Kritikaren inguruko solasaldia

Kritika ondo dago, baina nik ez nuke argitaratuko.

–Zergatik?

–“Adiskide” bat gehiago egingo zenukeelako…

–Idazle horrekin ez dut harreman bereziki esturik ere. Are gehiago, nik esango nuke ez nauela gehiegi apreziatzen, berez.

–Benetako lagun bati ez zenioke egingo halakorik, beraz. Hori tranpa da.

–Lagunei egin dizkiet. Eta hori baino gogorragoak.

–Eta horietatik zenbatek jarraitzen dute zure adiskide izaten?

–Benetakoek. Tazitok zioen bezala, “gaitzespen batengatik haserretzea, merezi izan dela onartzea da”. Gainera, isiltasuna beti da kritika baino iraingarriagoa, nik uste.

–Baina hori ez da kontua. Euskalduna bezalako literatur sistema txikian behin baino gehiagotan gurutzatuko zara dena delakoarekin, dela mahai-inguru bat, dela aurkezpen bat, dela hitzaldi bat. Edo kaletik pasieran, besterik gabe. Ez balitzaizu axolako… baina axola zaizu. Ez ezazu esan ez zenuela gaizki pasatu lehengoan, X idazleak tratatu zintuen bezala tratatu zintuelako, horren hotz, beste kritika harengatik.

–Ez zen horrenbesterako izan. Eta ni normaltasunez aritu nintzen berarekin. Azken finean, ez zen kontu pertsonal bat.

–Literaturan dena da pertsonala.

–Ja.

–Nik uste dut interes gatazka bat dagoela idazle eta aldi berean kritikari izatearen artean. Kritikari gisa guztiz egiatia izatea erabaki ezkero, behintzat.

–Ba kritikak idaztea ere literaturan egoteko modua izan da niretzat, betidanik. Ez dakit zertara datorren kritika eta sorkuntza bereizteko tema hori. Garai batean idazleek ez zioten muzin egiten beren garaikideak kritikatzeari. Eta batzuk zorrotz aritzen ziren langintza horretan: Poe, Baudelaire, Clarín, Mansfield, Woolf…

–Denak oso garai batekoak, ohartzen bazara.

–Roberto Bolaño horretan aritu zen, orobat, eta ez da horren aspaldikoa.

–Bolaño kamikaze bat zen, eta berdin zitzaion dena. Edonola ere, nor oroitzen da horien guztiez kritika literarioez? Eta, bide batez, huts egiteez: gogoratu Woolfi zer gertatu zitzaion Ulisesekin. Kritikak apenas uzten du bost minutuko arrasto bat irakurlearen oroimenean. Baina betirako gogoratuko du kritikatuak. Merezi al du? Michelangelok esan zuen bezala, “Kritikatu, bai, baina sorkuntzaren bitartez”.

–Kritika sorkuntza mota bat da.

–Kar, kar, kar.

–Gauzak dauden bezala, euskal kritikan, agian bai merezi du, ordea. Euskal kritika eufemismoaren eta itzulinguruaren erreinua bihurtu da, azkenaldion.

–Azkenaldion? Nik esango nuke betidanik izan dela horrela. Eta, zer esango dizut, normala deritzot, idazle kaltetuak (edo beren mendekoak) edozein kale kantoi ilunean aurkitzeko arriskua kontuan hartuta. Kale kantoian, edo Zuzendariari sailean…

–Baina ezin da sinetsi literaturaren maisulanen produkzio-erritmoa  horrenbestekoa denik, gurean. Eta hemengo kritika sailen arabera… Batzuei dena iruditzen zaie ondo. Eta, Flaubertek zioen bezala, “ustelkeria maila ezinago altua edo bihotz benetan handi bat behar duzu den-dena maite izateko”.

–Eta nori axola zaio hori? Ze uste duzu, horregatik gehiago edo gutxiago salduko dela liburua? Ez izan inozoa. Egunkarietako kritika literarioa argitaletxeen sail komertzialaren luzapena bihurtu zen aspaldi, eta iruzkina, liburu-aurkezpenaren bigarren edo hirugarren atala. Alferrik, gainera.

–Alferrik?

–Zer dira ba, egunkarietan agertzen diren iruzkin gehienak? Liburua aitzakia hartuta, edozein gairi buruzko digresioak. Bukaeran ez dakizu kritikoari liburua ondo iruditu zaion ala ez. Ze jende zuhurra. Nire ustez hori froga biribila da: gure sistema literarioan ezin da benetako kritika egin. Beno, izan ere, ez da egiten. Eta zeu izango zara zeure buruaz beste egingo duen bakarra?

–Baina gero ez da erreala. Irakurleek, pribatuan, eta idazleek, gin-tonic baten aurrean, ondo larrutzen dituzte ba literatur produktu gordinaren azkeneko emaitzak. Baina, gero, horren arrastorik ez publikoki.

–Ja. Eta haietako batzuei oso ondo irudituko zaie zuk ozen esatea haiek pribatuki esaten dutena, eta zure ausardia txalokatuko dute, ezta? Ba erne; amildegitik zu bakarrik botako zara, inork ez zaitu jarraituko, ezta defendituko ere. Edonola ere, hala eginda edo egin gabe, zerbait aldatuko litzatekeela uste al duzu?

–Ez dakit. Barruak husteko behintzat balio beharko luke. Mark Twainek esaten zuen bezala, “ez daukat liburuen kritika egiteko inolako eskubiderik, eta, izan ere, ez dut egiten gorroto ditudanena baizik”.

–Ba hori ez litzateke sekula izan behar kritika egiteko arrazoia. Zuk zeuk esan duzu inoiz hori, barruak hustea, ez litzatekeela literatura idazteko motiboa izan behar, behintzat. Eta, ondorioz, are gutxiago izan beharko luke kritika idazteko…

–Hainbeste gauza esan dut ezen ez baitaukat gehienez damutzeko astirik ere…

–Edozein modutan, zilegi balitz ere, berriro galdetzen dizut: eta zer?

[Emaztearekiko elkarrizketa hau hemen berreraiki dut, zer eta, azaltzeko zergatik ez dudan gaur argitaratu prestatuta neukan Y liburuaren kritika, nire ordenagailuaren disko gogorraren barrunbeetan gelditu dena. Eta zer egingo dudan oraindik erabaki ez dudala esateko].

Advertisements

6 thoughts on “Kritikaren inguruko solasaldia

  1. Axeria zara, Iban, dindilizka utzi duzu apropos gure kuriositate gaixotia ziztatzeko.

  2. Nik udaran han nengoela oso eleberri kaxkarra irakurri nuen, demagun “Desvaríos” duela izenburu. Lagun bati nire kritika pertsonala eman nion “To the Wonder”ekin konparatuz (eta niri filma hau benetan txarra iruditu zitzaidan bere garaian). Dena den, liburu honetaz idazteko gogorik ez dut, horrelako kritika kualitatiboak (oso txarra/oso ona etb) ez zaizkit interesatzen. Hizkuntza guztietan behar dira liburu kaxkarrak, bestela ez genuke irakurgairik izango bidaia luzeetan, zer irakurri Bilbotik Nueva Yorkera bazoaz? Ez duzu Gombrowicz irakurriko…. Idazle bazara, zure kasua den bezala, irakurketa negatiboa estetika pertsonal bat sortzeko modu bat da dudarik gabe. Gombrowiczek Buenos Aireseko portura bera agurtzera joan ziren idazle gazteei esan zien bezala: “Hil ezazue Borges!” Hilketa sinboliko hauek idazleen esku daude liburu onak idazten. Zuk diozu euskal kritikagintzan autozensura gehiegi dagoela, egia esan eremu txikia da (eta klaustrofobiko xamarra) baina nik hau gehituko nuke: euskal idazleak literatura idazterakoan finegiak direla eta behi sakratuak ez direla eremu kreatiboan ikutzen. NB Eta kritikaria ez da sortzailea, nire egunik neurotikoenetan neure burua Cortázarren “El perseguidor” ipuinean ikusten dut….

  3. Ze esango dizut ba, Nerea, dilemak halakoak dira. Euskal Herrian, lehenengo aldiz, hiruzpalau belaunaldi literario bizi dira elkarrekin, baina hemen inork ez du aita hil nahi (gehienez saihestu egiten da, edo ez ikusiarena egiten zaio). Hain titanikoa iruditzen zaigu aitaren (aita guztien) lana… Eta agian beste arrazoi batzuk daude tartean, orain bururatzen ez zaizkidanak.

    Baina lasai, neuk ere ondo dakit, nire pertsonaiak ez bezala, kritikaria ez dela sortzailea. Parasitoek beren xarma dutela onartu beharra badago ere ;-). Besarkada bat!

  4. Susmoa dut kritikari/idazle ororen amets/ametsgaizto eldarniotsuenetan gutxigora behera gisa honetan hasten den egunkarietan argitaraturiko kritika agertzen dela, aldian aldian: “Kritikagai dugun liburu hau zaborra da. ZA-BO-RRA, eta liburua irakurtzen nahikoa denbora galdu dugunez, ez goaz ZA-BO-RRA zergatik den esplikatzen segundu bat gehiago galtzera. Sinestuezina eta harridura sortzen du hain txarra izateak. Editoreak idazleari buruturiko gustu txarreko broma dirudi liburu honen argitalpenak, ze idazleak agerian utzi duen gauza bakarra da inteligentzia oso apaleko gizajo/gajo pretentzioso bat besterik ez dela. Eta liburu hau atsegin izan duten IRAKURLE GUZTI GUZTIAK, salbuespenik gabe, degeneratu hutsak dira, edo bestela ergelak: pertsona hauek debekatua izan behar lukete legez liburuak irakurtzea, debekatua izan behar lukete baita aspirinen prospektoak irakurtzea ere.”

    Baina horiek amets/amesgaiztoak dira, eta gero errealitatea dago, eta eguneroko bizitza, eta kalean gurutzatzen duzun jendea, eta benetan inportateak diren gauzak.

    Iban, zuk badakizu eta, ea animatzen zaren, baduzu hor kritikariek nahiz idazle belaunaldi ezberdinek elkarri eldarnioetan pentsatzen dutena esango – eta egingo- lioketen euskal literatur mundu utopiko-distopiko bati buruzko ipuirako gaia.

  5. Nik esango nuke, Ibai, kritikoa gehienetan liburuak liluratuko duela desiatzen dagoela (beste kontu bat da zer espero duen, horretan pesimismoak -edo errealismoak- baduelako zer esan orobat…). Baina liburua ona izan dadila gura du kritikoak. Azken finean, irakurle bat besterik ez da kritikoa. Idazleek (idazle gehienek, behintzat), funtsean, irakurle izaten jarraitzen duten bezalaxe.

  6. Amets/ametsgaiztoaren pasartea kritika ezaxolati batekin hasi eta gaizki ulerturiko eufemismo baten ondorioz, astiro eta in crecendo doan idazle-kritiko koadrila baten kritika trukea imajinatzen nuen, adibidez, Euskal Herriko kaleetako eguneroko bizitzan ere ondorioak izango lituzkeena, eztakitpa, esan dezagun soslai cortazarianoko ipuin batean.

    Eta, bai eta ez Iban, egia da kritikoa ez dela irakurletxo bat besterik: baina kritikoa ez da irakurle bat gehiago: idazlearentzat Irakurle Handiaren -kualifikatuaren- irudia har dezake, eta irakurlego masa izengabearen eta idazle bakardadearen arteko Medium-a ere izan liteke, eta beste gauza batzuk ere bai.
    Eta, tira, gero, bakardadearen kontua ere hor dago. Irakurri eta idatzi bakardadean egiten dira. Idazleak eta kritikoak bakarka igarotako denbora hori, nolabait ere, publikoarekin konpartitzeko gogoa du; irakurle soilak ez, gehienez ere halako zirkulu semi-intimo batean.

    Zuk aipatzen duzun liburu liluragarria aurkitzeko desio hori, azken finean, da LITERATURA IRAKURLE izenda daitekeen laguna definitzen duen pasioa. Kontua da, ordea, altxor bilatzailearen pasioak badakartzala beste pasio batzuk ere berekin. Adibidez, desioa zapuztua sentitu ondoko asaldadura. Edota gozamena konpartitu nahia -edota ezina, eta, ondorioz, irakurlea/idazlearen bakardade primigenioko hotza- eta beste batzuk. Eta, labur esanda, aipatzen duzun “dena ondo dago” motako kritika, hain juxtu, literaturaren (obra/irakurle/idazleen) oinarrizko osagai den pasioaren aurka doan jarrera da.

    Atera duzun gaia zukutsua da, gero, baina ezin bazter denak nahastu.

    Ideiaz sobrante gabiltzala dirudi-eta, inork erabilearik eman nahi balio, hara iradokizuna airera: perspektiba pixka bat hartzearren, ez litzateke aspergarria euskal literatur kritikaren “historiatxoan” zer esanik eman duen kritika sorta aukeratuen gaineko iruzkin edo analisi kritiko-komikoa. Bitxia litzateke, esaterako, Obabakoak-en lehenengo kritikari errepasotxo bat ematea, edota akordatzen “Sua nahi Mr Churchill?”-i egindakoarekin kritikari alegera hark idazleen artean harrotu zituen hautsak? New York-Bilbao hark ere izan zuen ibilbide kritikoa ere ezin dibertigarriagoa, distantzia piska batez begiratuz gero. Gero, sorkutza dela-ta, Estankonaren kritikak etortzen zaizkit gogora…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s