Drogak, sotoan

Atzo Julio Sotoren azkeneko zutabearekin esnatu eta tuit luze hau idatzi nuen (TwitLonger aplikazio bereziki tranpatia dela bitarte):

Julio Sotok, droga aitzaki zuten atentatuak fenomeno kasik ‘naturaltzat’ hartu baino (‘Garai hartakoa da El Huerto diskotekako leherketa’: txingorra bota izan balu legez…), bere artikulu beldurgarri (eta paternalista, eta moralista) samarrean aditzera ematen duen bezala, hobe luke Alberto Moyanoren ‘Es más fácil que un camello pase por una aguja’ artikulua irakurri

Ez da lehenengo aldia Julio Soto bertsolariak gai horri heltzen diola. Aurrekoan ere tonu puritano bera erabili zuen, zeinaren atzean doinu hau aditu baitaiteke: lehengo-denborak-bai-onak-ezker-abertzalea-drogen-aurka-irmo-agertzen-zenean. Horren inguruan, eta goiko txio iruzurtitik tira eginez, hauxe esan nahi nuke, edonola ere:

1.- Goian adierazi bezala, harritu ninduen zelako arintasunez (ia-ia miraz, esango nuke) ekartzen duen gogora ETAk “drogaren munduaren” kontra eraman zuen gurutzada. Onartzen dut ni asko inpresionatu ninduela garai hartan, eta, Yoyesen erahilketarekin batera, kamelloen kontrako ekintzak izan zirela erakundearen estrategia guztiz arbuiatzera eraman ninduten kontu nagusienetako batzuk (nire memoria gaizki ez badabil, esango nuke atentatu horietako bat izan zela lehenengoz Bakearen Aldeko Koordinakundearen -Gesto Por La Pazen- kontzentrazio batera eraman ninduena…). Jose Jabier Urritegirena bezalako kasuez oroitzen naiz bereziki: ETAri “zurrumurruak” iritsi zitzaizkion, Larratxoko Chaplin pubaren jabea droga kontuetan sartuta ote zegoen, eta hiltzeko agindua eman zuen… kontuan hartu gabe Urritegik hamabost egun lehenago jasoa zuela tabernaren traspasoa eta ez zuela, beraz, zer ikusirik aurreko jabearen gora-beherekin (zeinek ez baitzuten, edozelan ere, defendatzeko aukerarik gabeko prozesu, epai eta hilarazte bat merezi). Urritegi pubean bertan josi zuten tiroz, barraren beste aldean zegoela, 1991ko azaroan. Tamalez, ez zen bakarra izan.

2.- Berriro insistitzen du Sotok, bestalde, Euskal Herriko drogen sarreraren teoria konspiratiboan, behin eta berriro errepikatua, orokorki sinetsia (giro batzuetan) eta, nire uste apalean, eusten ez diona, mundu mendebaldarrean (eta ziurrenik ez bakarrik mendebaldarrean) nahiko aldi berean eta eszenatoki politiko eta sozial oso ezberdinetan gertatu zen neurrian. Ez dut horrekin, inondik ere, zuritu nahi polizia-gorputz anitzen partehartzea trafiko horretan: gaiaren inguruko edozein film estatubatuar ikustea nahikoa da ohartzeko zein normala eta orokorra zen/den hori (film horietako fantasia dosirik handiena, ziurrenik, trama horren kontra amaierara arte borrokan aritzen den polizia uztelezinari dagokio), eta, ondorioz, ze originaltasun gutxi duen gure kasu tristeak. Alberto Moyanoren aipatu iritziarekin bat natorrenez, eta berak nik baino askoz ere hobeto adierazten duenez, bere aipua ekarriko dut hona (artikulu osoa irakurtzeko aholkua gehituz): “A nadie se le escapará que la hipótesis de que la Guardia Civil tuviera que recurrir al narcotráfico para aplacar los impulsos levantiscos de la juventud vasca resulta la mar de sugerente, pero lo cierto es que el negocio de la heroína generaba y genera tan ingentes beneficios que su reparto convierte en innecesarias las conspiraciones de carácter político. La implicación policial en las tramas de distribución de la droga forma parte hace décadas del paisaje global, de Estados Unidos a Japón, de los países nórdicos a Suráfrica. Es evidente que la telegenia intrínseca a «tuvieron que frenarnos con el ‘jaco’» es infinitamente más sugerente que la simplona «fuimos como todos»: Cristina F. en Berlín, Mark Renton en Edimburgo. (…) Todo esto no quita para que la llamada ‘red Galindo’ realmente existiera, ni que el presunto carácter heroico en la lucha antiterrorista del oficial que dio nombre a la trama le hubiera dotado de enorme impunidad y, si se quiere, incluso de la protección de las más altas esferas. Pero las razones antiinsurgentes sucumben bajo el peso de los astronómicos beneficios económicos hasta convertirlas, de haber existido, en anecdóticas”. Ohikoa: beste hark esaten zuen bezala, konspirazioaren teoria izaten da benetako konspirazioa (bide batez, harritzen nau zein gutxi mugitu den, gure esparruan, Moyanoren artikulua… baina ez dut horrekin ere konspiranoikoegi jarri nahi…).

3.- Harrigarria begitantzen zait, halaber, ze konfiantza gutxi duen bertsolariak pertsona helduen autonomian eta erabakitzeko askatasunean. “Dagoeneko errezelo gabe begiratzen ditugu dealer-ak; kasu askotan gureetakoak direlako, gu garelako. Dagoeneko errezelo gabe begiratzen diogu elkarri, komun zuloan egiten genuena barran, mahai gainean egiten dugunean. Pozik egongo dira Intxaurrondon” bezalako esaldiei darien gutagutartasuna eta paternalismoa (are erantzuki- eta mehatxu-tonua) irensteko zaila iruditzen zait. Esan dezadan, lehenik eta behin, drogak legeztatzearen alde nagoela, gutxienez alkoholak, txokolateak eta nobela historikoak duten maila erdietsi arte (eta legeztatzearen alde egoteak ez du esan nahi inolako erregulaziorik egon behar ez duela pentsatzen dudanik, baina hori beste kontu bat da). Eta, ondorioz, ez dudala oraingo egoera maite. Baina hortik gurasokeriara jauzi handia dagoela uste dut. Dena dela, hau nik baino hobeto espresatu du Jokin Azpiazuk nire goiko mezuari Facebooken emandako erantzunean. Eta, bere baimenarekin, hona ekarriko ditut pasarte batzuk, nire hitzak baino dezente argigarriagoak izango direlakoan: “ados nago [Julio Sotorekin] kontu batean: egunen batean hitz egin beharko dugu kontu hauetaz guztietaz. Ze bestela jendeak jarraituko du pentsatzen garai horretan heroina kontsumitzen zutenak eta gaur egun beste droga ugari kontsumitzen dutenak tontoak, memeloak eta gainera estatuaren biktimak besterik ez direla. Eta edo hasten gara pentsatzen apur bat (…) konplexuago edo berriz idatziko dugu historia historia idatzi gabe, halako irakurketa xinpleekin. (…) Eta esango didazue heroina eta Intxaurrondoren arteko lotura ukaezina dela, eta nik diot baietz, leku denetan dela horrela polizia eta legez kanpoko drogen arteko harremana. Baina egia da ere heroinaren sarrerak Euskal Herrian bat egiten duela garai sozial eta politiko batekin Europa osoan eman zena, eta zerikusia zuena esperimentazioarekin, diktadura osteko garaiekin, ekialdearekiko eta bere drogekiko faszinazioarekin eta beste mila faktore sozial eta politikoekin. Ahora, nahi badugu sinplifikatu, pues bai: buuuuh guardia zibila buuuuuuuh. Edo hasten gara gure etsaiak apur bat serio tratatzen edo amaituko dugu Kixotek bezala haize erroten kontra borrokatzen jo ta ke irabazi arte. Eta askotan esan dut, zelako gogoak ditudan drogetaz eztabaidatzeko, bereziki ezkerrean, eta ezker abertzalean, eta ikuspegi sozialetik gainera. Kriston gogoak ditut eztabaidatzeko alkohola eta eraso sexista eta homofoboen arteko harremana, adibidez. (…) Gero eta garbiago daukat ikuspegi politikotik eutsi behar diogula asuntoari, moralismoak alde batera utziz. Eta horrela eusten badiogu, eta drogek gure inguruan duten eragina pentsatzen badugu, ezinezkoa da alkohola albo batera uztea. Kuriosoa da, ze mugimendu politiko batzutan (Black Panthers kasu) droga hori izan da gehien jarri dena zalantzan, alkohola. Baina gure kultura judeokristauan (eta gure ezkerra ere hala da, judeokristaua) ba ezin da alkoholaz hitz egin, ezin direlako mezak mostoarekin bedeinkatu, ezta txosnak laranja zukuarekin!“. Tira, nik gehi dezakedan edozer soberan dago, beraz, horretan utziko dugu (eskerrik asko, Jokin).

Horixe ba. Sotoren prediku berriaren zain geratzen naiz. Ea hurrengoak ez nauen hainbeste kolokatzen.

Advertisements

4 thoughts on “Drogak, sotoan

  1. Ados. Azpiazuk dioen kontu baten inguruan, ostera, nire diskrepantzia txikia ze, egoskorki, beti pentsatu izan dudan gauza bat: nik bai uste dut heroinan jausi zirenak tontoak zirela. Jausi zirela da horren froga. Badakit argumento hau ez doala inola, baina nik orduan ulertu/ikusi nuen bezala ikusten dut orain ere.

  2. Kaixo iban.Beraz honetan ere normalak…”kontakizunaren” atal hau (adar txiki bat kontakizun “potoloan”) ere iruzur hutsa…baiña eta datoak?? Ba juliorena badu heroizidade punttu bat,gure semeei kontatzeko bezalakoa.zeren demagun polizia bakoitzari ustelkeri portzentai jakin bat badagokio=x eta gurean dagokiguna baino hiru aldiz policía gehiago baldin badugu orduan ustelkeria =3x??.zeren ohartua egongo zara gurean dauden pistola portzentaiaz? Eta ala ere dana da normala…

  3. Mm. Luistxo, kontua da pentsatzea heroinan erori zirenak tontoak direla, eta beste guztiak? Barkatu baina nik astebururo astebururo Eibarren potean ikusten ditudan guzti horiek edo ni neu haiek bezain tontoak garela uste dut. Kontua da inor tonto bezala tratatzeak edo ikusteak ekarri ahal digun abantaila ez dudala inondik ikusten. Bila nabil baina batere. Ez bada ego-feed bat guretzat, pentsatzea GU ez garela tontoak…

  4. Adiskide batek esaten didan bezala, irudipena daukat heroinan jausi zirenak tontoak bezala hartzea jakin-nahienak edo inkietoenak edo artistenak bezala hartzea bezain injustua dela. Kasuz kasu joan beharko ginateke (literatura oso tresna eraginkorra izan daiteke horretarako), eta, hala ere, ez genuke gaia agortuko. Eta beste adiskide batek aipatzen zidan, halaber, bizitzarekin esperimentatzea (eta drogekin esperimentatzea, besteak beste) ezkerraren zerginetako bat izan dela. Eta beharbada planteatu beharko litzatekeela ea esperimentazio hori bihurtu ez ote den ez-esperimentazio, ohikoegia izatearen poderioz, ez ote den kontsumo hori ohiko, arrunt, eta ez haustaile bihurtu (alkoholarena bezala?). Ideia eztabaidagarriak biak ala biak, baina, edonola ere, Sotoren homilia tonutik nahiko urrun…

    [Erantzun gehiago egon dira, baina blogeko baldintzak betetzen ez zituztenez -ikus “Honi buruz” atala-, ezin izan ditut argitara eman]-

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s