Madchester!!

Pop musikaren unetxo hau beti izango dut lotua nire gaztaroaren akaberarekin eta, batez ere, Bilbon bizitzen pasatu nuen urte bakarrarekin (eta honaino irakurri dezaket…). Ondo pentsatuta, Bilbo eta Manchester ez dira hain ezberdinak: biak dira industrializazio zaharreko hiriak; biek dituzte metropoli-hanpuruskeria nabarmenak; biak zeuden murgilduta, 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean, desindustrializazio eta birmoldaketa prozesu gogorretan, nahiz eta, agian, hiri ingelesa aurratuxeago zihoan bere transformazio neoliberal-postmodernoan. Edonola ere, Manchester aldean egiten zen musika, ezbairik gabe, hemengoa baino dezente dibertigarriagoa zen (zer esanik ez garai bertsuan Seattle aldean mamitzen ari zen beste “estilokoarekin” konparatuz, grungearekin: biek ala biek kapitalismoaren berrikuntzei musikalki erantzuteko modu aski ezberdinak islatzen zituzten). Tira, nire hautua argia da: gora Madchester (askatua)!

Irudia

The Stone Roses, The Stone Roses, Silvertone, 1989

Ezbairik gabe, koroaren harribitxia. Egia esan, disko hau atzera entzutera noanean, beldur pixka bat sentitzen dut beti, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik hartzen dudan bakoitzean bezala: idazle ondarrutarraren ondorengo produkzioaren joera beherakorrak haren lehenengo poemen berrirakurketa (txarrerako) kutsatuko didan susmoak hartzen nau une batez. Izan ere, The Stone Roseseko partaideek disko hau kaleratu ondoren egin dutena, elkarrekin zein bakoitzak bere aldetik, hain da ahula, ezen disko hau neurriz kanpo laudatu ote den susmoa izan baikenezake. Alabaina (liburuarekin berdin gertatzen zait), zalantza guztiak bertan behera uzten dituzte “I Wanna Be Adored” abestiaren lehenengo akordeek: disko handia da hau, distiratsua, mirakulu bat. Gitarra kristalinoak, melodia ekidinezinak, koru zerutiarrak, 60ko hamarkadako pop onenaren berraragitze taumaturgikoa, aipu historiko bikoitz eta guzti (“Elizabeth My Dear” mikrokanta antimonarkikoan Simon & Garfunkelen “Scarborough Fair” zitatzen dutela dirudi, baina, berez, balada tradizional ingeles bat da). “She Bangs The Drums”, “This Is The One”, “I Am The Resurrection”… ez dago abesti txarrik disko eder honetan. Ezinbestekoa.

Irudia

The Charlatans, Some Friendly, Beggars Banquet, 1990

The Charlatans britainiarren aurreneko diskoak hobeto laburbiltzen ditu, ziurrenik, Madchester mugimenduaren estilemak, The Stone Roses singularragoak baino: wah-wah gitarren eta vintage teklatuen protagonismo konpartitua (“Believe You Me”), Haçienda dantzaleku mitikoan puri-purian zeuden dance eta acid house doinuen eragina (“Polar Bear”), baxu kementsuak (“The Only One I Know”), 60ko hamarkadako pop psikodelikoaren oihartzunak (disko guztian oro har). Tira, The Charlatansen lehenengo hiruzpalau diskoetako edozein jar nezakeen hemen, alde horretatik, baina guztien artean Some Friendly da agian karakteristikoena, zerrenda britainiarren lehenengo postura eraman zituena zuzenean. Haien musika nolabait definitzearren, Rolling Stones-en ildo psikodeliko marjinalaren sakontze ahalegintzat jo daiteke. Gero ibilbide bihurgunetsuago bat jarraitu dute (hasierara itzultzeko haien You Cross My Path eta Who We Touch oraingoz hondarrekoekin), baina beti ere disko bakoitzean pare bat kanta on eskainiz. Alde horretatik, Madchester eszenan salbuespena osatzen dute, juntu eta bizirik jarraitzen duten bakarrak direlako, orduan inork gutxik egingo zuen arren haien aldeko apusturik; pentsa, ez zituzten ezta 24 Hour Party People filmean aipatu ere! (bale, ez ziren Greater Manchesterrekoak, ondoko Cheshirekoak baizik, baina Madhesterreko soinuarekiko lotura estua eztabaidaezina da…).

Irudia

Inspiral Carpets, Life, Mute, 1990

Hauek bai agertzen direla 24 Hour Party Peoplen, baina oso bigarren planoan, kasik mesprezuz. Ondotxo dakit puristaren batek edo bestek ez didala barkatuko Life honen ordez Happy Mondays taldeko diskoren bat ipini ez izana (horiek bai Madchesterren film-kronika kanoniko/kanonizatzailearen protagonista nagusienetakoak), baina ni ez ninduten hainbeste kitzikatzen, garai hartan (beti iruditu zitzaizkidan kaiku samarrak), eta, ze demonio, de gustibus non disputandum. Edonola ere, Inspiral Carpets dira, ziurrenera, sorta honetako alai eta axolagabeenak, eta baita retroenak ere, haien ildo garageroari eta, batik bat, Farfisa organo zaharraren soinu bereizgarri eta pertxentari esker, kanta guztietan agertzen dena. “Real Thing” dantzagarritik hasita, amaierako “Sackville” enigmatikoraino, “Directing Traffik” edo “Inside My Head” haluzinogenoetatik igaroz, haien disko entretenigarriena eskaini zigun, dudarik gabe, Oldham-eko boskoteak. Hurrengoek ere merezi dute entzunaldi bat, baina, eszenaren ahitzearekin batera, itzaltzen joan zen taldea, 1995ean banatu arte. Egun, akaso oso sinbolikoki, Craig Gill bateria ohiak turistak gidatzen ditu hiriko geografia historiko musikalaren ibilbide mortuetan zehar, Manchester Music Tours delakoetan…

[Testu honen lehen bertsioa  Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2009ko ekainean]

Advertisements

One thought on “Madchester!!

  1. Nere postekin loturak: Hiru disko madarikatu | Oharrak & Hondarrak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s