Autoanalisia

[Xabier Mendiguren, Ibon Egaña eta Ramon Saizarbitoriarekin batera egin nuen Inon ez, inoiz ez liburuaren aurkezpenean irakurri nuen ipuin hau, Donostian, apirilaren 5ean. “Bonus track” moduko bat da, ez baita liburuan agertzen: ekitaldirako propio idatzi nuen].

 

AUTOANALISIA

Idazleak egin behar duena idaztea da, eta zure liburuez asko
hitz egin behar baldin baduzu, seinale zure liburuek ez dutela
zure ordez hitz egiten. Malo, beraz.

Rafael Chirbes

Bere obraren interpretazioak biziki kezkatzen zuen. Ez zuen nahasterik edo gaizki ulerturik eragin nahi, eta, horregatik, bere aurreneko nobela argitaratu zuelarik, egiten zizkioten elkarrizketa guztietan saiatu zen ahalik eta sakonen ematen haren esanahi ageriko zein ezkutuen gako guztiak.

Hala ere, kritikak iritsi zirenean –hamar bat, liburua argitaratu ondorengo asteetan–, harrigarria egin zitzaion zein ezberdinak izan zitezkeen interpretazioak, are zein okerrak, haietako batzuk behintzat. Gauzak horren argi uzten tematu zen arren.

Horregatik, bigarren nobela amaitu zuenean, ezberdin jokatzea erabaki zuen: aurkezpenetik bertatik guztiz gardena izan nahi zuen idatzi zuenari buruz, eta azalpen luze eta zehatzak eman zituen, bertaratutako kultur kazetariek gogoan zituzten xeheenak –eta baita astunenak ere–. Hori gutxi balitz, ondorengo egunetako elkarrizketetan, sakon eta zabal erantzuteaz gain, behin baino gehiagotan zuzendu zituen galdekatzailearen baieztapenak, badaezpada.

Argitaratu osteko asteetan, pixkanaka, kritikak iritsi ziren –zazpi, guztira–, eta haietako batzuetan, espero bezala, idazlearen interpretazioa gailentzen zen arren –ez beti, ordea, berak nahi izan zuen zehaztasunarekin–, bestelako norabideetatik abiatzen zirenek, harrigarriki, gehiengoa osatzen jarraitzen zuten.

Bere hirugarren nobelarekin antzera jokatzea erabaki zuen –lanaren autoanalisian zentratutako prentsaurrekoa, elkarrizketa argigarri eta xeheak, are zuzendariari eskutitzak kritikariren baten esanak ezeztatzea premiazkoa zenean–, baina, horretaz gain, hitz-oste mardul bat gehitu zion lanari, berrogei orrialdetakoa, non are garbiago utzi baitzituen fikzioaren zentzu ezkutuen zirrikituak.

Lanak jaso zituen bost iruzkinek, ordea, apenas egin zioten jaramonik eranskinari, eta kritikoetako batek, harrokeriaz, mesprezatu ere egiten zuen, “alferrikako luzakintzat” joz, eta nobelari interpretazio propio guztiz erratu bat emanez, gainera.

Hori dela eta, bere hurrengo eleberria –autoeditatua–, hitz-osteaz gain, aitzinsolasaz hornitu zuen. Hasieran beste idazle batzuei enkargatu zien sarrera moduko testu bat, baina haiek jaso, konforme egon ez, eta baztertzen zituen berehala, ondoren beste idazle bati eskatzeko. Azkenean sarrera ere berak erredaktatzea erabaki zuen.

Liburuak izan zituen hiru kritikek aipatu zuten, hutsik egin gabe –eta, neurri batean, burlaizez–, nobelak berak baino orrialde gehiago zituztela, elkarrekin, sarrerak eta post scriptumak. Eta haietako bik, gainera, ez zuten bat egiten idazlearen iritzi sakon eta dokumentatuarekin.

Ez zen bosgarren nobelarik izan. Horren ordez, idazleak berrehun eta hogeita hamabi orrialdeko ikerketa oso bat argitaratu zuen –Interneten deskargagarria, doan– bere hurrengo nobelari buruz, Nonahi, edonoiz izenburukoa, oraindik idazten hasi gabea.

Idazleak espero –eta desio– zuenaren kontra, liburu elektronikoak kritika bat izan zuen, sareratu eta bederatzi hilabetetara: han, lanaren oinarri epistemologikoei traizio eginez, ariketa metaliterarioaren ausardia laudatzen zen,  nola idazleak “fikzioaren inguruko analisia fikzio bihurtzen zuen, azken batean”.

Egileak ondo baino hobeto zekien hura ez zela bere lanaren zioa, inola ere ez, eta, nobela berriaren erredakzioa atzera alboratuz, kritika haren gezurtamena idazten hasi zen.

Hirurehun eta berrogeita hamar orrialde inguru dauzka, oraingoz, burututa.

_

Argazkia: Литературный покер

(Argazkia Roberto Serranorena da).

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s