Euskal idazleok euskal idazleez, ez

Euskal idazle batek kontatu zidan duela gutxi txistea (eta, koherentzia pixka bat mantentzearren, ezin dut hemen bere izena aitortu, jakina). Hala zioen: “Nola hauteman zein den euskal idazlea literatura minorizatuen arteko kongresu edo jardunaldi bateko beste guztien artean? Erraza: bere aberriko edo hizkuntzako beste idazleez hitz erdirik ere esaten ez duen bakarra izango da”.

Ados, ez dakit komentarioak txiste izena merezi duenik ere. Agian oharpen bat besterik ez da, hiperbole bitartez funtzionatzen duena. Baina onartu behar da baduela oinarririk, eta nire inpresioarekin bat egiten zuela, oro har: euskal idazleok, hortik zehar ibiltzen garenean, ez gara bereziki eskuzabalak bizirik dauden gure kideak aipatzeko orduan, eta hildakoren baten erreferentzia egiten dugunean ere (horren lagungarria suertatu ohi den Gabriel Arestirena, adibidez) kontu handiz jokatzen dugu, urruneko idazle hura zonbi baten gisa bere hilobitik altxatu eta guri itzal egitera etorri ahal izango balitz bezala. Edonola ere, erantzun nion txistea kontatu zidan idazle hari, halakoak gure literaturaren garapenaren seinale gisa ulertu behar dira: literatura handi eta egonkortuetako idazleek sekula ez dute hitz egiten, edo oso gutxitan, beren lehiakideez, are gutxiago literatura nazionalen arteko enkontru batean, zeinetan helburu nagusia, esan gabe doa, literatura horren ordezkari posible bakartzat agertzea izaten baita maiz. Ez litzateke, beraz, euskal literaturaren atzerakuntza seinale bat izango, paradoxikoki, aurrerabidearena baizik.

Kontu hori gogorarazi didate bi gertakari hurbilek. Alde batetik, Berria egunkarian joan den udan argitaratutako erreportaje sorta interesgarri bat, “Liburutegi intimoak” izenburupean; bertan, hainbat euskal sortzaileren biblioteka pertsonalen berri ematen zitzaigun (Igor Elortza, Amaia Zubiria, Jon Garaño, Unai Elorriaga, Miren Gaztañaga eta Asisko Urmenetarena). Asmatzen zein izan zen, horien guztien artean, testu nagusian euskal liburu bakar bat ere aipatu ez zuena? Ba bai: Unai Elorriaga, zerrendako idazlea; beste guztiek, luzeago edo laburrago, beren liburutegi pertsonaletako euskal aleei errepasoa egiten zieten. Bueno, ez naiz egia osoa esaten ari, Elorriagak bai aipatzen zuelako euskal liburu bat, galdera laburren laukitxoan: hain zuzen ere norbaiti maileguan eman eta itzuli ez zioten bat, hots, bere liburutegian jada ez dagoen bat, Manu militari (Joxe Austin Arrietarena, gehitzen dut nik).

Ez dut honekin Elorriaga edo hari egindako erreportajea gaitzetsi nahi inola ere; kontrakoa, saileko kitzikagarrienetakoa iruditu zitzaidan, eta ez soilik botatzen zuen “bonbazo literarioagatik” (profesional izateari utziko diola: literatura handiago batean artikulu eta zutabe mordoxka eragingo zuen albistea…), baizik eta idazlearen lan egiteko moduaren eta bere hurrengo proiektuaren inguruan ematen zituen pistengatik. Baina, post honen gaiarekin lotuta, esanguratsua iruditu zitzaidan (nahiz eta onartzen dudan agian kazetariaren laburpen lanaren arazoa izan daitekeela…).

Beste gertakaria duela gutxi aurkeztutako lan bati dagokio, Irati Jimenezek bildutako Aiztoa eta arkatza. Idazteari buruzko idazleen aholkuak (autolaguntza gida) liburuari alegia (Txalaparta 2013). Bertan, idazkuntzaren inguruko hainbat aholku eta aipu biltzen dira, idazle famatuek egindakoak, eta idazle horietako batzuen biografiek eta Antton Olariagaren marrazkiek lagunduta. Hau ere, testu nagusiarengatik, oso liburu gozagarria, bide batez esanda; baina ez dut horregatik ekarri hona. Kontua da hemen ere pauta berdinarekin  egiten dugula topo: euskal idazleen aipurik bat ere ez (Harkaitz Canoren hitzaurreak ez dit balio, alde horretatik, alibi gisa). Aurkezpenean bertan, prebentiboki, horretaz mintzatu zen liburuaren apailatzailea: «Euskal idazleek ere nolabaiteko aholku idatziak egin dituzten peskizan ibili da Irati Jimenez, baina ez du halakorik aurkitu: ‘Dirudienez, oso joera anglo-a da. Guri lotsa-edo ematen digu’».

Seguru asko horretara bideratutako euskal liburu edo zerrenda osoen faltaz ari da Jimenez: egia da ez daudela Nola idatzi nobela bat edo Poema bat osatzeko argibideak bezalako izenburuak, nik dakidala, euskal literaturan (horretara hurbiltzen den agian bakarra, baina ez horregatik baztergarria, Mikel Hernandez Abaituaren Narrazio tailerra liburua da, Erein 2011). Edozein modutan ere, halakoen ugaritasun anglosaxoiaz (eta, batik bat, estatubatuarraz) ez dut uste gehiegi harritu gaitezkeenik (edo arrazaren izpiritua bezalako kausa nebuloso bati egotzi diezaiokegunik, besterik gabe): normala iruditzen zait halakorik gertatzea literaturaren komertzializazioa gailurrera eraman duen kapitalismo garaikidearen muinean. Eta, ondorioz, mota horretako eskuliburu eta zerrenda gehienak handik etortzea.

Arazoa da idazle “angloekin” batera (edo gehiago/gutxiago “literatura” komertzialaren eremuan mugitzen direnekin batera) badaudela beste batzuk, Flaubert, Baudelaire, Borges, Txekhov edo Plutarko bezala, oso jatorri, garai eta joera desberdinetakoak. Haien (eta idazle anglosaxoien) aipuetako asko, labur-laburrak, liburuaren amaieran kokatuak. Eta iruditzen zait ahalegin pixka bat egin ezkero agian ez litzatekeela horren zaila izango bertan egile euskaldun batzuenak txertatzea. Hor dago, hasteko, mota horretako euskal testurik agian erreferentzialena, Bernardo Atxagaren “Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra, eta adibide bat” (Obabakoak, 1988). Eta seguru aurki daitezkeela bat baino gehiago, eta ez nolanahikoak, Anjel Lertxundiren saiakeretan, Mentura dugun artean (2001) eta Eskarmentuaren paperak (2009) izenburukoetan batez ere. Eta ez al genituzke topatuko bat edo beste gehiago Jon Alonsoren Agur, Darwin, eta beste arkeologia batzukAstrolabioa edo Umoreari buruzko gogoeta liburuetan? Edo Joseba Sarrionandiaren Hitzen ondoezan? Edo Juan Kruz Igerabideren Herrenaren arrastoan? Edo Joxemari Iturralderen Kaleidoskopioan? Edo Inma Errearen Literatura eta harrikoan? Edo Patxi Zubizarretaren Pospolo kaxa batean bezalan? Edo Fermin Erbitiren Hiru koaderno txikin? Edo Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbaoren pasarte metaliterarioenetan? Edo Karlos Linazasororen lan aforistikoan? Edo Harkaitz Canoren Zinea eta literaturan? Edo Bost idazle edo Zortzi unibertso, zortzi idazle elkarrizketa liburuetan? Besteak beste, bururatzen zait, eta armiarma.com-eko aldizkarien gordailu zabalera jo gabe.

Nik guztietan egin dut, egunotan, sartu-irten bat, eta ia guztietan aurkitu dut idaztearen edo idazletzaren inguruko esaldi, aipu edo txinpartaren bat; are Angel Errorenak bezalako poema liburuetan topatu daiteke halakorik, literaturaren definizio hau bezala: “Hitzetan ezin dena, hitzetan nahi izana” (hona berriro ere ez ekartzearren Eta Harkadian niko X. epigrama hiperustiatua…). Batzuk gehiago gustatu zaizkit, beste batzuk gutxiago, eta litekeena da niri egoki iruditu zaizkidan asko ez zituzkeela Jimenezek hautatuko. Baina ziur nago bat, gutxienez, kausituko zuela, eta bere bildumara ekarriko, laburren atalean.

Edo agian oker nago, eta sartu du gure eremu literarioko bat edo beste (are berea den bat), idazle atzerritarren baten izen-abizenen mozorropean: azken finean, ezaguna den bezala, hortik zehar dabiltzan aipu gehienak apokrifoak dira. Izan ere, Anatole Francek zioenez (edo Téophile Gautierrek, biei esleitu baitzaie esaldia: ziurrenik ez da batarena, ez bestearena ere izango), “Zoria da Jaungoikoak erabiltzen duen ezizena, sinatu nahi ez duenetan”.

[Fox writing with a quill pen.]

8 thoughts on “Euskal idazleok euskal idazleez, ez

  1. Nere postekin loturak: NOLA JAKIN ZEIN DEN EUSKAL IDAZLEA LITERATURA KONGRESU BATEAN? | Maxixatzen

  2. Ez dakit ados nagoen… ez zait iruditzen euskal kasua desberdina denik, beharbada horrexegaitik kritikariek badute bere funtzioa. Egia dena euskal kasuan kuadrila eredua gehiago jarraitzen dela baina zoritxarrez kritikariak ere hor leporaino sartuta daude. Zizektaz gogoratu naiz, azken finean denok hor sartuta gaude, denok salbuespenik gabe, Slovak Z. ez zaizu gustatzen baina askotan ero xamar direnak esaten dituzte egiarik borobilenak (azkenengo sekuentzian zure burua jarri itsasoan): http://www.youtube.com/watch?v=NUKbhKV7Ia8

  3. Eskerrik asko, Mikel; horretaz ez nintzen gogoratzen, begira. Nik esaten dudan bezala, euskal literatura kontuetan ezin duzu sekula esan lehenengoa izan zarenik, ezta “ez dago” ere: beti etorriko zaizu, iraganetik, ezeztatuko zaituen zerbait.

    Nerea: susmoa dut Žižek, zinema kritikari bezala (hots, fikziogile gisa), gehiago gustatuko zaidala teoriko bezala baino, jejeje… 😉

  4. Bi (edo hiru) apunte:

    Batetik, adierazgarria dirudi euskaraz egindako lan metaliterarioen zabalkunde-eza (edo lurperatze maila) guretzat euskaldunontzat. Norberak atera ditzala ondorioak (ezer berririk ez zeru azpian, ordea).

    Bestetik, euskaraz hainbat iruzkin egonik (eskerrik asko, Iban eta Mikel, ingurune hurbilarekin zerrenda osatzeagatik), zentzuzkoa irudituko litzatekeen kasu honetan Iratik euskaraz daudenak topatu izan balitu ere, ez komentatzea. Honetan, badaezpada atzerriko klasikoetara jotzea bertoko ezinikusiak ez areagotzearren. Eta hala egin ez balitz, norberak atera ditzala ondorioak (minduriko egoen inguruan).

    P.S.: Aipatutako bi puntuak kontrajarriak izan daitezkeela jakin badakit, baina honetan ere norberak atera ditzala ondorioak (edo hemen, agian hobeto kontrajarritasunaren kausak).

  5. Gau on, Itzi, eta eskerrik asko erantzunagatik. Ez dut uste ezinikusiak saihesteko modu bat izan denik: azken batean, aipuen aukeraketa gustu kontua da eta hor ez dago besterik, horregatik ezin da inor haserretu (bakoitzak bere aukerak dauzka, eta nik, ziurrenik, Jimenezen aukeratzen dituen zenbait ez nituzke ipiniko; Richard Bach, adibidez, ez zait sekula gidari on bat iruditu, literatur kontuetan behintzat… 😉 ). Arazoa da Jimenezek ez duela bide horretatik jo, azalpenak emateko orduan, eta esan duela ez duela euskal adibiderik ipini “ez duelako halakorik aurkitu” (hain zuzen ere). Eta nik uste dut, bere ustearen aurka, aurki daitezkeela. Horixe da dena.

  6. Nere postekin loturak: Irakurtzen dudalako idazten dut | Oharrak & Hondarrak

Leave a reply to Nerea Arruti (@ersartzblonde) Utzi erantzuna