Ana Malagonen “Lasai, ez da ezer gertatzen” libururako aurkezpena

[Testu hau Lasai, ez da ezer gertatzen liburuaren aurkezpenean irakurri nuen, 2014ko otsailaren 21ean, Donostian].

Egun on, eta ongi etorri aurkezpen honetara.

(Liburuaren aurkezpenarekin berarekin hasi baino lehenago, parentesi arteko bi ohartxo, edo, nahiago baduzue, aldez aurretiko pare bat kontu pertsonal samar:

-Lehenik eta behin, eta betirako argi gera dadin, ez naiz Ana Malagon Zalduaren lehengusua, bere  bigarren abizena eta nire lehenengoa berdinak diren arren. Beraz, ez nago hemen bere familiakoa naizelako edo aspaldiko leinu euskaldunari zor zaion sendi-elkartasunaren bulkadaren ondorioz; guk dakigula, ez daukagu odol loturarik, eta, baldin baditugu, iragan urrunean galtzen dira, euskal ama paleolitiko primigenioarekin batuko gintuzketenetan.

Hori bai, esan dezaket Ana betidanik ezagutzen dudala, jaiotza unetik kasik, Ana nire adiskide handienaren, Eduardo Malagonen arreba txikia delako, eta, ondorioz, ia.ia bertan nengoela Ana mundura etorri zenean (Donostian, 1978an). Gauza asko konpartitu ditugu, are diskografia bat ere (niri oso gauza inportantea iruditzen zaidana), Eduardok eta biok gustu musikalak eta diskoak partekatzen genituelako (bueno, nire adiskideari Tears For Fears gustatzen hasi zitzaion arte behintzat… ). Edonola ere, zera esan nahi dut honekin, lotura puntu asko izan ditugula Anak  eta biok aspalditik.

Baina hori argi utzita, azpimarratu behar dut ez nagoela lotura horiengatik hemen: bultzatu nauen gauza bakarra liburu hau da.

-Eta horrekin erlazionatuta, bigarren aurretiko oharra: behin eta berriro adierazi diodala Anari, eta baita editoreari ere, agian ni ez naizela pertsona egokiena liburu hau aurkezteko, ezta hitzaurrea idazteko ere, eta are gutxiago, beraz, gauza biak egiteko. Alde batetik, jende batentzako Iban Zalduak aurkeztea motibo nahikoa izan daitekeelako liburua ez erosteko edo baztertzeko; ni hemen egoteak, hasteko, ziurtatzen dio liburu honi kritika txar bat izatea, edo, okerrago dena, bat ere kritikarik ez izatea gipuzkoarron egunkari nagusian, eta hori, donostiar baten lehenengo liburu batentzat, zorigaizto izugarriya da…

Bestetik, hitzaurrea ere idatzi dudanez, pixka bat erredundantea gerta daitekeelako nire aurkezpena. Saiatuko naiz, beraz, zehazki ez errepikatzen hitzaurrerako idatzi dudana, baina ez dakit lortuko ote dudan).

Edonola ere, parentesia itxi eta, orain bai, aurkezpenari ekingo diot, behar den moduan. Eta niretzat ohore bat bada liburu hau aurkeztea, da liburu inportante bat iruditzen zaidalako. Eta saiatuko naiz azaltzen zergatik iruditzen zaidan Lasai, ez da ezer gertatzen hau liburu garrantzitsua, hemen eta orain, 2014ean, Euskal Herrian.

  • Alde batetik, “ezkutuko” egile bat berreskuratzeko aukera ematen digulako. Ana aspaldi hasi zen idazten, eta baita literaturaren munduan ere, Urruzuno belaunaldiko partaidea baita eskubide osoz: gazteen sari hori konpartitu du Harkaitz Cano, Uxue Apaolaza edo Leire Bilbao bezalako jende ilustrearekin, baina, haiek guztiak ez bezala, ez zuen berehala argitaratu libururik, eta katakonba digitaletan ezkutatuta ibili da, ezkutatuta ibiltzeko modu bitxia dena, Poeren “Eskutitz lapurtua” ipuinekoa adinakoa. Ikuspuntu horretatik, alderantzizko bartleby baten modukoa izan da Ana: liburu bat argitaratu aurretik isiltasun literariora lerratu zen idazle bat alegia. Egia da gaur egun (eta etorkizunean agian are gutxiago) liburua ez dela ezinbestekoa idazle baten lanak plazaratzeko, eta Ana ez dela geldirik egon alde horretatik, liburu honetako testuek frogatzen duten bezala (gehienek interneten ikusi baitzuten argia). Baina liburuaren fetitxistak izaten jarraitzen dugun zaharrunontzat, argitaratua izatearen edo ez izatearen arteko muga argia da oraindik. Eta gaur zeharkatu du, eta ez edozein modutan gainera, Ana Malagonek.
  • Beraz, gehitu beharko genuke hemen liburu hau inportantea dela web-literaturaren adibide on bat delako, euskaraz eta edozein hizkuntzatan egunero, astero ekoizten den corpus besarkagaitz horren ale berezia. Eta berretsi beharko genuke, Luistxo Fernandezek azpimarratzen zuen bezala, hitzordu horretara euskaldunok ez garela bereziki berandu iritsi; testu hauen egoera aldaketak, likido edo gaseosotik solidora alegia, horretaz gogoeta egiteko parada ematen digu. Web literatura hori, literatura (neurri batean) efimero eta digital hori existitzen dela gogorarazten digulako, hor dagoena, bere sorpresa txarrekin (literatura konbentzionalak bezala, alegia), baina baita onekin ere, gu deskubritzeko zain.
  • Liburu hau ere inportantea da mikrotestugintzaren aldarrikapena den neurrian. Mikrotestugintza esaten dut, eta mikroipuingintza esan beharko nuke, hemen dauden testu gehien gehienak mikroipuinak direlako, eta horrela salduko direlako: azken finean, normala da, publikoak etiketa ezagungarriak behar dituelako, eta mikroipuinena agian dagokion hurbilekoena delako. Eta ez dago gaizki ere erabiltzea, mugaldeko generoa delako ipuin hiperlaburrarena, mestizoa, hibridoa, eta alde horretatik, paradoxikoa dirudien arren, oso zabala, bertan kabitu daitekeenari dagokionean. Esan dezadan testuok, edonola ere, laburrak izan arren, ganorazkoak direla, Twitterren azken aldi honetan “mikroipuin” bezala autoaldarrikatzen diren asko eta asko ez bezala.
  • Generoaren ikuspegi honetatik Lasai, ez da ezer gertatzen liburu inportantea da, orobat, mikroipuingintza praktikatzen duenean joera dezente duelako horren aldaera “errealistarako”, eta hori ez da horren ohikoa, zeren eta mikropuingintza, berez (eta ipuingintza “orokorra” bezala) gehiago lerratzen da, oro har literatura fantastikoaren alderantz. Honekin ez dut esan nahi ipuin fantastikorik ez dagoenik hemen: egon badaude, eta oso ederrak dira. Baina zerbait azpimarratuko banu errealistak lirateke, laneko, familiako, kontsumoko, eguneroko, haurtzaroko kontuetara zuzentzen direnak koxkaren bila: horietan egiten du distira, behin baino gehiagotan, Anaren bisturiak. Eta hori, generoaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da lortzen erraza, horregatik azpimarratu nahi nuen.
  • Horrekin lotuta, liburu garrantzitsua da bizitza garaikidearen kontakizunean sendo errotutako lan bat delako: liburu hiritar, urbano, are urbanita bat, enprendimientoaren aroko bakardadean aurkitzen duena ardatzetako bat, mundu turbokapitalistak sortzen duen deserrotzean; bide horretatik, Kafka garaikide eta txiki baten abileziarekin egiten du lan Ana Malagonek. Lehengoan lagun batekin komentatzen egon nintzen ipuin hauek, eta hitz bat sortu zen elkarrizketan, nik uste dudana nahiko ondo islatzen duela Ana Malagonen testuek, are umoretsuenek ere, sortzen duen efektua: desosegua. “Desoseguaren liburua” izenburua hartuta dagoenez jada, Anak beste bat aukeratu behar izan du, baina “Desoseguaren kronikak”, edo “Desosegu aleak” ondo egokitu litzaizkioke azpititulu gisa…
  • Beste kontu bat: are metaforaren eremura hurbiltzen denean (poesiarengandik horren gertu dagoen genero batean ohikoa dena, fabularen formulak erabiltzeko joera bezala bestalde), Anaren testuak oso natural aritzen dira. Hurbiletik arituko balitzaigu bezala, erabiltzen dituen metaforak metafora ez balira bezala kasik, hain egiten zaizkigu naturalak edo ohiturazkoak. Alde horretatik, Anaren testuek ez dute bilatzen hizkuntzaren txinparta, ez gaituzte txunditu nahi esapideen su-festa batekin: zuzenean doa harira, apaingarri debaldekorik gabe, baina ez hotz; larderiatsu, baina ez lehor. Baina, batez ere, eta hitz batean, eraginkor ari zaizkigu. Mikroipuingile onari dagokion bezala.
  • Lasai, ez da ezer gertatzen inportantea da, halaber, demostratzen duelako, pornografia sentimentala gure artean errotu dela dirudien garai historiko honetan, posible dela niaren literatura onargarri bat: niaren literatura bat neuaren literatura bilakatzen ez dena, alegia. Eta hori fikzioaren arte noblearen erabilera ondo dosifikatu eta zorrotz baten bitartez lortzen du Ana Malagonek. Irakurle honen zorionerako, bederen.
  • Frogatzen duen bezala, bestalde, idatz daitekeela haurtzaroari buruz haur eta gazte literatura askok ohi duen sentimentalkerian eta onomatopeien inflazioan erori gabe. Edo haurtzaroa paradisu idiliko bihurtu gabe. Haurtzaroa eta gaztaroa gordin irudikatuz, ia-ia zigor biblikoren baten moduan, baina epikarik edo tragediarik gabe.
  • Eta hori guztia, eta honengatik ere garrantzitsua da liburua, esan bezala, zorrotz egiten du Anak, bizkor, itzulingururik gabe, esaldi motz eta bizkorrekin. Eta horrek gogorarazten dit Natalia Ginzburgek bere literaturari buruz esaten zuen zerbait, agian ere aplika dakiokeena  Ana Malagonenari: “Esaldi motzetakoa da nire literatura, nahiz eta Proust atsegin dudan; pertsonei edo gauzei egiten dizkiedan erreferentziak bizkorrak dira, saltoka emandakoak, eta horrela gertatzen da nire komedietan ere… Baina honek guztiak ez du zer ikusirik xalotasunarekin, ‘berehalako’ sentimenduak eskaintzearekin. Uste dut ironia funtsezkoa dela, idaztean distantzia ironiko bat ipini behar dut beti”.
  • Eta ironiaren aipu honek narama liburu honen beste  ezaugarri funtsezko batera, eta da darion umorea. Ze egia da bertan tratatzen diren gaiak (heriotza eta heriotzarekiko beldurra, bakardadea, anomia, isolamendua, hots, gizarte eta ekonomia garaikidearen gaitzetako asko) ilunak izan daitezkeela, berez, baina hemen, maiz, umore finez, ironiaz eta autoironiaz erabilita daude, behar den bezala alegia, eta horrek balio gehigarria eskaintzen die testu hauetako askori. Egia da irribarrea jelatuta uzten dizun umore mota hori suerta daitekeela: ez da umore bereziki kontsolagarri bat. Baina, kontsolatzen ez badu ere, umore horrek (umore beltz edo ilun horrek, nahi baduzue) gutxienez funtzio katartiko bat daukala esatera ausartuko nintzateke. Eta horren adibide gisa, ipuinetako bat irakurriko dizuet:

Kontenedorea

Laztana, ez zitzaidan inolaz ere burutik pasa horrelakorik gerta zitekeenik. Aurretik beste neskekin bezala, diskrezio handiz sartu nituen zure gorpuaren zatiak kontenedore hartan, zabor poltsetan bildurik. Ez, ez zitzaidan okurritu kontenedoreak arratsalde nahasi hartan Bulebarraren erdian bukatuko zuenik, iraulita, erretzen. Eta zure zatiak asfaltoan zabalduko zirenik, eztanda baten ondoren bezala. Hanka. Oina. Eskua. Bular bat. Manifestariak eta ertzainak izoztu egin omen ziren zure inguruan. Koktelak eta gomazko pilotak albora utzi zituzten, mutu eta zurbil. Hori diote lekukoek. Ez dut egunkaria erosi. Ez zait politika interesatzen, sentimentalegia naiz.

  • Bestalde, aipatuko dudanak ez du liburua berezia egiten, baina uste dut esan behar dela: liburu hau liburu desorekatu bat da. Mikrotestuen eta, oro har, ipuinez osatutako liburu guztiak bezala: perfekzio osoa eta homogeneotasun osoa generoaren izpirituaren kontra doan zerbait da, are gutxiago 162 direnean pasarteak. Beraz, irakurleak gora-beherak aurkituko ditu testu hauen artean: gehiago konbentzituko dituen testuak eta gutxiago konbentzituko dituenak. Batez ere bizkor irakurtzen bada, gomendagarria ez den zerbait, nire uste apalean (eta hau diot irakurlearen autonomia batere mugatzeko asmorik gabe): nik pausatuki, egunean ipuin gutxi batzuk leitzea aholkatuko nioke irakurleari. Denbora har dezan hausnartzeko, gozatzeko eta mintzeko. Baina hori esaten dudan bezala, hau ere aldarrikatu behar dut: xedea jotako ipuinen .portzentajea halako liburuetan ohi dena baino handiagoa da. Eta, gainera (frogak dauzkat) funtzionatzen duten kontakizunak ez dira berdinak beti, ez sinkronikoki, ezta diakronikoki ere. Hau da, ni hunkitu izan nauten testuak ez dira izango beste irakurle bat hunkituko dutenak; hori konprobatu ahal izan dut nire inguruan, nolabaiteko “irakurketa konparatuak” egin ahal izan ditudanean. Eta denboran zehar, berrirakurketan alegia, berdin gertatu zait: liburuko lehenengo bertsioa irakurri nuenean, irakurgailu elektronikoan, gehien gustatzen zitzaizkidan testuak markatzen joan nintzen. Eta berriki, aurkezpen hau prestatzeko, orrialdeak tolesten joan naiz gehien gustatzen zitzaizkidan testuak nabarmentzeko. Ba horixe: bi aukeraketen zerrenda errepasatu, eta ohartu naiz, OK, normala den bezala, ipuin batzuk errepikatzen direla nire the best of-en zerrendaren barruan. Baina ez guztiak: beste askotan (erdi eta erdi esango nuke) aukeratu ditudanak beste ipuin batzuk izan dira, lehenengo irakurketan oharkabe pasatu zitzaizkidanak, eta ez zaizkit horren nabarmengarriak iruditu aurreneko irakurketan inpresionatu ninduten beste batzuk. Hots, berrirakurketa ondo jasaten duen liburu bat da (kotoiaren froga literario nagusienetako bat niretzat), eta horrek asmatzeen, aziertoen maila zabaltzen du. Hots, gorabeheratsua da, ma non troppo.
  • Azkenik, eta hemen berriro ere aitorpen pertsonal bat egitera behartuta nago, liburu hau inportantea izan da niretzat asko animatu nauelako. Ez nire bizitzari beste norabide bat emateko, edo naizena onartzeko, edo inguratzen nautenak eskuzabaltasun handiagoz ikusteko: ez dadila inor hurbildu orrialde hauetara, mesedez, Bucay, Coelho edo Jaio motako autolaguntza-errezeten bila. Animatu banau izan da irakurle bezala egin duelako, eta, are gehiago, euskal literaturaren irakurle bezala animatu nauelako: esperantza itzuli didalako. Eta hau esaten dut oso irakurle ziklotimikoa naizelako, euskal literaturarekiko adoregabetasun unetatik pasatzeko ohitura txarra dudalako. Askotan gertatu izan zait, baina zorionez, beti egon da libururen bat, euskal depresio literariotik ni ateratzeko gaitasuna izan duena, eta, une batez sikiera, animatu nauena: gertatu zitzaidan Ur Apalategiren Gauak eta hiriakekin,  gertatu zitzaidan Xabier Montoiaren Denboraren izerdiarekin (eta oraintsu bere Azken afariarekin), gertatu zitzaidan Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin liburuarekin… Pasa den udan izan nuen desanimo/depresio une horietako bat. Eta nire euskarria, irakurtzen jarraitzeko itxaropena itzuli zidana, neurri handi batean, Anaren liburua izan zen. Alde horretatik, eskerrak baino ezin dizkiot eman: eskerrik asko, Ana, liburu hau biltzeagatik, eta ni hona gonbidatzeagatik.

Amaitzeko, uste dut ondo legokeela beste ipuin bat irakurtzea. Hauxe, adibidez:

Banaketak

Serio zeuden gurasoak bi ahizpei begira. Ez zuen gaizki egindako ezer gogoratzen. Arratsaldean parkean ibili zen, beti bezala, auzoko lagunekin. Ez zen ezer berezirik gertatu. Ez haserrerik. Ez istripurik.
     “Zer egin ote duzu oraingoan”, esan zion Martari belarrira.
     “Zer egin ote duzu zuk, nik ez dut ezer egin”.
     “Zuen aitak eta biok banatu egin behar dugu”.
     “Elkar maitatzeari utzi diogu eta hoberena dela pentsatu dugu.”
     “Baina zuek maite zaituztegu, asko maite zaituztegu”.
     Isilunea.
     “Nik ez dut Marta maite, banatu naiteke ni ere?”.
     “Bai, guk ere banatu egin nahi dugu.”
     Isilune ozenago bat.

DSCN2293[1]

Advertisements

One thought on “Ana Malagonen “Lasai, ez da ezer gertatzen” libururako aurkezpena

  1. Nere postekin loturak: Ana Malagonen "Lasai, ez da ezer gertatzen" liburua aztertuko du irakurle taldeak |

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s