Profesionaltasun literarioaren auzia (II)

[Artikulu hau Galde aldizkariaren laugarren zenbakian argitaratu da].

Aurreko artikuluan euskal idazle profesionalaren figuraren “hazkundeaz” aritu nintzen, eta figura horren inguruan azken urteotan gero eta sarriago entzun edo irakurri ahal izan diren kritika negatiboez. Baina profesionaltasunaren aldeko aldarriak sendoak dira orobat, eta, lehengoan aurreratu bezala, espezializazioaren abantailen argudioarekin lotuta egon ohi dira: idazketan soilik eta esklusiboki aritzen diren idazleek abantaila gehiago aterako liokete beren jardunari beste lanbide bat eduki eta “asteburuko idazle” amateurrak direnek baino. Bernardo Atxagak behin baino gehiagotan esan du idazle profesionala dela beste erremediorik izan ez duelako, “mundu honetan gehien gustatzen zaidana mahaiaren aurrean egon eta idaztea” delako alegia, eta horri esker liburu gehiago idatzi ahal direla. Ezinbestekotzat jotzen zuen, ildo horretan, Joan Mari Irigoienek ere, argitaletxe batekin lotzen duen profesionalizazio kontratuaz hitz egitean: “gustura nago. Kontratu hori izan ez banu, berdin jokatuko nuen une batetik aurrera. Babilonia argitaratu nuenetik aurrera, zortea izan nuen Elkarrekoekin topo egiteko (…), baina haiekin akordiorik lortu ez banu, asmoa nuen berdin jokatzeko”. Kirmen Uribek ere pentsatzen du idazketak denbora franko eskatzen duela, eta gehitzen du “ni idazle profesionala naiz (…) irakurtzeko denbora izateko (…); niri ideia onak sortzen zaizkit irakurtzean”.

Ignacio Martínez de Pisón idazle zaragozarrak, egungo krisien testuinguruan –liburuarena, eta Espainiako ekonomiarena– oso grafikoki azaldu du berarentzat zein den idazle profesionalaren garrantzia: “Konkistatu genuen profesionalizazioa desagertu da (…); asteburuko idazle izatera itzuliko gara, astelehenetik ostiralera arteko behargin”, eta horrek, bere ustez, liburuen kalitateari kalte egingo dio: “igerilari bat Olinpiar Jokoen finalean nahi badugu, denbora guztian entrenatu beharra dauka. Soilik asteburuetan egin baldin badezake… ezingo da klasifikatu ere”.

Kontraste handia, beraz, joan den artikuluan agertzen ziren iritziekin, zeinetan neurri bateko mertzenariotasuna obraren kalitatearen kontrakotzat jotzen baitzen. Aitor dut nik ez daukadala iritzi guztiz sendo bat, alde bietako argudioek konbentzitzen bainaute egunaren arabera, hala idazle profesionalen merkatuarekiko mendekotasuna salatzen dutenenak, nola idazketari denbora (ia) osoa eskaintzearen abantailak azpimarratzen dituztenenak; azken batean, normalean idazle bakoitzaren kokapenaren ondorio izaten dira bateko edo besteko teorizazioak, eta “profesionalek” beren egoera justifikatzeko loriatzen dute esklusibismoa, “amateurrek” haien sorkuntza askatasuna goratzen duten arrazoi berberengatik: batean edo bestean daudelako, alegia. Izan ere, susmoa daukat talentua antzera dagoela banatuta profesionalen eta amateurren artean, hots, multzo bietatik ateratzen den maisulanen portzentajeak antzekoa izan behar duela, azken finean –jeinua, beste nonbaiten esan dudan bezala, bestelako kontua da: jeinu literarioak (eta artistikoak, oro har) ez du banaketa estatistiko homogeneorik onartzen, itxura guztien arabera–.

Beste arazo batek arduratzen nau, ordea: ze puntutaraino izan den euskal idazleen profesionalizazioaren ildo nagusia indar endogenoen ondorio, ala Espainiako sistema literarioak bidea emandakoa; izan ere, iritzi orokorraren arabera, 1980ko eta 90ko urteetan eratu zen, espainiar letretan, idazle profesionalen nolabaiteko “klase ertaina”, hots, idazletzatik eta bere ingurumarietatik –luxurik gabe baina, oro har– bizi zitekeen pertsonen multzoa… euskal esparruan profesionalizaziorako bideak bultzada jasan zuen garai bertsuan alegia. Eta horixe da, hain zuzen ere, orain krisian sartu bide dena, Peio H. Riaño kultur kazetariak “La muerte del escritor de clase media” artikuluan iragartzen zuen bezala (El Confidencial, 2013-IV-13). Horrekin lotuta, eta artikulu honen lehenengo partean aipatu nuen bezala, Unai Elorriagak idazle profesionalen taldea utzi izana, berak adierazi zuen bezala, ez da agian kasualitatea, testuinguru honetan; gorago aipatutako Joan Mari Irigoienek, elkarrizketa berean, hala zioen: “horrek gure mendekotasuna izugarria dela erakusten du. Madrilek esaten du zein den ona, edo oso ona, eta zein den bigarren mailakoa. Egokitu zaienentzat oso ondo dago hori, baina ez da oso egokia”. Agian gure egileen esportazioa bermatu duen eredua bera kolokan jartzeak azpiak jan dizkio profesionalizazioari, edo, behintzat, profesionalizatzeko modu jakin batzuei.

Izan ere, kontuan hartuta, publiko autoktono bat ziurtatuta izanik, merkatu-kuota finko bat erdiesten duten gutxienetakoak direla, akaso –eta soilik akaso– zinezko profesional bakarrak, gure letretan, nortzuk, eta bertsolariak lirateke… baldin eta benetako literatoak balira, noski –eta honek, korolario gisa, gure benetako idazle profesional bakarra Uxue Alberdi dela ondorioztatzera eramango gintuzke, azken finean… Baina, tira, utz diezaiodan, behingoz, lurralde labainkor horretan barrentzeari…–.

Azken batean, arazoa ez litzateke lanbidekoa, jarrerakoa baizik, Anjel Lertxundik Bost idazlen zioen moduan: “Idazleak profesionala izan behar duela esan dut lehen eta horrek hala behar du niretzat. Ez dut esan nahi, hala ere, idazleak literaturatik bizi behar duenik. Hori ametsa litzateke, eta ez dakit osasuntsua den ere. Baina izanak izan eta hortik bi euro aterako ez baditu ere, guztiz profesionala balitz bezala jokatu behar du idazleak beti-beti-beti”.

Agian hortxe dago gakoa.

Underwood Elliott Fisher Co. - Man and woman posing with giant typewriter

Advertisements

One thought on “Profesionaltasun literarioaren auzia (II)

  1. Nere postekin loturak: Ez dago garantiarik | Oharrak & Hondarrak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s