Euskal ‘midcult’-aren nagusigoa

[Artikulu hau Galde aldizkariaren bigarren zenbakian argitaratu da].

Ez gaitezen engaina: aurreko zenbakiko artikuluan iradokitzen nuen bezala, azken aldi honetan euskal literatura komertzialak (ustez) gora egin baldin badu ere, ezin da esan nagusi denik gure panoraman; nagusiago, ziurrenik (nioen), midcult edo middlebrow delakotik hurbilen dagoen literatura izango litzateke. Rikardo Arregik duela gutxi Deian azaldu bezala, “mid-cult hori da, hitz gutxitan, herrikoi eta aldi berean goi arnaseko izan nahi duen literatura (…); irakurleari keinuka ari zaio etengabe: hau irakurtzen ari zaren bitartean goi kultura kontsumitzen ari zara, artea, emozio estetikoak lantzen ari zara, ez zara astakirten horietako bat. Artearen munduan ilara luzeak dituzten erakusketa horietan bezala, kontsumo kulturala”. Gasteizko Sekhmet bigarren eskuko liburuen dendan, nahiko aspaldi, erredundantzia eder batekin bataiatu zituzten mota horretako liburuak (Rosa Montero eta abarrenak…), Reno saileko best seller andanatik eta literatura goreneko klasikoetatik bereizteko: “Novela Literaria” zioen karteltxo baten pean metatzen zituzten halakoak…

Galderako nire lehenengo artikuluan, ildo berean, Damian Tabarovsky idazle argentinarraren Literatura de izquierda liburuko aipu bat sartu nuen, zeinetan, besteak beste, defendatzen baitzen lan horietako batzuek barneratzen dituztela “–era aseptikoan– nobela modernoaren iraultzari forma eman zioten tekniketako batzuk”, eta beste batzuek, aldiz, “joan den mendeko errealismoa umekeriaz” berrirakurtzen dutela. Eta bitxia da zeintzuk ziren Tabarovskyk zerrendatzen zituen egileak, ildo horretan: Milan Kundera, Antonio Tabucchi, José Saramago, Paul Auster, Jonathan Franzen… Argi dago eztabaidarako tarte zabala eskaintzen duela Tabarovskyren proposamenak.

Nago gure artean ere mota horretako nobelak bihurtu direla gaurkotasun literarioaren epitomea, nolabaiteko esperimentalismoa (ez dosi handiegietan, hala ere) eta irisgarritasuna (batez ere) konbinatzen saiatzen direnak alegia. Uko egingo lioketenak, beraz, benetako literaturak eskatzen duen irakurlearen aldetiko “esfortzuari”, Ramon Saizarbitoriak berriki sari emanaldi batean aldarrikatu bezala (bitxiki, euskal irakurle “arruntaren” ikuspegia hobekien islatuko lukeen sarian, 111 Akademiarenean, Martutenek irabazi duena aurten: ez dago dena galduta, akaso…).

Irudipena daukat midcult literaturaren multzo lauso horretan sar ditzakegula, besteak beste, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008), bere zantzu potsmoderno autoaitortuen eta neokostunbrismo adeitsuaren konbinazioarekin (Musschen, nahiz eta ez guztiz, errealismo tradizionalago baterako joerarekin epeldu dena); Karmele Jaioren Musika airean (Elkar, 2009), bere abiadura aldakorreko narrazio-molde apurtu samarrarekin (baina gehiegi pasatu gabe, beti ere, eta lanaren izpirituaren konbentzionaltasuna sekula zalantzan ipini gabe); Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori (Elkar, 2009), bere trama banpiriko arrunt baina literarioki apainduarekin; Patxi Zubizarretaren Joan (Txalaparta, 2010), bere ikus-entzunezkoen erabileraren azaleko abangoardismoaren aldarrikapenarekin; Unai Elorriagaren Londres kartoizkoa da (Elkar, 2009)… Bestalde (jar nadin estupendo), Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa, 2013) nobelaren ezaugarri batzuek ere multzo horretan sartzeko motiboak eskaini ditzakete, eta baita, are ikonoklastago ipinita, Harkaitz Canoren Twisten batzuek ere (Susa, 2011). Tabarovskyrena bezain eztabaidagarria izan daitekeen zerrenda bat osatze aldera…

Garai batzuetan, ordea, posible izan zen arrakasta literarioaren (are salmenta handien) eta (zinezko) esperimentalismo erradikalaren arteko gurutzaketa (oximoron hori…) gauzatzea. Edo hori zirudien, behintzat. Une historiko horietako bat izan zen, ziurrenik, 1960ko hamarraldikoa, Gabriel García Márquezen Cien años de soledad (1967), Mario Vargas Llosaren Conversación en La Catedral (1969) eta, batez ere, horien guztien aurrekari eta agian sorburu izan zen Julio Cortázarren Rayuela (1963) bezalako nobelekin (edo antinobelekin, argentinarrak berea izendatu ohi zuen bezala); aurten betetzen da, hain zuzen ere, azken horren berrogeita hamargarren urteurren biribila. Cortázarren nobela ezagunenaren inguruan mito asko eraiki da (A. Jarkowskik artikulu batean kontatzen duen bezala, etxekoandre argentinar asko Rayuelaren aleak beren erosketa poltsa eta orgatxoetan eramaten hasi zirenekoa ez dirudi gertaera zehatzen isla…), baina ezin da zalantzan jarri bere izaera fundazionala: alde batetik, aipatu esperimentalismoan sakontzeko bideak zabaldu zituen, eta, bestetik, ordura arte soilik kultuzkoa izandako ipuingile bati arrakasta globalerako ateak ireki zizkion.

Abangoardismo literario berriaren gailurra, oro har, 1970eko hamarraldian joko zen, eta ondoren, 1980ko hamarralditik aurrera, kontrairaultza nagusituko (hala artistikoa, nola politiko-ekonomikoa), “narrazioaren gustuaren” berreskurapenarekin eta “errealismo berrituaren” gorakadarekin: bilakaera bat zeinetara, bide batez esanda, euskal nobelagintza ez baitzen atzerapen historiko handiegiarekin egokituko. Eboluzio horretan txertatuko litzateke, hain zuzen, esperimentalismo “tanten” edo “zantzuen” erabileraren auzia. Eta, nire ustez, auzi horretan dago gakoetako bat aipatu sari-emanaldian Saizarbitoriak aditzera eman zuen zailtasuna azaltzeko, edo azaltzen hasteko behintzat: “gure denboran, nire denboran hobeto esateko, argi bereizten genituen azpi-literatura eta goi-literatura. Gaur egun ez da hain erraz bereizten hori”.

Esango nuke eztabaida hori nekez itxiko dela. Izan ere, agian egungo literatura (ia) guztia da jadanik midcult. Liburu (guztiz) komertzialak albo batera utzita, noski.

Irudia

Advertisements

3 thoughts on “Euskal ‘midcult’-aren nagusigoa

  1. Nere postekin loturak: GALDE

  2. Nere postekin loturak: Zein eragozpen dago euskarazko itzulpenak irakurtzeko? | Boligrafo gorria

  3. Nere postekin loturak: Iban Zaldua midcult literaturaz | Lander Arretxea | Obabako Testiguak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s