Elipsiaren alde eta klixearen kontra (besteak beste)

Ipuinaren puntu horretara iritsi nintzenean, ez nuen izan gelditzea beste erremediorik. Eta nirekin zegoen adiskideari –bera ere liburu bat eskuetan– ozen irakurri nion esaldia, maiz egiten dudan bezala. Narrazioan, hirugarren pertsonan, emakume baten gaztaroko sexu-enkontru bat deskribatzen da, feriaz feria dabilen Patxi izeneko bitxi-saltzaile batekikoa, eta aski ona, zantzu guztien arabera: izan ere, ipuinaren protagonistaren lehen orgasmoa izan zen hura. Hala zioen gelditzera eta nire ondokoari ozen irakurtzera behartu ninduen esaldiak:

“Furgoneta barruan, han zintzilik zituen zilarrezko belarritakoen txilin-hotsa entzunez deskubritu nuen lehenbizikoz zer den hegan egitea beste norbaiten eskua zure hankartean duzula”.

Adiskidea, entzun ondoren, bat etorri zen nirekin “hegan egitearen” inguruko irudiaren topikotasunari zegokionean. Barre pixka bat egin genuen idazlearen nagitasunaren kontura eta aurrera jarraitu nuen irakurketarekin. Baina ez zen hor bukatu gaia. Hurrengo esaldia hau baitzen:

“Zilarrezko belarritakoen txilin-hots bakoitzeko izartxo bat ikusi zuen, distiratsu, furgonetaren sabaia izarrez beteriko zerua bihurtu arte”.

Ezin nuen sinetsi. Atzera gelditu eta, berriz ere, ahots goran irakurri nion pasartea lagunari. Hegan egin ondoren, izarren klixea. Ordura arte  irakurritakoa errepasatu nuen bizkor –ipuinaren laugarren orrialdean gertatzen ari zen hura guztia–, justifikazio baten bila. Ahotsaren pinpirintasuna propio bilatua al zen? Lehenengo pertsona batek justifikatu zezakeen aukera hori –pertsonaiaren izaerarekin bat etor zitekeen–, baina hirugarren pertsonaren aukerak, eta narrazioaren tonu deskriptibo oro har objektiboak ez zuen halakorik pentsatzeko aukerarik ematen.

Berriro ekin nion irakurtzeari. Eta gelditu behar izan nuen, hirugarrenez, ozen irakurtzeko –zin egiten dut hala gertatu zela: hau iruzkin kritikoa da, ez fikzioa–.

“Patxi bera baino bost urte zaharragoa zen eta ondo zekien pianoari musika ateratzeko zein tekla jo behar zuen”.

Pianoa eta tekla: falta zitzaiguna. Literatura klixearen aurkako gerra bat baldin bada, Martin Amisek zioen bezala –eta Ibon Egañak gogorarazten zigunez–, bataila hori galduta zegoen erabat. Kontuan hartu ez dudala pasarterik ezabatu esaldi horien artean: hirurak jarraian datoz, paragrafo beraren barruan.

Tamalez, joera hauek –klixearen erabilera akritikoa, eta elipsiari uko egitea: nahikoa eta sobera zen irudietako bakar batekin– Karmele Jaioren Ez naiz ni bildumaren ipuinetako asko zamatzen dituzte (Elkar, 2012). Gehiegi kontatzeko gogoa du egileak, irakurleari gauzak argiegi eta garbiegi uzteko, enfatikoegi suertatzeko –Lander pertsonaiaren “funtzionaltasuna” gehiegi azpimarratzen duenean bezala, “Reiki” ipuinean: hasieran eskainitako printzekin nahikoa luke, nik uste, irakurleak–. Baina, bitxia bada ere, beste batzuetan justu kontrako jokabidea nagusitzen da: irudipena daukat ipuin batzuek –“Bitxiloreak esku artean”-ek eta liburuari izenburua ematen dionak, esaterako– irabaziko zuketela baldin eta egilea astitsuago aritu eta luzamenduetan ibili izan balitz, are –itxura batean– gai nagusiarekin zer ikusi lausoa duten pasarteak txertatuz, Alice Munrok edo –bere ipuin luzeenetan– Ignacio Aldecoak egiten duten bezala.

Eta pena da, zeren eta inguratzen duen errealitatearen behatzaile arretatsua baita Jaio, niri gehien gustatu zaizkidan ipuinetan frogatzen duen bezala (“Txupa beltza” eta “Aterkia”): begi zorrotza dauka hiri inguruetako klase ertainekoen –eta zahartzearen mehatxuak kikilduriko “adin ertainekoen”– testuinguru mesokratiko eta artega harrapatzeko (eta, finean, Jaiok ipuinlari sen handiagoa duela iruditzen zait, nobelagilearena baino, cfr. Musika airean topikoz betea, Elkar 2009). Alde horretatik, onartzen dut ez ditudala konpartitzen idazleari egin zaizkion kritikak, ez chick lit bezala kalifikatu izan dutenak (Javier Rojok egin zuen bezala: emakume idazle batzuen lana baztertzeko modu ez bereziki sotil bat iruditzen zait hori, eta nik uste dut Karmele Jaioren intentio auctorisa ez doala, inondik ere, ildo horretatik), ezta salatu dutenak klase gatazkarik ez duela islatzen bere ipuinetan, eta beheraldi ekonomikoaren zantzurik apenas agertarazten duela. Zergatik egin beharko luke halakorik? Non dago ezarrita zeintzuk izan behar duten literaturagilearen lehengaiak? Mamiek edo ikuspuntuek ez dute garrantziarik, analisi soziologikoak egiteko ez bada: emaitzak du garrantzia, mami hori modu literario batean lantzeko lortzen duen eraginkortasunak. Idazle bakoitzak hobekien ezagutzen duenarekin egin behar du lan, edo, barkatu, hobekien imajinatu dezakeenarekin, eta horretan nik esango nuke Jaiok txukun betetzen duela bere lana, bere buruari eta hautatu duen bideari traiziorik egin gabe. Izan ere, kritika horiek estraliterario samarrak direla uste dut, eta zer ikusia izan dezaketela zutabegintzaren alor labaingarrian edo elkarrizketetan botatakoekin, fikziogintzan burututako lanarekin baino; tira, egia da los-ricos-también-lloran motako adierazpenek ez diotela bereziki laguntzen (“Bizitzaren erdigunera heldu eta gauza asko gertatu dira, gero eta pisu handiagoa daramazu bizkar-zorroan, harri bat hemen, harri bat hor… harri asko azkenean. Ez, bizitza ez da gauza erraza, borroka da, maila guztietan. Diru asko duenak eta lanik ez duenak, denek bizi dute borroka hori, miseria asko”; azpimarra nirea da). Baina ez dugu ahaztu behar gauza bat dela obra, eta beste bat idazleak esan dezakeena obraren inguruan. Alde horretatik, ados nago D.H. Lawrencerekin: “Sekula ez sinetsi artistari, sinetsi ipuinari”.

Eta, bai, Jaio behatzaile ona izan daiteke, baina literaturan hori ez da, gehienetan, nahikoa. Irudi (ustez) lortu batek, esaterako, ez du justifikatzen ipuina, irakurleari etortzen zaion pentsamendua “eta zer?” bada, hura amaitzean: sarritan gertatu zait halakorik, liburu honetan. Anjel Lertxundik dioen bezala, “Narratzaileok badugu gertakariekin itsutzeko arriskua. Istorio bat kontatu beharrarekin. Baina gertaera batek, benetan interes eta esangura izan ditzan, gertaera hutsa baino haratagoko zerbait behar du: ikusi, entzun, ikasi eta sentitu egiten denaren mami halako bat. Bestela, anekdota hutsa da gertaera. Eta anekdotak, beren horretan, bitxikeria soil biluzia diren aldetik, ez dira literatura-gai” (Eskarmentuaren paperak, Alberdania 2009). Oso idazle gutxik lortzen du programa anbiziotsu hori betetzea, zer esanik ez. Eta Ez naiz ni honetan, Jaioren aurreko ipuin liburuetan bezala, aztarnak suma daitezke. Baina oraindik zerbait daukate soberan, edo zerbait faltan, helmugara iristeko. Irakurle honentzat, bederen.

Image

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s