, zorrenean). Baina hasieratik argiago izan balitz iruditzen zait eztabaida aberasgarriagoa suertatuko litzatekeela. Nahiz eta ez den berez erraza, badakit, izen-abizenez seinalatutakoa edozein kale-kantoi ilunetan aurkitzeko aukeren portzentajea horren altua den gure mikroaberrian…

-Hipotesi orokorrarekin bat egiten ez duten salbuespenen ahokatzea zaila iruditzen zait. Maila historiikoan zer egin daiteke Bilintxekin, adibidez, zeinak, liberala eta literaturaren ikuspegitik nahikoa “autonomoa” den arren, prestigio eta presentzia dezente izan baitu beti euskal literatur imajinarioan? (Jean Etxepare medikuaren kasua hor dago, orobat, baina egia da gaur egun nahikoa aldarrikatua den arren, idazle marginal bat izaten jarraitzen duela). Edo (gure garaikidetasunera etorriz) “autonomiaren belaunaldiko” izarrekin, hots, Saizarbitoria, Lertxundi, Urretabizkaia eta Atxagarekin? Edo Jokin Muñozen edo Itxaro Bordaren kasuekin? Edo Kirmen Uribe eta Karmele Jaiorenekin? Bide batez, eta Hitzen Uberaneko eztabaidatxoa gogoan (Juan Luis Zabalarekin ados nago horretan), niri ez zait iruditzen Ixiar Rozas bezalako egileak azpibaloratuak daudenik (inondik ere). Eta zaila egiten zait horiek guztiak “araua konfirmatzen duten salbuespentzat” hartzea…

Argitaletxeen panorama eta sailkapena, bestalde, ez da hain erraza egiten, ez behintzat 1990eko hamarraldiaren amaieran edo 2000koaren hasieran egin zitekeen bezala. Gauza asko gertatu dira orduz geroztik, eta Alberdaniaren desagerpena ez da txikienetako bat izan. Argi dago Elkarrek, bere banakuntza eta xehekako merkataritza sareari esker, inperioa izaten jarraitzen duela, gure neurrian noski, baina ez zait iruditzen horrek estimu literario orokorrean gora egitea ekarri dionik (kontrakoa esango nuke). Oro har argitaletxe guztiek, salbuespenik gabe, plazaratzen dituzte, bakoitzak dagokion eskalan, lan komertzialak (edo komertzial-gurak), lan arriskatuak (edo ez horren ebidenteak), eta literatura izena nekez merezi duten produktuak ere (alde horretatik agian misterio bakarra Susak giro askotan mantentzen duen prestigioarena litzateke, ohar labur hau eta Gorrotxategiren artikulua baino analisi sakonagoak mereziko lituzkeen zerbait…).

Ez da konspirazioaren teoriaren susmora jo behar idazle batzuen bazterketa eta beste batzuen goraldia azaltzeko; oro har, ez da konspirazioren teoriara jo behar sekula, ariketa erakargarria eta are mamitsua izan daitekeen arren. Aldagai gehiago egon daitezkeelako, “nazio eraikuntzarenaz” gain, liburu baten edo ildo literario oso baten “arrakasta” edo “arrakasta ezaren” atzean (“arrakasta” labainkor hori definitzera sartu gabe). Zeitgeista, generoa, promozioa, unea, adina, ibilbidea, giroa, erraztasuna, moda, ingurumaria, zoria, kritika, luzera, berritasun maila, kalitatea… hori bezain erabakigarriak (edo erabakigarriagoak) izan daitezke. Alde batera utzi gabe euskal literaturari dagokionez, behintzat, erdigune eta periferia bat baino gehiago daudela, gainjartzen direnak maiz: linguistikoa, geografikoa, sexuala, instituzionala, politikoa…

Arazoa da (hori artikulua bera irakurrita ondorioztatzen zen, eta argiago geratzen da izan dituen erantzunak irakurrita, batez ere Gorrotxategirenak berarenak) ze puntutaraino estaltzen duen artikuluak erresumin moduko bat, “pentsamenduaren poesia” autoizendatutako ildo literarioa osatzen duten egileen aldetikoa alegia (Gorrotxategi bera, Felipe Juaristi, Pello Otxoteko eta Juan Ramon Makuso, noizean behin manifesturen bat plazaratzen dutenak, eta urtero izen bereko jardunaldiak antolatu izan dituztenak Euskal Herriko zenbait tokitan), nahikoa arrakasta edo presentzia ez dutelako alegia. Eta, Felipe Juaristi prezeski ezezagun bat ez dela alde batera utzita, onartuko didazue (errespetu osoaz esanda, eta justizia kontuak parentesi artean ipinita) “pentsamenduaren poesia” bezalako zerbaitek oihartzun izugarria lortzea zailxeagoa dela, garai turbokapitalistaotan, kutsu autobiografiko sakoneko nobelek baino. Esaterako.

Bestalde, oso ulergarria, oso humanoa iruditzen zait frustrazio hori. Azken finean, literaturgileon aberri bakarra erresumina da. Aberri komun bakarra, alegia.

Posteritatearen aitortzaren itxaropena gelditzen da, noski: justizia poetikoarena, erredundantzia onartzen bazait. Baina ondo dakigu hori ez zaigula bereziki asegarria. Eta, Orson Wellesek zioen bezala, “diruagatik lan egitea bezain arrunta da posteritatearen xerka ibiltzea”.

Edonola ere, ez dakit ze puntutaraino merezi duen horretan gehiegi iraulkatzeak, tentazioa gozoa den arren. Agian eztabaida-eragile bihur daitekeelakoan, kasu honetan bezala. Baina ez askoz ere gehiagotan, ziurrenik.

Azkenik, eta berriro ere, eskerrak eman nahi dizkiot Aritz Gorrotxategiri eztabaida plazaratzeko ekimenagatik.

Advertisements

4 thoughts on “Aritz Gorrotxategiren artikuluaren harira

  1. Kaixo, Iban. Eskerrak eman nahi dizkizut zuri ere gaiari seriotasunez eta zorroztasunez heltzeagatik. Zehaztapen batzuk egiten saiatuko naiz:

    Salaketa eta susmo generikoei dagokionez, gerta liteke batzuetan gure buruan nahiko garbi dugula nori buruz ari garen edo ari gaitezkeen. Kasu honetan, egia da erantzunen bidez zehaztapen gehiago eman ditudala, eta, ziur asko, horrela komeni zela.

    Salbuespenen ahokatzeari buruz, ez nuen esan nahi ezaugarri bakarra ideologikoa denik. Izan badira beste baldintzatzaile batzuk, zerorrek ere aipatzen dituzu, baina, nire ustez, ideologikoak pisu berezia dauka. Horregatik hartu dut hizpide. Hain zuzen ere, gure kanonaz hitz egiten dugunean (eta denok ditugu buruan, bereziki sari nazionalen harira, kanonaren inguruan han-hemenka irakurritako iritzi eta argudioak) zalantzak pizten zaizkit zer ote dagoen “gure” horren atzetik. Behin eta berriz errepikatu den auzia da. Kanona geuk erabaki behar dugula, ezin digutela kanpotik inposatu. Botere borroka bat ikusten dut hor gehiago, borroka literario bat baino gehiago. Literaturaren bidez ikuspegi jakin bat (edo batzuk) emateko borondatea. Literatura bitarteko gisa ulertua, eta ez helburu gisa bere horretan. Hortik ikuspegi alternatiboarena (“Gero”, “Peru abarka”, Garoa…). Niri borroka literarioa izatea gustatuko litzaidake, baina badakit zaila dela.

    Ez dut uste konspirazio teoriarik mahai gainean jarri dudanik, baina zurekin bat nator Susak giro askotan mantentzen duen prestigioari dagokionez. Prestigioari bakarrik ez, baita lehentasunari eta hedadura-mailari dagokionez ere. Nire ustez, hor dago gakoa, eta hor pizten zaizkit zalantzak, zer ote dagoen hauspotze horren atzetik. Hots, era berean, nabarmentzeko modukoa iruditzen zait Juan Luis Zabalak Etxepareren bidaiekiko agertutako kexa (ez hainbeste Euskadi sariekiko, hor ez gatoz bat). Irudipena dut hor ere egon daitezkeela gardentasuna kolokan jartzen dituzten faktoreak eta boterekeria zantzuak. Eta uste dut garai berri hauek gardentasunarenak behar dutela izan.

    Erresuminari buruz, ez dut ukatuko erresumin puntu bat ez dagoenik, baina nekez hartuko nukeen erresuminagatik bakarrik artikulua idazteko hartu dudan lana. Nolanahi ere, bat nator zurekin, eta neu ere aspaldi ohartuta nago Pentsamenduaren poesia gauza minoritarioa dela. Jakina ez naizela horregatik sumintzen. Uberaneko txokoan aukera askatasunaz niharduen, eta horrek bai eragiten didala erresumina. Zortzi urte egin ditugu jardunaldi, hitzaldi eta errezitaldiak antolatzen, euskaraz zein gazteleraz poeta interesgarri (hasiberri zein kontsakratu) eta mamitsuak biltzen. Hala ere, euskarazko medioetan (bereziki Berrian) apenas izan duten oihartzunik gure ahaleginek. Aldiz, beste ekimen jakin batzuek (Literaturia dut buruan, esaterako) puxika ia lehertzerainoko zabalkundea jaso dute. Hor desoreka nabarmena dago. Ez da nire asmoa bi ekitaldiak parekatzea, bakoitzak bere ezaugarriak baitauzka, baina ikusita zenbaterainokoa den desoreka hori, aitor dut horrek errezeloa pizten didala. Susak duen prestigioarekin lotuta egon liteke, eta, jakina, ideologia jakin baten mesedetan egindako propagandarekin. Nire perzepzioa da hori.

    Bukatzeko, berriro eman nahi dizkizut eskerrak nik idatzitakoari seriotasunez heltzeagatik.

  2. Kaixo, Aritz:

    Zuk diozu: “… nabarmentzeko modukoa iruditzen zait Juan Luis Zabalak Etxepareren bidaiekiko agertutako kexa”. Baina nik ez dut inongo kexarik agertu. Nik diodana da Etxepareren bidaietara inor ez dela joaten eraikuntza nazionalaren ikuspegitik idazteagatik. Eta hori hala izatea ez da, jakina, kexarako motiboa; hori hala izatea zuzen eta bidezkoa da.

    Bestetik, beharbada arrazoi duzu diozunean BERRIAk ez diela behar adinako garrantzirik eman Pentsamenduaren Poesiaren jardunaldiei. Baina ez ahaztu gauza bera pentsatzen dutela beren ekitaldi edo sormen lanei buruz beste askok eta askok (eta hamar idazletik bederatzi eta erdik).

    Literaturia eta Pentsamenduaren Poesia konparatzen hasiz gero (konpara daitezkeen neurrian), antolakuntza maila ere oso kontuan hartzekoa da. Lehenak maila profesionaleko antolakuntza dauka; bigarrenak guztiz amateurra. Adibidez, Literaturiak, kazetarioi informazioa bidaltzeaz gain, BERRIAko marketin arduradunekin hitz egiten du, urtero gehigarri bat kaleratzeko. Horrekin esan nahi dut gauza interesgarriak egiteaz gain, horiek ikusgarri izan daitezen lan egitea ere garrantzutsua dela. Lehen ere esana dizudan bezala, nire ustez, kazetariok (eta barkatuko didate nirekin ados ez dauden lankideek) aurreiritziekin funtzionatzera kondenatuta gaude neurri handi batean, lantzen dugun errealitatea erabateko sakontasunez ezagutzea ezinezkoa zaigulako.

    Dena den, eskertzen dizut oharraren zehaztasuna. Kontuan hartuko dugu (edo dut behintzat; besterik da taldean kasu egingo didaten) Pentsamenduaren Poesiaren hurrengo jardunaldietarako.

    Susaren ustezko prestigio puztuaz, ba… akaso arrazoia izango duzu(e) horretan ere. Baina niretzat, lehen ere esana dizudan bezala, euskaraz sortutako lanei dagokienez, Susa zazpi argitaletxe serioetako bat da, ez gehiago eta ez gutxiago. Beste seiak hauek dira: Elkar, Erein, Maiatz, Pamiela Utriusque Vasconiae eta Txalaparta. Horiei puntualki Edo! gehi dakieke, edo pareko besteren bat. Autoeditatutako liburu bikainak izan daitezke hortik zehar, baina egileek jakin behar dute handicap batekin iristen direla plazara, hedabideetan agertzeko aukerei dagokienez behintzat.

    ,

  3. Kaixo, Juan Luis.

    Asko eskertzen dizut gauzak azaltzeko ahalegina eta sinzeritatea.

    Zure azalpenek argi pixka bat egin dutela iruditzen zait. Badakit ekitaldi guztiei merezi duten espazioa ematea zaila dela, eta idazleok oso berezkoa dugula gure zilborrari bakarrik begiratzea. Zuk esan bezala, gauza interesgarriak egiteaz gain, sormen-lan hori saltzea ere izan daiteke gakoa. Marketinga alegia. Horrek, hain zuzen ere, azal dezake ekitaldi bataren eta bestearen arteko desoreka. Bistan da gurean badirela, izan, halako marketingik ez duten idazleak, minduta ere senti daitezkeenak. Agian, argitaletxeei dagokie lan hori egitea. Aztertzeko moduko gai bat da.

    Aurreritziei dagokionez, ulertzen dut zer esan nahi duzun (eta badakit zuk esandakoa ez dela batere politikoki zuzena), baina, ziur asko, “aurreritzi” hitza bera ez da oso egokia hori definitzeko. Kazetariok “aldez aurretiko jarrera” edo predisposizio bat baduzuela esan liteke, dena ezin baituzue abarkatu, normala den bezala.

    Nik perzepzio batzuk nituen, eta zenbait zalantza, eta agian batzuei plazaratzeko modua gogorra edo gordinegia iruditu bazaie ere, uste dut osasuntsua dela gauzak zalantzan jartzea, kritika egitea, kanonaren berrikuspen bat planteatzea eta gauzak hobetzen jarraitzeko ahaleginean segitzea. Eta boterekeria susmoak usatzen baditugu, bateko nahiz besteko, askoz hobe. Lehen ere esan dut zaila dela, baina irizpide literarioetan zentratzea da kontua. Eta denok berdintasunean kabitzeko moduko sistema literario bat eraikitzea.

    P. D.: lehen ere esan dut, eta berriz errepikatuko dut. Ni ez nago “nazio eraikuntzaren” ikuspegitik idazten duten idazleen kontra. Idazle jakin batzuek duten oihartzun edo presentzia gehiegizkoak sortarazten dizkit zalantzak (beste batzuek bizi duten isiltasunaren kaltetan). Are gehiago, estimuan ditut ikuspegi horren ingurumarian kokatzen diren hainbat idazle: Jon Alonso, Edorta Jimenez, Lutxo Egia, Juanra Madariaga edota Igor Estankona kasu.

  4. Zehaztapen txiki baina garrantzitsu bat, Aritz:

    Zuk diozu (nire hitzak hartuz): “Zuk esan bezala, gauza interesgarriak egiteaz gain, sormen-lan hori saltzea ere izan daiteke gakoa. Marketinga alegia”. Hori ulertu baduzu, ez dut onso azaldu esan nahi nuena.

    Kontua ez da soilik saltzea jakitea, marketin ona egitea. Marketina antolakuntzaren parte bat baino ez da, eta antolakuntza lan on bat da (edo izaten da askotan behintzat) marketin onaren funtsezko oinarria. Antolakuntza bera da garrantzia duena: zer antolatzen den, nola, norekin hitz eginda, noren parte-hartzea eta konplizitatea lortuta…

    Literaturiaren antolatzaileek sektoreko arlo guztietako eragileekin hitz egiten dute, argitaletxeak beren liburuekin bertaratzea lortzen dute, idazleak ere han izaten dira nahiko kopuru handian, irakurle klub askotako kideak ere bai… Antolakuntzaren mailak lortzen du Literaturia ekitaldi indartsua izatea (erlatiboki indartsua, jakina, euskal literaturaz ari gara…), benetako “ebento” bat. Horri esker, askoz errazago da, jakina, Literaturiaren marketina egitea, Litereaturia “saltzea”. Askoz errazagoa da, adibidez, egunkari batek Literaturiari buruzko gehigarri berezi bat argitaratzea.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s