Mikel Ayerbe: “Edonon, hemen, edonoiz edo herenegun, orain, etzidamu”

[Hau da Mikel Ayerbe irakasle eta literatur kritikoak nire Inon ez, inoiz ez liburuaren Gasteizko aurkezpenerako (2014-V-13) prestatu zuen testua. Eskerrak eman nahi dizkiot aurkezpenagatik beragatik, eta blogean argitaratzen uzteagatik].

Iban Zalduaren lagun Mikel Ayerbek eta, halere literatur kritikariak, konpromisozko enkargu bat onartu zuen duela hilabete: Iban Zaldua idazlearen Inon ez, Inon ez ipuin-bilduma aurkeztea, hain zuzen. Pozik onartu zuen, nahiz eta “Made in Gasteiz” gisako aurkezpen bat izan, eta ez Euskal Literatur Sistemaren sinekdoke den Donostiako Udal Liburutegiko sotoa bezalako leku garrantzitsuan egin ohi zen aurkezpen “ofiziala”. Izan ere, Inon ez, inoiz ez liburua Ramon Saizarbitoria idazlearen, Ibon Egaña kritikariaren eta Xabier Mendiguren editorearen laguntzarekin aurkeztu zuen Iban Zalduak joan den apirilaren 5ean eta ordukoan, Mikel Ayerberi ikusle soila izatea egokitu zitzaion (beno, egia da azafato lanak ere egin zituela, idazleak egun horretarako espresuki idatziriko ipuina jendartean banatu baitzuen). Ayerbek berekiko pentsatu zuen oraingoan, ordea, Elkar liburu-dendan izango zela aurkezpena eta ez aurrez aurkeztu izan dizkion Zalduaren Euskaldun guztion aberria (Alberdania, 2008) edota Ese idioma raro y poderoso (Lengua de Trapo, 2012) lanen aurkezpenak bezala, Zuloa liburu-dendako zulo edo sotoan, eta horrela, agian, ikusgarritasun gehiago izango zuela kontuak, besterik ez bada, liburuak erosten dabilen voyeur jendearen begirada harrituen jomuga sentituko zelako.

Edonola ere, baietz esan zuen (besteak beste, por fin!, ipuin bat dedikatu diolako) eta ederki damutu da. Damutu egin da ez dakielako jadanik zer esan Iban Zalduaren lan berriaz. Ipuingile porrokatua eta eskarmentuduna dela esatea klixe bat iruditzen zaio. Berdin Txekhov, Kafka, Poe, Borges, Munro eta enparauen irakaspenak bere egin eta estilo propioa aspaldi lortu zuela esatea. Beraz, Zalduaren Inon ez, inoiz ez lanaren ondoren atera diren elkarrizketa guztiak irakurtzen ditu bata bestearen atzetik, ea horrela zerbait otutzen zaion: “Fikzioan sinesten segitzen duelako” titularra zeraman Donostiako aurkezpenaren hurrengo eguneko Berriako titularrak. Eta Ayerbe ere ados dago, errazagoa baitzaio azken horri ere fikzioan sinestea, errealitatean fedea izatea baino. Beste egunkari, aldizkari, blog, irratsaio eta medio guztietan errepikatzen da hiru atal dituela lanak eta hasierako “Inon ez” eta amaierako “Inoiz ez” atal fantastikoagoen artean, euskal gatazka edo La Cosa (sic) edota, genero minorraz ari garenez, las cositas-i buruzko ipuinak bildu dituela “Hemen, orain” erdiko atalean. Baina hori guztia esatea ez da batere orijinala, aurkibidean errazen ondorioztatzen den kontua delako (askoz zailagoa da, nonbait, liburua zenbait ipuinek osatzen duten ebaztea: 40, 38, 37,  37 eta erdi?)

Beraz, aurkezleak pentsatzen du Saizarbitoriak eta Egañak Donostiako aurkezpenean esandakoak plagiatzea, beno, plagiatzea plagiatzea ez, baizik eta bere egin eta berridaztea, omenaldi gisa. Eta horrelaxe ekartzen ditu paperera Egañak zerrendaturiko hainbat gauza: “absurduaren garrantzia (…) geruzetan aberasten eta korapilatzen diren ipuinak direla (…) denbora eta espazioaren kodeak irauli egiten direla ipuinotan (…) ikusgai eta ukigai dugun errealitatea bainoa are errealagoa den fikzio fantastiko bat sortzeko” (gogoan du Zalduak berak Borgesen aipu bat erabili zuela ideia hori indartzeko, baina kritikari-entzuleak ez zion kasu handiegirik egin, aipuen bidez hitz egiten duten idazle gehiegi entzun dituelako eta jada ez dakielako nork nor eta noren zer aipatzen duten), eta berriro Egañaren zerrendari helduz, “Idazketa”, “Jolasa”, “Nia”, “Obsesioa”, eta beste hitzak kopiatzeari ekiten dio. Zoritxarrez, ordea, berandu ohartu da Iban Zalduaren Oharrak eta hondarrak blogean zintzilikatuta dagoela Ibon Egañak aurkezpen egunean irakurri zuen hiztegi-testu bikaina eta beraz, oso agerian geldituko litzatekeela plagio hori eta, beraz, azkenean Egañaren hitzak ez erabiltzea erabakitzen du.

Bestetik, Saizarbitoriaren hitzekin ez da askorik gogoratzen Ayerbe, idazleari dion debozioak itsututa eta erabat gortuta, kezkatuago zegoelako idazlearen aurrean entzule arretatsuaren irudia ematearekin, Saizarbitoriak berak esaten zituenekin baino. Ipuin luze(ago)en indarraz hitz egin zuela gorde zuela buruan, eta “Gerra Zibilak” ipuina nabarmendu zuela ere bai (Ayerberi bene-benetako poza eman ziona, bide batez esan, Nuestras Guerras Gerra Zibila eta euskal gatazka oinarri dituen euskal idazleen ipuinen antologiarako Zalduaren ipuin hori bera hautatua baitzuen Ayerbek).

Puntu honetara iritsita, lagun-kritikari-aurkezleak berrirakurri egiten du ordura arte idatzitakoa eta Inon ez, inoiz ez liburuaz baino, bere buruaz gehiago hitz egin duela ohartzen da. Baina tira, lizentzia poetikotzat hartzen du: Zalduaren liburuan bertan ez al da ba, literatura autobiografikoaren, hots, autofikzionalaren, hots, autoegolatria-zilborristikoaren arriskuez hitz egiten? Eta beraz, idatzitakoa kritikari-aurkezlearen autoparodiaz mozorroturiko testua den neurrian, idatzitakoa bere horretan uztea erabakitzen du.

Hori bai, zerbait gehiago esateko premia sentitu, eta Zalduaren lanak ongi baino hobeto ezagutzen dituela garbi utzi beharko lukeela jabetzen da Ayerbe. Etxeko liburutegiko apaletara joan eta azken 5-6 urtetan grupy baten moduan Zalduaren irakurraldi guztietan bildu dituen liburutxoak arakatzen hasi da: Inon ez, inoiz ez liburuko ipuinen kronologia, aldaketak, berridazketak…; azken finean, berak egunen batean izan nahiko lukeen kritikari genetikoaren paperean jartzea erabakitzen du. Era berean, idazleak berak pasa zion Inon ez, inoiz ez-en eskuizkribua hartu eta argitaraturiko edizioarekin erkatu du, honako hau irakurri baitio Zalduari nonbait: “Ordenatzea bera baino, liburuaren azkeneko fasea izan da lan gehiena eman didana: erabakitzea zeintzuk ipuin sartu eta zeintzuk ez, zuzenketak eta egokitzapenak, atalen arteko orekak bilatzea, oreka horiek lortzeko falta zitzaizkidan ipuinak idaztea…”. Ondorio interesgarriak atera ditu kritikariak, baina tamalez, ez liburu aurkezpen batean esateko modukoak…

Eta azkenik, gehiegi luzatzen ari delako inpresioa duenez, maukapetik azken taktika ateratzea erabakitzen du: entzuleek entzun nahi dutena esatea, hain zuzen. Horrelakoetan, sarriegitan aurrez jakiten delako nortzuk bertaratuko diren. Horrenbestez, ziur dago baten batek entzun nahi izango duela Zaldua ez dela idazle tristea eta iluna (Ayerbek behintzat barre asko egiten du berarekin) eta bere literatura ere ez dela tristea eta iluna. Hori bai, oso kritikoa dela (eta zorionez, baita autokritikoa ere, bi kontzeptuak gutxitan baitoaz batera) eta bere etengabeko perfekzio nahiak eta autoexigentziak inbidia ematen dutela, errealitatea eta fikzioa, edota nahiago bada, norberaren ingurua eraldatzeko eta hobetzeko esperantza galdu ez duen norbait baitago ipuinon atzean, beretzako nahi ez duena besteentzat ere nahi ez duen norbait; baina ez alderantziz, besteak konformatzen direnarekin konformatzen ez den norbait baita Zaldua. Ayerbek zalantzak ditu azken hau ulertuko ote den, baina ziur da Zalduak koordinatzen duen irakurle klubera joaten eta bertaratuko direnek badakitela zertaz ari den.

Umorezko konturen bat ere aipatu behar, eta atzo El Correon irakurritako “Raphael niega su propia muerte” titularraren ostekoa (“El cantante […] tuvo que llamar ayer al programa de la televisión local ‘Qué tiempo tan feliz’, para desmentir un bulo de mal gusto. El bulo se extendió por Twitter y el hashtag #DEP-Raphael se convirtió en ‘trending topic’ en unos minutos.”) irakurtzea ere pentsatu du, Zalduaren Inon ez, inoiz ez ipuin-bildumako “Twitter bidezko heriotza” kontakizuna gogoan, errealitateak fikzioa gainditzen duenaren lekuko. Baina friboloegia iruditu, eta ez egitea erabakitzen du.

Eta azken-azkenik, eta aurkezpena “Made in Gasteiz” dela berriro errepikatuz, Inon ez, inoiz ez-en Gasteiz oso presente dagoela esango du, entzuleen artean M. ere egongo delakoan. Baina ez Zalduaren oheburuko irakurgaiak diren Ostegunak (eta Ostiralak eta Larunbatak) liburu(et)an bezala, baizik eta are errealistago, edo are fikzionalago, nahi bada: Amelia Barquinen argazkian oinarrituriko azala dugu batetik, Ibarrolaren “La mirada” edo hiritarrontzat “El coño” dena, Zalduraren Etorkizuna liburuko “Gargantuarena” gogora ekartzeaz gain, ez-leku (berandu bada ere, hitzak atera behar zuen) eta ez-orduaren kontzeptu iradokitzailez hain betea eta kargatua (eta gainera, liburuko “Boulevard-eko erlojua” bezala, juntadizo gune ere badena; uler bedi, A las ocho en el bule-ren homologo “A las nueve en el coño” gisa). Era berean, “Gaztainak” ipuinarekin identifikatzen ez dena ezin izango da Gasteiztar edo Gasteiztartutzat jo; edota “Ama” ipuineko polenak hiria estaltzen dueneko giroa ere hor dago; “Zapatería Beltrán, Café Moderno” ipuina eta abar…

Eta puntu honetara iritsita, Ayerbe kritikaria ongi jabetu da arratsaldeko seiak eta berro-hogei direla eta hemendik hamar minutura gelditu dela egilearekin Elkarren eta ez duela idatzitakoa errepasatu eta berridazteko ez denbora ez lekurik eta aurkezpen testu edo dena delakoa bere horretan uztea erabakitzen du.

Ederki damutuko zaion bigarren erabakia, inondik ere.

 

P.D.: Eta bai, aurkezpen egunetik hiru egunera, hots, orduko etzidamura, Zalduak Ayerberi irakurritako testua bere blogean jartzeko eskatu zion, eta baietz esan ostean, hirugarrenez damutu zaio, pentsatuz orain akats guztiak zuzendu beharko dituela eta K. Bere bizi guztiko editoreari bidali bere iritzia jakiteko, eta hiper-estekak gehitu, eta argazkia atera, etab., etab., etab…

Baina apur bat pentsatu ostean, hori ere ez egite erabaki du, oraingoan, batere damurik gabe.

Irudia

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s