Ana Malagonen hitzak “Inon ez, inoiz ez” liburuaz

[Hauek izan ziren Ana Malagon idazleak eta, hala ere, adiskideak Zarauzko Literaturia 2014ko mikro-aurkezpenean Inon ez, inoiz ez nire ipuin liburuaren inguruan esan zituenak. Maiatzaren 31n egin genuen, bazkaltzeko orduan kasik, Garoa liburu dendan. Mila esker bihotzez, Ana!]

Zuen zorionerako, laburra izango naiz. Gose izango zaretelako. Fisiologikoki gose eta Iban Zaldua entzuteko gose. Eta jende askori gertatzen zaio, gose denean kabreatu egiten dela. Ez nuke hori nahi. Zuen pazientziarekin jolastuko dut, pixkat bakarrik. Hona hemen nire gaurko helburuak, ordenean: 1. Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez liburua oso ona dela eta irakurri behar duzuela esatea. 2. Aurrekoa justifikatze aldera, liburuaren gako batzuk ematea. 3. Nire subnormaltasuna disimulatzea (ez dut itxaropen handirik).

1. Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez liburua oso ona dela eta irakurri behar duzuela esatea. Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez oso ona da eta irakurri behar duzue. Esan dut. Ahal baduzue, denda hontan erosi. Liburuak seinalatzeko luminosoak falta dira, baina hor dago, eskuragai. Dagoeneko erosi eta irakurri baduzue, erosi berriz. Norbaiti oparitu.

Inon ez, inoiz ez liburu ona delako. Garrantzitsua.

Honekin amaitu nezake aurkezpena, zuen mesederako. Eta norbait garrantzitsua izango balitz, nahikoa litzateke zuek nire iritzia aintzat hartzeko.

Baina ez naiz. Eta horrregatik, nire bigarren helburua bete beharko dut.

2. Aurrekoa justifikatze aldera, liburuaren gako batzuk ematea.

Gako hauek ez liburu hontan bakarrik, Iban Zalduaren obran zehar aurki daitezkeen hiru ezaugarri dira. Ibanek maisutasunez jorratzen dituenak.

a. Testuinguruetatik eroritako outsiderrak Hemen eta orain. Inon ez, inoiz ez. Ez dira bildumaren atal nagusiak bakarrik. Ere bai. Liburua osatzen duten ipuinen ardatzean dagoen bidai bat ere bada. Testuinguru jakin bat hemen eta orain biziki bizitzetik , testuinguruaren aldaketarekin amildegian behera inon ez, inoiz ez batean erortzen diren pertsonaien bidaiak.

Egoera berriari egokitzeko arazoak dituzte. Deskontzertutik begiratuko diote errealitate berriari. Batzutan errealitate ukatu egingo dute. Bestetan, horren kontra errebelatu. Baina egokitu? Zaila dute egokitzea.

b. Hartu eta emanik gabeko hartu-emanak Harreman desorekatuen azpigenero-ez-ofizialean maisu da Iban. Informazio izkutaketak markaturiko harremanak jasotzen dituen azpigeneroan. Ipuingintza hori da neurri handi batean, ezta? Informazioaren kudeaketa. Ipuinak kontatzen dira ipuinetan (matrioska narratiboak dira, nolabait). Ipuinak isiltzen dira ipuinetan (izkutaketa jolas serio batean, nolabait). Ipuinak kontatu eta isildu egiten dira (koreografia batean, nolabait).

c. Surrealismo posibleak Fikzioaren aldarria egin du Ibanek bere azkeneko aurkezpen eta elkarrizketetan. Eta eskerrak, autofikzio-autobiografia-autolaguntzaren garai hauetan, fikzioa maite dugunok eskertzen diogu gurekin gogoratu izana.

Hala ere, fikzioa da bai, surrealista-fantastikoa izan daiteke batzutan, bai, baina batek nolabaiteko sentsazioa du posible dela, ez daki nola, baina posible dela, fantasia hori egunen batean teleberrian ikustea, norbaitek kontatuta beregana hurbiltzea edo lehenengo pertsonan bizitzea.

Bada fantasia, bada ironia, bada ezinegona.

3. Nire subnormaltasuna disimulatzea (itxaropen handiegirik gabe). Uhm. En fin. Ez, ez dut lortu. Baina saiatu naiz, benetan.

Irudia

Argazkiaren egilea: Peru Iparragirre @nomadagaldua

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s