“Bi literatur hizkuntza, bi mundu?” erreportajerako galdetegiaren erantzunak

[Joan den larunbatean Territorios gehigarrian Aritz Gorrotxategik argitaratu zuen “Bi literatur hizkuntza, bi mundu?” erreportajerako galdetegi bat jaso nuen, eta baita erantzun ere. Egunkariko testuan, normala den bezala, nire arrapostuen laburpenak jaso ziren, beste idazle batzuenekin batera. Hemen, artikuluaren egilearen baimenarekin, nire erantzun osoak argitaratzen ditut].

1) Gurean, euskara eta gaztelania bi mundu kultural ezberdin eta isolatu dira ala badago zubirik bien artean?

Nik ez nuke esango mundu isolatuak direnik; bai erlatiboki autonomoak ordea. Eta autonomoagoa gaztelaniarena euskararena baino, oro har, hor aldaketa zantzuak dauden arren. Logikoa da, neurri batean: euskal irakurleak, eta euskal idazleak beraz, sarbidea du, elebiduna den neurrian, bere parekide elebakarrek irakurtzen eta idazten duten guztira; kontrara ez da gertatzen, edo gutxiago gertatzen da behintzat, hori da nire susmoa. Beste kontu bat da ea hemengo erdal idazleak irakurtzen ditugun: azken batean, sistema literario nagusiago baten azpisistema diren heinean, agian gehiago jotzen dugu sistema nagusiko lehenengo figuren lanetara, eta ez gure idazle gaztelaniadunenengana (edo frantsesdunenengana). Zubiak dauden? Gero eta gehiago, pixkanaka: elebidun pasiboen kopuruaren hazkundea (hots, agian euskaraz aritzeko gaitasun handirik ez duen jendea, baina ulertzeko kapaz dena) nabarmena da, eta horrek, zalantzarik gabe, zubi berriak irekiko ditu; bestalde, badaude idazleak paper hori betetzen dutenak, Pedro Ugartek edo Txani Rodriguezek bezala, euskarazko literatura ezagutzen dutenak, eta halakoen jarrera asko kontrastatzen du garai bateko gutxiespenarekin (Fernando Aramburuk, Antonio Altarribak eta enparauek praktikatzen dutenarekin, adibidez). Baina hau guztia, gazteen artean gertatzen ari dena batez ere, literaturaren estatus kulturalaren beherakadarekin batera gertatzen ari da, hau da, agian ez da gutxiago irakurtzen, baina bai “literatura” gutxiago: alde batetik irabazten dena (bi hizkuntzetan irakurtzeko gaitasunaren aldetik), beraz, bestetik galtzen da (literaturaren garrantzia sozialaren aldetik alegia)…

2) Inoiz sentitu al zara ez onetsia edo gutxietsia gazteleraz idazteagatik?

Ez bereziki. Ezta euskaraz idazteagatik ere, beste esparru batzuetan ibili naizenean.

3) Jasotzen al dute gazteleraz idazten duten idazleek merezi duten aitortza ala bidea egiteko dugu oraindik? Zer egin daiteke zentzu horretan?

Nik uste dut ez dutela atentzio gutxi jasotzen. Gaztelaniazko komunikabide autoktonoek espazio dezente dedikatzen diete (askotan euskarazko idazleei baino gehiago: azken horiek aukera gehiago dute agertzeko haien obra gaztelaniara itzultzen denean, jatorrizko liburua argitaratzen dutenean baino, adibidez…), biblioteketan eta biblioteken sarean antolatzen diren ekintzetan ondo ordezkatuta egon ohi dira, elkarte nahiko aktiboak daude, EAE mailan, Nafarroa mailan eta tokiko mailan, literatur segmentu horren promozioa bultzatzen dutenak… Niri normala iruditzen zait euskarazko komunikabideek gehiago jotzea euskarazko literaturaren inguruko albisteak eta analisiak plazaratzera: agian alor horretan azpiordezkatuta egon daitezke hemengo erdal idazleak. Baina, esan bezala, normala da, neurri batean, eta esparru hori, euskal komunikabideena, hain da txikia ezen nik uste dut ez duela konpentsatzen euskarazko idazleek gaztelaniazko komunikabideetan jasaten duten azpiordezkapen nabarmenagoa. Arazoa da tokiko idazle gaztelaniadunak ez direla soilik lehiatzen euskarazkoekin (lehia hori, gainera, txikia da gaztelaniazko komunikabideetan), baizik eta gaztelaniaz idazten edo itzultzen diren gainontzeko liburu eta idazleekin ere, eta, normala den bezala, haien itzala txikitua geratzen da literaturaren erraldoienaren aurrean. Zer egin dezake Raúl Guerra Garrido batek Mario Vargas Llosaren aurrean, edo Toti Martinez batek Arturo Pérez Reverteren aurrean? Ez gehiegi, beldur naiz…

4) Antzeko iturrietatik edaten dute hizkuntza bateko zein besteko idazleek ala erreferentzien mundua oso ezberdina da?

Nire iritzian gaur egungo idazleen erreferentzien mundua oso da anitza: ez dago joera edo mugimendu literario nagusirik, eta heldulekuen kopurua, ondorioz, biderkatu egin da. Alde horretatik, ez dut desberdintasun handiegirik ikusten bi munduen artean, guztietan dira anitzak iturri literarioak, eta “alde bateko” zein “besteko” mota bereko idazleek antzeko erreferentzia eta aurrekariak aipa ditzakete. Cortázar, Carver, Borges edo Munro proportzio beretan aipatzen ditugu gaztelaniazko zein euskarazko idazleok, imajinatzen dut. Desberdintasun bakarra, logikoa bestalde, euskarazko idazleen erreferentzia-munduan euskarazko idazle gehiago agertzen direla, gaztelaniazkoen artean baino (ja ja). Baina ezta gehiegi ere: “lehia” zuzenari ez diogu leku askorik egiten gure diskurtsoetan, badaezpada, batez ere hemendik kanpo aritzen garenean…

5) Liburuak argitaratzeko orduan, prozesua ezberdina izan daiteke hizkuntzaren arabera?

Horretan bai egon daitezke desberdintasun gehiago. Euskaraz argitaratzea duela hamarkada pare bat bezain erraza ez badago ere (filtroak handitu direla esango nuke), jarraitzen du erlatiboki errazagoa izaten gaztelaniaz baino. Alde batetik, merkatuaren gorabeheretatik babestuago dagoen merkatu bat da euskarazko literaturarena, Eider Rodriguezek edo Ramon Saizarbitoriak modu ezberdinetan adierazi izan duten bezala, proposamen ez horren komertzialak plazaratzeko leku gehiago uzten duena, apika. Bestetik, eta krisiak bertan zauriak utzi baditu ere (Alberdaniaren kasua gogoratzea besterik ez dago, zeinaz, bide batez esanda, Laura Mintegiren dimisioaz bezain gutxi hitz egin baita…), euskarazko industria editorial txikiak eutsi egin dio, bertakoa den industria bat alegia, euskalgintzarekin sendo lotua: bertakoa da, eta bertan dago. Gaztelaniazko tokiko idazle batek, ordea, ez du apenas industriarik inguruan (Madril eta Bartzelona dira gaztelaniazko argitarapen munduko erdigune nagusiak, ez dago halakorik Bilbon, Donostian edo Iruñean), eta krisi ekonomikoak, oraingoz, gogorrago jo du Espainiako edizioaren mundua. Horrek, gaztelaniazko literatur sistemaren piramidean ondo kokatuta egon ezean, gauzak zailtzen ditu liburuak argitaratzeko (eta haiekin oihartzuna) izateko orduan; ikusi beharko horretan guztian ze eragin izango duten autoedizioaren eta liburu elektronikoaren alorrean gertatzen ari diren aldaketek… Baina kontua da merkatuen tamaina erlatiboa oso dela ezberdina: euskarazko idazleak pixka bat errazago izan dezake argitaratzeko orduan, baina bere lanen merkatu potentziala beti izango da mikroskopikoa, gaztelaniaz idazten duen edozein idazlearenarekin konparatuta…

wroclaw giltzak

 

Advertisements

3 thoughts on ““Bi literatur hizkuntza, bi mundu?” erreportajerako galdetegiaren erantzunak

  1. Txikitasunak gauza alternatiboak egiteko toki gehiago uzten du, egia da. Baina, horretaz gain, nik gogoratuko nuke euskarazko merkatuan jende asko dagoela doan, literalki artearen amoreagatik, lan egiten duena (adibide bat da ArgitaletxeaEdo!-ren kasua, non ordainsari bakarra idazle, itzultzaile eta ilustratzaileentzat den liburu kopuru bat eta proiektu eder baten parte izatearen poza). Agian oker nago, baina uste dut hori pentsaezina dela gaztelaniazko sisteman.

  2. Bai, ados nago diozunarekin, Ana. Baina ez nintzateke ausartuko “pentsaezina” hitza erabiltzera: gaztelaniazko argitaletxe txikien munduan horrela dabilen jende dezente ezagutzen dut, denbora partzialean lan eginez bertan eta, ez gutxitan, gratis eta amore egiten. Agian proportzioan ez da gauza bera izango, hots, enpresa “komertzialek” pisu gehiago izango dute, apika, espainiar literatur sisteman. Baina ez dira halako kasuak falta, ez horixe.

    • Arrazoia duzu, Iban, txarto erabili dut “pentsaezina” berba, segurutik gaztelaniazko idazle jakin batzuk neuzkalako buruan. Mila esker argibideagatik.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s