Literaturaren gainbehera eta kritikoak

Argi eta garbi dago: literatura dekadentzian dago. Juan Goytisolok eta Pako Aristik diote, Antonio Muñoz Molinak eta Karlos Linazasorok, Mario Vargas Llosak eta Harold Bloomek. Eta kausak, zer esanik ez, anitzak bezain ugariak dira: ikus-entzunezkoen lehia, masa-kulturaren zabalkuntza geldiezina, alienazio kapitalista, e-bookaren oldarra, argitaletxe talde oligopolistiko handien politika, idazle izarren azalekokeria, autoerreferentzialtasunaren eta autofikzioaren uholdea, best-sellerren produkzio fordista-taylorista, bataz besteko irakurlearen nagitasuna, kanonaren suntsipena, kanonaren iraupena…

Gainbehera horren kausa nagusienetako bat kritika izan zitekeela ez nuen, ordea, susmatzen; uste nuen alderantziz zela kontua, neurri batean literaturaren erorketaren ondorio zela kritikarena ere. Baina kontrakoa defendatzen du, ordea, beste zerbaiten bila ari nintzela topatu nuen testu batek. Eta, oro har, kulturaren dekadentziaren beste bektore ezagunago baten garapenarekin lotuz, alfabetizazioaren eta hezkuntza mailaren igoerarekin alegia, hots, masscult eta midcult delakoen zabalkuntzarekin erlazionatuta egongo litzatekeen kausa berarekin.

Hala dio pasarteak:

Literaturaren gainbehera hain da begien bistakoa ezen apenas behar baitu azalpenik. (…) Kritikak gora egiten duen neurrian, literaturak askoz ere aurrerapen ahulagoak egiten ditu, proportzioan, bikaintasunerantz (…). Kritikaren zabalkuntza, edozein modutan ere, hezkuntzaren orokortzearen ondorio naturala da: (…) ziurra denez jeinurik gabeko pertsona hezi oro kritikari bihurtzen dela, kritikoak ugariagoak izango dira, proportzioan, hezkuntza giza-maila guztien artean zabaltzen den neurrian (…). Letren errepublikaren bestelako galdukeriek bultzatu dute, halaber, literaturaren dekadentzia, hala nola entzute handiko idazleren baten naturalkeriak, beste idazleen imitazio biziotsua eragiten duenean, edo politikaren inguruko gatazkek (…). Baina zoritxar guztietatik, handiena arauaren araberako epaien zabalkuntzak dakar, sentimenduaren arabera egin beharrean.

Hori bai: kontuan hartu behar da aipua Oliver Goldsmith irlandarrarena dela… eta 1759an eman zuela argitara, Europako egungo hezkuntza dotorearen egoeraren inguruko ikerketa izenburuko saiakeran. XVIII. mende erdialdeko data bat zeinetan, bistan denez, literatura dekadentzian zegoen jada, nahiz eta ingelesezko nobelaren lehenengo eztandaren aroa izan: Jonathan Swift, Henry Fielding, Samuel Richardson, Laurence Sterne… eta Oliver Goldsmith bera, arrakasta eta eragin handiko eleberri baten egilea (besteak beste), Wakefield-eko bikarioarena alegia (1766). (Halako dekadentzia batekin, nork nahi ditu loraldiak?).

Bi lezio ateratzeko moduko aipua, edonola ere. Baga: literatura betidanik egon da gainbeheran; ez dezagun ilusiorik egin, beraz, gure garaiei buruz.

Eta biga: literatur kritikoak zerbaiten errudun dira. Betidanik. Are literaturaren beraren dekadentziarena ere.

Advertisements

2 thoughts on “Literaturaren gainbehera eta kritikoak

  1. Anitz gustatu zait naturalkeriaren aipua. Pena da, kritikariaren motibazioen artean, inbidia aipatu ez izana; bertzenaz, testua guziz garaikidea izan liteke.

  2. Aspaldi handiko artikulurik animagarriena. XVIII. mendearen bigarren zatian literatura britaniarraren gainbehera ekidiezina baldin bazen, beharbada gure hoberenaren atarian gaude, eta ez gara oraino ohartu. Neska-mutilak, argitu kopetak!!!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s