Paisley Underground-eko lau disko

Ez, izendapen hau ez dagokio abade ipar irlandar protestante ezagunaren diskoteka sekretu eta (ziurrenik) apurtzaileari, 1980ko hamarkadaren hasieran AEBko Los Angeles inguruan eratu zen musika-eszena revivalista samarrari baizik, inguru haietako punk-hc mugimendu indartsuaren nolabaiteko alternatiba gisa sortua. 60ko hamarkadako garagea eta psikodelia konplexurik gabe arpilatuz (“paisley” horrek estanpatuetako paramezio moduko horiei egiten zien erreferentzia, gaztelaniaz cachemir esaten zaion ehun mota alegiya), zenbait harribitxi utzi zizkiguten LP formapean, ez gehiegi dena den, Paisley Undergroundarekin loturiko banda gehienek bizitza laburra izan zutelako.

The Dream Syndicate, The Days of Wine and Roses, Ruby Records, 1982.

Hau da, ziurrenik, inoiz mobida horren barruan kokatutako talde baten albumik ezagunena, eta edozein diskoteka partikular zein publikotan egon beharko lukeena (tira, sail honetan iruzkintzen diren gehienak bezalaxe, kar kar kar…). CDaren aurreko garai haietan diskoak kantarik adiktiboenarekin hasten ziren oraindik, eta hala gertatzen zait niri behintzat “Tell My When It’s Over”-ekin, edozein bikote eratu berritan formulatu beharko liratekeen hitz sakratuak daramatzanak leloan: “And I really don’t know / cause I don’t wanna know / yeah tell me when it’s over / tell me when it’s over / oh let me know when it stop”. Gainontzekoa ez dago azpitik: usain garagero nonahikoa, Velvet Underground-aren eragin disimulatu gabea, The Doors-en psikodelia zaurituaren zantzuak, punketik horren urrun ez dagoen energia gordina: kanta batzuk burua aurrera eta atzera mugituz baino ezin dira entzun (nire okulistak biziki aholkatu nauen arren ohitura horren kontra, erretina-askatze arriskua dela eta). Banda osatzen zuten partaide guztietatik Steve Wynnek baino ez du karrera luzea egin, ez nolanahikoa gainera, eta debut absolutu honetako abesti batzuk jotzen jarraitzen du bere zuzeneko emanaldietan. Batere harritzekoa ez dena, bide batez esanda. [Artikulu hau argitaratu ondoren jakin nuen taldea berriro “elkartu” zela (izan ere, Wynn eta antzinako bateria, kantariaren ohiko bandako partaideekin)  emanaldi -susmatzen dut-  nagusiki krematistiko batzuk eskaintzeko, The Days Of Wine And Roses honen 30. urteurrenaren aitzakiarekin hain zuzen. Ez nuen aukerarik izan inguruan eskaini zuten kontzertuetako bat ere harrapatzeko. Baina, rock musikaren munduan gauzak dauden bezala (musika klasikoaren berrinterpretazio parametroetara etengabe hurbiltduz), ez dut esperantzarik galtzen]. 

gravity talks bilaketarekin bat datozen irudiak

Green On Red, Gravity Talks, Slash Records, 1983.

Green On Red Tucsonekoak ziren (Arizona), eta hori nabaritzen da haien soinu basamortuzaleagoan, hurrengo urteetan country-rockaren eremura eramango zituen zerbait, The Byrds-ekoei 60ko hamarkadan gertatu zitzaien bezala; edonola ere, giro honetako talderik emankorrena (bederatzi disko) eta urtetsuena bilakatu ziren (1993 inguruan banatu ziren). Jatorri kontuak aparte utzita, taldeko kideak, famaren bila, Los Angelesera aldatu ziren laurogeien hasieran, eta haien lehenengo diskoak argi lotu daitezke Paisley Undergroundarekin. Puristek nahiago izaten dute hurrengo lana, Gas Food Lodging (1985), baina nik biziki gustukoa dut album honetako organoaren soinua, Chris Cacavasek jotzen duen modu jostari eta mesmerikoaren kariaz: psikodelia gehiena hortik datorkie kantei, zeinen izenburu batzuek, bestalde, ez diote zalantzari lekurik uzten: “Narcolepsy” (biribilena, niretzat), “Blue Paradise”, diskoari izenburua ematen dion bera… Dena dela, ez da album psikodeliko ortodoxoa, Dan Stuarten abesteko era hain estatubatuarrari esker ziurrenik. Izan ere, hortik jo zuen taldeak bizpahiru disko geroago, batez ere azken urteotan americana arloan nabarmendu den Chuck Prophet gitarra joleak taldearekin bat egin eta protagonismo handiagoa hartu zuenetik [Hau idatzi ostean Stuart ikusteko aukera izan nuen, Azkena Rock 2012 festibalean, kontzertu txiki bat ematen, jende nahiko gutxiren aurrean (Lynyrd Skynyrd-ek jotzen zuen aldi berean: enfin). Niretzat, jaialdi hartako onenetariko bat, umorez eta energiaz betea. Bai, badakit, ze zaharrunoa naizen…].

third rail power trip bilaketarekin bat datozen irudiak

The Rain Parade, Emergency Third Rail Power Trip, Enigma, 1983.

Hau da pack honetatik gehien maite dudan diskoa, agian eskolen atarietan droga banatzen ibiltzen ziren gizon maltzurrei buruz amek esaten zigutena bete-betean sinetsi zuen horietakoa naizelako, eta, ondorioz, pittin bat haluzinatzeko musika erabiltzea beste erremediorik izan ez nuelako, nire nerabezaro urrun hartan. Edonola ere, aipatutako aurreko LPen kasuan 60ko hamarkadako elementuak sintesi berri bat lortzeko erabiltzen baziren, honetan asmoa kontrakoa da guztiz: 1967 inguruko psikodelia modu guztiz mimetikoan birproduzitzea, %100eko purutasunarekin. Hainbesteraino, ezen eredu zituzten Beatles, Pink Floyd, Byrds, Doors, Love edo Country Joe & The Fish-en edozein album psikodeliko baina askoz ere psikodeliko suertatzen baita Emergency Third Rail Power Trip (hori da izenburua, hori!): puf bigun batean zabal-zabal botata entzuteko musika da hau, lasaia eta gaseosoa.  Izan ere, hemen ez bezala, 60ko hamarkadako klasikoenetan psikodelia beti zetorren bestelako kontuekin nahastuta, eta (paradoxikoki) hiperfidel izateko asmoak bihurtzen du orijinal Rain Parade. Tamalez, ez zuten askorik iraun; David Roback haien aurreneko liderrak Opal eta Mazzy Star ilunagoak fundatu zituen gero, talde ohiaren joerei segida emanez nolabait, baina zentzu garatuago batekin: izan ere, Mazzy Star, Hope Sandovalekin batera, kultuzko taldea bihurtu da harrezkero, bere itzulera diskoaren harrera beroak frogatu duen bezala (hamazazpi urte aurrekoa argitaratu zutenetik, pentsa: Rikardo Arregik edo Jon Benitok baino gehiago…!).

Game Theory, Big Shot Chronicles, Enigma 1986.

Bai, badakit sail hau “Hiru disko” deitzen dela, eta laugarren hau bonus bat dela, bere garaian Nabarra aldizkarian agertu ez zena, baina berrikuntzaren bat sartzeko behintzat balio behar du blog honetan egiten ari naizen erreskate lanak. Kontua da udan, atzerapenaz, Game Theory taldearen kantari eta lider Scott Millerren heriotzaz enteratu nintzela, eta zinez atsekabetu ninduela. Miller suerterik gabeko musikari horietako bat izan zen (hainbeste bezala), baina talentuduna (hori ez da horren ohikoa): single bakar bat zerrenden buruan kokatu izan balu, ziur nago bere karrerak beste bide (oparoago) bat hartuko zukeela. Izan ere, taldea ezagutu genuen garaian, 80ko hamarraldiaren erdialdean, R.E.M. berria gisa iragarri zuten, eta bazuen antzekotasunik: Paisley Undergroundarekin lotuta (taldea Sacramenton osatu zen), Game Theoryk garagea eta revival psikodelikoa praktikatzen zuen orobat, joera power-poperoago batekin akaso (beste era batean esanda, The Dream Syndicatek begi-bazterraz punkari begiratzen bazion, Green On Redek country-rockari eta The Rain Paradek hasierako Pink Floydi, Game Theoryk Big Star zuen gogoan). Edonola ere, ezin ukatu taldeak energia handia zuenik (entzun hasierako zartakoa, “Here It Is Tomorrow”, edo “Make Any Vows”), baina, aldi berean, kantarik delikatuenak osatzeko gai zela (garai hartan etengabe errepikatzen nituen “Regenisraen” edo “Like A Girl Jesus”). Sintetizadoreen erabilera bitxia egiten zuten (oso ochenteroa), eta horrek agian gauzak zailago jarri zizkien soinu “denboraz kanpokoago” bat lortzeko orduan (R.E.M.ek bezala), baina kantak aitzakiarik gabekoak dira. Haien bigarren diskoa aukeratu dut nik, gehien entzuten jarraitzen dudana delako, baina kritiko adituek Lolita Nation bikoitza goraipatzen dute gehien (Enigma, 1987).

Millerrek, Game Theoryren porrotaren ondoren, The Loud Family fundatu zuen laurogeita hamarretan, soinu rockeroagoarekin baina antzeko oinarriekin: berriz ere, kritikoek izugarri laudatutako taldea, baina arrakastarik erdietsi ez zuena. Millerrek profesionalizazioari uko egin behar izan zion, eta iluntasunean murgildu zen bi milako hamarraldian zehar (musika kritikari bezala lan aipagarria egin arren). Hil zenean Game Theoryren disko berri bat prestatzen ari zen: antza denez, inpresionatuta zegoen David Bowieren The Next Day itzulerarekin. Ez dugu sekula jakingo zer irtengo zen hortik. Halako gauzek, ezin dut saihestu, izugarri goibeltzen naute: justiziarik ez dagoela frogatzen dute. Ezta poetikoa ere.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s