Zutabegilearena

Egunkarian astero zutabe bat idazteko kontratatu nindutenean, sekulako poza hartu nuen. Nire ahotsa iritsiko zen, azkenik, publikoarengana. Baina ez zitzaidan dotorea iruditu bat-batean ekitea, zakarki: irakurlea pixkanaka limurtu behar nuen, nire pentsamenduaren altzora erakarriz. Hasierei buruz idatzi nuen, beraz, lehenengo agur-zutabea; tira, hasierei buruz baino, hasiera jakin horri buruz, egunkariaren zutabegile bezala izango nuen, izaten ari nintzen abialdiaz alegia. Bigarren zutabea bigarren aldiaren inguruan idatzi nuen: bigarren aldiek eskaintzen dizkiguten aukera berrituez, gauzei eta egoerei buelta emateko gaitasunaz, eta aurrera jarraitzeko kemenaz; bigarren zutabe horrek bezala hain zuzen ere. Hirugarren artikulua “Bi ezkero, hiru seguru” esamoldearen inguruan antolatu nuen, gaztelaniazko “a la tercera va la vencida” haren nolabaiteko euskal ordaina: azken batean, “sagua harrapatzeko hiru salto egin behar ditu katuak”, eta hirutasunak badu, gainera, zentzu sinboliko sakon bat –zenbat kultura eta erlijioetan ez da hirua zenbaki zentrala–, ondo egokitzen zitzaiona nire hirugarren ahaleginari. Laugarrena, ildo horri eutsiz, Apokalipsiaren Lau Zaldunen inguruko aipu batekin ireki nuen, beti iruditu baitzait estrainioa lau zaldunotatik hiru hain konkretuak izanik –Gosea, Gerra, Izurria–, laugarrena horren generikoa izatea, Heriotza alegia, eta zirkunstantzia hori zutabea hain justu egunkarirako idazten nuen laugarrena izatearekin lotu nuen, metaforikoki beti ere, laugarren aldiz zutabe bat argitaratzea zirkunstantzia hura bezain bitxia begitantzen zitzaidalako, neurri batean behintzat.

Hurrengo zutabea idaztera nindoanean egunkariko zuzendariak jakinarazi zidan nire kontratua eteteko erabakia hartu zutela erredakzio batzordean, eta orduz geroztik ez nuela zutabe gehiago bidali beharko. Azalpeneko zutabe hau idatzi dut –bosgarrena–, eta, despedida gisa bada ere,  argitaratuko didatela espero dut. Azken finean, “lauk jaten duten lekuan, bostek jaten dute”, eta plazaratu ditudan zutabeak esku bateko hatz guztiekin kontatu ahal izango ditudala jakitea kontsolamendu moduko bat izango da niretzat, edo hori uste dut behintzat.

Advertisements

2 thoughts on “Zutabegilearena

  1. Nere postekin loturak: (Euskal) Zutabegilearen dekalogoa | Oharrak & Hondarrak

  2. Nere postekin loturak: Bi ezkero, hiru seguru | Esamoldeak eta esaerak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s