Gogoan dut

[“Niaren literatura” delakoak sortzen dizkidan prebentzioak gora-behera, beste bat gehiago erantsiko diot nire kontraesanen zerrendari, eta duela bi urte Santo Tomas Lizeoko berrogeita hamargarren urteurreneko oroitzapenezko liburuan argitaratu zen testua zintzilikatuko dut gaurkoan (Santo Tomas Lizeoa: 1960-61/2010-11, Donostia 2011). Donostiako Santo Tomas Lizeoan egin nituen haur hezkuntza (3 eta 5 urte artean) eta OHO osoa (6 eta 13 urte bitartean), eta horri esker naiz, orobat, euskaldun. Bide batez, testu hau ikasturte honetako azkenekoa izango da: blog honek oporrak hartuko ditu irailera arte. Uda on!].

Gogoan dut

Gogoan dut Georges Perec-en Je me souviens irakurri nuenean, egunen batean halako ariketa bat egingo nuela pentsatu nuela. Eta gauza bera bururatu zitzaidala, orobat, Joe Brainarden I remember, Juan Bonillaren Je me souviens eta Joseba Sarrionandiaren Akordatzen eskuratu ostean.

Gogoan dut behin, Lizeoa Mirakontxan zegoenean, gaizki portatu nintzela eta “arratoien gelara” bidali nindutela zigortuta. Parvulitosen geunden. Gela guztiz ilun bat zen, eta, ziurrenik, ez ninduten bertan bost edo hamar minutu baino gehiago utzi, niri askoz ere luzeago jo zuela iruditu arren. Sekulako beldurra pasatu nuen. Ez dut uste arratoirik egongo zenik, baina orduan ez nekien, zer esanik ez. Edonola ere, handik aurrera eskolan txintxo portatzeko delibero irmoa hartu nuen.

Gogoan dut lanen bat bikain eginez gero, “Oso Ongi” txapelarekin jartzen zigutela irakasleek (txapela baten zirriborroan bildutako “Oso Ongi” bat alegia). Batzuetan, are “Oso-Oso Ongi” txapelarekin ere.

Gogoan dut andereño Karmelerekin kristau ikasbidea buruz ikasten genuela, eta liburuan zegoen bezala errezitatu behar geniola, koma bakar bat ere aldatu gabe; bost axola kontzeptua harrapatzen genuen ala ez: kontua esaldia batere akatsik gabe erreproduzitzea zen. Euskararen egitura gramatikalez horrela jabetu nintzela uste dut. Eta orduan piztu zela nire baitan ateismoaren lehenengo txinparta.

Gogoan dut berdea orlegi zela, garai haietan.

Gogoan dut bosgarren kurtsoan hauteskunde batzuk antolatu genituela gelan, boto txartel eta guzti, eta, nire harridurarako, PNVk irabazi zituela alde handiz (nik PSOEri eman nion botoa: haienak ziren pegatina koloretsuenak; etxe azpian, Madrilgo hiribidean banatzen zituzten). 1977 zen, noski.

Gogoan dut, Castrotarren kirol-diktaduratik ihesi, Lizeoko futbol-taldean sartzerik ez genuenok talde alternatibo bat sortu genuela, Uhinak, eta hondartzako ligan eman genuela izena; finantzazioa eta guzti lortu genuen, eta ekipamendu berde-beltz (orlegi-beltz) nahiko itsusi bat. Parte hartu nuen aurreneko iraultza izan zen. Iraultza guztiek bezala, bere ifrentzua eduki arren: talde bultzatzailearen bi partaide, antza denez, ez ginen nahikoa iaioak kirolean, eta besteek “azterketa” egin ziguten, taldean jokatuko genuen ala ez erabakitzeko. Ezetz ebatzi zuten: Eduardo entrenatzaile gisa arituko zen (ez zioten sekula kasu zipitzik egin), eta nik masajista lanak egingo nituen.

Gogoan dut linimentuaren usaina.

Gogoan dut Lizeoan ez zegoela jangelarik, eta Zuzenbide fakultatera jaisten ginela bazkaltzera, eskola nazionalen ondotik pasatzen zen bidexka lokaztu batetik. Jantoki hartako kroketak munduko txarrenak ziren.

Gogoan dut, txintxo portatzeko nire ahalegin guztiak gorabehera, gimnasiako eskolei ixkin egiten saiatzen nintzaiela, eta, halako batean, “Topok” harrapatu ninduela, txoko batean, Waffen SSei buruzko liburu bat irakurtzen. Beldurra sentitu nuen berriz ere.

Gogoan dut txistuaren (poxpolinaren) soinua gorrotatzera iritsi nintzela. Hala jarraitzen dut gaur ere.

Gogoan dut Eduardo eta biok gure belaunaldiko turko-buruak ginela, eta inork ez zuela ezer egin egoera horri buelta emateko: ez guk, ezta irakasleek ere. Baina horretaz ez nintzen konturatu urte batzuk igaro arte, institutuan nengoela.

Gogoan dut eskola nazionaletako ikasleek pena ematen zigutela, eta baita beldur pixka bat ere.

Gogoan dut, Zuzenbideko jantokitik bueltan, ezin genuela Lizeoan sartu arratsaldeko eskolak hasi arte, baina, gelako leiho bat erdi irekita utziz gero, barrura sartu ahal zela atzeko hesia eskalatuz; nik nahiago nuen hori, patioan (futbolean) jolasten geratzea baino. Bakardadeko une horiek aprobetxatu nituen, esaterako, Yo, Cristina F. ezkutuan irakurtzeko: gelako neska batek, ez dut oroitzen zeinek, bere ikasmahaian gordetzen zuen, eta niri lotsa ematen zidan hari eskatzeak (lotsaz bai akordatzen naizela).

Gogoan dut behin mariorratz bat sartu zitzaigula gelan, eta Juan Garziak iruzkin bat egin zuela, zinez barregarria iruditu zitzaidana.

Gogoan dut txalapartaren grabazioaren soinua, jolas-ordura deika. Eta bertan gaztelaniaz baino ez genuela hitz egiten.

Gogoan dut Eduardok nire adiskide mina izaten jarraitzen duela.

Gogoan dut antzerki obra bat muntatu genuela, Orkestra izenburukoa, eta gure zuzendaria Jose Ramon Soroiz zela (“Locoman” ezizena jarri genion). Federico Felliniren Orkestra baten probasaioa ikustera eraman gintuen, prestaketa-lan gisa edo; asko inpresionatu ninduen film hark. Nik, obran, bonbardinoa jotzen nuen. Oso ondo pasatu genuen, hala probasaioetan nola antzezpenetan.

Gogoan ditut (kariñoz) Jaione, Menchu eta Marian irakasleak (baita beste batzuk ere, baina antolakuntzakoek gomendatu didatenez ez aritzeko gaizki esaka, amnesikoarena egingo dutt).

Gogoan dut nire lehenengo “diska-COU”-a: Greaseko John Travoltaren antzera janzten saiatu nintzen (ez nuen lortu). “La Bilbaina”-z oroitzen naiz, halaber, baina ez haren benetako izen-abizenez. Kurtsoko neska ederrena zen, baina denek tratatzen genuen nahiko gaizki (baita turko-buru ginenok ere). Bururatzen zait berea izan zitekeela, agian, Yo, Cristina F.ren ale hura.

Gogoan ditut XTCren kanta baten amaierako bertsolerroak: “Eskola utz dezakezu, / baina berak ez zaitu sekula utziko”.

Gogoan dut gurasoek batxilergoa auzoko institutuan egingo nuela komunikatu zidatenean, triste jarri nintzela. Institutuak, eskola nazionalek bezala, fama txarra zeukan, eta nik ez nuen Lizeotik alde egin nahi (berehala ohartu nintzen fama horrek ez zeukala oinarririk). Nolabaiteko agur-zeremonia tragikoa antolatu nuen, zortzigarren maila haren amaieran: Zuzenbideko jantokitik ohi baino goizago itzuli, leihotik sartu, eta eraikin isil hutsean zehar paseo luze bat eman nuen, azkeneko paseoa, Lizeoko gela guztiak, korridore guztiak, txoko guztiak memorian grabatzeko helburuarekin.

Orduz geroztik ez naiz itzuli, oroitzen saiatutako guztia bertan ez topatzeko beldurrez.

DSCN1851[1]

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s