“Izaera sortzaile faltsutuak”, malgutasunak eta beldurra

Estatu sobietarrak ez zituen artistak kanporatu, ez deuseztu, ezta tresna gisa erabili ere. Baina ez zien utzi izaera sortzaile faltsutuaren aberastasuna erakusten.

Esaldi (niretzat) asaldagarri horiek Hedoi Etxarteren zutabe baten lehenengo paragrafoan zetozen. Asaldagarriak, diot, estatu sobietarrak artista askorekin zerbait egin baldin bazuen horixe izan zelako, hain zuzen ere: kanporatu, deuseztatu eta tresna bezala erabili, batez ere (baina ez bakarrik) estalinismoaren garaian. Galde ziezaiotela bestela Osip Mandelstami, Isaak Babeli, Anna Akhmatovari, Mikhail Zostxenkori, Marina Tsvetaievari, Mikhail Bulgakovi, Boris Pilniaki eta abarri. Nik gehien ezagutzen dudan eremua, literaturarena, aipatzearren.

Zutabea gaizki ulertu ez badut, Etxartek dio estatu sobietarrak batik bat zera egin zuela, artistaren produktibismoa eta kolektibismoa bultzatzea, maila guztietan, kapitalismoak babesten omen duen “izaera sortzaile faltsutuari” mugak ipiniz. Eta politika horren ondorio onuragarritzat Dmitri Xostakovitxen obra aurkezten du, hala operak (kultura garaia, suposatzen da) nola kafetegietarako piezak (kontsumo arruntagorako) konposatu zituena: “ultra ekoizlea izan zen eta malgua, stakhanovista isila”.

Artikuluan, Raunig eta Benjamin aipatuz, iruzkin interesgarriak egiten ditu Etxartek ekonomia kapitalistetan sorkuntza artistiko indibiduala antolatzen, prestigiatzen eta bizkarroi gisa aritzen den moduari buruz (nahiz eta beste alderdi garrantzitsu batzuk, halabeharrez, testuaren laburtasunagatik, alde batera utzi, masa-kontsumorako produktu artistikoen ekoizpena gidatzen dituzten merkatuaren mekanismoen ingurukoak adibidez). Baina SESBren politika artistikoari buruz esaten dituenak (gutxienez) distortsionatu samarrak iruditzen zaizkit, albo batera uzten dutelako elementu niretzat funtsezko bat baino gehiago. Hots, ez naiz kapitalismoan sorkuntza artistikorako askatasun osoa existitzen dela pentsatzera iristeko bezain xaloa, ezta gutxiago ere. Baina SESBen askatasun artistikoaren minimoak oso minimo zirela esango nuke, are lan artistiko kolektiboak bultzatzeko orduan ere, eta, alde horretatik, zer ikusi gehiago izan zutela edozein sistema ekonomikoren pean garatutako despotismo ezberdinetakoekin, beste ezerekin baino. Are sistemaren polizia artistiko bezala aritu zirenak ezagutu zituzten boterearen atzaparkadak, garai bateko Idazle Sobietarren Batasunaren presidente Alexandr Fadeiev bezala, zeinaren gorabeherak oso modu bizi eta eraginkorrean deskribatu baitzituen Joxe Azurmendik bere Errealismo sozialistaz saiakeraren azken atalean (Donostia, Kriseilu, 1978, 112 eta hurr.).

Andrei Platonov idazlearen (1899-1951) ibilbidea gogoraraztea besterik ez dago horretaz jabetzeko: adibide ona izan daiteke, Iraultzaren seme bat izan zelako, Xostakovitx bezala (iraultza ostean hasi zen bere obra garatzen), ez zelako prezeski antikomunista (gogotsu aritu zen iraultzaren alde, gerra zibilaren urteetan eta NEParen garaian zehar), eta bere izaera “ekoizlea” zalantzarik gabekoa delako (familia proletario batean jaioa, ingeniari elektrikoa bihurtu zen, asmakuntza tekniko garrantzitsuak burutu zituen, eta landa eskualdeen elektrifikazioaren eta garapen teknikoaren alorretan oso aktiboa izan zen, batez ere 1920ko hamarraldian eta bosturteko lehenengo planen garaian; berak, Ramon Saizarbitoriak gurean bezala, sutsuki defendatu zuen idazleak beste lan bat izan behar zuela, ez zela komenigarria literatura izatea idazlearen bizibide nagusia). 1920ko hamarraldiaren bigarren erdialderako bere fama literatura sobietarraren ahots berri nagusienetakoa bezala sendo ezarrita zegoen, estilo oso bereizgarri baten bitartez gainera (batzuek Musil, Joyce eta Kafkarekin konparatzen dute, europar joera modernisten ildoarekin alegia, baina badago nolabaiteko errealismo magikoaren aitzindaritzat jotzen duenik ere).

Hamarraldi horren amaieraren eta 1930ekoaren artean, ordea, gero eta testu kritikoagoak idazten hasi zen, kolektibizazioak nekazari sobietarrentzat ekarritako sufrimenduen inpaktupean batez ere (zuzenean ezagutu zuen egoera), eta horrek botere politikoaren mesfidantza ekarri zion: Stalinek berak, antza denez, “nazkagarria” edo “idiota” bezalako kalifikatiboak idatzi zituen bere ipuin eta nobela labur batzuen argitarapenen ertzetan. Horren guztiaren ondorioz, ordutik aurrera apenas argitaratu ahal izan zuen Platonovek, ezta egun bere lan nagusitzat hartzen diren Txevengur nobela distopikoa (1929an amaitua) eta Lubakia (1930), euskaratuta dagoena, bide batez esanda (Alberdania-Elkar, 2009): ipuin eta idatzi solte batzuk eta (Valeri Grossmanen babes-gomendioari esker) gerran korrespontsal ibili ondoren argitaratutako kronika eta ipuin belikoen lau liburuak kenduta (gehi Mikhail Sholokhoven laguntzaz argitaratutako kondaira herrikoien umeentzako bi bilduma), bere obraren alerik inportanteenak hil ondoren argitaratu ziren, lehenengo mendebaldean eta, Perestroika garaitik aurrera, Errusian bertan. Platonovek, oso “ekoizlea” zenak, ez baitzion inoiz utzi idazteari. Baina hori, antza, ez zen nahikoa Stalinen aroan.

Izan ere, Platonov bere obraren bi kondena-alditatik igaro zen, bata 1930eko hamarraldiaren hasieran, aipatu narrazioen kaleratzearen ondorioz, eta bestea II. Mundu Gerraren ostean, batez ere “Ivanoven familia (Itzulera)” gerra-ipuin “ez aski heroikoaren” aurkako erreakzio ofizialaren ondoren (bi kondena-aldi denboran kasik koinziditzen dutenak, bidenabar, musikari “formalista” izateagatik Xostakovitxek pairatu behar izan zituenekin). 1930eko hamarraldian Platonov, Xostakovitx bezala, ozta-ozta salbatu zen prozesatua izatetik (eta horretarako “autokritika” saioak egitera behartuta ikusi zuen bere burua), baina 1938an bere hamabost urteko semea gulagera bidalia izan zen “terrorismo eta sabotajeagatik” (zehazki, Norilskeko nikel meategietara: bertatik 1940an askatua izan eta gutxira hil zen, espetxealdiak eta bertan harrapatutako tuberkulosiak ahituta). Gerra ostean, literaturatik edo beste edozein lanbidetatik bizitzeko aukerarik gabe (ezta garai batean ezizenez idazteko baimendu zitzaizkion kritika literarioak argitaratzeko ere), Gorki Literatur Institutuko gela batean babestu zen, alkoholismoan murgildu zen eta, legenda hiritarraren arabera, idazle sobietar asko, batzuk miresleak, ondotik pasa zitzaizkion garai hartan, erratza astintzen zuen gizona Platonov zela susmatu gabe, eskolazaintzat jotzen baitzuten. Hemingwayk, haren zaleetako batek, biziki goratu zuen behin, 1950eko hamarraldian, kazetari sobietar batzuen aurrean, eta horiek, lotsatuta, egile hura ez zutela ezagutzen aitortu behar izan zioten: isilaldiak bere helburuak bete zituen. Khrustxeven garaiaren amaiera alditik aurrera baino ez ziren argitaratzen hasi ordura arte kaleratutako Platonoven idatzi “hautatuetako” batzuk.

Hau guztia berez antisobietartzat jo ezin zitekeen egile bati gertatu zitzaion, herrialdearen garapen ekonomikoaren alde dezente egin zuena, literaturatik zuzenean bizitzeko asmorik ez zeukana (printzipioz: desgrazian erori izanak ez zion beste irtenbiderik utzi, une batzuetan, eta hala ere hortik ezin gauza handiegirik lortu), eta prestigio literario ondo oinarritu baten jabe zena: goian aipatu ditudan beste kasu batzuk askoz ere lazgarriagoak izan ziren (Pilniak eta Babel exekutatuak izan ziren; Mandelstam lan-esparruan hil zen; Tsvetaievak, bizitzeko bitartekorik gabe, bere buruaz beste egin zuen; Zostxenko ere pobreziarekin lotutako gaixotasun batek hil zuen…), edo lotsaemangarriagoak (Akhmatova eta Pasternak, esaterako, erregimenak promozionatu nahi zituen nazionalitate ezberdinetako poeten beltz gisa aritzera behartu zituzten: horixe bai “ultra-ekoizletasuna” eta “elkarlana”…). Izan ere, une batzuetan, Platonov idazle “berreskuragarria” izan zitekeela erakutsi zuen estatu sobietarrak (II. Mundu Gerrako “parentesian” ikusi zen bezala). Baina kontua da, nahiz eta sobietar idazle handienetako bat bezala errekonozitua izan, ezin izan zuela bere karrera literarioa edo profesionala guztiz garatu, ezta maila “elikagarri” hutsean ere; beste idazle batzuekin egindako bidaia kolektiboen, hots, elkarlan “ez oportunistako” emaitza literarioak argitaratzea debekatu zioten, Dzhan nobela laburra bezala (1934), beste zenbait idazleren brigada batekin batera Turkmenistanera egindako bidaia kolektiboaren fruitua. Estatu sobietarrak ez ziolako Platonovi utzi nahi izan “izaera sortzaile faltsutuaren aberastasuna erakusten”? (Etxartek bere artikuluan zioen bezala). Niri, zer nahi duzue esatea, gutxienez eztabaidagarria iruditzen zait halako zerbait defendatzea. Kontua beste bat baita: estatuak gizartearen gain ezarri nahi izan zuen kontrol politiko eta estetiko zorrotzetik amiñi bat urruntzen zen edozeren aurkako borroka alegia, eta sortzaileen artean zabaldu zen beldurraren inperioa (hemen aipatutako guztirako, cfr. Andrei Platonov, La patria de la electricidad y otros relatos, Bartzelona, Galaxia Gutemberg, 1999; Vitali Chentalinski, De los archivos literarios del KGB, Madril, Anaya & Mario Muchnik, 1994; Frank Westerman, Ingenieros del alma, Madril, Siruela, 2005).

Eta horrek Dmitri Xostakovitx (1906-1975) konpositorearen “produktibismoaren” eta “malgutasunaren” kontura narama. Ez dago dudarik Xostakovitxek asko idatzi zuela, eta, berak aitortu bezala, ez zela batere “aristokratikoa” musika kontuetan, musika ederra maite zuela, baina mota guztietako musika entzuteko (eta konposatzeko) gai zela. Beste kontu bat da ea horrenbeste argitaratzea, goi eta behe, on eta ez horren on, bere bulkadaren ondorio izan zen, edo zirkunstantziek behartuta. Solomon Volkov musikologoari eskaini zizkion lekukotasun eztabaidatuak irakurri dituen edonor erraz ohartzen da kasu askotan biziraupen hutsez aritu behar izan zuela horrela, eta ez berezko stakhanovista bat zelako (Testimonio. Las memorias de Dmitri Shostakovich. Relatadas a y editadas por Solomon Volkov, Madril, Aguilar, 1991; frantsesez 1980an argitaratu ziren, Albin Michel etxean). Lehen aipatu bezala bere musika orkestralak bi kondena-aldi gogor jasan behar izan zituelako, bata 1936an, Mtensk distrituko Lady Macbeth operaren eta Erreka argitsua baletaren kontura (bere garaian Laugarren Sinfonia estreinatu gabe uztera eraman zuena, badaezpada), eta bestea 1948an, Zhdanov dekretuaren testuinguruan (giro horretan, eta urte horretako Konpositore Sobietarren Batasunaren batzarrean, Xostakovitx, Prokofiev eta Khatxaturian, besteak beste, alboratuak izan ziren, “formalistak” zirelakoan: agintariek Pasternaken poesiari egiten zioten kritika berbera, bide batez esanda). Kondena-aldi horiek guztiek, Platonovi bezala, galera ekonomiko nabarmenak ekarri zizkioten Xostakovitxi (obra nagusiak estreinatzeko aukerarik ez, Kontserbatoriotik apartatua izan zen…), eta ez da harritzekoa garai horietan lan “minorrak” eta, zenbaiten ustez, erdipurdikoak ekoiztera eman izana, adibidez soinu-bandak, gehienak ez oso film onetarako. Eta bere oroitzapenak irakurrita nahikoa argi geratzen da lan horiek, “ariketa” gisa erabilgarri iruditzen zitzaizkion arren, ez zituela artetzat jotzen (berarentzat zinea industria zen, ez artea), eta are oztopo suerta zitezkeela obra nagusiaren garapenerako, baina halabeharrez ekin behar izan ziela: garai batean bere sarrera gehienen iturburu izan ziren.

Baina beste zerbaitek are gehiago ematen du atentzioa Xostakovitxen oroitzapenetan, eta da beldurraren nonahikotasuna: Xostakovitx, Platonov bezala, superbibiente bat izan zen, botere politikoaren ildo estetiko zurrunei itzuri egiten saiatu zen sortzaile bat. Nahiz eta, zorionez, idazleak baino bizitza luzeagoa eta ospe garaikideagoa lortu zituen, ez gutxietan jarrera anbibalenteetan eta, batez ere, (hitzezko) isiltasunean babestuta. Guztiz izututa bizi izan zen gizona, bere garaikide asko bezala, bizitzaren aldi luzeetan zehar. Eta horrek ematen du benetako neurria artearen sorkuntzaren baldintzen inguruan sobietarra bezalako erregimen batean, batik bat estalinismoaren garaietan, baina baita ondorengo urte “lasaiagoetan” ere (horretarako Sergei Dovlatoven Konpromisoa irakurtzea bezalakorik ez dago, adibidez; Donostia, Hiria, 2008). Volkovek jasotako Xostakovitxen istorioen laurdena baizik egia balitz ere, nahikoa izango litzateke alboratzeko estatu sobietarrak “ez zituela artistak kanporatu, ez deuseztu, ezta tresna gisa erabili ere”; liburu ikaragarria da, alde horretatik, irakurtzea merezi duena. Edonola ere, Xostakovitxek nahiko argi zeukan bere ibilbide artistikoa diferentea izango zitekeela baldin eta zirkunstantzia historikoak bestelakoak izan balira: “Ezberdina izango al nintzatekeen ‘Partiduaren gidaritza ezean’? Bai, ia seguru. Zalantzarik gabe Laugarren Sinfonia idaztean jarraitzen ari nintzen lerroa, indartsuagoa eta zorrotzagoa zatekeen nire obran. Argitasun gehiago erakutsiko nukeen, sarkasmoa gehiago erabiliko nukeen, nire ideiak modu irekiago batean jakinaraziko nituzkeen, kamuflajearen baliabidera makurtu gabe” (aipatua in Elizabeth Wilson, Shostakovich: A Life Remembered, Princeton University Press, 1994, 425-426 orr.). Kamuflaje hori muturreraino eraman zuen Khrustxeven garaitik aurrera: birgaitua izan zen, Partidu Komunistan sartu zen, eta diputatua izatera iritsi zen Sobiet Gorenean, hala nola Konpositore Sobietarren Batasunaren buru, aurretik baztertuta utzi zuen erakunde bera alegia.

Eta, hala eta guztiz ere, zailtasun izugarrien artean, eta bide askotan sotil eta makurrenetatik (Xostakovitxen Bosgarren eta Zazpigarren Sinfoniek erakusten duten bezala), lan gorenak sortzeko gai izan ziren sortzaile sobietar batzuk. Zabor pila baten artean, merkatu “askeko” erregimen kapitalistetan bezala hain zuzen ere. Baina zirkunstantzia, nire ustez, dezente ezberdinetan. Hori nahiko ondo azaltzen zuen Philip Roth nobelagile estatubatuarrak The Paris Reviewek 1984ean egin zion elkarrizketa batean: “Txekoslovakiara joan nintzen lehenengo aldian bururatu zitzaidan lan egiten dudala gizarte batean zeinetan idazle gisa denak balio baitu eta ezerk ez duen axola; Pragan ezagutu nituen idazle txekiarrentzat, ordea, ezerk ez du balio eta denak du axola. Horrek ez du esan nahi lekua aldatu nahi niekeenik. Ez nion inbidiarik pairatzen zuten pertsekuzioari eta horrek haien garrantzi soziala handitzen zuen moduari. Ez nion inbidiarik, ezta ere, haien gaiak baliotsuagoak eta serioagoak emateari. Mendebaldean tribialduta dauden baina Ekialdean izugarri serioak diren gauza askoren inguruan fikzio erakargarri bat eraikitzeak asmamen nabarmena eskatzen du han. (…) Duela gutxi entzun nuen telebista ingelesean George Steiner kritikoa salatzen mendebaldeko literatura garaikidea guztiz baliorik eta kalitaterik gabeko zerbait dela, eta adierazten giza arimaren dokumentu handiak, maisu-lanak, Txekoslovakiakoak bezalako arima zanpatuek sor zitzaketela bakarrik. Orduan nire buruari galdetzen diot ea zergatik Txekoslovakian ezagutzen ditudan idazle guztiek erregimena gorroto duten, eta indar beteaz desio duten lurraren gainaldetik ezabatzea. Ez al dute ulertzen, Steinerrek bezala, horixe dutela handiak izateko aukera? Batzuetan, aberezko indar izugarrizko bizpahiru idazlek bizirautea lortu eta, sistema gai gisa harturik, arte oso gorena ekoizten dute beren jazarralditik abiatuta. Baina sistemak suntsitu egiten ditu estatu totalitarioetan isilduta jarraitzen duten idazle gehienak. (…) Onenen arteko hamarretik bederatzik ez dute sekula beren obra onena egingo sistemaren ondorioz. Sistematik elikatzen diren idazleak partiduko sasi-idazleak baino ez dira” (Ignacio Echeverría arg., The Paris Review. Entrevistas, Bartzelona, El Aleph, 2007, 289 hh.).

Asko sinplifikatuz, aldeak alde, eta agian paradoxikoki, merkatu “askearen” hautespen “naturalak” sortzen duen antzeko emaitza (arte gorentzat nekez jo dezakegun kontsumorako produktu arrunten inflazioa) gauzatzen zen sozialismo errealeko erregimenetan ere: dela arau estetiko batzuen ezarpenaren bitartez (errealismo sozialistaren nagusigopean), dela adierazpen askatasun formalen (burgesen) mugatzearen ondorioz. Dubravka Ugrešićek zioen bezala, karikatura egoki behartuz, “merkatuaren eskakizunek ez dute ideologiarik; gainetik kendu dute; puruak, desiragarriak, loriaz eta glamourrez gainezka daude. Milioika irakurlek konfirmatzen dituzte merkatuaren erabakiak, eta ez da horien dimentsio morala ezbaian ipintzen dena. Lanak balio du beragatik ordaindu nahi den adina. Agindu ideologikoak, bestalde, bokazio literariorako zama bezala ikusten dira gaur. Baina jendeak ez du aintzat hartzen agindu mota biek profesionaltasun maila berbera exijitzen dutela. // Antzinako kultura komunistetan, irizpide komertzialetatik at zeudenak, idazleak profesionaltasunagatik nabarmentzen ziren, batez ere Stalinen aroan. Poeta sobietarrei bertso-lerro bakoitzeko ordaintzen zitzaien, agian hortik poema epikoen ugaritzea. Fizkiozko idazle sobietarrei orrialde bakoitzeko ordaintzen zitzaien, eta horrek agian eragina izan zuen errealismo sozialistaren garaiko nobela errusiarren luzeran. (…) // Suposatzen dut estalinismoa profesionaltasun literarioko eskola gogorra izan zela. (…) Idazleek profesionalak izan behar zuten; hil edo biziko kontua zen. Idazle estalinistek jokoaren arauak hertsiki jarraitu behar zituzten: errealismo sozialistaren arauak. Eta arau horiek ez ziren soilik ideologikoak, baizik eta baita komertzialak ere. Literaturak irakurle masa zabalentzako ulergarria izan behar zuen; ez zegoen lekurik abangoardiarako edo mota esperimentaleko apetetarako. Naretasuna behar zen, humanoa eta profesionala, urtegi baten eraikuntza bat nobela bihurtzeko. (…) Soilik benetako profesional bat egongo zen halako zerbait egiteko prest. Merkatu ideologikoaren eskakizunetara egokitzeko gai ez ziren idazleek modu tragikoan amaitzen zuten: kontzentrazio esparruetan. Gaur egun, eskakizun komertzialetara egokitzeko gai ez diren idazleek anonimotasunezko eta pobreziazko beren ghetto pertsonalean amaitzen dute” (Gracias por no leer, Madril, La Fábrica, 2004, 63 hh.). Batzuetan ahazten zaigu gure hizkuntzetara itzultzera iritsi diren harribitxi sobietar guztien ondoan (edo nazioarteko mailan zabaldu diren musika-grabazio eta partituren alboan) erdipurdiko produktuen gehiengo abailgarri bat atera zela argitara. Gure literatura eta musikagintzetan gertatzen den bezala, alegia.

Baina onartu behar da, emaitza orokorra antzekoa izan daitekeen arren, bertara iristeko bidea oso izan zela ezberdina. Galde ziezaiotela bestela Osip Mandelstami, Isaak Babeli, Anna Akhmatovari, Mikhail Zostxenkori, Marina Tsvetaievari, Mikhail Bulgakovi, Boris Pilniaki, Andrei Platonovi edo Dmitri Xostakovitxi berari. Besteak beste.

irudia: A.n. zelenskii, 1920, wikimedia commons-etik hartua

Advertisements

9 thoughts on ““Izaera sortzaile faltsutuak”, malgutasunak eta beldurra

  1. Susmoa dut Benjaminekin “derrigorrez aipatu behar diren autore” gehienekin gertatzen dena gertatzen dela, hau da, oso gutxi irakurtzen dela. Ez dakit nondik atera zuen Hedoik Benjaminen aipua baina afera horren inguruan aski argiki idatzi zuen “Autorea produktore gisa” testuan. Materialismo kartoiharagizkoenari egur galanta eman zion “tendentzia” kontzeptuaren kritikaren bidez besteak beste. Inork irakurri nahiko balu:

    http://www.bolivare.unam.mx/traducciones/El%20autor%20como%20productor.pdf (espainieraz)

    http://www.faculty.umb.edu/gary_zabel/Courses/Art%20and%20Philosophy%20in%20SL%20and%20Other%20Virtual%20Worlds/Texts/Walter%20Benjamin_%20The%20Author%20as%20Producer.pdf (ingelesez)

    P.D: Bide batez, Benjaminen testuen bi antologia euskaraz argitaratzeko proiektua abian da. Lagundu nahi izatera: http://www.verkami.com/projects/8881-walter-benjamin-euskaraz-bi-artikulu-antologia/blog

  2. Zorionak, Beñat, oso pozik irakurri dut zure testua.

    Ohar labur bat: inpresio dut “estatu sobietarrarekin” gertatzen dela (daitekeela) frankismoarekin (estatu frankistarekin) gertatzen den moduko zerbait, alegia, berrogei urteko epean (hirurogeita hamar sobietentzat) fase desberdinak pasatu dituela eta ez dela erraza judizio globalak eta aldi berean zehatzak egitea; Euskal Herrian bertan, ez da berdin 40etako frankismopeko euskal idazleen esperientzia eta hirurogeita hamarreteakoa. Horrek esplikatuko luke (partez behintzat) Hedoien ohar txit harrigarria? (Niri ere oso harrigarria egin zitzaidan).

  3. Eskerrik asko zuen erantzunengatik, Beñat eta Pruden. Egia da, Beñat, Benjamin hautagai ideala dela Pierre Bayarden “Comment parles des livres que l’on n’a pas lus?”-en saldoan sartzeko, baina ez dakit, erreferentzia zehatzagoen ezean (normala dena, bestalde, zutabegintza bezalako genero laburrean), kasu honetan Etxartek sakon irakurri duen ala ez.

    Bestalde, Pruden, bai, nik uste dut arrazoia duzula. J.J. Linzen frankismoko klasiffikazio eztabaidatsuarekin paralelismoa eginez, agian esan liteke SESB erregimen autoritario bat izan zela NEParen aroan (sorkuntza artistikoaren aldetik unerik aberatsena izan zena, ziurrenik) eta Khrustxeven agintalditik aurrera, eta totalitarioa, ordea, lehenengo bost bosturteko planen garaian. Kontua da Etxartek ematen duen data zehatz bakarra 1934koa dela, hots, une bat zeinetan sorkuntzaren gaineko estatuaren aldetiko kontrola oso handia baitzen jada (Platonov baztertua zegoen jada, eta beste idazle eta artista askok arazo larriak zituzten ordurako beren lanak askatasun minimo batez aurrera eramateko), 1936-38ko Purga Handiaren bezperan hain zuzen ere. Broma gutxi onartzen dituen garaia dela esango nuke.

  4. Iban, ez gaitezen adarretatik ibili, Linzen sailkapenak ez du piperrik balio SESBeri dagokionez (eta ziur aski ezta ere frankismoari dagokionez). Nolabait esanda, esatea bezala da pandak hartzak direla, hartz itxura dutelako… biologo batek ez dizu hori ukatuko, baina ez da serioa.

    Baina Linz eminentzia bat izan zen edo gorteko teologo tipiko-topikoa (soziologoz mozorrotua) eztabaidatzen hastea baina agian praktikoagoa da, “historialariak” garenez gero, faktu historiko kontrastatuei hurbilagotik atxikitzea, etiketetan galtzea baino. Eta faktu historiko hutsa da Stalin boterean izan zen bitartean errepresioaren tamaina itzela izan zela, kuantitatiboki eta kualitatiboki, eta gero leuntze bat gertatu zela (SESB beti diktadura bat izan bazen ere).

    Baina, zeharka badinozu ere, agian ozenago esan behar da: Hedoiren artikulua, nolabait, estalinismoa leuntzeko saio baten gisa irakur daiteke. Hori hala balitz oso kezkagarria litzateke. Hala da? Ezin dut sinestu, nahiago dut pentsatu arinkeria bat izan dela. Komunismoa gauza asko izan daiteke, oso desberdinak (eta hortik badoaz Hedoiren oharrak, ados), baina estalinismoa bat eta bakarra da, eta horrekin broma gutxi, ados guztiz zurekin.

  5. Kar, kar, Pruden: banekien salto egingo zenidala Linzen kontuarekin. Ez nekiena, mezu pribatu batekin izango zen edo blogean bertan ;-). Ados nago zurekin, edonola ere.

  6. 1) Iban Zalduari:

    Kaixo Iban. Harritu nau zure ekoizpenak. Ez dakit neure akatsa den edo fede txarrez egindako irakurketa bat. Neureak jotzen dituzu neureak ez diren hitzak. Eta horretan oinarritzen duzu zeure testua, zeure beldurra. Berriako zutabean Gerald Raunig-en ideia batzuk sintetizatu nituen. Paragrafo osoa hauxe zen errata zuzenduta (Gerald zen “Grald” zioen lekuan):

    «Gerald Raunig-ek esplikatu du. Platonek ez zituen artistak errepublikan nahi, ez ziren erabilgarriak edo, are, kaltegarriak ziren garapenerako. Estatu sobietarrak ez zituen artistak kanporatu, ez deuseztu, ezta tresna gisa erabili ere. Baina ez zien utzi izaera sortzaile faltsutuaren aberastasuna erakusten»

    Jatorrizko testuaren gaztelaniazko itzulpena hauxe da:

    «La respuesta de Platón es clara: niega a los artistas un lugar en la república porque piensa que son superfluos, incluso perjudiciales para su desarrollo. La constelación histórica de los siglos XIX-XX es ciertamente diferente de aquella otra de la Grecia clásica, pero la pregunta por la función del arte en la politeia permanece. (…) El Estado soviético no los expulsaría, no los anularía, no los subyugaría como meros instrumentos, sino que ciertamente “les asignaría tareas que no les permitirían exhibir en nuevas obras maestras la riqueza, ya hace tiempo falsificada, de la personalidad creativa” (309)»

    Pasartea «La maquínica del arte político. Otras doce tesis sobre la actualización de “El autor como productor” de Walter Benjamin» (Consonni, 2014 Bilbo. 7.or.) liburuxkakoa da, Marcelo Expósitok itzulia eta berak zuzentzen duen «Pájaro y ornitólogo al mismo tiempo» bilduman argitaratua. Marcelo Expósito unibertsitateko irakasle izateaz gain globalizazioaren aurkako militantea da 90eko hamarkadatik. M15ean inplikatua, bertatik sorturiko X Alderdiko zerrendakidea izan zen, Fundación de los Comunes-eko kidea da eta berriki sortu den Guanyem Barcelona-ko bultzatzaileetako bat. Harritzekoa litzateke bere bilduman tesi stalinistak hedatzea. Baina hedatuko balira pasarte zehatza seinalatu beharko litzateke. «La maquínica…» irakurrita ez dut halakorik inon topatu, testuak 18 orrialde dauzka, bertara jo nahi baduzu.

    Barkatuko didazu Iban ez banaiz zeure gainontzeko iruzkina aztertzen hasten. Ez interesgarria ez delako, jatorrian gaizki ulertua dagoelako. Demagun norbaitek esaten duela: Iban Zalduak esan du la literatura argentina es literatura argentina. Berez Iban Zalduak esan duenean Toti Martinez de Lezeak esan duela «la literatura argentina es literatura argentina». Ez litzateke serioa. Pantagrueleskoa litzateke gutxienik, ez soilik nahasmenean baizik eta bere luzeegitasunean.

    2) Beñati (eta Ibanen erantzunari):

    Kaixo Beñat. Ez dakit zure susmoa datuetan fundamentatua dagoen: Benjaminen gehiegizko ze aipuei buruz ari zara?
    Ibani erantzutean aipatu dut nondik, zehazki, hartu dudan zutabeko ideia. Liburuxka hori hain zuzen «Autorea produktore gisa» aztertzeko bilduma baten baitan dago.
    Nik «L’obra d’art a l’època de la seva reproductibilitat tècnica» (Edicions 62, 2011 Bartzelona) irakurri nuen. Ez dakit zeuk irakurritako berdina den, liburuak hiru idazketa izan zituelako. Eta Benjamin oso da bere burua berformulatzekoa. Ez soilik liburu honetan, «Zer da antzerki epikoa?»ren bi bertsioak ikustea besterik ez dago.
    Zure iruzkina irakurrita Beñat, irudi luke “derrigorrez aipatu behar diren autore” horiek arinkeriaz aipatzen direla. Neuk ez dut arinkeria horrekin arazorik. Bada musikaz jarduten duen jendea pentagrama bat irakurri edo akorde bat gitarra edo piano batean jotzen jakin gabe. Eta oso gauza interesgarriak esaten, Acantiladoko musika klasikoari buruzko azken liburu mardulenak historialariek edo kazetariek idatzi dituzte.
    Azken urteotako demokratizazio handi bat izan dira irakurle taldeak geurean. Kredentzialik gabe eman daiteke iritzia bertan. Horregatik, aipuaren aipua aipatzea oso sanoa iruditzen zait. Autorea zein den esatea ere inportantea iruditzen zait. Ez dut uste autoreak edo gaiak gainditzen direnik. Askotan aipatuagatik ere.
    Eztabaidatzekotan irakurketa eztabaidatuko dut, okerra dela uste badut. Ernaik bere pintada eta kamisetetan «Denak ala inor ez» erabiltzeak zentzu osoa duela iruditzen zait. Bertolt Brechten «Pariseko Komunako» abesti baten bertsoak direla jakiteko beharrik gabe (zenbatek zekiten aurreko belaunaldietan Mikel Laboaren abestiko hitzak ez zirela berez abesti batekoak, antzezlan bateko pasarteak baizik?). Baina aipatuko bagenu Brechtenak direla esaldi subertsibo gehiago deskubriarazi genitzake. Aipuaren pedantekeriaren abantaila politikoa litzateke: testu gehiagotara iristeko aukera, eta mapak sortzea. Adibidez, ELAko Landeia aldizkarira bidalitako gutun batean, 2014ko otsailean, Eibarko langile batek Arestiren «Kristok esan zidan baldin…» erabili zuenean gatazkei buruz jarduteko. Landeiako irakurleek Arestirengana jo zezaketen gero, Aresti aipatu zelako. Osteko irakurketetan bizi dira poeton obrak. Erabilera bastardoak, desbiatuak, diskurtsoak eguneratzeko beharraren osasun oneko sintomak dira.

    Hauek dira –lehen aipatutako liburuarekin batera– neuk irakurri ditudan Benjaminenak: Understanding Brecht (Verso, 1998 Londres), Diario de Moscú (Godot, 2011 Buenos Aires), Calle de dirección única (Abada, 2011 Madril), The Origin of German Tragic Drama (Verso, 1990 New York). Horrez gain, Gerald Raunig-en liburuxkaren bilduman «Walter Benjamin, productivista» (Consonni, 2013 Bilbo) Marcelo Expósitok berak idatzia. Asko daukat beraz Abadan dauden lan osoak irakurtzeko. Nahiz eta tartean irakurri ditudan Moskuko egunerokoak ez diren oso interesgarriak (nahiz eta oso interesgarria den ez dagoela SESBekiko kritika nabarmenik).

    3) Pruden Gartziari:

    Uste dut, argi geratzen dela reductio ad stalinum honek ez duela zentzu handirik. Ez dut ezer leundu ez gogortu SESBi are komunismoari buruz. Garai eraldatzaileetan arte ekoizleek eta indar politikoek dituzten harilkatzeei buruz ari nintzen oso laburki.

    Kondenaren logikak asko pobretzen du eztabaida. Stalinismoaren aurka Hego Euskal Herrian gaur egun agertzea, nazismoaren aurka bezala, keinu huts eta erraza iruditzen zait gainera. Halere, eta ikusita isiltasunak neure balizko terrorearen banalizazioa indartzen duela, epaiketa ad hominem bat dagoela tarteko, hona neure stalinismoarekiko posizioarekiko froga batzuk:

    –Otsailean argitaratu genituen Katakrakek eta The Baldek irakurketa ibilbideak. 17. ibilbideak Sobietar mendea zuen izena. Begiratu hautatutako liburuak, ez dakit Zhdanoven oniritzia izango zuten:
    http://www.katakrak.net/sites/test.katakrak.net/files/Ibilbideak_2.pdf

    –2011an Andoni Arcillak argitaratu zuen jazz diskorako euskaratu nituen Anna Akhmatovaren Requiem olerki antierrepresiboko bi pasarte.

    –2011ko azaroan Xostakovitx eta Prokovievi buruzko artikulua argitaratu nuen Argian. Xostakovitxen aurkako 2 jazarpen nagusiak esplikatzen ziren bertan. Eta gaiaren konplexutasuna:
    http://www.argia.com/argia-astekaria/2299/xostakovitx-prokofiev
    Biografia asko dago Xostakovitxi buruz, «Shostakovich: El arte amordazado por la autoridad» Bernd Feuchtner-ena eta «Shostakóvich: Recuerdos de una vida» Mijaíl Árdov-en aproximazioa dira neuk irakurri ditudanak. Horrez gain irakurri ditut CD zenbaitekin heldu diren oharrak eta kontzertuetako eskuorriak (gogoan dut bat Mikel Chamizok idatzia iazko Donostiako Hamabostaldirako). Dokumentalak ere badira, Valery Gergiev-ena da ezaguna, sensazionalismo hutsa, historiari buruzkoa baina zientziatik oso urrun. Argiako artikulurako Orlando Figes-en «El baile de Natacha: una historia cultural rusa» erabili nuen bereziki, Edhasak argitaratua.

    –2009an Iban Zalduaren hitzaurre batekin argitaratu genuen Ihes Ederra irudi eleberria Alain Urrutia eta biok. Bertan Marina Tsetaievaren hiru olerki zeuden «Le ciel Brûle» eta «Tentative de Jalousie» liburutik hartuak (Gallimard, 1993 Paris). Liburu hori bera gaztelaniaz eta katalanez argitaratu zen urte bete beranduago, bi kasuetan Tsetaievaren olerkiak bertan ziren.

    –2008an Suzko lilia argitaratzean Daniil Harms aipatzen nuen gogoko autore gisa (aurten Nadezhda Teffi irakurtzean bere estiloaz akordatu naiz). «Le Tombement» liburuari egiten nion erreferentzia (l’Engouletemps, 2005 Vimperk). Harmsek errepresioa jasan zuen 1932tik aurrera 1941ean atxilotu eta handik hilabete batzuetara hil zuten arte.

    Ulertuko duzu Pruden, asaldagarria iruditzen zaidala esan ez dudan zerbaiten gainean eraikitako akusazio hau –ez zuregatik noski–, neure posizioon datuak google-n daudelako eskuragarri. Eta beraz, espero dut, lasaitzen zaitudala. Ez naiz hiri gerrila “ez errebisionista” bati entzun beharreko musika klasikoa gomendatzen ari prentsako mezu ezkutuen bidez. Oso freakya litzateke neure aldetik SESBeko errepresioa ukatzea gaur egun eta bizi garen lekuan. Honen inguruko datuak Wikipedian daude. Ez nuen Iban Zalduaren buruargitasuna behar SESBeko terrorearen jakitun izateko, baldin eta ez duen ergeltzat hartzen akusatua, edo publikoa.

  7. Biziki pozten nau gaizki ulertu bat dela jakiteak, Hedoi, eta barkamena eskatzen dizut interpretatu nuen moduan interpretatzeagatik. Baina Raunigen aipua ez zetorren komatxoen artean, eta ezin jakin beraz Raunigena ala zeurea zen, eta, batez ere, ea Raunigena zeure egiten zenuen, Berriako zutabearen disposizioak aditzera ematen zuen bezala (nahasmen hori ezin zen gertatu Martinez de Lezearen nire aipuaren kasuan, nik uste, hura komatxo artean ipini nuelako eta, are gehiago, kontra egiten niolako nire artikuluan). Indikatiboaren erabilerak zure testuan, gaztelaniazko jatorrizkoaren baldintzazkoaren ordez, are nahasgarriagoa bihurtzen zuen, bestalde, esaldiaren zentzua. Eta artikuluaren segidak, sentitzen dut, ez zidan motiborik eman beste era batean interpretatzeko niri asaldagarria iruditzen zitzaidan ideia, are gehiago Xostakovitxen produktibismoaren eta lan kolektiboaren auziak sartzen zenituelarik, kontu batzuk zeinetan, bistan denez, ez baikatoz bat; alde horretatik, sentitzen dut, orobat, nire gainontzeko iritziei men ez egiteko hartu duzun erabakia. Edonola ere, zure zutabearen segidak ez zuen inongo momentuan zalantzan ipintzen lehenengo paragrafoko baieztapen (orain ohartzen naiz) nahasgarria.

    Gauza batzuk gogoratzea, gaur egunekoa bezalako testuinguruan, ez zait, edonola ere, “keinu huts eta erraza” iruditzen: kontu horiek ez daude sekula soberan, are gutxiago estalinismoaren ondorioak gutxiestea boladan dagoen honetan. Ikuspuntu horretatik, ez naiz damutzen egindako (agian) demasezko ariketaz: ideia batzuk freskatzeko balio izan dit, egile batzuen lana errespasatzeko, eta irakurleren bati balio izan badiote, ni pozik. Zeren eta, norbaiti azaldu nion bezala, nire helburu nagusia ez baitzen zutabeari erantzun bat ematea (horretarako testu laburrago bat nahikoa izango zen), gauza batzuk argi uztea baizik, agian batez ere nire buruari. Nire aldetik, behintzat, ez da egon fede txarrik edo ad hominem aritzeko asmorik, are gutxiago inor ergeltzat hartzeko gogorik, eta uste dut horretan saiatu nintzela nire testuan: artikuluari kartsutasun gehiegizkoa egotzi dakioke, baina ez errespetu falta, nik uste.

    Edonola ere, berriro ere, interpretazio hutsarengatik barkamena eskatu nahi dizut, Hedoi. Eta eskerrak eman nahi dizkizut zure erantzunean egindako ekarpenengatik, noski.

  8. Kaixo, Hedoi,

    Barkazioa eskatzen hasi nahi dut neuk ere. Uste dut nabarmena dela ez zintudala estalinistatzat (edo antzerako ezertzat) akusatu nahi, baina hala ere, hitza erabili nuen (“estalisnismoa”) eta, bai, galde daiteke zergatik erabili nuen orduan, zu (zeharka) akusatzeko ez bada.

    Errealitatea banalagoa da, eta hain juxtu ere horregatik eskatu dizut barkemana: hitz zehatz hori erabiltzea erabaki nuen ikusirik Iban eta enparauen kritiken aurrean ez zenuela ezer esaten. Bada, ea horrela erreakzionatzen duen… Zirikada bat zen, ez besterik.

    Baina itxura guztien arabera pasatu egin nintzen. Sekula ez nuen imajinatuko nire oharra akusaziotzat hartuko zenuenik. Kritika injustutzat, tira, prest nengoen hori asumitzeko, apur bat asaldatuko zinela eta zerbait erantzutera atera beharko zenuela, nahitanahiez, baina akusaziotzat hartuko zenuenik… ez nuen pentsatu.

    Enfin, esanda dago.

    Baina beste zerbait ere esan nahi nuke. Nazismoaren banalizazioa oso-oso arrunta da gurean, ikusi besterik ez dago, adibidez, hemengo ez-nazionalista progresista ugarik zelango errigore falta absolutuaz hitz egiten duten “soluzio finalaz” (hots, juduen holokaustoaz) ETAren jardun armatuari buruz erreferitzeko. Adibidez, Antonio Elortzari buruz ari naiz. Nire ustez juduentzat (eta ondorioz, gizon eta emakume guztiontzat) holokaustoa horrela banalizatzea eta banakoen hilketei aplikatzea, onartezina da. Eta honekin, jakina, ez dut ontzat eman nahi banakoen hilketarik (eta abar). Baina badago (egon daiteke) beste ondorio bat ere: behin banalizazioaren jokoan hasita, ze arazo dago estalismoa bera banalizatzeko? Bai, badakit zeuk ez duzula egin, baina arazoa hor dago. Egon daiteke, nahiago baduzu. Nazismoaz hain “alaiki” hitz egitea zilegi eta arrunta den leku batean, zergatik harrituko gara norbait antzeko (edo alderantzizko) terminotan ari denean estalinismoari buruz? Eta aipuaren aipua aipatzearen aipamena egiteko joko horretan (gorago esplikatu duzunari segitzen ari naiz), azkenean batzuk galdu egiten gara. Ni bai (eta esango nuke Iban baita ere). Eta ez dakit arazoa estilistiko hutsa den, aitor dut ez naizela Benjamin zalea.

    Mea culpa.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s