(Euskal) Zutabegilearen dekalogoa

[Lehengo eguneko “Zutabegilearena” mikroipuinaren background bezala duela urte batzuk idatzi nuen artikulu baten esteka ipini nahi izan nuen, “(Euskal) Zutabegilearen dekalogoa” delakora alegia, baina, Interneten zehar bilatu arren, ez nuen topatu, eta, azkenean, bere horretan sareratu behar izan nuen ipuina. Gaur, aurreko horrekin lotuta, eta gaurkotasun guztia galdu ez duen ustean, hemen berreskuratzen/birziklatzen dut, Animalia disekatuak (Libeloak, panfletoak eta beste zenbait taxidermia-lan) liburuan agertu zen bertsioa oinarri hartuta (Utriusque Vasconiae, 2005), eta eguneratze-ukitu batzuk gehituta]. 

(Euskal) Zutabegilearen dekalogoa

1.- Euskal zutabegile onak ahal duen guztia egingo du bere zutabea betirako mantentzeko. Dekalogo honetan benetako printzipio saihestezinik badago, hauxe da: ez da zutabea galdu behar, eta are gutxiago utzi; gainontzeko guztia bigarren mailakoa da.

2.- Egunkari edo aldizkari bateko zutabegile ailegatu berriak hutsik gabe egingo duen aurreneko gauza agur-artikulu bat idaztea da, ematen zaion aukera eskertuz (esker onekoa izatea munduko gauzarik handiena da) eta irakurleei diosalik beroenak bidaliz. Ez da askoz ere gehiagoz idatzi behar lehenengo zutabe horretan: gaiaren batasuna hautsiko litzateke bestela, eta hori oinarrizko printzipioa da generoan. Irakurleari, noski, bost axola zaio, gehienetan, zutabegilearen agurra, baina, jaun-andreak, gaiak ez daude soberan eta onartu behar da betelan gisa izugarri ondo funtzionatzen duela.

3.- Zutabegileak ez du bere komunikabidearen ildoaren eta, batik bat, irakurleriaren gehiengoaren usteen aurka joan daitekeen artikulurik idatziko; hala, Berria-n ez da komeni abertzaletasunaren aurka aritzea, ezta Gara-n ETAren aurka, ezta Europaren edo torturaren aurka El País-en, are gutxiago AHTa edo Athletic/Erreala/Osasuna kritikatzea Noticias taldekoetan (urratu ez dagozkionak), edo euskal pluralismo intrintsekoa Vocento-koetan (horiek guztiek elkarrekin konpartitzen duten tabu ia bakarra idazle ondarrutar unibertsalei egindako kritikarik -negatibo- mendreena da, bide batez esanda). Edonola ere, zutabegilea ahalik eta molestia gutxien eragiten saiatuko da beti.

4.- Gaia edozein izan daiteke: onartu zenetik intelektualek futbolaz eta telesailez lotsatu gabe idatz zezaketela, dena da libre. Hori bai, gai fribolo bat ukituz gero (liposukzioak, UVA izpiak, tuning-a, telezaborra, sare sozialak…) ez da inolaz ere sakondu behar: azalean geratuko da zutabegilea, eta ez da haratago joaten saiatuko. Sakontzeko badaude Euskara (hots, Euskararen Kanpo-Etsaien eraso doilor-etengabeak), Gure Gatazka Eternala, Nafarroa (bere adiera guztietan) edota Inperialismo Estatubatuarra (gaitz guztien iturburua) bezalako gai potoloak.

5.- Hori bai: horietako edo bestelako gai astun bat aztertzean, ahalik eta interes eta orijinaltasun txikiena lortzen saiatuko da zutabegilea; arlo horretan gehiegi nabarmentzea ez da ona. Izan ere, hein handi batean, gauza berberez modu berberean idazteko artea da zutabegintza.

6.- Moralina eta sermoia bizitzako arlo gehienetatik nahiko alboratuta dauden arren, zutabegileak ez du ahaztuko genero honetan ondo baino hobeto onartzen direla oraindik ere. Alegoriak eta parabolak, beraz, oinarrizko lehengaiak izango dira zutabegilearentzat: gizakiaren bakardadea zuhaitz baten adarretan irudikatzea, esaterako, edo hegan doan plastikozko poltsa batean, edo leihoa jotzen duten euri tantetan; bide batez, metafora hidraulikoak (ibaiak, itsasoak, tifoiak, tsunamiak, uholde unibertsalak…) eta kulinarioak (gaztak, entsaladak, potajeak…) egokienak omen dira edozein kolektibitateren egitandiak islatzeko. Izan ere, parabola bistosoa baldin bada, berdin dio transmititu nahi den mezuarekin zer ikusirik duen ala ez. Edonola, eta badaezpada, zutabegileak beti utziko du argi eta garbi zein zen artikuluaren erakutsia (moraleja).

7.- Zutabegileak beti gogoratu behar du norberari gertatzen zaiona izugarri inportantea dela: zutabearen abiapuntua eta are helmuga izango da haren bizitza pertsonala. Horregatik zutabegilea beti saiatuko da irakurleari egin dituen bidaien, bisitatu dituen erakusketen, dantzatu dituen kontzertuen, antolatu dituen kongresuen, parte hartu duen sinposioen eta izan dituen (OPIekiko) elkarrizketa guzti-guztien berri zehatza ematen: autopropaganda ez da sekula deskuidatu behar.

8.- Bigarren ataleko agur-zutabeari buruzko gauza bera esan daiteke despedida-zutabeaz: hilabete, urte edo mendeetan zehar okupatutako tartea abandonatzera behartuta egonez gero (Jainkoak nahi ez dezala!), ez dago zertan burmuinak erre azkeneko zutaberako motiboa aurkitzeko: agur esateko erabiliko du zutabegile (kasik) ohiak, eta kito. Okasio horretarako, gainera, ahalik eta artikulu gatzgabeena egiten saiatuko da zutabegilea.

9.- Edozein modutan, euskal zutabegilea ez da gehiegi arduratu behar horretaz, despedida-zutabearen erabilgarritasuna ez baita komunikabide batetik kaleratzeko zorian daudenen ondarea soilik (ezta diosalezkoa ailegatu berriena ere), zutabegile ororena baizik: udan egunkariek nabarmen mehetzen dutenez iritzi-saila, oporraldien aurreko azkenekoa despedida-zutabea izan daiteke inolako arazorik gabe, eta opor osteko lehenengoa diosalezkoa noski. Berdin dio medio guztiak aldi berean diosala- edo despedida-zutabeez betetzen badira, aste betez gutxienez: irakurleak jakinaren gainean daude, eta denbora horretan ez diote gehiegi erreparatzen iritzi-sailari.

10.- Musak lagun ez baditu garai batez, eta komunikabide batean baino gehiagotan idazten badu (esaterako, Deia-n eta Gara-n, edo Berria-n eta El Correo-n), zutabegileak ez du zertan arduratu: aste batzuk pasatzen utzita, egunkarietako batean argitaratutako zutabe berbera kolokatu dezake, beldur handirik gabe, bestean; Euskal Herriko egunkariak konpartimentu estankoak izan ohi direnez, inor gutxi konturatuko da errepikapenaz (are gutxiago kontuan hartuta zutabea euskaraz dela). Zutabegilea saiatuko da, dena dela, zutabe berbera egunkari berberean ez argitaratzen bigarren aldi batez, eta, beste erremediorik ez badauka, hilabete batzuk pasatzen utziz aurreneko argitarapenetik (edo urte batzuk, artikulu honekin berarekin egin dudan bezalaxe, hain zuzen); bide batez: agur-zutabeak oso egokiak dira zeregin honetarako, urte batetik bestera gorde baitaitezke funtsezko aldaketarik txertatu gabe…

Eta (aprobetxatuz dekalogoek ez dutela zertan zehatz-mehatz hamar sarrera eduki):

11.- (Zutab)egilea berez(iki) jo(stari)a bada, ez du au(ke)ra bat ere galduko gure hi(zkun)tzarekin horren ondo egokitzen diren fonemarteko (p)ar(en)tesiak era(b)iltzeko, hala id(atz)iaren (izen)buruan nola (t)estu nag(us)ian zehar. Ele(g)antzia eta are (esperi)mentalismo (u)kit(u) bat eskainiko dio (balia)bide horren (us)antzak.

12.- Zutabegileak ez du bere zutabeetan ironiarik txertatuko (anbiguoa gerta daiteke), ez du fikziorik erabiliko (irakurlea konfunditu dezake) eta, batez ere, ez du metazutabegintzarik egingo (salbu eta, jakina, ongi-etorri eta despedida-zutabeen kasuan; gainontzekoan erredundantea dateke); are gutxiago, zutabegintzari buruzko dekalogorik plazaratuko (auskalo zer arraio eman nahi du aditzera eta halako zerbaitekin).

Advertisements

One thought on “(Euskal) Zutabegilearen dekalogoa

  1. Nere postekin loturak: Proposamen xume bat | zuzeu.com

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s