Ibon Egaña: 14 hitz “Inon ez, inoiz ez” liburuaren inguruan

[Hau izan zen Ibon Egaña kritikoak -eta, hala ere, lagunak- nire Inon ez, inoiz ez liburuaren aurkezpenean irakurri zuen testua. joan den apirilaren 5ean].

Inon ez, inoiz ez liburu handia da, zentzu askotan. Mardula, ugaria eta askotarikoa, ez da erraza izan, niretzat bederen, ezer koherenterik esatea bildumaren inguruan. Horregatik, irakurri ahala burura etorritakoei forma ematearren-edo osatu dut hiztegitxo hau liburuaren nondik norakoez zerbait argituko duelakoan.

1. Absurdua: demagun, inoiz iritsiko ez den agindu baten zain dauden komandokideak, edo bukle tenporal batean murgilduta dauden presoaren senideak. Bada absurdutik Iban Zalduaren ipuin berri hauetan, again bereziki bigarren atalean, euskal gatazka (La Cosa, bere terminologian) hizpide hartzen den ipuinetan. Erregistro dramatiko edo tragikotik aparte, absurdurantz egin du Zalduak, errepikatzearen errepikatzez edo itxarotearen itxarotez esperpentikoa bilakatutako errealitatea irudikatzeko, historiaren hari nagusiaren linealtasuna apurtzen duten korapiloak irudikatzeko.

2. Denbora da hiztegiko bigarren terminoa, eta haren lehengusua, espazioa. Inon ez, inoiz ez izenburuak salatzen du, eta Amelia Barquinen azaleko argazkiak ondo baino honeto irudikatzen denbora eta espazio propioak eratzen dituela Iban Zalduak ipuinotan, eta horixe du liburuak ezaugarri komunetakoa. Bestela esanda, espazio-denboren kontzepzio arrazionalaren pitzadurak bilatzen ditu etengabe Zalduak, errealitatearen neurri horien mugak ñabartu egiten ditu, eta malgutu eta nahieran manipulatzen ditu denbora zein espazioa, fikzioaren mesedetan. Ipuinaren, fikzioaren espazio-denbora propioak, fikzioan soilik litezkeenak, eraikitzen ditu trebetasunez Zalduak. Denborak lineala izateari uzten dio, atzera eta aurrera egiten dute pertsonaiek denboran, leku berri eta ezezagunak sortzen dira espazioak materialtasuna galtzen duen unean eta, hala, ipuinaren koordenada espazio-tenporaletan gatibu harrapatzen gaitu egileak.

3. Egunerokotasuna. Denbora eta espazioan pitzadurak sortu eta bestelako espazioak sortzen baditu ere, Zalduaren ipuinetako askok egunerokotasuna dute abiapuntu: bikote-harreman domestikoak, seme-alaben zaintza, etxeko istripuak… Ohikoa duen begi zorrotza ezartzen du horietan Zalduak, eta domestikotasunean bilatzen du bikote-harremanak disekzionatzeko bitartekoa, pertsonaien arteko elkarrizketek gidatuta sarritan, sinesgarritasun eta gertutasun beldurgarria lortuz. Denbora-espazio fikziozko eta are fantastikoen eta egunerokotasun banalenaren arteko orekan datza, bestalde, liburu hauen lorpenetako bat.

4. Ezustea. 38 ipuin (kontrazalakoarekin 39) bildu ditu Ibanek, eta guztiek lortzen dute irakurlea ezustean harrapatzea. Batzuetan amaierako danbatekoarekin, besteetan ipuinek erdibidean hartzen duten bihurgunearekin edo errebelazio txikiekin. Irakurlea erosotzen denean, erantzuna aurrez aurre duela uste duenean, bizkarretik erasotzen dio ipuinak ahulgunean.

5. F letran, Fikzioa, eta haren ahizpa, fantasia, batera datoz. Aske dabil Zaldua narrazio hauetan, aske eta trebe fikzioak eskaintzen dizkion baliabide ugari eta askotarikoak erabiltzen. Literatura, ezer izatekotan, fikzioa dela uste duen egile baten lana da hau; alegia, narrazioaren autonomian eta mundu fikziozko, imajinarioen berezkotasunean sinesten duen ipuingile baten lana. Autobiografiatik edo nitasunetik abiatzen den literaturaren antidotoa da  bilduma (modu esplizitu eta parodikoan, “Literatura autobiografikoaren arriskuak” deitu du ipuin bat), mundu narratibo eta fikziozkoen beregaintasunaren aldeko aldarria ia, eta fantasiari ipuingintzan dagokion lekua aitotzen dio.  Zientzia-fikzioaren forma hartzen du fikzioak inoiz, metamorfosi kafkianoarena ipuinen batean, beste batzuetan objektu edo elementu estrainioek mundu erreala aztoratzen dute, eta gorago esan bezala koordenada espazio-tenboralak irauli, mundu erreal bezain fantastikoei lekua egiteko. Fikzioa eta fantasia, beraz, eskutik helduta doaz, errealitatea irudikatzeko tresna fidagarrienak bihurtuta.

6. Geruzak. Harkaitz Canok zioen errealitatea, tipula bezala, hainbat geruzatan antolatuta dagoela. Halatsu Ibanen ipuinetako narrazioak. Kontakizunak beti (edo gehienetan) du geruza bat baino gehiago. Bada geruza bat kontatzen zaiguna, begibistakoa,  narrazioaren haria eramaten duena, baina bada beste azpiko geruza bat, lausoagoa, isilagoa, lurpeko errekasto bat bezala aurrera doana, eta irakurleak lerroartean irakurri beharrekoa. Irakurleak egin behar duen bi geruzen arteko josketan dago ipuin hauen plazer-iturrietako bat.

7. Heriotza.  Heriotza da Inon ez, inoiz ez honen gai behinenetakoa ere. Ez du, haatik, ipuin liburuak kutsu malenkoniatsu edo tetrikorik. Aitzitik, fikzioaz baliatzen da Iban heriotzaren eta bizitzaren arteko muga ere, errealitatearen eta fikzioaren artekoa bezala, ezbaian jartzeko. Hein batean, heriotzari protagonismoa emanez eta harekin harrapaketa-jolasean bezala arituz desdramatizatzen du ekidinezina dena. Batzuetan umoretik, beste batzuetan fantasiatik, hildako bizidunak edo bizidun birtualki hilak aurkituko ditugu orrialde hauetan zehar, eta batzuetan heriotzari garaipen txikiren bat kendu diogulakoan irribarrea ere etorriko zaigu aurpegira.

8. Idazketa. Edo, nahiago bada, literatura. Ez du liburu honetan Ibanen azkenaurreko  liburuko  pisurik idazketaren eta literaturaren gaineko gogoetak, egia da, baina idazketaren, fikzioaren, hitz batez, literaturaren ahalmenean sinesten duen egile baten narrazioak dira hauek. Horregatik, ipuin zenbaitetan, pertsonaien bizitza eta errealitatea bera hitz bat edo lerro bat idaztearen menpe dago; letra idatziak sortzen du mundua.

9. Jolasa. Literaturaren asmo ludikoari ez dio muzinik egiten Zalduak, eta jolas egiten du pertsonaiekin, espazio-denborarekin, eta baita irakurlearen espektatibekin ere. Errealitatea bihurritzera, deformatzera gonbidatzen gaitu Zalduak, eta jolas egiten du, halaber, narrazioaren formarekin inoiz.

10. Nia. Edo, hobeto esanda, “niaren gezurra” da liburuaren konstante garrantzitsuetako bat. Literatura autobiografikoaren arriskuez mintzo da Iban  eta ni-a ere fikzio ezegonkor gisa irudikatzen du. Espazio-denborekin bezala, niaren mugekin jolas egiten du Zalduak ipuinotan. Ni multiplikatuak ageri dira, bat eta hamaika diren pertsonaiak, isipilu narratiboetan aniztuak; ni lausoak eta ezegonkorrak, nortasuna trukatzen duten pertsonaiak; ni inpostoreak, ustez direnarekin bat ez datozen nortasunak; edo ni eszindituak, kontzientzia eta gogoa bitan banatu zaienak. Guztiarekin subjektuaren ezegonkortasuna eta haren errelatu koherentearen ezina dago behin berriro mahaigainean ipuinotan.

11. Obsesioa. Adulterioa, hiltzeko arriskuan dauden haurrak, komando bateko kideen egunerokotasuna… Idazle obsesibo baten lana da Inon ez, inoiz ez bilduma, eta arnasa estutzen dion horretan ezartzen du lupa berriro ere Ibanek. Eraberrituta irakurriko ditugu liburuan, haatik, Zalduaren kezkak eta obsesioak, beti koska bat gehiago estututa.

12. Orain, edo hobe agian “orain dela gutxi”. “Hemen, orain”, deitu dio Zalduak liburuko bigarren atalari, eta bertan bildu ditu 2006tik 2014 artean idatzitako eta gatazka politikoarekin lotura duten ipuinak. Gatazka politikoaren ertz eta erpin ugari fikziorako lehengai hartu eta ipuinaren forma askotarikoez eman ditu Ibanek, ikuspegi-aniztasuna aniztasun narratiboarekin konbinatuz, absurdua, ironia, eta paradoxa lagun hartuta, baina hondoko mina eta sufrimendua ezkutatu gabe.

13. Patua.  Eraikitzen dituen fikziozko artefaktuen esku uzten ditu Zalduak bere pertsonaiak, eta maiz aukeratu ez duten baina saihestu ezin duten patu baten menpe daude. Ipuin bakoitza kosmos txiki bat da, mundu autonomo bat, eta fikzioan ez du balio eguneroko arrazionaltasunak, bada zerbait pertsonaiez haraindikoa, patua, destinoa, hondamendirantz daramatzan indar bat. Historiaren zein istorioaren atzaparretan erortzen dira pertsonaiak, eta fikzioaren apetek agintzen dute ipuinean.

14. Zaldua, Iban. Alfabetoko azken letrak dakar azken lekura  Zaldua, Iban. Baina ziurrenik liburu honetaz esan daitekeen gauza onenetakoa da  Zalduaren ipuin liburu bat dela, horrek esan nahi duen guztiarekin, eta bere ipuingintza-ibilbidearen gailurretako bat. Ipuina genero gisa gutxik bezala ezagutzen duen egile baten lana da hau, fikzioaren indarrean sinesten duen egile batena, narratzearen artea, bere askotariko formetan goitik behera menperatzen duen norbaitena.

 

Advertisements

2 thoughts on “Ibon Egaña: 14 hitz “Inon ez, inoiz ez” liburuaren inguruan

  1. Nere postekin loturak: Mikel Ayerbe: “Edonon, hemen, edonoiz edo herenegun, orain, etzidamu” | Oharrak & Hondarrak

  2. Nere postekin loturak: ‘Inon ez, inoiz ez’, Iban Zaldua | Jon Iraola | Obabako Testiguak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s