Memoria historikoa

[Mikroipuin hau José Donayrek eta David Roasek bildutako 201 antologian argitaratu zen (Lima, Ediciones Altazor, 2013). Kontua David Roas bartzelonarrari hotel batzuetan gertatutakoetatik abiatu (omen) zen, ipuin honetan kontatzen duen bezala (Distorsiones liburuan argitaratu zena, Madril, Páginas de Espuma, 2010). Antza denez, beste egile batzuk 201. gelaren inguruko misterioez hasi ziren idazten, eta bildumatzaileei dei orokorrago bat egitea bururatu zitzaien, baldintza hauekin: mikroipuinek hotel bateko 201. gelan gertatu behar zutela, eta testuek ezin zituztela 201 hitz baino gehiago izan. Bilduma horretarako nire ekarpena, jatorrian gaztelaniaz idatzi nuena, “Memoria histórica” hiperlaburra izan zen. Gaurkoa egun egokia iruditu zait hemen euskarazko bertsioa argitaratzeko eta, bide batez, Oharrak & Hondarrak blogaren kurtso berria abiarazteko].

Memoria historikoa

Ni baino donostiarragorik, nekez. Izan ere, gaua hotel batean pasatu behar badut, beti saiatzen naiz 201. gela eman diezadaten, Donostiako jai nagusia urtarrilaren 20an ospatzen delako hain zuzen: 20-1.

Danborradan donostiarrok, Napoleonen garaiko uniformeez jantzita eta danborrez eta kupelez armatuta, hiriaren setioa, arpilatzea eta suntsipena ekartzen dugu gogora, Independentzia Gerraren garaikoa, edo Penintsulako Gerrarena, nahiago den bezala; hiriaren defentsa Emmanuel Rey jeneral frantsesak egin zuen, eta Sir Thomas Grahamek zuzendu zuen gudaroste anglo-portugaldarren erasoa. Nire keinuarekin, ostatu hartzen dudan hotel bakoitzean errepikatua, omenaldi xumea egin nahi diet 1813an horrenbeste sufritu zuten donostiar haiei, hiriak su hartu zuenean. Memoria historikoan daukadan sinesmen sendoaren lekuko.

–Ba orduan 318. gela eskatu beharko huke, ez 201.a.

–Zer ba?

–Hiriaren sutea abuztuaren 31 batean gertatu zelako, ez urtarrilaren 20an, ergel hori.

Bi gauza bururatu zitzaizkidan: gure arteko lehenengo eztabaida zela, eta agian ez zela horren ideia ona izan historialari batekin ezkontzea.

Ez nuen amore eman. Ezta berak ere. Elkarrekin haserretu ginen. Gela ezberdinak hartu genituen: berak 318.a, nik 201.a.

Nirean sartu bezain laster, aurrekoetan bezala, Rey jeneralaren fantasmari egin nion dei. Dezente berandutu zen mamitzen, baina azkenean bertan agertu zen. Ikusiko zuen, emakume horrek.

Korridorean zarata bat entzun nuen orduan. Atea erdi ireki, eta hurbiltzen ikusi nuen, Sir Thomas Grahamen mamuak lagunduta.

Atea braust itxi, eta setio luze baterako prestatu ginen.

******************************
[Nota bene: mikroipuin hau 1813-2013 Donostia Eraikitzen/Construyendo Donostia batzordearen laguntzarik GABE eman da argitara].
Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s