Izarretako egunerokoak

Lehengo batean sare sozialetan aipatu nuen bezala, uda honetan jakin dut Stanisław Lem-en Solaris euskaratuko dutela, zientzia-fikzioaren klasiko bat, EIZIEren Literatura Unibertsala sailaren baitan. Eta pena pixka bat ematen zidala gehitu nuen, nire uste apalean askoz ere esanguratsuak iruditzen zaizkidalako, idazle poloniarraren ibilbide jorian, Izarretako egunerokoak. Gainera, euskal kulturarekiko lan horrek jadanik zeuzkan “sinergiak” aprobetxatu zitezkeen, Maskarada taldeak ipuin haietako batzuen egokitzapena egin baitzuen duela urte batzuk, “Izarretako Bitakora” izenburupean.

Baina, jakina, “akats” larri bi dauzka liburu horrek, EIZIEkoa bezalako “klasikoen” bilduma batean agertzeko: ez dela nobela, ipuin bilduma baizik, eta umorezkoa dela.

Ez dakit jatorrizko bi pekatu horietako zeinek izango zuen garrantzi gehiago erabakia hartu zutenen

Pixka bat tamala iruditu zitzaidan.

Ez da Solaris (1961) lan ona iruditzen ez zaidalako: lan bikaina da, eta, esan bezala, zientzia-fikzioaren klasiko bat bihurtu da, hainbeste ezen bi bertsio zinematografiko baititu, Andrei Tarkovskirena (1972) eta Steven Soderberghena (2002). Baina Izarretako egunerokoak are hobea iruditzen zait, eta Lemen estilo burlaizetsu eta swiftzalearen adierazle fidelagoa. Alde horretatik, Solaris aurretik ipiniko nituzke beste lan batzuk ere, Cyberiada (1965) edo umore beltzez blaituriko Bainuontzi baten hondoan topatutako memoriak (1961). Are Huts perfektua (1971), alegiazko liburuen hitzaurreez osatutako bilduma barre-eragilea iruditzen zait Solaris bezain hautagai duina.

Hizkuntza handiago bateko kidea banintz gauza hauek ez nindukete hainbeste atsekabetuko: azken finean, lehenago edo geroago, itzuliko da faltan botatzen duzun lan hori (izan ere, Solaris ez da gaztelaniatu zuzenean polonieratik duela erlatiboki gutxira arte, 2011n alegia). Baina euskararena bezalako merkatu mugatu batean… Ba horixe.

Sarrera agian luzeegi hau aitzakia da hemen ipintzeko Stanisław Lemen Izarretako egunerokoak liburuari buruz Erlea aldizkariko “Urrezko biblioteka” sailerako idatzi nuen iruzkina (4. zenbakian aurki dezakezue). Edo agian alderantziz da, iruzkin hau hemen argitaratzea aitzakia da goiko testua blogean idazteko… Edonola ere, hementxe dago orduan bururatu zitzaidana:

Stanisław Lem-en Izarretako egunerokoak

Nire bibliotekako liburu maiztuenetako batzuk dira Stanisław Lem idazle poloniarraren Izarretako egunerokoaken gaztelaniazko edizioko ale biak –Diarios de las estrellas. Viajes eta Diarios de las estrellas. Viajes y memorias, hurrenez hurren–, Bruguera argitaletxearen “Libro amigo” sail mitikoan argitaratu zirenak 1979an. Liburu inportanteak dira niretzat: institutuan irakasten ziguten kanonaz landa, aukera eman zidaten nire kabuz sumatzen hasteko zein izan zitekeen kontsumoko literaturaren eta asmo handiagoko literaturaren arteko aldea –ez naiz literatura garaia espresioa erabiltzera ausartzen–, eta, bestalde, agian hori bezain garrantzitsua, umorea eta ironia baliabide literario zilegizko bezain duinak izan zitezkeela erakutsi zidaten.

Nire nerabezaroko garai hartan zientzia-fikziozko liburuen kontsumitzaile konpultsiboa nintzen, zientzia-fikzio ia ezinbestez anglosaxoniarrarena, noski: Isaac Asimov, Arthur C. Clarke, Robert A. Heinlein, Poul Anderson… Hau da, narrazioaren eduki zientifikoari –edo pseudozientifikoari– garrantzia berezia ematen zioten egileak, baina estilo literarioaren ikuspegitik –izan nadin gupidatsua– konplikazioetan sartzeko ohiturarik ez zutenak: zuzen, sinple, lau eta eraginkor aritzen ziren haien nobela eta, batez ere, ipuinetan, berehalako plazerrerako eta hausnarketarako parada emanez, baina ez askoz ere gehiagorako. Beste haien liburuak argitaratzen ziren bilduma berean aurkitu nituen Stanisław Lemenak, eta, printzipioz, ez neukan motiborik pentsatzeko gose eta bizkor irakurtzen nituen beste haienekin konparatuta ezberdinak izango zirenik. Are gutxiago kontuan hartuta Lem abizen horrek, Bruguerakoek letra larri izugarri handietan paratzen zutena liburuen azalean, Armstrong eta Aldrin 1969an ilargiratu zituen modulu espazialaren siglak osatzen zituela (L.E.M., Lunar Excursion Module), zientzia-fikziozko egile batentzat horren egokia, beraz, ezen zenbaitzuk ezizena izan zitekeela pentsatzera iritsi baikinen –izan ere, Lemek berak txistea erabili zuen liburu hauen hitzaurrean, eta Philip K. Dick paranoikoak Lemek egin zion Poloniarako gonbidapen bati ezezkoa eman zion, Lem hori existitzen ez zela iritzita, eta batzorde sekretu baten izena zela, bera ekialde komunistan bahitzeko asmoa zeukana…–.

Baina Lem abizen erreal bat zen, idazle poloniar batena alegia (Lvov, 1921-Krakovia, 2006), eta liburuki haiek, ondo begiratuta, ez ziruditen ohiko zientzia-fikzioa eskaintzen zutenik. Hasteko, kontrazaleko testuak ez zuen lotzen generoko betiko egileekin lotzen, Bergeraceko Cyrano, Voltaire eta Jonathan Swiftekin baizik, eta Carlo Frabetti orduan gazte eta ezezagun baten aurkezpenek zer ikusirik ez zuten gainontzeko liburuek zeramatenekin –edo ez zeramatenekin–. Eta, guztiaren gainetik, Lemen ipuinak zeuden, zer esanik ez. Izarretako egunerokoak ipuin liburu bat delako, nahiz eta pertsonaia nagusi baten inguruko lana izateak –Ijon Tichy astronauta pikaro samarra–, eta “bidaiak” eta “oroitzapenak” izenburuko ataletan banatuta egoteak nobela itxura ematen dion, zabalkuntzan lagundu zion zerbait, ziurrenik. Edonola ere, ipuin liburu peto-petoa da: testuok 1954 eta 1971 artean idatzi eta argitaratu zituen Lemek, modu independentean edo beste ildotako ipuinekin batera, eta biltzen joan zen gero; izan ere, edizioaren arabera ipuin kopuru ezberdinak aurki daitezke –nireak, esaterako, hogeita bi ditu–, eta 1971ko edizio “nagusitik” aurrera ziklo bereko beste zenbait narrazio solte argitaratu zituen orobat –ezagunena, dudarik gabe, Ijon Tichy protagonista duen Futurologia kongresua eleberri laburra da, 1971n bertan aparte argitaratu zuena–.

Ipuinotan Ijon Tichy pilotu espazialak galaxietan zehar egindako bere bidaiak eta bestelako oroitzapenak narratzen zaizkigu, zein baino zein burugabeago eta barregarriago, nahiz eta Ijon Tichyk berak, Lurreko zibilizazioaren eta gizatasunaren –hots, nagusikeria zuri industrializatuaren/gaingaratuaren– ordezkari gisa, oso serio kontatzen dizkigun bere abenturak, eta kontatzeko manera horretan datzan askotan, hain zuzen ere, ipuinen umorea; haietan oso ohikoa da, gainera, kulturen arteko gaizki ulertuen agerpena eta gizarte –edo, hobeto esanda, alienarte– guztiz bitxien deskribapen xehea. Aitzakia ezin hobeak direnak, bide batez esanda, estatu-burokratismoa, zientzialarien harrokeria, kapitalismo basatia, erlijioen sineskeria, txobinismoa edo arrazakeria bezalako gaitzei astindu on bat emateko, modu oro har umoretsu batean… umore horrek, jakina, iturburu ilun batzuk (des)estaltzen dituen arren. Stanisław Lemek berak David Torresi elkarrizketa batean aitortu zion bezala (El Cultural, 2004-IV-8), “Nik, ororen gainetik, kontu terribleei, ikaragarriei, bortitzei buruz idazten nuen, eta, beraz, moduren batean leundu behar zen hura, zaporea hobetu. Orain harritzen nauena, esaterako, literatura gazte poloniarra irakurtzen dudanean (…), zera da, hogei, hogeita hamar urteko idazle gazteengan ez dudala umore zipitzik topatzen. Idazten duten guztia izugarri serioa da…”. Seriotasuna, edonola ere, ez zen Lemek baztertu zuen baliabide bat, bere beste lan batzuek erakusten duten bezala: guztien artean ezagunena, zalantzarik gabe, Solaris (1961), zinemara bitan eraman dena.

Beldur nintzen, iruzkintxo hau egiteko deliberoa hartu nuenean, ipuinon berrirakurketak ez ote ninduen defraudatuko, hots, denbora ez ote zen krudelegi portatuko Lemen testuekin: azken finean, oso testuinguru jakin batean idatzi zituen –Gerra Hotzarenean, eta sozialismo erreala praktikan jarri zen herrialdeetako batean–, eta badakigu, gainera, zientzia-fikzioa bizkorren zahartzen den generoetako bat dela, bere natura beragatik; Lemek berak zientzia-fikzioa idazteari utzi zion 1990ko hamarralditik aurrera, zeren eta, azaldu zuen bezala, “uste dut orain bizi ditugun garaiak horren ekaiztsuak direla, ezen ez baitu merezi zientzia-fikzioan aritzea, hau dagoeneko badelako zientzia-fikzioa…”. Baina ez zait halakorik gertatu: berdin-berdin egin dut barre –goibel– Ijon Tichyren bidaiekin eta paradoxekin, eta miretsi Lemen begirada zorrotza gizarte garaikideko ajeekiko, zeinak, tamalez, ez baitira hainbeste aldatu azkeneko berrogeita hamar urte hauetan zehar. Izan ere, egileak saihestu behar izan zituen burokratismoaren eta estatalismo itsuaren gaitz asko bizirik –eta biderkatuta– topa ditzakegu gaur egungo gizarteetan, eta zer esanik ez merkatu ekonomia global askeari buruz ari garenean, Lemek irudikatzen zuen hiperkapitalismo haren antzekoagoa dena gaur, akaso, 1950 eta 60ko hamarraldietan baino, ipuinok idatzi zituenean. Liburu haien kontrazalek, azken batean, egia zioten, eta kapitalismoaren hastapenetan idatzitako Gulliverren bidaiak liburukoek bezain bizirik jarraitzen dute Tichyren fabulek, zientzia-fikzioaren mozorro guztiak gorabehera.

Gaztelaniaz, egun, Alianza editorialeko edizio merkea da, ziurrenik, Lemen lan honi heltzeko modurik eskuragarriena –Diarios de las estrellas, Madril, Alianza, 2005, 568 orrialde–; frantsesezko ediziorik berriena, baina ez osoa, nik dakidala, Mémoires d’Ijon Tichy da –J’ai Lu, 1995, 241 orrialde–. Euskaraz, polonierako itzultzaile geroz eta hobeak ditugun arren, ez dago liburu honen, ez Lemen beste edozeinen itzulpenik, nahiz eta nahi duenak atariko on bat aurki dezakeen Maskarada taldeak duela urte batzuk taularatu zituen ipuin horietako batzuen bertsioan, Izarretako bitakora izenarekin aurkeztu zena: antzerkirako adaptazioaren testua Mikel Martinezen http://www.teatro-testuak.com/itzulpen.html webgunean aurkituko du irakurle interesatuak. Ziur nago ez dela damutuko.

Irudia

Advertisements

2 thoughts on “Izarretako egunerokoak

  1. EIZIEk kudeatzen du “Literatura Unibertsala” deitu proiektua eta horren barruan, 2011n talde bat bildu genuen, itzulgaien zerrenda bat presta zezan. Literaturan aditu diren hainbat esparrutako bost pertsona bildu genituen eta ni taldearen koordinaketa lanak egin nituen; haiek egin proposamenekin eta haien arteko eztabaida zenbaiten ostean, zerrenda bat proposatu zen; hortatik hasi ginen EIZIEn, 2011n bertan, itzultzaileentzako deialdiak egiten; orduko lehen deialdi hartan, jadanik, Solaris zen, baina esleitu ez zenez, aurten berriro atera dugu lehiara; ez dakigu oraingoan esleitua izanen den ala ez, baina esleitzera eman aurretik bost aditu horiek egin gogoetaren ondorio da Solaris-en hautua; ulertuko duzunez, hainbeste liburu, hizkuntza eta idazle gainean lan egin zutelarik, ezin dizut orain esan zein izan zen liburu hori eta ez zuk proposatzen duzuna hautatzeko erabili zuten irizpidea; dena den, zure iritzia kontuan hartu eta saiatuko naiz haiekin zer edo zer argitzen. Bestela, onartu beharra da “zenbat buru hainbat aburu” errana indarrean dela beti eta ezinbestekoa dela bati bat eta beste bati bestea gustuagoko gertatzea; horrexegatik saiatu ginen, hain zuzen ere, irizpide desberdinak ekar zitzaketen jendeak biltzen eta esan diezazuket izan zirela haien artean ere, bat ez etortzeak liburuak hautatzerakoan; azkenean, noizbait erabaki bat hartu behar eta hala sortu zen zerrenda; edonola ere, zerrenda ez da erabat itxia eta aldaketak gerta badaitezke (demagun zerrendako libururen bat argitaletxeren batek argitarratzen duela), uste dut hautatuak izan diren guztiak merezimenduz direla zerrendan eta, jende guzti-guztiaren gustuko liburu ez izanik ere, denek dutela leku bat “Literatura Unibertsala” sailean. Guztiarekin, “Solaris” hautatzeko erabakiaren atzean izan zen eztabaida gogoan ez badut ere, ziurta diezazuket “Izarren egunerokoa” ez hautatzeko arrazoia ez zela zuk aipatu “akats” direlako horietakorik batere.
    Informazio gehiago nahiko bazenu, jar zaitez EIZIErekin harremanetan eta ikus dezakezu zein den “Literatura Unibertsala” programaren barruan, hirugarren epe honetarako prestatua dugun funtsezko zerrenda, eta oharrak eta proposamenak egin ditzakezu ere; izan zaitez seguru aztertuak izanen direla zure iruzkin eta proposamenak, orain egin duzun hori ere kontuan hartuko dugun bezala.

    Bakartxo Arrizabalaga, “Literatura Unibertsala” proiektuaren kudeatzaile.

  2. Eskertzen dizkizut azalpenak eta gonbidapena, Bakartxo. Azkeneko zerrendari buruz oso iritzi lausoa daukat oraindik, ez dudalako nahikoa sakontasunez aztertu. Baina egiten dudanean ziur egon (beti ere esanguratsua iruditzen bazait) jakinaraziko dudala.

    Edonola ere, ez dut uste Literatura Unibertsala saila kritiketatik libre egon behar duen esparru bat denik. Are gehiago, ez dut uste bereziki sanoa izango litzatekeenik. Beti ere errespetutik egiten den neurrian, ni iruzkin (hain pertsonal) honetan egiten saiatu naizen bezala.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s