Zuzeneko hiru disko

Badakit, badakit: zuzeneko diskoek ez dute batere fama onik. Gehienetan espedientea betetzeko albumak dira, sorkuntza-sikute garaietan fabrikatuak, eszenatoki baten gainean gertatzen denaren irudi lauso eta ez nahitaezkoak; are gehiago, askotan kontzertuetako jatorrizko grabazioak hain daude gerora manipulatuta estudioan, ezen haiekiko edozein antzekotasun kasualitate hutsa baita, finean. Fanentzako artefaktuak dira live diskoak, ados, baina onartu behar da batzuek lortzen dutela galbahea pasatzea eta ezinbesteko bihurtzea. Hona hemen nire diskotekako rara avis horietako hiru.

made in japan deep purple bilaketarekin bat datozen irudiak

Deep Purple, Made in Japan, EMI, 1972

Ezin zuen faltatu, zer egingo zaio ba. Klasikoen artean klasikoa, Deep Purple bere urrezko garaian harrapatzen du Made in Japanek: handik aurrera taldearentzako dena izan zen –tartekaturik– malda behera eta berpizkunde-ahalegin, gaur arte. Hasiera batean Japonian bakarrik saldu behar zen arren –izenburuak argi uzten duen bezala, bertan grabatu zen, udako hiru gauetan zehar– , disko bikoitz honek ahalmen handiak izan zitzakeela erabaki zuten taldekoek, eta baita asmatu ere: hard rockaren garaikurretako bat bilakatu zen eta, ziurrenik, heavy metalaren existentziaren –eta iraunkortasun tematiaren– arrazoietako bat. Ez da gutxiagorako: John Lord organo-joleak eta Ian Paice bateriak “Highway Star”-en atarian paratzen duten sarrera  in crescendotik abiatuta –beti emozionatzen nau hasiera horrek–, “Space Truckin’”-en amaiera latzera arte, apenas dago atsedenik, salbu eta akaso “Child in Time” kantan, noski, Ian Gillanen oihuek lasaitasun osorako tarterik uzten ez badute ere. Abestien bertsioak, behar den moduan, hiperbolikoak dira –batek LPetako baten alde oso bat hartzen zuen–, eta, solo astunen bat kenduta, ez dauka mitxelinik batere, Xabier Arzalluzek liokeen moduan. Guitar Heroa ez baduzu, badakizu: ipini disko hau jogailuan, estali burua lanbasaz, hartu erratza, eta disfrutatzera!

Joe Jackson, Big World, A&M, 1986

Hau ez da ohiko live bat, onartzen dut: ez da material zaharraren zuzeneko berrikuspen bat, kanten artean ez dira entzuten publikoaren txaloak eta zarata, kalitateak estudiokoa ematen du… Burutaldi xelebrea izan zuen Joe Jacksonek 1986an: hurrengo disko ofiziala osatu eta entsaiatu ondoren, zuzenean grabatzea, bi gauetan zehar, New Yorkeko antzoki batean, publikoaren aurrean, kontzertuen izpiritua jasotzeko hain zuzen ere. Kantak propio konposatu zituen une horretarako, eta, estudioan ez zenez ezer gehitu edo kendu behar, bertaratuei eskatu zitzaien isilik egoteko abestien artean, behintzat amaieran eta hurrengoaren hasieran… benetan zaila izango zitzaiena, ziur nago. Jackson britainiar New Waveko solista nagusienetako bat zen –Elvis Costello eta Graham Parkerrekin batera–, eta disko honetan 1970eko hamarraldiaren amaieran eta 1980koaren hasieran jorratutako estilo guztien sintesia egin nahi izan balu bezala dirudi: power-pop pilulakadak, jazz-soula, pop dotorea, aire latinoak, oihartzun zinematikoak… Askotariko diskoa da Big World, Jacksonek inoiz grabatu duen osoena, ziurrenik. Biniloaren nostalgikoentzat badu, gainera, berezitasun bat: disko bikoitza izanik ere, aldeetako bat (laugarrena) hutsik zetorren guztiz, hiru alde zituen soilik…

catch flame bilaketarekin bat datozen irudiak

Paul Weller, Catch-Flame!, V2, 2006

Hau ez da, agian, Paul Weller Modfatheraren zuzeneko diskorik onena –ohore hori 1994ko Wild Woodi legokioke–, baina oso ondo islatzen du zuzeneko grabazio batzuekin  –gutxirekin– gertatzen den miraria: hobetu egiten dutela orijinala. Ez luke horren arraroa izan behar: estudioan, batzuetan bizkor, gehiegi entseatu gabe eta diskoetxearen presiopean grabatutako “jatorrizkoak”, ahul ateratzen dira maiz, eta bira baten errodajeak, banda on batekin, gehiago egin dezake kanta-sorta batengatik, diseinuzko produkzio batek baino. Ni, Wellerren betidaniko fana izanik ere –“The Who beste jainkorik ez dago, eta Weller da haren profeta”–, dezente dezepzionatu ninduten beraren Illumination (2002) eta As Is Now (2004) albumek. Erredentzioa, ordea, Catch-Flame! Live At The Alexandra Palace honekin iritsi zen: betiko apustu seguruez gain – “Peacock Suit”, “The Changingman”, “Wild Wood” eta, nola ez, The Jam eta The Style Council garaiko brutalidadeak, hots, “That’s Enterteinment”, “Town Called Malice” edo “Long Hot Summer”–, haize berria –eta nolakoa!– ematen zien aipatu diskoetako “Come On/Let’s Go” eta “Going Places” bezalako abestiei, gainontzeko klasikoekin bikain uztartuz. Zuzeneko diskoek, DYAren antzera, erreskate-lanetarako balio dezaketen seinale…

[Testu honen lehen bertsioa  Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2009ko maiatzean]

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s