Katarroa

[Inon ez, inoiz ez laneko azkeneko aurkezpen saioetan, beste kontu batzuen artean, ipuin hau irakurri izan dut, bonus track gisa. Azaltzen nuen bezala, libururako galbahea pasatu ez zuen testuetako bat izan zen, urteotan metatutakoen artean, eta “amu” bezala ondo funtziona zezakela aipatzen nuen nire hitzalditxoan: entzuleei gustatu ezkero, primeran, liburuan aurki daitezkeenak hobeak direlako, eta gustatzen ez bazitzaien, ondo ere bai, ziur egon zitezkeelako liburukoak askoz ere hobeak izango zirela. Hona hemen, beraz, “Katarroa”, Inon ez, inoiz ez libururako bidea burutzerik izan ez zuen ipuina.]

 

Katarroa

Hilabete baino gehiago eman genuen katarro harekin. Ezin etxetik bota. Alaba txikiak ekarri zuen, haurtzaindegitik. Mukiak, eztarriko mina, sukarra: ohiko sintomak, gizarte segurantzako medikuaren begirada axolagabea baino merezi ez duten horietakoak. Gero txikiak alaba nagusiari pasatu zion, eta horrek amari edo niri, ez gara horretan ados jartzen. Eta alaba txikia sendabidean zegoelarik, berriro harrapatu zuen, are gogorragoa, nik edo andreak kutsatuta, horretan ere ez gara ados jartzen. Handik egun batzuetara, txikiak alaba nagusiari itsatsi zion berriro ere, eta nagusiak guri. “Katarro zirkularra” deitzen genion, eta udaberri osoa gurekin igaroko zuela uste genuen.

Baina egun batetik bestera, banan bana, modu ia magikoan, denok sendatu ginen: alaba txikia, nagusia, andrea, ni neu (edo ni neu eta gero andrea, horretan ere ez gatoz bat).

Arraro samar sentitzen nintzen nire gorputz indarberrituaren baitan, eta gauza bera sumatzen nien etxeko besteei ere, ofizialki denok poz handia erakusten genuen arren. Baina alaitasun moduko hori artifiziala zen. Zer edo zer falta balitzaigu bezala gu izateko. Katarroak gure izanaren parte bat eraman izan balu bezala.

Horregatik, inori txintik esan gabe, gure katarroaren bila abiatu nintzen. Ziur nengoen Emmari, ondoko mahaiko lankideari kutsatu niola nik, bulegoan, baina osasuntsu aurkitu nuen hura ere; ez zitzaidan asko kostatu jakitea, ordea, hark bere gizonari kutsatu ziola, eta gizonak koinatuari. Koinatuak Gamarrako altzari denda batean egiten du lan, leku aski publiko batean, eta hara abiatu nintzen ni: arratsalde erdia pasatu nuen harekin, larruzko besaulkiak probatzen eta konparatzen, batere sinesgarria ez zen segurantza erakutsiz. Eztulka aritu zen elkarrekin eman genuen tarte guztia, eta pozik itzuli nintzen etxera, gure katarroa erreskatatu nuelakoan.

Eztulka topatu nuen emaztea. Berak ere arrastoa jarraitua zion gure katarroari, lan egiten duen eskolan, eta ikasketa buruarengandik berreskuratu zuela aitortu zidan. Berehala kutsatu zuen alaba gazteena, horrek ondoren nagusia, eta nagusiak ni.

Baina nik susmoa daukat ez dela gure katarroa, beste bat baizik, ezberdina, oso ezberdina. Andrearekin eztabaidatu dut maiz kontuari buruz, baina ez gara ados jartzen.

sweat

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s