Hiru “birrasmakuntza” saio

Noizean behin musikariek eta taldeek haien buruak “birrasmatzeko” tentaldia izaten dute. Zoritxarrez (edo zorionez) denak ez dira erortzen horretan, zer esanik ez: Rolling Stonesek edo AC/DCk urteak daramatzate disko berbera behin eta berriro grabatzen, arazo handirik gabe. Beste batzuk, ordea, etengabe ari dira haien burua birrasmatzen, edo birrasmatzen saiatzen: Bob Dylan eta Madonna ez dira lasai geratzen hamarraldi bakoitzeko (ustezko) pare bat biraketa estilistiko egiten ez badute (gutxienez). Gaurko sarreran ez naiz bi horiez arituko (izango dut aukera etorkizunean), baizik eta halako norabide aldaketa bakar eta esanguratsua eman duten hiru kasu aipagarriz.

The Stranglers, Feline, Epic, 1982.

Musika tresnak jotzen zekien punk eztandako talde bakarrenetakoa, The Stranglers bikain egokitu zen 80ko hamarraldiaren hasiera plexiglasezko hartara. Ezinezkoa zirudien Felineko kantak soilik bost urte lehenago “Hanging Around” edo “Tank” bezalako pilulakadak sinatzen zituen talde beraren obra izatea. Aldaketa ez zen, jakina, bat-batekoa izan: La Folie aurreko albumean klabikordioz gainezka zetorren “Golden Brown” abestia. Baina nekez imajina zitekeen maila honetako liftinga: zetazko popa, teklatuen nonahikotasuna, erritmo sintetizatuak, gitarra-zarrasta sotil eta nagiak (konpainia-aldaketarekin koinziditu zuen, gainera: United Artists-etik Epic-era). “European Female”, apika taldearen misoginia fama gainetik kentzeko ahalegina (hutsala, noski), Kraftwerk-en album (oso) mutante batetik aterata zirudien; “Midnight Summer Dream”-en lehenengo bertso-lerroak (“Woke up on a good day / And the world was wonderful”) edozein punk erdi-autentikori txahala botarazten hasteko modukoak ziren; “Let’s Tango In Paris”, hitz-joko merkeaz aparte, dantza loturako gonbite argia. Gauez ipintzeko moduko albuma, lagunari (eta geure buruari) vodka daraman zer edo zer dotore zerbitzatzen diogun bitartean.

atchung baby bilaketarekin bat datozen irudiak

U2, Achtung Baby, Island, 1991.

U2 kale itsu batean zeuden 80ko hamarraldiaren amaieran. Estadio banda bihurtuak ziren behin betiko, ezin zioten jada patu horri ihes egin (ezta nahi ere), eta haien karrerako lehenengo irristada serioa egin berria zuten, Rattle And Hum (1988) album handios eta zatarrarekin. Hiru urte eman zuten “zulotik” atera nahian, eta bitarte horretan bi gauza deskubritu zituzten: elektronikaren eta rockaren artean gauzatzen ari ziren hibridazioak (Madchester soinua gailurrean zegoen une haietan) eta, batik bat, ironia. Bonok euli-betaurrekoak jantzi eta, tira, mesianikoak izaten jarraitu behar zutenez, mesianismoa bera umore tanta batez bustitzeko erabakia hartu zuten. Kantak, funtsean, oso U2 dira, baina berniza da ezberdina, hala bizkorragoetan (“Zoo Station”, “The Fly”) nola mantsoagoetan (“One”, “So Cruel”): emaitza entzungarria zen oso. Hurrengo urteetan U2k bide horretan sakontzen jarraitu zuen, gero eta disko hedonistagoak (Zooropa, Pop) eta gero eta ikuskizun erraldoi eta anbiguoagoak (eta, ondorioz, interesgarriagoak bezain kapitalista-globalizatzaileak) eskainiz. Ondoren, zer esanik ez, autentikotasunaren mania sartu zitzaien, eta “sustraietarako itzulera” bati ekin zioten, denok ezagutzen ditugun emaitza deitoragarriekin.

walking wounded bilaketarekin bat datozen irudiak

Everything But The Girl, Walking Wounded, Atlantic, 1996.

Ben Wattek eta Tracey Thornek 80ko hamarraldiko eszena pop-jazzy britainiarrean ezagutu zuten elkar (badakizue, Cherry Red Records, gabardina luzeak, unibertsitateko kafetegiak, hondartza euritsuak; Donosti Sound delakoaren sustrai nagusienetako bat, bide batez esanda), eta estilo horretatik abiatuz zenbait disko grabatu zituzten, instrumentazio konbentzionalarekin (batzuk oso konbentzionalarekin). Beraz, ez zegoen aurreikusterik elektronika hutsaren mende eroriko zirenik inoiz: alabaina, Traceyren ahots beti mindua eta gitarra xehetasun solteren bat albo batera utzita, sintetikoak dira lan honetako soinu guztiak. Trip-hop delakoa nagusi zen urte haietan Irletan, eta Tracey Thornek Massive Attackerekin pare bat kanta zituen grabatu berriak. Hemen ez dago ukitu elektronikoz mozorrotutako kanta organikorik: album guztiz elektronikoa da (“Wrong“, “Missing“…). Eta, hala ere, ez da inoiz hotza suertatzen: dantzatu daiteke noski, ez oso mugimendu latzekin beti ere, baina bada, orobat, etxeko besaulkian eserita lasai entzuteko modukoa, liburu ez oso abstruso bat irakurtzen dugula. Letrak (horretan ez dago garapen handirik) maitasunaren aldaera gatazkatsu eta dramatiko ezberdinetara lerratzen dira, ia salbuespenik gabe. Comme il faut.

[testu honen bertsio primigenioa Nabarra aldizkarian argitaratu zen, 2009ko martxoan]

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s