Esnetsu eta zopatsu

“Herri honetan ez zaizu barkatzen liburuak saltzen badituzu. Horrek esan nahi du ez zarela idazlea, ez zaudela literaturan (…). Nik ez dut literatoen klub esklusibo batean egon nahi (…), publikoarengana iritsi (…) eta jendeak irakur dezan baizik”.

Hitzak Isabel Allende supersaltzailearenak dira; ez da lehenengo aldia antzekoak botatzen dituela (ezta, ziurrenik, azkenekoa ere). Oraingoan, gainera, gehitu zuen “Nor da nor goi literatura zer den esateko? Beren bizitza osoan idatzi ez duten kritikari batzuk?”.

Tira, zertan geratzen gara: publikoarengana iritsi beste helbururik ez duzu, edo norbaitek (arren) zure obra goi literaturan sartzea nahi al duzu?

Edonola ere, eta jakina denez, ohiko kexa da liburu asko saldu baina kritikaren (batez ere kritika akademikoaren) onespen horren beroa jasotzen ez duten idazleen aldetik. Halako deklarazioen aurrean, dena den, nik ezin izan diot tentazioari eutsi eta Roberto Bolañok Allenderi buruz (eta, orobat, Txileko beste idazle midcult batzuei buruz) esandakoa bilatu dut atzera: “Zartaginaren eta suaren artean aukeratu beharra badago, Isabel Allende aukeratzen dut. Bere Kaliforniako hegoamerikarraren glamourra, bere García Márquezen imitazioak, kitsch-etik patetikora doan bere literaturaren ariketa, parekatzen duena nolabait, bertsio kriollo eta politikoki zuzen batean, Panpinen haranako egilearekin, hori guztia, zaila dirudien arren, Skármerta eta Teitelboim bezalakoen berezko funtzionario-literaturaren gainetik dago.

Hau da: Allenderen literatura txarra da, baina bizirik dago; anemikoa da, latinoamerikar asko diren bezala, baina bizirik dago. Ez da luzaro biziko, gaixo asko bezala, baina oraingoz bizirik dago. Eta beti geratzen da mirari baten posibilitatea” (Roberto Bolaño, Entre paréntesis. Ensayos, artículos y discursos (1998-2003), Bartzelona 2004).

Zein ona zen Bolaño, eta zein gaiztoa.

Horretaz guztiaz gogoratu naiz Argia aldizkarian Karmele Jaiori egin dioten elkarrizketa irakurrita, non (elkarrizketatzaileak akuilatuta, hori ere egia da) kritikaren inguruko antzeko lantua aireratzen baitu Jaiok (berak ere, Allendek bezala, ez kontraesanik gabe, ze hasieran esaten du kritika “kritikarien lana d[el]a. Gurea, idaztea, ez haien lana baloratzea”, baina gero ondo luzatzen da bere azkeneko liburuak ordura arte izandako kritika bakarraren harira: kontra egiteko, noski) [bide batez, aitortza egin nahi nioke Ibon Egañaren lanari, ez adiskide dudalako –hori gutxienekoa da, kasu hauetan–, “oinezko” euskal kritikagintzaren egiturazko ahuleziaren erdian salbuespen pozgarri bat izan ohi dela pentsatzen dudalako baizik].

Kontua da, beste nonbait esan dudan bezala, posible bada ere, oso zaila dela bat etortzea, aldi berean, salmenta handiak eta goi mailako kalitate literarioa. Posible da, diot, baina arraroa, hots, maiz gertatzen ez den zerbait. Eta asko saltzen dutenek akademiaren ospea bereganatu nahi lukete; irudipena daukat, gainera, joera hori areagotu dela azkeneko urteotan, sistema literario guztietan, merkatuak eta salmenta-zerrendek nabarmengarritasun gehiago lortu duten neurrian, letren errepublikaren baitan.

Maila ezberdinetako supersaltzaile horietako gutxik, tamalez, konpartitzen du John Grisham-en apaltasuna: “Nik badakit egiten dudana ez dela literatura. Niretzat, fikzioaren funtsezko elementua argumentua da. Nire helburua da irakurlea bultzatzea orrialdeak abiada bizian pasatzera. Hori lortu nahi badut, ezin ahal dut hura distraitu. Airean eutsi behar diot, eta lortzeko modu bakarra suspentsearen armak erabiltzea da. Ez dago gehiago. Giza arimaren konplexutasunetan, jendearen izaeraren akatsetan eta halako gauzetan sakontzen hasten banaiz, irakurleari arreta galaraziko nioke, eta hori da nire buruari eskaini ez diezaiokedan zerbait”.

Edo Georges Simenonena (zeina, edonola ere, Grisham eta hemen aipatutako idazle gehienen gainetik bailegoke): “azken hogei urtetako kritikari guztiek gauza bera diote: ‘Bada ordua Simenonek nobela handi bat eman diezagun (…)’. Ez dute ulertzen. Ez dut sekula idatziko nobela handi bat. Nire nobela txiki guztien mosaikoa da nire nobela handia” (The Paris Review aldizkariak 1955ean egin zion elkarrizketatik hartua).

Asko saltzen dutenek, beraz, ospea nahi lukete. Eta, zer esanik ez, gutxi saltzen dutenek, ospea izan ala ez, onak izan ala ez, asko saldu nahi lukete, eta supersaltzaileak bezainbeste nahigabetzen dira kontu honengatik.

Bergara aldean esaten den bezala, esnetsu eta zopatsu, aldi berean, ezinezkoa da.

Edo ia ezinezkoa, behintzat.

Advertisements

2 thoughts on “Esnetsu eta zopatsu

  1. Esnetsu eta zoptasu esaera asko gustatu zaidak… kar, kar…
    Tira, gehiago edo gutxiago asmatu, ondo zegok -ez Bolañoren besteko gaiztakeriaz- euskaldunak euskaldunari kritika zorrotzak egitea, ‘gurean dena ondo’ hori baino nahiago diat.
    Bide batez: ederra izango huan ‘esnetsu eta zopatsu’ bakanen zerrendatxo bat ematea… hau duk liburu on eta salduena (euskaraz zein erdaretan).

    besarkada bat.

  2. Adibide klasikoa, mundu mailan, Gabriel García Márquezen “Cien años de soledad”-ena litzateke: asko saldu zen eta kritikaren onespena jaso zuena halaber. Gurean, ziurrenik, Bernardo Atxagaren “Obabakoak” izango litzateke adibide behinena, ikuspuntu horretatik.

    Baina halako askorik ez dago, aipatzen nuen bezala…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s